2006-04-02 -- 2034.zenb
ETAren etenaldi iraunkorra sukaldeko ezkutuan egindako ibilbide luze baten ageriko bidearen abiapuntu hartu behar da, azken hilabeteotan batzuek eta besteek esana aintzat hartuta. Ageriko maratoia oraintxe hasten da. Denok diote bide luze eta gorabeheratsuko maratoia izango dela; abialekuan baten batek eman behar zuen irteteko pistola-tiroa, eta erakunde armatuak egin du tiro hori su-etena emanez. Ustezko traba izan zitekeena jada ez da traba. Eta hori oso ona da, beste batzuen benetako trabak, orain arte ezkutuan, agerian geratuko bide direlako epe motzean. Izan ere, mozorroen garaia iraganean utzi du etenaldi iraunkorrak eta bakoitzak dena eta duena islatu beharko ditu lehendabiziko kilometroetan.
Ez da fededuna izan behar etenaren iragarria bera orain arteko bidearen blindajearen ondorio dela sinesteko. Beste kontua da, blindaje horren gaurtik aurrerako baldintzak nolakoak izango diren, edukietan eta edukion denborazko garapenean. Hainbat euskal eragileren partetik berresana dago prozesua luzea izango dela, baina, hala ere, gaurko marko politikoa ahalik eta gutxien aldatzea nahi dutenak tentaldian erori daitezke, euren aldetiko eraso etenik gabe, abian jartzeko den prozesua motela izan dadin, hainbat kontu larritan batez ere (presoak, epaiketak...); horrela burujabetzaren aldeko eragileak ahuldu nahian mahai politikoari begira. Hortaz, pazientzia eraikitzailea urrezko dohaina izango da maratoi honetan.
Galdera asko pasatzen zaizkit burutik, erantzunak baino. Hitza eta Erabakia, eta biak errespetatuak, horixe giltzarria. Horretan behintzat bat egiten du Euskal Herriko gero eta sektore zabalagoak, Kataluniakoa hemen errepikatu ez dadin. Sektore hori da, konpromisoz, gizendu beharra, politikoan eta sozialean, bietan, inoiz baino gehiago. Badaezpada ere. Izan ere, datorren prozesua hutsean amaituko balitz, sektore horrek hartu beharko luke gidaritza, armen bideak berea eman duelako eta hasitako bidean atzera egiterik egon ez dadin. Hurrengo urratsa Bilbon, larunbatean.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa