Unai Brea
Bilbon jaio zinen eta Bilbon bizi zara gaur egun. Bitartean ere, Bilbon egon zara?
Ez, egia esanda nire haurtzaroa oso interesgarria izan da. Margolari baten semea izanik, margolaria izatea bohemiari oso lotuta zegoen garai batean, leku askotan bizi izan naiz: Paris, Danimarka, Cordobaà Nerabea nintzela finkatu genuen bizilekua Bilbon. Horrez gain, baserria geneukan Gametxon, Laga eta Laida artean dagoen auzo batean, baina hura Guerrilleros de Cristo Rey taldekoek erre zuten. Azkenik nire gurasoak Omara joan ziren eta nik ere badaukat etxe bat han. Bilbo eta Oma artean bizi naiz orain.
Zure haurtzaro interesgarri horrek egin zintuen artista?
Hainbat gauzaren nahastea dela uste dut. Ez dakit genetikak zerikusirik ote daukan; bestalde, bizi izan naizen ingurunea dago. Pertsona gehienentzat arte mundua urruneko zerbait da, baina niretzat hori zen naturalena. Txikitatik artista asko ezagutzeko aukera eduki dut, eta ez margolariak bakarrik, baita musikariak, zinemagileak ere. Hala ere, ezin esan horrek artista egin ninduenik; gauza bat da giro hori naturala izatea norberarentzat, eta beste bat arterako dohaina edukitzea. Eta uste dut hasieratik eduki nuela dohain hori, artista izateko erabakia askoz geroago iritsi zen arren. Hain zuzen, ikasketei buruzko erabakiak hartzea egokitu zitzaidanean. Batxilergoa amaitu eta ikasteari uztea deliberatu nuen. Berehala hasi nintzen lanbide honetan, eta nahiko modu naturalean egin nuen.
Zer bide hartu zenuen orduan? Gerora, arlo askotan ibili baitzara, ibilià
Hasieran ere denetik egin nuen. Ipurtarina nintzen, eta banaiz oraindik; gauza askoren jakin-mina daukat. Batez ere irudia interesatzen zait. Beti pentsatu dut irudia modu askotara, teknika askoren bidez, landu daitekeela. Azken batean, nire lanbideak daukan gauza interesgarri bakarra hori da: gauzei beste modu batez begiratzen ahalegintzea, eta begirada desberdin hori besteei erakustea. Horixe da niri, ikusle modura, gustatzen zaidana. Alegia, norbaitek gauzak ikusteko era desberdin bat proposatzea. Beraz, irudi munduak erakarri izan nau beti, eta ez dut lotsarik eduki arlo batetik bestera jauzi egiteko. Hasi, eskultore hasi nintzen, baina gero pintura jorratzeari ekin nion. Garai batez ez nuen ia besterik egin, baina berehala erakarri ninduen ilustrazioak.
Zer dela eta?
Hasieran pintura figuratiboa egiten nuen, baina ondoren pintura abstraktua egiten hasi nintzen. Eta abstrakzio mundua, berez, kode eta hizkuntza interesgarriak erabiltzea da, baina kode eta hizkuntza horiek ez dute ezer kontatzen. Gehiago behar nuen, zerbait kontatu nahi nuen, eta orduan hasi nintzen ilustrazioa egiten; horrek zerbait kontatzeko aukera ematen zidan. Aldi berean, eta kasualitatez, antzerki munduan sartu nintzen; antzerki-eszenografian, hain zuzen. Baina azken batean, pintura, ilustrazioa eta eszenografia, irudiak sortzea dira hirurak. Hiru eremu horietan hasi nintzen mugitzen, eta horretan jarraitu dut gero ere. Irudi sortzailetzat aldarrikatu izan dut neure burua beti.
Antzerkira kasualitatez ailegatu zinela diozu. Zelan?
Durangoko konpainia bat, Geroa, dagoeneko desagertutakoa, etorri zitzaion gure aitari, ea hark zerbait egingo zien. 70eko hamarkadaren erdian izan zen hori. Baina aita oso murgilduta zegoen bere munduan, pinturan eta eskulturan, eta eszenografiak ez zuen erakartzen. Beraz, haien bigarren aukera izan nintzen. «A, zu ere artista zara? Orduan hau interesatuko zaizu beharbadaà». Jakina, niri garai hartan dena interesatzen zitzaidan. Eta hala hurbildu nintzen antzerkira. Gerora, ia euskal antzerki-talde guztiekin aritu naizela uste dut.
Antzerki mundura sartu zinen hartaz ezer gutxi zenekiela, eta gainerakoan ere antzera egin zenuen, ezta? Guztiz autodidakta ei zaraà
Bai, bai. Baina ez naiz irakaskuntza akademikoaren aurkakoa, e! Izan ere, 80ko hamarkadaren erdian krisialdia izan nuen margolari moduan. Garai hartan pintura abstraktua egiteari utzi nion, lehen esan dizudan horregatik hain zuzen: gauzak kontatzeko beharra. Eta neure buruari egin nion galdera larrienetako bat, ergelkeria ematen duen arren, hau izan zen: badakit esku bat marrazten? Noski, artera modernitatetik iritsi nintzen, egiten zen guztia arau-hauslea zenà. Sex Pistolsen garaia zen, eta gitarra jo zitekeen gitarra jotzen jakin gabe, garrantzitsuena kontzertu amaieran gitarra suntsitzea zelako. Beraz, galdera ergel horren aurrean nengoen, eta neure buruari eman nion lehenengo erantzuna zera izan zen: zertarako demontre jakin behar dut nik esku bat marrazten? Baina pixka bat gehiago sakonduz gero, norberaren buruarekin zintzoa izaten ahaleginduz gero, konturatu egiten zara euskarri hori beharrezkoa duzula, gero egiten duzuna egiten duzula ere. Galdera haren erantzuna, noski, ezezkoa zen; ez nekien esku bat marrazten. Eta hala, nire bizitzaren aldi batean margolaritza klasikoko maisuengandik ikasten jardun nuen (Velazquez, Rembrandtà), zurruntasun akademikoz; ez nion neure buruari azterketarik jartzen, baina ia. Beraz, kontua ez da ez dudala ikasi nahi izan, beste era batez ikasi dudala baizik.
Hiru arlotan diharduzu beraz: pintura, ilustrazioa eta antzerkia. Hiruren arteko oreka bilatzen duzu, lana banatzen ahalegintzen zara, edo boladaka zabiltza?
Lana modu arrazional batez banatzen saiatzen naiz, baina beti eduki dut neure burua margolaritzat batez ere. Hori da zutabe nagusia, eta kanpoko eragin guztiengandik babestu nahi dudana. Nagoen kinkan, ezin dut, eta ez dut nahi, lanbide honetan lehiatu, ezin naiz margolari «ospetsua» izan, eta ez dut nahi gainera. Ez dut museo eta erakusketa handien alorrean borrokan aritu nahi. Aspaldi erabaki nuen ahaleginik ere ez egitea. Ez dut nahi artean moda den ezerk, eta ia dena hasi da moda izaten, eragin nazan. Ez dut inoren estiloa berdindu nahi, ea horrela arte zirkuituetan sartzerik dudan. Ez diot salmenta-merkataritzaren presioari men egin nahi, ondo saltzen diren formulak daudela jakinda ere. Zorionez, azken urteetan nahiko ondo saldu dut neure lana, eta konturatu naiz zeintzuk diren saltzen diren gauzak. Beraz, errepikakorra izan ninteke, neure buruaren klon bihurtu. Baina ez dut halakorik nahi, pintura mundua babestu egin nahi dut, nire emozioetan oinarritutako pintura egiten jarraitu nahi dudalako; uste dut hori dela epe luzerako egin daitekeen apustu bakarra. Beste bidetik, beharbada, zortea eduki daiteke, arrakasta lor daiteke, baina epe laburrean. Epe luzean ez, edo nik behintzat susmo hori daukat. Hortik aurrera, ilustrazioa eta eszenografia dauzkat, eta hortik, batzuetan, presio handia etortzen zait. Lortu egin dut ilustrazioa eguneroko gimnasia izatea, eta hori primeran datorkit, ez baitit gehiegi lasaitzen uzten. Eta batzuetan lana pilatzen zait, ez baitago nire esku, esaterako, antzezlan bat noiz estreinatu behar den erabakitzea. Hala ere, beti saiatu naiz denbora banatzen. Pintura, gainera, mundu obsesiboa da. Udan batez ere, gehien margotzen dudan garaian hain zuzen, gaixotu egiten nau pinturak, obsesio bihurtzen da.
Ondo saltzen duzula esan duzu. Zuk zeuk egiten duzu lan hori, ala zeuk ere bitartekariak dituzu? Azken batean, horiek gustuko ez duzun mundu horren zati garrantzitsua diraà
Gutxi erakusten dut hemendik kanpo, eta batez ere existitzen naizela gogorarazteko erakusten dut. Baina gehienbat hemen erakusten dut, Bilbon, eta beti galeria berean, Aritzan. 30 urteko harremana daukagu, oso harreman zintzoa. Ez da merkataritza harremana, ez didate esaten «ez egin hau, ez da saltzen eta».
Badago halakorik, ala?
Jakina. Kanpotik begiratuta, ematen du arte mundua guztiz askea dela, norberak nahi duena egiten duena. Ez da egia. Dena dago joeren menpe, modaren menpe, kultur inposaketa batzuen menpe. Azken batean, nazioarteko enkante-etxe bik erabakitzen dute zer den ona eta zer txarra. Jendeak korronte horiei jarraitzen die, eta kontraesana da askatasunez jokatu eta aldi berean merkatuan parte hartu nahi izatea. Zuk egiten duzuna bat badator merkatuan dagoenarekin, ondo: bestela, isolatu egingo zaituzte.
Hogei urte daramazu prentsan ilustrazioak egiten, El Correon batez ere, eta Elea argitaletxeak lan horren lagin bat argitaratu berri du, oso edizio zaindu eta mugatuan: 300 ale baino ez. Norena izan zen ekimena?
Haiena. Proposamena egin zidaten eta zoragarria iruditu zitzaidan, beti pentsatu dudalako marrazkiok egunkarian euren balioaren zati handia galtzen zutela. Paper motagatik, inprimaketagatik, eta bestalde, eguneroko prentsa informazioaren kleenexa delako. Goizero behar dugu, munduan zer gertatzen den gutxi gorabehera jakiteko, eta gero bota egiten dugu. Amorru apur bat ematen zidan nire milaka marrazki ezerezean geratuko zirela jakiteak.
Gehienbat -El Correon behinik behin- iritzi artikuluetarako ilustrazioa egin duzu. Nola egin beste baten iritziaz marrazki bat?
Ez da iritzia marrazten. Denboraz irabazi dudan askatasun txokoetako bat da hori. Bestalde, iritzi orrialdeen ilustrazioa kontuz jorratu beharreko arloa da. Egunkari batean, dentsitate handieneko orrialdeak dira horiek; jendeak, zabaltzen dituenean, marrazkiak ikusten ditu lehenbizi, nahi eta nahi ez. Ez gustukoago dituelako, marrazkia irakurketa baino askoz hizkuntza zuzenagoa delako baizik. Honenbestez, testuari oso lotutako irudia eginez gero, irudi hori testuaren lehenengo bertsioa izan dadin eragiten duzu, eta ni beti saiatu naiz artikuluaren gaiaz dudan iritzia erakusten, ez idazten duenaren iritzia.
Eta zer irudi mota egiten duzu ilustrazioetan?
Hara, ni norbanakoak erakartzen nau. Pertsonak, banan bana. Zu interesatzen zatzaizkit, ez kazetariak. Eta Urlia interesatzen zait, ez euskaldunak, edo andaluziarrak, edo irakiarrak. Nire ilustrazioak bide horretatik doaz. Gai bakoitzaren alde humanoaz hitz egiten saiatzen naiz.
Mikel Garcia
Lehenengo Vaya Semanita izan zen. ETB2ko saio horren umore kritikoak eta batez ere politikaz barre egiteko erakutsi zuen ausardiak jendearen arreta erakarri eta segituan arrakasta izugarria lortu zuen. Dagoeneko, hirugarren denboraldia du hau. Iazko udatik, berriz, ETB1eko Wazemank saioaren umore freskoak ere ikus-entzuleak guztiz bereganatzea lortu du, ezbairik gabe. Lehenengoaren kasuan, batez beste %19ko sharea du ostegun gauetan eta martxoan 24 puntuko batez bestekoa lortu zuen. Wazemanki dagokionez, %9,25eko sharea izan ohi du ostiraletan eta zehazki euskaraz dakitenen sharea kontuan hartuta, datua %25ekoa da. Hau da, une horretan telebista ikusten dauden eta euskaraz dakiten lau lagunetik batek ikusten du Wazemank. Arrakasta hori kalean ere nabaria da. Ziur aurtengo inauterietan Forrest ikus-entzulearen defendatzailea, Camera Vasca Caféko politikariak, Moxolo, Dani, Euzkitze edo Tolosaren mozorroak ikusi ahal izan direla Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan. Zein da harrera bikain horren gakoa? Zergatik lortzen ditu hainbeste jarraitzaile hemen egindako umoreak? Erantzunen bila gidoilariengana jo dugu eta, ororen gainetik, arrakastaren atzean lan handia dagoela ikusi ahal izan dugu.
VSko gidoilarien astea, esaterako, ostegunean abiatzen da. Braimstorming edo ideia zaparrada delakoa egin ohi dute egun osoan zehar, burutazio guztiak mahai gainean jarri arte. Langile dezente dira eta, orain arte behintzat, ideia berriak sortzeko garaian esku hutsik ez direla inoiz geratu diote. Guztira, sketchak egiteko sei lagun eta platoko gidoiak idazteko bi pertsona daude. Ostiraletan, bakoitzak berari dagozkion gidoiak prestatzen ditu eta astelehenetik aurrera idatzitakoa hobetzen ematen dituzte egunak: gidoiak denek berrikusten dituzte, bakoitzak bere ekarpena egin dezan, eta behar izanez gero, txisteak eta sketch berriak gaineratzen dituzte. Wazemankeko sei gidoilarien lan egiteko era desberdina da: ideia zaparradarako ez dago egun zehatzik, norberak etxetik bere burutazioak ekarri ohi ditu eta beharraren arabera gai berriak jorratzeko biltzen dira. Baina gehienak tarte finkoak direnez, normalean lana banatu egiten dute, bakoitzak tarte horietako baten ardura hartuta. Dena den, Nagore Aranburu gidoilari burua sketch finkoak tarteka eskuz aldatzen saiatzen da, ikuspegi desberdinak lortzeko. Lankideen gidoiak ideia berriekin osatzea ere libre da.
Euskal umorea?
Lanaz gain, talentua ez zaie falta gidoilariei eta ondo funtzionatzen duten formulak erabiltzen dituzte. Formula horren sekretua aurkitze aldera, egiten duten umore motari buruz galdetu diegu, baina ez dute beraien umorea definizioekin mugatzea atsegin. «Euskadi eta euskaldunoi buruzko umorea egiten dugu -azaldu du Fernando Rodriguez VSko gidoilari buruak-, besterik gabe, ez dut uste inolako adjektibo kalifikatzailerik behar duenik. Hori bai, ez dugu barre-algara bakarrik bilatzen, mezua sartu ohi dugu azpitik, ironia erabiliz». Euskaldunoi buruzko umorea da beraz; baina euskal umorea dei diezaiokegu? «Ez dut uste zehazki gurea den umorea dagoenik; gure gauzez, gauza zehatzez barre egiten dugu eta beraz, aukeratutako gaietan dago gakoa». Anjel Alkain Wazemankeko zuzendariaren arabera, ETB1eko programak umore «freskoa, ganberroa eta gaztea egiten du» eta gai unibertsalak eta lokalak uztartzen ditu: «Alegia, Euskal Herrian bakarrik funtzionatu dezaketen sketchak daude, baina baita kanpokoentzat oso onak izan daitezkeenak ere; nahastea da kontua, kostunbrismoa beti ez egitea». Esaterako, behin baino gehiagotan gertatu zaie beraiek egindako sketchak beste saio batzuetan ikustea. Los Morancos saioan, farmaziara joan eta tabernan egongo balitz bezala medikamentuak eskatzen dituen lagunaren gaga ikusi zuten, beraiek egindakoaren antzekoa. Eta Wazemankeko atsuak Interneteko ikastarora doazenekoa ere Cruz y Raya programan agertu zen, baina bi aitonekin. Umorea betikoa dela diote, baina testuinguru desberdinetan. «Zure erreferentzi kulturalen eta bizipenen arabera, testuinguru eta gizarte konkretu batean egindako umorea da, baina umore unibertsala, azken finean», dio Jasone Osoro Wazemankeko gidoilariak.
Dena den, umore hori arrakastatsu egiten duten irizpide eta gai jakin batzuk erabili ohi dituzte. VSko gidoilariek irizpideak argi dituzte: «Sketchak gaurkotasunaren isla izan daitezela, euskaldunak eta euskal gizartearen isla, jendeak ikusterakoan bere burua identifikatuta ikus dezan». Azaldu digutenez, egunerokoan eta inguruan duguna ikustea eta pixka bat puztea da gakoa. «Jendeari gertatzen zaionaz barre egitea gustatzen zaio, bere eguneroko bizitza irudikatua dagoela ikustea». Hala, A-8 errepideko arazoak, erretiratuen inguruko kontuak, hipoteka edo etxebizitza VSn joko handia ematen duten gaiak dira. Wazemanken, lan egiteko moduagatik, gaurkotasuna ez da hain adierazgarria, baina bai eguneroko gertaeretan oinarritutako umorea. «Inor esatera ausartzen ez den egiak azaleratzen ditugu», diote bertako gidoilariek.
Gaiei dagokienez, euskaraz bizi den jendearentzako umoretsuak izango diren kontuak aukeratzen dituzte Wazemanken, hurbiltasuna eta absurdoa lotuz. Esaterako, baserriko giroa hartu eta komiki itxura eman nahi izan diote Arregitarrak atalean. Beste sketch batzuetan ere, denontzako ezagunak diren tailer mekanikoa edo anbulatorioa bezalako leku arruntak hautatu dituzte. Futbola edo politika, berriz, ez dituzte lantzen, aspergarriak iruditzen zaizkielako. VSn, aldiz, politikak leku garrantzitsua hartu zuen hasieratik. Gaurkotasunak eraginda lantzen jarraitzen badute ere, egun saioan indar gutxiago duela dio Fernando Rodriguezek, egun jendearentzat bigarren plano batean geratu delako. Hala, bide berriak ireki dituzte: erretiratuen gaia, emakumeei buruzko atala, eliza kontuak... Azken finean, tabuen zerrenda gutxituz joan dela diote VSko gidoilariek. Inork aipatzen ez dituen gauzak jorratzen direnean, jendea ohitu egiten da eta tabu izateari uzten diote. Gainera, umorez gerturatzea gai serioak arintzeko modua ere bada. Euskal gatazka edo kale borroka bezalako gaiekin umorea egin ahal izatea saioaren lorpena dela aitortu dute gidoilariek. Muga non dagoen? Inor ez iraintzean. «Begian hatza sartzen dugu, baina iraindu gabe».
Wazemankeko kideek ere irainak eta gai sexistak ez dituzte atsegin. ETB1eko saioa gehiago oinarritzen da gizarte gaietan eta arlo horretan ez dute beldurrik heriotza bezalako kontu arriskatuagoak jorratzeko. Kate bereko saioei (Goenkale, aurkezleen imitazioak...) punta ateratzen ere lehenengoak izan dira. Euskaltzaindiaren inguruko sketchekin hasi zirenean, erantzun txarren bat jasoko zutela pentsatu zuten, baina alderantziz, Euskaltzaindiko kideek beraiek sketch horiekin gustura asko barre egiten dutela jakin dute. Anjel Alkainek argi du: «Geure buruaz barre egin dezagun, bada garaia-eta».
Kaleko euskara bizian
Wazemanken kasuan, halaber, irizpide horiei guztiei umorea egiteko garaian hizkerak duen pisua gaineratu behar zaie. «Komunikabideetan euskararekin beti literatura egin nahi izan da -esan digu Anartz Zuazua aktore zuzendariak- eta ni ez naiz batere identifikatzen erabiltzen den euskararekin. Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana gure tranpolina izan zen, konturatu ginen hizkuntzak funtzionatzen duenean, jendea entzuten duenarekin identifikatzen denean, jada zerbait lortu duzula eta formula hori telebistan probatu nahi izan genuen. Azken finean, euskarari tabuak kendu dizkiogu, hizkuntza jendeak erabiltzen duen bezala erabiltzeko baita». Emaitza: kaleko euskara bizia; euskalkien erabilera jatorra; hitz jokoak edo ospetsu bihurtu diren «earki gatxik» eta «koxk» bezalako esamoldeak. Euskaraz bizi diren lankideek eta euskaraz natural aritzeko gai diren aktoreek eginiko saioa da eta ahozkotasunean oinarritutako hizkera horrek programari freskura eta errealitate itxura ematen diola uste dute Wazemankekoek.
Beraz, osagai ugari dira saiook arrakastara eraman dituztenak. Denaren gainetik, ordea, kalitate oneko produktua eskaintzea da gakoa: «Jendearengana iristen den umore ona egitea eta maila mantentzeko lanean jarraitzea da sekretua», ziurtatu digu Javier García de Vicuña VSko zuzendariak. Gustura egindako lana dela islatzeak ere arrakastan zerikusi handia duela aitortu digute bi saioko kideek. Beraz, gustura jarraitzen duten bitartean, umorea luzarorako izango dugu ETBn.
Pilar Iparragirre
Zure aurreneko liburua kalean...
Oso-oso pozik nago. Utzi gura nuen liburu aske bat, bizia, zintzoa. Bizi nauen sasoi honen isla bat utzi gura nuen, munduarekin bizitzeko era hau agertzea. Eta uste dut, eraren batean edo bestean, hori hor dagoela liburuan.
Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Bizi nauten gaien sare oso nahastu bat, finean gai bakarra osatzen dute bizitzan.
Nor da Lile?
Nigan oso bizirik dagoen neska bat, edo bat baino gehiago. Bizitakotik geratu zaidan irudi bat. Uste dut ez daukala karnetik edo argazkirik, baina izugarri maite dut oraindik. Neska hori da, hain bera eta leherkari, inoiz alboan izan dudana, batzuetan alboan izaten dudana, eta geroan ere izango dudana. Dudarik ez. Dudan dudan duda.
Pintura da zure beste gaietako bat.
Gerora konturatu naiz pintore batzuek, Kleek adibidez, asko eragin didatela idazteko eran. Eta liburuan agertzen den beste baten koadroak, Rothkorenak, uste dut ipuinak direla. Baina uste dut Miles Davisek ere, esate baterako, pintatzeko eran eragiten didala, eta Gorritik bizitzeko eran.
Artea, idazketa. Aurrera begira, zer?
Ez dakit oso ondo, ez zait helburu finkorik izatea gustatzen. Herman Hessek esaten du bila ibiltzeak helburu bat izatea esan nahi duela; topatzeak, ordea, aske izatea esan nahi du, mundura zabalik egotea. Eta ni, lehen, gehiago nebilen bila. Orain topatu egiten dut gehiago. Bizitza ederragoa egiten zait honela.
Pilar Iparragirre
Karakolaren barruan
Xabier Mendiguren, Jokin Mitxelena
Elkar
50 or. / 6,95 euro
Bizitzako galerari buruzko istorioa
Xabier Mendiguren Elizegik sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako istorio honetako protagonista mutiko txiki bat da. Asko maite duen amona galtzea egokituko zaio. Aita, berriz, urruti du aspaldian, hainbeste, jada ez dela berataz ondo oroitzen ere. Gauzak horrela, mutikoa triste dago, baina, zorionez, badu zerbait bere goibelalditik suspertzeko: amonaren etxean aurkitu duen itsas karakola. Izan ere, itsas karakola hori magikoa da, eta haren bitartez beti maitatu izan dituenen soinuak entzun ditzake. Amonari aitonaren galerak ekarri zion mina leuntzeko balio izan bazion, berari ere lagun diezaioke, ez da hala? Hortaz oroituko da aitatxori bisita egiten dionean, han, oso urruti dagoen herrialdean. Eta aitatxori oparituko dio bere altxorra.
Lazarraga. Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Pamiela
134 orrialde
11 euro
Eta zinezko euskal ernazimendu bat balitz zer?
Pruden Gartziak burututako Lazarraga. Ernazimentua euskaraz izenburuko saioak irabazi zuen iaz Juan Zelaia saria. Saio horretan, Joan Perez Lazarragakoari buruzko lau testu bildu ditu egileak, zeinak bere aldetik sortuak izan arren elkarren arteko erreferentziaz josiak dauden. Intuizio berberetik sortutako lau irudi desberdin omen dira. Eta Pruden Gartzia arabarrari intuizio horrek esaten dionaren arabera, hauxe da gertatutakoa: izan zela XVI. mendean zinezko euskal ernazimendu baten hastapena gurean, eta gertakari horrek gure Historia osoa birpentsatzera behartzen gaituela. Non gertatu zen? Bada, Araban, jende askori euskalduna dela pentsatzea ere kosta egiten zaion lurralde horretan.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
118 orrialde 11 euro
Jakin aldizkariak 50 urte
Bide luzea egin du Jakin aldizkariak 1956an sortu zenez geroztik gaur arte. Berrogeita hamar urte bete ditu Urrezko aldizkariak eta iragana azterkizun eta etorkizuna eginkizun dutela esan du Joan Mari Torrealdaik Jakinen zenbaki eta webgune eraberrituak aurkezteko garaian. Baina aldizkariaren zuzendariak esandakoarengatik, badute erronka gehiago, hemendik aurrera ere, Internet eta papera elkar ukatzaile izan gabe elkar osatzaile izanez bizitzen asmatu beharko baitute. Gaitz erdi, globalizazio oro hartzaileari aurre egiteko Karlos Santamariaren lezioa ondo ikasia dugu, alegia unibertsal izateko modua partikular izatea dela, euskaldun. Baina sektarismo guztien gainetik egotekotan den Jakin berriak badu beste erronka bat ere: gure arduradun politikoak konbentzitzea merkatua ez dela arrakastaren neurria. Irabaziko ote du!
Hona hemen gu biok
Dorothy Parker
Alberdania, Elkar
272 orrialde 12,90 euro
Idazle ausart baten istorioak
Intelektuala, dotorea, matxinoa, emakumeak betetzekoak omen ziren arauez trufa egin zalea, biraoak zituena hitzik kutunen, sexualitatea lotsagabe erakusten zekiena... horrelakoxea omen genuen Dorothy Parker (1893.1967), New Jerseyn sortu arren New Yorken hazi eta hezitako idazlea. Hala dio behintzat Mirentxu Larrañagak, Hona hemen gu biok liburuko hamasei istorioak euskaratu dituen donostiarrak. Nolanahi ere, luma zorrotzeko eta umoretsuko kontakizun laburrez gain, poesia, zutabegintza, kritika eta gidoigintza landu zituen emakume erdi eskoziar eta erdi judu honek. Alberdaniak plazaratutako liburuko istorioak suharrak, bihurriak eta atsekabez beteak dira, ikara eragiten duen umorez zipriztindutakoak.
AtaramiñeÆ 05
Batzuen artean
Ataramiñe
256 orrialde 15 euro
Euskal errepresaliatu politikoen idazlanak
Ataramiñe izenburuarekin plazaratzen diren liburuok Euskal Errepresaliatu Politikoen Literatura Koadernoak dira. Eta Ateramiñe'05en agertzen direnak euskal preso politikoek giltzapetik bidalitako idazlanak eta marrazkiak dira, gehien-gehienetan; egia esan guztiak, Edorta Jimenezek Estepan Urkiaga Lauaxetari egindako omenaldia izan ezik. Parte hartzaileen artean, hor aurkituko ditu irakurleak Jon Mintegiaga, Iñaki Gonzalo, Amaia Urizar, Iñaki De Juana, Galder Bilbao, Olatz Caminos, Igor Letona, Naiara Mallabia, Claude Recart, Txomin Troitiño, Joseba Arregi Erostarbe, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Barrios, Jon Bienzobas, Lauaxeta bera eta beste asko.
Frida
Batzuen artean
Kahlo Media
82 orrialde
Frida emakume aldizkariak plazaratutako zenbaki berezia
Emakumeen Nazioarteko Eguna oso kontuan izan dute Frida aldizkarikoek, eta hari eskaini dizkiote editoriala eta orrialde franko, emakumeen lan baldintzak hobetzeko eta emakumeen aurkako indarkeria, sexu erasoak eta bereizkeria betiko desager daitezen borrokan aritu direnak eta horretan dirautenak gogoan. Adibide gisa, Amerikako Estatu Batuetako Triangle Shirtwaist Companyn kiskalita hil zituzten 120 emakumeak, Betty Friedan feminista sutsua, Lanbroa kolektiboa edota Lidia Falcón.
Lile
Peru Magdalena
Elkar
176 orrialde 12,75 euro
Igartza sarien akzesita eskuratutako istorioak
Txaman poesia-literatura bandaren partaide, bertsotan ibilia, Arpista kolektiboarekin disko surrealista bi kaleratua eta koadroak etxean pilatzen zaizkion pertsona ere badugu Peru Magdalena durangarra (1980). Durangarrak Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak batera antolatzen duten Igartza sariaren VII. ekitaldian idazle gazteentzako bekan akzesita irabazi zuen. Lile izenburuko ipuin bilduma da horren guztiaren ondorioa, bizitzeko era kolektiboa margotzen duen liburua. Mundu ikuskera propioa aurkitu izanaren baikortasunarekin idatzi ditu Peru Magdalenak bere kontakizunak, bizitzan zehar ezagutzea egokitu zaion lekuen deskribapenaz gain, haietara biltzen den jendearen ametsen eta eldarnioen isla bat eskainiz. Eta beti, hor du Lile zoragarria, orain isilik hurrengoan kantuan «ikaragarri txarto abestuz» hasiko den neska, begiak ziurtasunez eta lasaitasunez edozerengan eta edonorengan pausatzen dituen lagun hori, eta egilearen harekiko maitasuna, bera besarkatzeko gogoa «horrela zugan bere zerbait geratuko zen esperantzan». Eta harekin zein besteekin igarotako gauak, sortutako poemak, marrazkiak eta musika; bizitako eta edandako tragoetatik asko...