Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-02 -- 2034.zenb

Unai Brea

Metroa duzue Plentziara ailegatzeko modurik onena, eta guk ez dizuegu besterik gomendatuko oraingoan. Ez ekologismo hutsak bultzatuta, argitu dezagun, pragmatismoak ere badu-eta zerikusirik: 3.000 biztanleko hiribildu honetan neke da autoa uzteko lekua topatzea, eguraldi ona dagoenean behinik behin. Beraz, eta urrunetik bazatozte, inguruko herriren batean bilatu aparkalekua. Ondoren, pazientziaz hornitu. Plentziarako metroak hogei minutuan behin baino ez dira igarotzen, kasurik onenean.

Trenbidearen aldeko apologia egiteak badu hirugarren arrazoi bat ere: herria ezagutzeko ibilbiderik egokienak geltokian du abiapuntua. 1893an inauguratu zuten, turismo aroari hasiera emanez. Izan ere, XIX. mende amaieran Bilboko handiki eta ez hain handikiek Plentzia aukeratu zuten atsedenleku, Getxorekin batera. Artean autorik ez zenez, hiriburutar saldoak trenez etorri behar zuten noski.

Baina gatozen XXI. mendera berriz. Dagoeneko tren zaharrak ez, metro modernoak ekarri gaitu honaino, lur gaineko metroa izanagatik ere. Garaiak berrituz doazen seinale. Butroe ibaiaren itsasadar ederraren ezker ibarrean gaude orain, eta parez pare dugu garai berriztatuon beste ikur bat: Geltokiko Zubia, bere arku erraldoi zuri eta guzti, berri usaina dariola oraindik. Oinezkoentzat besterik ez. Bilboko Zubi Zuri dakarkigu gogora baina hura baino zahartxoagoa da. 1992an eraiki zuten, harrizko zubi zaharra ordezkatzeko.

Plentzia zaharrean barrena
Geltokiko Zubiak eramango gaitu eskuin ibarrera eta, azken batean, Plentzia herrira, ezker aldean ezer gutxi baitago geltokiaz gain. Zubia zeharkatu bezain laster, aukera egin beharrean egongo gara. Aurrera, Kristo Eskaileretan gora, Alde Zaharreko kaleetan galdu; ezkerrera, porturaino eta hondartzaraino daraman ibiltokia, itsasadarraren bide bera eginez.

Alde Zaharrera doan bidea hautatuko dugu lehenbizi, bat hautatzearren. Plentzia zaharra muino batean eraikita dago. Kaleak ez dira zabalegiak, bai luzeak ordea, eta aldapatsuak sarritan. Zorua, gehienetan, galtzadarrizkoa da, autoetarako ez oso aproposa eta ondorioz oinezkoentzat primerakoa. Etxe zaharrenak, salbuespenak salbuespen, XVIII. mendekoak dira; hori da herriak bere historian zehar jasan dituen sute larrien prezioa.

Kristo Eskaileretatik igoz, laster helduko gara herriko gune historikoetako batera: Kristo Enparantza. Alde Zaharraren bazter batean gaude orain. Haren bihotzera jotzeko, ezkerrera eta gora egin behar dugu. Igotzen garen bitartean, seguru daukagu herriko gune interesgarrienetako batera ailegatzea: Andra Mari Magdalena eliza, XVI. mendekoa. Beste aukera bat helmuga finkorik gabe galtzea da, eta ez da inolaz ere aukera arbuiagarria.


Bitxikeriaz betetako eliza

Andra Mari Magdalena eliza Eleiz Enparantzan dago, eta hainbat bitxikeria ditu. Kanpandorrea, esaterako, talaia ere bazen Plentziak talaia behar zuen sasoian. Huraxe da-eta herriko lekurik garaiena. Bertatik ondo baino hobeto ikus daiteke itsasadarra Gorlizko badiara iristen den gunea, baina helburu hori lortzeko diseinu berezi samarra erabili zuten. Ate nagusi aurretik begiratuta, kanpandorrea ez dago, ohi denez, eliza erdian, ezkerrerago baizik. Bestela ere, ez ohiko estiloko eliza du Plentziak. Euskal Herrian, Erandioko Goikoa auzokoak baino ez dauka harekiko kidetasunik, eta Iberiar penintsula osoan, berriz, Galiziako «Iglesias mariñeiras» direlakoak besterik ez dira antzekoak.

Elizaren parean jarrita, eskuman ikusiko dugu Torrebarri etxea, eta ezkerrean Santiago arkua, Plentziako harresi zaharraren aztarna bakarra gaur egun. Elizaren atzealdean, berriz, Goñi Portal baserria dago. XVII. mendean eraiki zen, eta nekazal-arkitekturaren eredu bikaina da. XX. mendean zehar kaxkartuz joan zen, baina orain urte gutxi Udaletxeak berriztatzeko agindua eman zuen, bertan kokatuz Kultur Etxea eta Turismo Bulegoa.

Plasentia de Butrón Udal Museoa

Itsasadarrera itzultzeko, Udaletxe Aldapatik jaitsiko gara. Udaletxe zaharra bertan zegoen, eta hortik hartu du izena kaleak. Gaur egun, eraikinak Plasentia de Butrón Udal Museoa dauka bere baitan. Herriko bigarren eraikinik zaharrena da gainera, elizaren ostean, XVI. mendean altxatu zuten eta. Barruan Plentziako historia ageri zaigu, itsasoarekin izan duen loturari dagokionez batik bat.

Azkenik, Erribera kalera iritsiko gara, itsasoaren mailan berriz ere. Haren paralelo dago, itsasadarraren ertz-ertzean, Zugaitz Bidea, itsasoraino doan ibiltoki luzearen hasiera. Antzina, kalea ontzigintzari lotutako lantegi txikiz beteta zegoen, gaur egun ostalaritza gailendu da. Eguraldi ona dagoenean, inguruko herrietako jende asko ibiltzen da bertan. Udan are gehiago. Urte osoko biztanleria 3.500 lagun ingurukoa da, opor sasoian horren hiru halakoa.

Zugaitz bidea Astillero plazan amaitzen da. Esan gabe doa ontziola aspaldi desagertu zela. Orain, harremanak lantzen dira bertan, ontzien ordez. Koadrillen biltoki, jaietako erromerien gune, hitzordua egiteko leku kuttunà Hori guztia da Astillero plaza. Bertatik bertara, errepide estuaren bestaldean, Palas hotela dago, garai bateko kasinoa. Oraindik ere ez da zaila duela ehun urteko hiritar burges dirudunak bertan irudikatzea, fabriketako irabaziak kartetan edo auskalo zertan xahutzen.

Zabalgunean zehar itsasoraino

Itsasadarrarekin batera jarraituko dugu txangoa. Astillerotik aurrera, akabo Plentzia zaharra. Zabalgunean gaude orain, behinola itsasadar izandako eremuan. Urari lapurtutako inguru honetan, Plentzia modernoak behar dituen hainbat zerbitzu daude. Baina hobe txalupaz eta ontzitxoz jositako itsasadarrari begiratzea, futbito zelaiak edonon daude eta. Laster eskumaranzko 90 graduko bihurgunera helduko gara. Aurreko mendia gogorregia omen, eta ibaiak nolabait bilatu behar zuen itsasorako bidea. Geologiaren kontutxoak. Eta handik zuzen, porturaino. Aurrerantz jarraituz gero, Gorlizen sartuko ginateke berehala ûbertakoek ere ez dute jakiten sarritan, non dauden herri bien arteko muga zehatzakû, baina inguru honetako geografia apetatsuak beste ezusteko bat du guretzat: itsasadarrak ezkerrera egiten du orain, aurrekoa bezain errebuelta latza eginez ia. Mendi zati hau bigunagoa zen, antza. Gorlizko badian egonagatik, Plentziako hondartzan gaude. Itsaso zabalean azkenik, baina Kantauri bortitzaren astinaldiak gutxien jasaten dituen euskal kostaldeko txokoetako batean hala ere. Udatiarren paradisuan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan