Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-02 -- 2034.zenb

Katixa Garate



EAEko Liburutegia lege proiektuan

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak EAEko Liburutegien lege proiektua onartu du. Adierazi dutenez, Kulturaren Euskal Planaren hausnarketak ditu oinarri. Hala, EAEko Liburutegi Sistema lankidetzan liburutegi zerbitzuak emateko prest diren erakundeekin osatu nahi dute. Lege proiektuak EAEko liburutegi nazionala sortzea arautzen du, euskal bibiliografiaren bilgune izateko xedez. Toki administrazioen menpe dauden liburutegi sareak batzeko Irakurketa Sare Publikoa sortuko dute. Halaber, Liburutegien Aholku Batzordea eratuko dute, besteak beste, Irakurketa Publikoko Mapa egin dezan. Proiektua Legebiltzarrera eramango dute orain.


Gipuzkoako Ondarearen Zentroa

Irunen zabalduko dute 2009an Gipuzkoako Ondarearen Zentroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.900.000 euroko inbertsioa egingo du, Lapitze auzoko pabiloi bat egokitzeko eta kultur ondarea gorde, zaharberritu eta zabaltzeko gune bilakatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkeologia, arte eta etnografia bildumak, San Telmo museoko bildumaren zati bat eta beste bilduma publiko eta pribatuetako obrak jasoko ditu. Besteak beste, arkeologia piezak, erlijio objektuak eta Greco, Rubens edota Nagelen artelanak. 7.385 metro koadroko eremua izango du, hiru solairutan banatuta. 2007ko hasiera aldera hasiko dituzte eraikuntza lanak, Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoen diseinua jarraituta. Ondarea gorde eta zaharberritzeaz gain, hura zabaldu nahi dutenez, bisitak egin ahal izango ditu jendeak.


Araban kultur politikarik ez dagoela dio Amarica plataformak

«Ekintzak antolatzen dira, baina ez da epe luzerako lerrorik». Amarica Plataformako Iñaki Larrinbe artistaren hitzak dira. Iaz arte eta kultur politika publikoak aztertzeko lan mahai batzuk antolatu zituzten eta haien ondorioak jakinarazi dituzte berriki. Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, EHU eta Vital Kutxa izan dituzte aztergai eta erakundeok artistengandik eta herritarrengandik geroz eta urrutiago daudela ondorioztatu dute, komunikaziorik ez dagoelako eta epe luzerako egitasmorik ez dagoelako. Amarica aretoaren itxiera zela-eta sortutako Amarica plataformak desegitea erabaki du, haiekiko sentiberatasun faltagaik hein batean.



X. Koreografia Erakusketa.

Hamar urte bete ditu dantza garaikidea sustatzeko eta zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak abiatutako Koreografia Erakusketak. Iaz sorkuntza diru laguntza jasotako hamar dantzarik hartuko dute parte apirilaren 8an Donostiako Gazteszenan egingo den hautaketa ekitaldian: Igor Calonge, Estitxu Campos, Olatz de Andres, Cecilia de Madrazo, Marian Gerrikabeitia, Helena Golab, Leire Ituarte, Myriam Perez, Eider Rodriguez eta Nerea Urbieta. Aukeratutako dantzariek maiatzean emanaldiak eskainiko dituzte Barakaldon, Gasteizen eta Donostian.


EKEren bloga, kultur ereduez gogoeta egiteko

Euskal Kultur Erakundeak hartu beharreko kultur ereduaren gaineko gogoeta abiatu du eta horretarako www.gogoeta.com bloga zabaldu du. Izan ere, euskal kulturaren erronkez hausnar dezan eta epe ertainera ekintza batzuk propasatzea eskatu diote Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak, Euskal Herria 2020 egitasmorako. Blogak apirilaren 20a bitarte jasoko ditu ekarpenak.


Pirinioetako trikitientzako kantak bilduta

Aragoiko, Okzitaniako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko kantu eta dantzarik adierazgarrienak, herri bakoitzetik 15 partitura, jaso ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Pirinés. Pirinèus. Pirineus. Pirinioak liburuan. Trikitiarekin jotzeko kantak dira guztiak eta haien letrak aragoarrez, okzitanoz, katalanez, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakur daitezke.


Castillo Suarez idazle altsasuarrak Bala hutsak ( Elkar) poesia liburua aurkeztu du. Poema zuzen eta bortitzak idatzi ditu. Eguneroko hizkera baliatuta, gizon eta emakumeen arteko harremanei erreparatu die.

Kepa Akixo Zigor artista aretxabaletarraren lanak daude ikusgai Angeluko Beatrixenean apirilaren 21a arte. Azken bost urteetan egindako hirurogeita hamar artelan inguru daude, egurrezko eta brontzezko eskulturak gehienak.

Patxo Telleria antzerkigileak antzerki gidoi interaktiboa egiteko proposamena egin du www.blogak.com/autoreak blogean. Eneko Olasagastik eta Arantxa Gurmendik dagoeneko egin dute beraien ekarpena.

Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944) zinema zuzendaria zendu zen joan den astean, gaixotasun larri baten ondorioz. Gizarte eta politika gaiak jorratu zituen egindako filmetan. Bereak dira, besteak beste, La semana del asesino, El sacerdote, El Pico eta Los novios búlgaros.

Ehiztari taldeak izen bereko lehen diskoa plazaratu du Oihukarekin, hiru maketen ondoren. 1995ean sortutako talde getxoztarrak hard rocker eta stoner melodikoa jorratzen ditu.

AlaitzTelletxea (Oiartzun, 1976) trikitilaria da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehendakari berria, Joseba Tapiak utzitako kargua hartu baitu.


Andres Nagelek Zazpika astekariari: «Museoak gaur egun parke tematikoak bezalakoak dira. Erakusketa erraldoiak egiten dira, izugarrizko kostua dutenak, ez dute edukirik eta eskatzen zaien gauza bakarra ikusgarriak izatea da, jendearen interesa erakartzeko. Telebistek bezala funtzionatzen dute: audientziaren diktaduraren menpe».

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak adierazpenok egin zizkion Ukri: «Iruditzen zait gero eta garrantzia txikiagoa duela militantziak kontsumitzaileen erosketa bulkadan. Besterik da, oraindik ere, sarri askotan, euskarazko produktuen errentagarritasun maila minimoetara iristeko, kontsumo euskaltzale-militante bat behar dela».

Maite Agirre aktore eta zuzendariak adierazpenok egin zizkion El Correori: «Instituzioek, profesionaltasunaren bila lan egiteko eskatu izan digute beti, eta guk ahal izan dugun guztia egin dugu. Egoera fiskala ere aldatu dugu profesionaltasun hori lortzeko asmoarekin. Baina, hainbeste lan egin eta gero, bapatean konturatzen zara instituzioek ez dutela ezertxo ere egin. Haien aldetik ez da pausu hori aurrera eraman, eta horrela oso zaila suertatzen da antzerki mundua behingoz profesionala izatea».

Iban Zaldua idazlea Beterriko Liburuan: «Poesiaren kontra baino gehiago poeten kontra nago. Alde batetik, poetek beren buruaren kontsiderazioa beharko luketenaren gainetik daukatelako eta gainera, etengabe transmititzen dutelako sentsazio hori. Garai batean poesia generorik gorena bazen ere, irudipena daukat gaur egun jadanik ez dela horrela, inolaz ere. Beste genero batzuk egokiagoak suertatzen direlako literatura egiteko orduan. Egokituagoak, ez dut esan nahi hobeak direnik».

hemeroteka

2033. zenbakia | 2006-03-26
2032. zenbakia | 2006-03-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan