Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2006-04-02 -- 2034.zenb

Jakoba Errekondo


Elorri beltzaren laguntzarekin gereziondoak bazterrak zuritzen ari dira, epelenetik abiatu eta, etengabeko txandan, ospel laiotzeraino. Erramilota zuriek ekin duten udaberria liliņo xuri horiek emango dituzten haziek lurra hartzen dutenean amaituko da. Lur hartze hori eragozteko hor sartuko dira tartean txori ugariren mokoa eta pajaro askoren atzaparra. Eta jai gorriak dantzatuko dituzte Milagron, Etxaurin, Itsasunā

Erromatarrak inguru hauetan lapurreta bizian zebiltzanean ezagutu omen zuen gereziondoak lur hau. Mami samurra kenduta haziak, aho-balak barreiatuko zituzten mertzenarioek kai, meategi, galsoro, mahasti eta galtzaratan. Hartu eta eraman soilik ez, utzi ere zerbait utzi zuten. Gereziondoarekin bateratsu etorriak ditugu pikondoa, muxika, albertxikoa, intxaurrondoa, gaztainondoaā

Gereziondoen jatorriaz aspaldi dago gerra piztua. Pliniok dionez Lucullus generalak Erromaratu zuen Pertsiako Cerasonte (egun Turkia) hiria konkistatutakoan, hortik latinezko izena: Prunus cerasus. Arkeologo eta historialari ugarik dionez, ordea, ume etruskoek ordurako ba omen zebilzkiten belarrietan dilindan.

Gereziak ondo murtxikatu behar dira baldin eta liseriketa lasaia izan nahi bada. Era berean Prunus generoko beste landare jendeak bezalaxe hosto, azal, hezur eta abarretan zianida sortzen du eta tamainatik gora janez gero pozoitzea gerta daiteke. Ezaguna da AEBetako lasterketetarako behor-ukuilu batzuetan gertatutako gaitza, moxalak hilda jaio edo jaio eta berehala hiltzen ziren gereziondo-hosto gehitxo jateagatik.

Sasoia aitzakia, gereziondo lorerik oparitzen badizute orokorrean gizabide ona adierazten duela jakin ezazu, baina maitasunean ûnork dakarzkizu?û etsipena azaltzen du.

Jabier Agirre


Ratiopharm laborategiak eta Espainiako Botikarien Enpresa Elkarteak "Gomendioen Unitatea" izeneko bilduma prestatu eta aurkeztu dute duela egun batzuk. Ekimen horri esker, botikariak farmazian eman ohi dizkion aholkuak gogoratzeko aukera izango du pazienteak, edozein unetan eta baita bere etxean bertan ere. Horrela, botikariaren eta gaixoaren harremana farmazia baino harago luzatuko da, erabiltzaileen informazioa hobetuz, gaixoaren bizi-kalitatearen mesedetan eta botiken erabilera arrazionala sustatuz.

Lehendik ere lankidetzan arituak ziren aipatutako laborategia eta botikarien elkartea, baina orain kaleratu den bilduma horrekin hiritar arrunta irtengo da irabazle. Izan ere, fitxa horietan hemengo farmazietan usuenak diren 20 patologiak biltzen dira, kolore jakineko arloetan banatuak: gaixotasun kardiobaskularrak, digestiokoak, biriketakoak, gernu-aparatukoak, erreumatologiakoak, nerbio-sistemakoak eta sentimen-organoetakoak. Eta gaixotasun zehatzetara etorriz asma, hipertentsioa, ultzerak, bizkarreko minak, alergiak edota buruko minak bezalakoak.

Izan ere, hiru pertsonatik bat informazio bila sartzen omen da farmaziara. Bada, hemendik aurrera botikariak informazio hori ahoz emateaz gain, txukun-txukun idatzitako fitxa batean emango dio gaixoari. Fitxa horiek ilustrazioak dituzte, sintomen zerrendak, aholku praktikoak, gaitz horietako bakoitzarekin lotutako ohitura osasungarriekin batera.

Ekimen honen helburu nagusietako bat zera da, "erabiltzaileak botika modu arrazionalagoan erabil dezala, tratamenduak arrakasta izateko aukera gehituz, eta bere osasuna eta bizi-kalitatea hobetuz", Ratiopharm laborategiko Rodrigo Roman zuzendariaren hitzetan. Fitxak erraz ulertzeko moduan idatzita daude, denek baliatu ahal izan ditzaten. Erraz ulertu bai, baina gazteleraz baino ez. Eta noizko euskaraz? Noiz izango dugu horrelako ekimen bat gure hizkuntzan erabiltzeko aukera?

Joxerra Aizpurua


Itsas maila sumendiei esker mantendu da

Erresuma Batuko ikerlari-talde batek, Peter Gleckler atmosfera-adituak zuzendurik, sumendiek itsasoarengan duten eragina aztertu du. Emaitzak harrigarriak dira: ezaguna da berotegi-efektuaren eraginez glaziarrak eta poloetako izotzaren zati bat urtu egin daitekeela eta ondorioz itsas maila igo. Sumendiek ere berotegi efektua areagotu egiten dute igortzen dituzten gasen ondorioz, baina hementxe dago hain zuzen ere ezustekoa, hots, sumendiek igorritako gasei esker itsasoa ez da espero bezainbeste berotu eta beraz, izotz gutxiago urtu da eta horren ondorioz itsas maila uste baino gutxiago igo da.
Ikertzaileek orain gutxi garatutako hainbat eredu klimatiko erabili dituzte beren ikerketetan eta hauetan ikusi denez, 1883. urtean Indonesiako Krakatoa sumendiak izandako erupzioaren eraginez, XX mendean uste baino gutxiago igo da itsas maila. Nola liteke hori?
Krakatoak igorritako gas-multzoak eguzki-izpiei oztopo oso handia jarri zien eta ondorioz itsasoaren azaleko tenperatura hoztu zen. Poliki-poliki, hozteak itsas mailan behera egin zuen eta hamarkadetan iraun zuen, ez baita ahaztu behar itsasoan gertatzen diren prozesuak inertzia handikoak direla denboran zehar.
1991. urtean Filipinetako Pinatubo sumendiak erupzio handia izan zuen, ia Krakatoaren adinakoa, baina itsasoan gertatutako hozte efektua berehala orekatu zen negutegi-efektuarekin. Hala ere, ezin uka Pinatubok ere balaztatu egin duela itsas mailaren igoera.
Une honetan itsasoan gertatzen ari dena ezin da erabat ziurtatu, baina itsas azala berokuntza-prozesuan dagoela uste da eta datozen hamarkadetan berokuntza hori itsas azpirantz hedatuko da. Beraz, nahiz eta hemendik aurrera berotegi efektua ez gertatu, datozen hamarkadetan orain arte gertatutako berotegi efektuaren eragina nozituko dugu.
Beraz, irakurle, oraindik natura indartsu agertzen zaigu gizakiak egindako apurketak konponduz. Noiz arte?


Amazonako oihanak garai lehorra maite du

Tropikoen artean dauden lurretan ez da eguraldi-aldaketa nabarmenik gertatzen eta gehienez garai euritsua eta garai lehorra izaten dira. Gure latitudeetan landareak garai euritsuetan hazten dira eta garai lehorretan zimeldu. Arizonako unibertsitateko Alfredo Huetek zuzendutako ikerlari-talde batek ikusi du, gizakiaren ustiapenik ez dagoen Amazona basatian landareek garai lehorra erabiltzen dutela euren berdetasuna areagotzeko. Aldiz, garai horretan bertan gizakiak ustiatutako lurretan landareak lehortu egiten dira.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan