Saioa Labaka
Zenbat hizkuntza daude munduan? Hizkuntzalariei maiz egiten zaien galdera da berau. Erantzunean ez dago eztabaida handirik, ordea: ezin da jakin. Gutxi gorabeherako kopuruak darabiltzate adituek galdera hau erantzun nahian. Izan ere, batetik, zaila da hizkuntzen eta dialektoen arteko mugak ezartzea eta bestetik, ez dago hizkuntza guztiei buruzko dokumentaziorik.
Hizkuntza bat zer den definitzeko arazoa daukagu lehenik. Terminoa zentzu ezberdinetan ulertuz gero, emaitza ezberdinak erdietsiko baitira. Esaterako, Espainian zenbat hizkuntza dauden galdetuko bagenu, oro har, lau daudela esango genuke (euskara, gaztelania, katalana eta galiziera). Munduko hizkuntzei buruz dagoen iturri zabalenak, Ethonologue-k, 14 hizkuntza daudela esango du, ordea.
Hizkuntza kontzeptua ez da bera munduko kultura eta txoko guztietan. Oro har, mendebaldean estatu hizkuntzaren tradizioaren zama handia dugu eta, honen arabera, aldaerak hizkuntza bakarrean biltzeko joera da nagusi. Azkeneko mendeetan joera nagusia estatu bakoitzak estatu hizkuntza bakarra izatea izan da; Espainian gaztelaniarekin gertatu den bezala, esaterako. Munduko beste bazterretan, ostera, bertako hizkuntzek estatu-hizkuntza estatusik lortu ez dutenez, aldaerak hizkuntzatzat jotzeko joera handiagoa dago. Hirugarren munduan, bereziki, oso hizkuntza gutxik erdietsi dute hizkuntza ofizialaren estatusa, zeregin horretarako hizkuntza europarrak hartu dituztelako.
Munduko mintzairen zenbaketa zailtzen duten beste bi arrazoi ere badira. Batetik, munduko lurralde guztietako hizkuntza deskribapena amaitzeke dago. Asko aurreratu bada ere arlo honetan, oraindik ere etnia eta hizkuntza berriak aurkitzen dihardute. Esaterako, 1998. urtean bi etnia eta hizkuntza berri aurkitu omen zituzten Indonesiako Irian Jaya uhartean, vahuadate eta aukedate gizataldeak, hain zuzen ere. Bestetik, hizkuntzen izendapenen inguruan gertatzen den nahastea dago. Oro har, hizkuntzek izen bat baino gehiago izaten dute, inguruko herrialdeek jarria, eta hiztunek euren hizkuntzari ematen dioten izena ere hor dago.
Hala ere, aipatu ditugun arazo guztien gainetik, gaur egun hizkuntzalari eta erakunde gehienek (Wurm 1996, Crystal 2001, Hagege 2001, Bernardez 2004, Moreno Cabrera 2000, Junyent 1993, Nettle 1999, Unesco...) munduan 6.000 hizkuntza inguru hitz egiten direla diote. Ethnologue da munduko hizkuntza kopururik handiena ahotan darabilena: 6.809. Bidenabar, aintzat hartu beharrekoa da munduan dauden hizkuntzen kopuruak ezer gutxi esaten digula. Asko daudela, bai; baina agian egon zitezkeenak baino gutxiago daude. Munduko biztanleria bikoiztu egin bada ere iragan mendeari begira, hizkuntza kopuruarekin ez da gauza bera gertatu. Hizkuntzak desagertzen joan dira eta alderantzizko prozesua gertatu da populazioarekin.
Hizkuntzen banaketa geografikoa
Munduko mintzairen banaketa kontinenteetan zehar irregularra da. 2005eko munduko hizkuntzei buruzko txostenaren arabera, 6.000 hizkuntza horietatik Afrikan %32 (1.900) eta Asian %32 (1.900) daude; herena kontinente bakoitzean. Europan, berriz, hizkuntzen %3 (200) baino ez daude, Amerikan %15 (900) eta Ozeanian %18 (1.100). Hizkuntzen banaketa geografikoa are bitxiagoa da lurraldeka aztertzen bada. Munduko bederatzi herrialdek 200 hizkuntza baino gehiago dituzte.
Hizkuntz aniztasunaren mapamundia eta biztanle dentsitatearen mapa ez datoz bat: biztanleen %4k hizkuntzen %96 hitz egiten dituzte. Hizkuntzen %80 baino gehiago endemikoak dira eta estatu bakar batean hitz egiten dira. Bestalde, oso gutxi dira milaka hiztun izan eta lurralde askotan hitz egiten diren hizkuntzak: hogei, hain zuzen. Kopuruok kontatzeko metodoen arabera aldatu egiten dira, jakina denez. Munduko biztanleen ia erdiek hedadurarik handieneko zortzi hizkuntzetako bat hitz egiten dute: txinera (1.200 milioi hiztun), ingelesa (478 milioi), hindia (437 milioi), gaztelania (392 milioi), errusiera (284 milioi), arabiera (225 milioi), portugesa (184 milioi) eta frantsesa (125 milioi).
Hizkuntza aniztasunaren etorkizuna aurreikusteko, hizkuntza bakoitzak duen hiztun kopuruari errepara diezaiokegu. Hizkuntzalarien arabera, 100.000 hiztun behar dituzte, gutxienez, mintzairek luzaroan irauteko. Gaur egun, 6.000 hizkuntzetatik erdiek 10.000 hiztun baino gutxiago dituzte eta laurdenek ezta 1.000 hiztun ere. David Crystal hizkuntzalariaren ustez, munduko hizkuntzen ia %82k 100.000 hiztun baino gutxiago dauzkate eta are larriagoa dena, hizkuntzen ia %56 10.000 hiztunek edo gutxiagok erabiltzen dituzte.
Unescoren arabera, hamar hizkuntza hiltzen dira urtean. Hizkuntza aniztasunik handiena duten lurraldeetan, hain zuzen, gehien. Afrikan 200 hizkuntza baino gehiagok 500 hiztunetik behera dituzte. Ipar Amerikan indigenen eta kreolen hizkuntzak daude egoera latzenean. Latinoamerikan 500 hizkuntza amerindiar dituzte, eta horien erdiak edo herenak daude gutxi gorabehera arriskuan. Asiako hego-ekialdean hizkuntza bakoitzeko hiztun kopuru handi samarrak dira; 600 edo 700 bat hizkuntza dituzte, baina 40 inguru kolokan daude; lekuan lekuko estatu politiken araberako etorkizuna izango dute. Asiako ipar-ekialdean 47 hizkuntza dituzte eta seik baino ez dute bizirik irauteko aukerarik. Europan 125 hizkuntzatik gora hitz egiten dira: 9 ia hilda daude, 26 hiltzeko bidean eta 38 arriskuan.
Datuon arabera, lurralde azpigaratuetako hizkuntzak daude desagertzeko arrisku biziagoan. Munduko 170 estatu burujabek hizkuntza ofizial gisa hizkuntza handiren bat dute: ingelesa, frantsesa, gaztelania, arabiera eta portugesa. Hots, munduan zehar hedapen handiena duten mintzairak estruktura politiko indartsuenetan aurkitzen ditugu, eta hauen esku dago, hein batean, hizkuntzen kopuruak bere hartan mantentzea edota murrizten joatea.
Joseba Agirreazkuenaga
Eusko-katalanismoaz Gregorio Balparda bilbotar politikariak
Errores del nacionalismo vasco (1918) idatzi zuen, mugimendu politiko egituratua gorpuzturik zelakoan. Liburuko atal baten izenburua aski adierazgarria dugu:
Del bizcaitarrismo fenicio al catalanista y judaico. Bere helburua: autonomia politikoaren kontra egitea Espainiako batasunaren alde eginez. Beraz, kategoria berria asmatu zuen, Espainiaren batasunaren etsaia horrela identifikatuz. Katalanismoak jadanik ez zuen onespenik espainiar monarkiko eta eskuindarren baitan. Euskal abertzaletasunak lehen arrakasta politiko handia lortu zuen Bizkaian: Bizkaiko Diputazioan gehiengoa 1917ko hauteskundeetan. Beraz, aginte publikoan nabarmenago ageri zen. G. Balparda, delako eusko-katalanismoaren indarra aitzakiatzat harturik, espainolismo monarkikoa aldarrikatzeko, 1919an,
Liga de Acción Monárquica alderdiaren sortzailetakoa izan zen. Espainiar nazionalismoaren defendatzaile ziren monarkikoak bildu egin ziren eta ondoko diktaduretako -Primo de Rivera eta Franco- agintari eta zerbitzari publiko askoren mintegia bihurtu zen delako Liga berria.
Baina, benetakoa ote zen delako «vasco-katalanismoa» edo G. Balpardaren asmakizun edo aitzakia hutsa nazionalismo espainiarraren aldeko mugimendua bideratzeko?
Katalunian, 1906az gero, mugimendu sozialen eran autonomia politikoaren aldeko joera hezurmamitu zen. 1905ean Gipuzkoan ere antolatu zen
Liga Foral autonomista delakoa. 1914an Kataluniako Mancomunitat erakundetu ondoren, Hego Euskal Herrian antzeko mankomunitatea sortzeko egitasmo proposamenak agertu ziren. Euskal Herriko Diputazioek finantza publikoen arloan autonomia garatu zuten kontzertu ekonomikoaren babesean. Administrazio publikoko beste arloetan ere, beste horrenbeste lortzeko nahia behin eta berriz adierazi zuten, baina arrakastarik ez zuten izan. Bidea asmatu ezinik ari ziren.
Euskal Diputazioek 1917an Gasteizen onartu zuten programa bateratuan, jauzi politikoa eman zuten, bereziki kontzeptuen arloan: Foru aginte osoaren itzultzea eskatzetik autonomia murritzagoa -baina aginte politikoz betea- eskatzera igaro ziren. Euskal jatorriko aginte publiko administratiboaren sorburu den aginte politikoa nahi zuten. Autogobernu politikoaren premia eta egarria sarri adierazita zegoen, joera guztietako alderdien aldetik. Baina bereziki, XX. mende hasieran tradizionalismo katolikoko kideak foruzaletasunaren diskurtsoari loturik agertu ziren. Bestalde, errepublikano federalen baitan ere indartsu ageri zen eskari bera. Eta tartean, abertzaletasun jeltzalea bereziki hirigune modernizatuetan, udal hauteskundeetan sendotzen hasi zen.
Baina, autonomia kontzeptua eta autonomismoa zehaztu zirenean, hitzak eta kategoria politiko honek, hainbat politikarien artean, ezinegona sortu zuen. Ez baita ahaztu behar urte batzuk lehenago Espainian gertatu zena: Cubak autonomia aldarrikatu zuen eta ondoren independentzia lortu. Horrez gainera, 1918ko urtarrilean, Thomas Woodrow Wilson, Amerikako Estatu Batuen presidenteak herrien autogobernu eta autoerabakikuntzaren printzipioa aldarrikatu zuen, nazioen arteko bake iturri izango zelakoan, bereziki Europan. Eta teoria hau aintzat harturik, I. Mundu Gerraren bake hitzarmena sinatu zen Versallesen eta Europan nazio kultural ziren ugari nazio politiko bihurtu ziren.
Beraz, ez da harritzekoa, nazionalista espainiarrengan edozein autonomiak sorrarazten zuen kezka eta ezinegona. Azken batean, autonomia, balizko nazio berriaren onespenerako aurreneko urratsa besterik ez zelako. Bilboko
Hermes aldizkariaren inguruan Eusko gobernua sortzearen premia 1918an aldarrikatu zen lehendabizikoz.
Laburbilduz, 1919an, autonomia politikoa onartzeak nazio izaeraren aitorpena erakusten zuela pentsatu zuten bereziki eskuindarrek eta baita tradizionalista katoliko foruzale ugarik ere.
Eusko katalanismoaren sorrera: Liga Vasco-Navarra-Catalanaren egitasmoa
Hala ere, Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi politikoen arteko loturak XIX. mendean barrena jadanik, herri bietako kontrairaultzaile errege zale eta karlisten artean nabari ziren. Baina oraingoan ez dut tradizionalismo katoliko edo karlistan sakonduko. Garrantzitsuagoa deritzot 1876ko urteaz geroztik gertatu zenari. A. Canovas del Castilloren eraginez, Borbondarrak berriz erregetzara itzuli ziren. 1869koarekin parekatuz gero, Espainian Konstituzio politiko atzerakoiagoa jarri zuen indarrean. Hala ere, erlijio eta sinesmen askatasuna esparru batzuetan onartzen zuenez gero, tradizionalista katolikoek, kontserbadoreak izan arren, ez zuten onartzen Konstituzioa. Berau katolikotasunean oinarrituriko erabateko legea izatea nahi zuten, nazional-katolizismoa, alegia.
Euskal Herriko erakunde foralen laguntzaz, foruzaleek Madrilen
La Paz (1876-1878) egunkaria sortu zuten, zuzendaria M. Loredo zelarik eta programa hauxe: «Egunkari honek ez du kolore politikorik, eta ez da inongo alderdiren baitan. Baskongaden eta Nafarroaren Foruak defendatzea da bere egiteko bakarra, gainerakoari dagokionez, gertakari politikoen berri inpartzialki ematera eta edozein eratako albisteak argitaratzera mugatzen da. Idazle euskal-nafarrek idatzi eta kolaboratzen dute bertan, Mañe y Flaquer jaunaren, publizista ilustratu katalanaren salbuespenarekin, zeinek erakunde baskongaden defentsa bikaina egin duen». Euskal Herriko egunkariek foruei buruzko artikuluak argitaratzea debekaturik zuten. Horrez gainera, eskubide konstituzionalen bermeak bertan behera geratuta zeuden eta armada hiri nagusietan tente.
Azkenik, 1877an, A. Canovasek foruen bidezko aginte politikoa eta juridikoa desegin zituen eta diputazio probintzialak aginduz ezarri. Liberal foruzaleak gerraren irabazle izan arren, foruzaletasuna garatzeko bide gabe geratu ziren. Giro horretan,
La Paz egunkarian foruzaletasun politikotik abiatuz joera politiko berritzailea ernetzen hasi zen.
Madrilen, foruen aurkako kanpaina mediatikoa ondo antolatu eta hedatu zuten. Behin eta berriro Gerra Zibilaren iturria (1872-1876) foruzaletasunaren bidezko autogobernuan zegoela adierazi zuten.
Salbuespen bakarra Bartzelonan gertatu zen. J. Mañe i Flaquerrek, Bartzelonako egunkariaren zuzendaria, Canovasen joera kontserbadorearen alde zegoen arren, Euskal Herriko Foruen aldeko artikulu sutsuak idatzi zituen. Hamar urte lehenago Euskal Herrian ibilia zen eta foruen bidezko autogobernuaren aldeko sutsua bihurtu zen.
1880an, Espainian joera berriko naziotasun bakarreko nazio politikoaren joera nagusitu zen erabat: Estatua eta nazioa bat eta hiritarrak molde bakarrekoak sortzeko egitasmoa zuena.
Errepublikanoak sistema politiko berrian bazterturik geratu ziren. Erro errepublikanotik, Katalunian, katalanismo politikoaren aitzindaria, Valenti Almirall izan zen. Federal-errepublikanoa izanik Estatu katalanaren alde eginez, katalanismo politikoaren sortzailea dugu. 1882an lehen kongresu katalanista izan zen eta, ondoren, ekainaren 17an sortu zuten
Centre Catala. Helburua hauxe:
«Catalunya y avant; avuy demà y sempre». F. Pi i Margall zen beste buruzagi errepublikanoa, Espainian federalismo simetrikoaren aldekoa izanik, nazio kontzeptua ikuspegi arrazionalistarekin burutu zuen. Elkarrekin bizitzeko borondatean zegoen nazioaren oinarria eta gai honetan E. Renan eta beste europar intelektualak baino zehatzago idatzi zuen. Bestalde, Euskal Herria ondo ezagutzen zuen. Bergaran bizi izan zen eta bertakoa zuen emazte euskalduna: Arsuaga andrea.
Las nacionalidades bere liburu garrantzitsuenean, 1876an, honelako ikuspegia adierazi zuen: «Espainian euskaldunen afera Frantzian baino askoz larriagoa da (...) Garaituak, orain kontua ez da foruak errotik ateratzea, baina bai zerbitzu militar eta zerga-salbuespena kentzea. Horiek kentzeagatik espainolagoak izango al dira? Gehiago parte hartuko al dute gure ideia eta sentimenduetan? Ez al da izango beraien eta gure arteko antagonismoa arrazen aniztasunaren ondorio naturala? Nazionalitateen teorietarako irizpide ezberdinak pixka bat konbinatuta, uste dut euskaldunen independentziaren alde egon beharko litzatekeela. Espainiak onartuko al du?».
V. Almirall Euskal Herrian barrena ibili zen
Centre Catalá antolatu ondoren, 1882ko abuztuan. Nafarroan, «euskaroak» zerbait behintzat baziren politikagintzan eta ez soilik kultur arloan. Foruzale politikoak ziren eta
Lauburu izeneko egunkarian, 1882ko martxoaren 8an, Kataluniaren gorazarrea argitaratu zuten. Beraien ustez, Katalunian gihartzen ari zen katalanismoa foruzaletasun joeraren antzekoa zen. Arturo Campion, euskal herritar eta katalanen arteko loturen aldeko azaldu zen jadanik. Euskaroak V. Almirallen alde azaldu ziren eta ez F. Piren alde, espainiar federalismoa aurretik jartzen zuelakoan era simetrikoan. J. Mañe, A. Canovasen laguna zen heinean, urrutiratzen zihoan. Irlanda, Katalunia eta Eskozia ziren euskaroen erreferentziak. Giro horretan, 1885ean,
Liga Vasco-Navarra-Catalana sortzeko asmoa proposatu zuten. Baina 1886an, jadanik
Lauburu egunkaria desagertu egin zen, Bilbon
La union vasco-navarra egunkari foruzalea argitaratzen zen aldi berean. Eta luzaro iraun zuen.
Kataluniako Lore Jokoetan F. Sagarminaga, A. Campion eta H. Oloriz partaide izan ziren. 1889an F. Sagarminagak brindis batean hauxe adierazi zuen: «Baskongadoek beraien aberriko foru eta askatasunak goraipatzen dituztenean Kataluniako foruak eta askatasunak goraipatzen dituzte». Manuel Murguia, Galiziako abertzaletasunaren aldekoa ere, Bartzelonan zegoen une horretan.
Espainiaren ikuspegi anitza eta konposatua aldarrikatzen zuten, Espainiaren nortasunaren erakusle.
1893an Reusen bildu zen bigarren
Asamblea general de delegados de la unión catalana eta honako hau erabaki zuten: «Galizia, Nafarroa eta Baskongadetako ordezkarien eskualde mailako bilera hasi ekimen bateratu baten bitartez erregionalismoaren planteamendua lortzeko».
Urte adierazgarria da aipatutakoa, Gamazoren aurka 1893ko ekainean egindako manifestazioetan, Iruñean foruzaletasun politikoak mugimendu sozialaren dinamika hartu zuelako. Abuztuan, Gernikan, San Roke egunean, espainiar bandera erre eta S. Aranak idatzi zuen lehen aldiz entzun zirela Bilbon eta Gernikan
«Viva Euskeria independiente», «Muera España». Gernikan entzun zituenak eta gero, Lliga de Catalunyako presidente Alsina jauna ikaraturik joan zen;
La union vasco-navarra egunkarikoen iritzian, aldiz, Gernikakoak foruzaletasunaren aldeko aldarriak baino ez ziren.
Hurrengo urtean, S. Aranak
Errores catalanistas izeneko artikulua argitaratu zuen
Bizkaitarra aldizkarian. «Euskalerriako» edo euskaroen joera politikoak kritikatuz, foruzaletasuna «separatismoaren» ildoan bideratu behar zela uste zuen. S. Arana Bartzelonan bizi izan zen eta ezagutzen zuen bertako katalanismoa. Baina bere ustez, bizkaitarren politika «euskalerriako» en edo katalanisten politikatik bereizi behar zen.
1898an aldiz, Bizkaiko diputatu probintzial aukeratua izan zen hauteskundeetan. «Euskalerriako»ekin bat eginda lortu zuen irabaztea.
Beraz, XIX. mendeko azken bi hamarkadetan, liberal erroko foruzaletasun kultural eta politikoaren aldekoak katalanismo politikoaren ildoan ari ziren. «Euskalerriako»engan hala ere, erlijio katolikoaren oinarria nabarmenagoa zen.
Aldi berria hasi zen 1906an, Katalunian Solidaritat Catalana alderdiak hauteskundeetan izugarrizko arrakasta lortu baitzuen. Hurrengo urtean, 1907an, E. Prat de la Riba izendatu zuten Bartzelonako Diputazioko presidente. Katalanismoa botere politiko handiagoak kudeatzen hasi zen. Katalanista politikoentzat Gernikako arbola aginte politikoaren ikurra zen eta 1906an Gernikan izan ziren. Beraz, Euskal Herria eta Kataluniaren artean nolabaiteko zubi politikoak ernetzen hasi ziren, diferentzia nabarmenak ere tarteko zirela. Pompeu Fabra (1868-1948) Bilboko Ingeniarien Eskolan irakasle zen. Katalan hizkuntzaren normalizazio ortografikorako arauak egin zituen (1913). Bilbon zela, 1906an, Lluis Duran I Ventosa politikari adiskideari erantzunez, zera azaldu zion: «Bilbao es una cituat de llengua castellana; San Sebastian-me dieune-sÆestá castellanisant rapidament. Els bilbains, a casa llur, volen managars-sÆho tot ells sols. Fora ingerencies de gent estrany ! els maquetos que no a fiquin alli aoun noÆls demanen ! Vet-aquí l llur regionalismeà! enamorats de Bilbao, satisfets hiperbolicament del seu engrandiment, en el design de fer-se los superiors sÆarrapen adhuc a la llengua: lÆeuskara es antiquissim, no ve de capt altra llengua, es més llengua que l castellá que al cap de vall no es més que un dialecte llatí (i aquí está la cosa: lÆeuskara per damunt dels castellá..!) per- no le parlen!. ni lÆentenen!! Un dia he estat al Centro Vasco, vaig veure-hi retorls en Bascuense, no hi vaig sentir enraonar sinó en castellá. Molts que es deixen dir biscaitarres ignoren completament el Bascuense; es tant difícil! La seva gran dificultat(?): Una altra prova de superioritat.« (Bilbo, 1906.IV.15).
Katalan hizkuntza eta kulturaren garapena katalanismo politikoaren helburu nagusiena zen. Euskal abertzaletasunak euskaltzaletasuna aintzat zuen, baina helburu nagusia agintea lortzea zen.
Mankomunitatea, foruzaletasunak eta Autonomi Estatutuak (1919)
1914an Kataluniako Mankomunitatea antolatu zen, presidentea E. Prat de la Riba zela (1870-1917). Bartzelona oinarri zuela, administrazio publikoaren tokian tokiko antolaketa bultzatu zuen. Aldi berean, katalan hizkuntzaren eta katalan kulturaren garapenerako erakundeak sortu zituen: adibidez, Institut d'Estudis Catalans. Erakunde akademiko hau, ondoren, Eusko Ikaskuntza sortzeko eredu izan zen. 1916an Lausanan, (Suitza)
Conférence des Nationalités delakoan euskal delegazioko buru ziren I. Lopez de Mendizabal, J. Izagirre eta L. Elizalde jeltzaleek parte hartu zuten eta doktrinaren arloan txosten argigarria azaldu zuten. Bertan, katalanistei buruzko informazio zuzena eta berria hartu zuten. Autonomismoa zen bidea.
1917an, Cambo Bilbora etorri zen, burgesien arteko aliantza lortu guran. I. Mundu Gerraren giroan enpresariak izugarrizko irabaziak lortzen ari ziren eta Alba Ogasun ministro zenak irabazien gain zerga berezia jarri nahi zuen. Baina bisitaren harian, euskal abertzaletasunak bilkura egin zuen Camborekin eta baita meeting arrakastatsua antolatu ere. Sotaren gidaritzapeko abertzaletasunak laguntza handia lortu zuen, eta ondoren, baita arrakasta ere Bizkaian hauteskundeetan. Lehenengo aldiz Bizkaiko Diputazioan R. Sota Aburto ezarri zen eta euskal abertzaletasun politikagintza berria ekarri zuen.
Adierazgarriak dira R. Sotak ezarri zituen helburuak presidente kargua hartzeko unean, 1917ko maiatzaren hasieran: Katolikotasunaren defentsa, euskal nortasunaren adierazpena eta lau diputazioen arteko mankomunitatea. Horrez gainera, euskararen ofizialtasuna eta unibertsitate barrutia. Eta berehala, Bizkaiko burua eta beste diputatu batzuk Kataluniara abiatu ziren maiatzaren 28an, Pobleteko monasterioan katalanisten ekitaldian parte hartzeko. Ondoren, Bartzelonan eta Bilbon, autonomia lortzeko bide berriak urratzen hasi ziren.
ARGIAn, 2005eko uztaileko zenbakian azaldu genuen 1917ko Diputazioen arteko bilkuren ondoren, 1918an lehen autonomi estatutuak idatzi zirela. Eta guztia porrotean amaitu zela 1919an.
Euskal Herrian, eskuindar monarkikoek kontzertu ekonomikoaren jarraipena aldarrikatzen zuten, baina autonomia politikoaren aurka zeuden. Adibidez, Arabako diputazioak 1919an autonomi estatutuaren aurka egiteko zera adierazi zuen: «Katalanekin berdintzea beraien mailan egongo bagina bezala gu aurkezten hastea da».
Hala ere, autonomiaren premia euskal gizartean gero eta zabalduagoa zegoen. Foruzaletasun osoa lortu ezinik, autonomia politikoan finkatu zen programa politiko berriaren helburu laburra. Eta jauzi honetan, katalanismoak eragin handia izan zuela ez dago zalantzarik. Beraz, eusko-katalanismo delakoaren programa, nazionalismo espainolaren alternatiba gisa jokatzen hasi zen. G. Balpardak honela idatzi zuen: «Hona hemen, bada, azkenean bizkaitarrismoa zerbaitetan gauzatzera iritsi dela. Bere oinarri sentimentalak bera izaten jarraitzen du, sanrocadarena, esana geratu den bezala. Baina argi dakigu jada zein bidetik eraman nahi dituzten Baskongadak, nahiz eta garbi dagoen Mezu hori gure euskal katalanoideentzat gerora garapena izango lukeen gutxienekoen programa bat dela». Bizkaiko Diputazioan landu zen 1918ko autonomia estatutuaren proiektuak Espainiaren baitan antolaturiko euskal estatu baten itxura zuen: Parlamentua eta Senatua aurreikusten zituen eta berrikuntza handiak ziren ohiko Batzar Nagusien erakundetze foralarekin parekatuz gero.
Beraz, hemen erakutsi dugun bezala, hasierarik jadanik, katalanismo politikoak eta euskaltzaletasun politikoak elkarren arteko begiradak, harremanak eta loturak landu zituzten. 1919an, Espainiako Parlamentuan, eusko-katalanismoak autonomia estatutuen proiektuen eztabaida eragin zuen.
Mikel Asurmendi
«Adorez hartu dut kargua, ardura handia dela kontziente naiz ordea. Jonan Fernandezen ondorengoa izatea ez da samurra, hedabideen aurrean edo gizartean duen presentzia garrantzizkoa baita. Edonola ere, Elkarriko kide ohiengandik laguntza osoa jasotzen ari naiz. Bestalde, Elkarriren sorreratik gaur egunera egoera politikoa asko aldatu da. Egoera berriaren beharrei erantzuteko eta bake eta normalizazio prozesuan aritzeko egokitua da Elkarriren oinordekoa den Lokarri» diosku Paul Riosek.
Lokarriren koordinatzaile nagusiaren ustez «duela urte batzuk zegoen adostasuna baino handiagoa dago gatazkaren inguruan. Gizarteak bakea eta alderdi guztion arteko elkarrizketa nahi ditu».
Elkarriri adioa eta Lokarriren aurkezpena egin berri duzue. Bilbon manifestatzera deitu duzue gizartea. Egiguzu honen balorazioa, mesedez.
Pozik gaude. Manifestazioa aniztasunaren isla izan da. Egia esan jende gehiago espero genuen, baina iazko irailaz geroztik egoera politikoak okerrera egin zuela kontuan hartu behar da. Gizarteak bake eta normalizazio prozesua gertu ikusi du, baina manifestazioa egin zen unean ez zuen aurrerapenik ikusten. Giro politiko nahastu horretan zaila zen besterik lortzea. Gure lema ordea -akordioa, kontsulta eta berradiskidetzea- oso presente dago gizartean eta kalean.
Egun berean gerraren aurkako manifestazioa izan zen. Honen antolatzaileen kritikak jaso zenituzten.
Kritikak ez dira horrenbesterako izan. Gerraren aurkako manifestazioa egun berean izatea tamalgarria izan zen. Ez ginen gauza izan bi manifestazioak koordinatzeko, bi manifestazioen lemak antzekoak eta osagarriak izanda: Indarkeriarik eza eta elkarrizketa Euskal Herrian nahiz munduan.
Bien bitartean, apirilaren 2an beste manifestazio bat izango da leku berean. Anabasa apurra izan da, nolabait.
Apirilaren 2rako hainbat alderdik eta eragilek deitutako manifestazioa eta gurea osagarriak dira. Bien artean ezberdintasunak izan arren, ñabardurak ñabardura, Lokarriren mezuaren antzekoa zabalduko da bertan. Bi manifestazioak batuta PP da kanpoan geratu den alderdi bakarra. Guretzat ez da ezberdintasunak nabarmentzeko unea, batzen gaituena azpimarratzeko baizik. Alabaina, onartu behar da alderdien unea dela.
Badago Lokarriren sorrera ondo ulertzen ez duenik ere. Hau da, ETAri bake prozesua zaindu nahi izateaz kritikatu zaio eta orain Lokarrik funtzio hori bete nahi ote duen errezeloa dago, nolabait.
Elkarrik oso rol argia eta garbia erakutsi du 13 urteetan. Hasieratik indarkeriarik eza eta guztion arteko elkarrizketa izan da bere aldarrikapen nagusia. Lizarra-Garaziko garaiaren ostean ere, ETAk su-etena apurtu ondoren, Elkarrik gizartearen itxaropenari eutsi eta bake prozesuan lagundu zuen. Sarritan ordea, perspektiba galtzen dugu, ez dugu gogoratzen duela hiru urte bizi zen egoera zaila: PP Gobernuan zela eta elkarrizketa bide guztiak itxita zeudela. Elkarriren zeregina gauden egoerara etortzeko laguntzea izan da eta Lokarrik horretan dihardu ere orain. Besterik ez.
Zein dira Lokarri izatearen arrazoiak zehatz-mehatz?
Lokarri bake eta normalizazio prozesua abiatzeko egunaren biharamunerako pentsatuta dago. Egun hori maiuskulaz idatzia izan da gure agendan. Egun hori iritsi da eta laguntzeko prest gaude.
Iritsi da egun hori eta bake prozesuaren hastapenean murgilduta dago jarduera politikoa...
... eta orain egin beharreko lana aztertzen ari gara. Akordioa eta kontsulta bideratzeko eta gauzatzeko urratsak areago zehaztu eta finkatu behar ditugu. Aurrerantzean ere, egoera oso zailak biziko ditugu, horregatik, aldez aurretik, eremua ondo landu behar dugu.
Nola iragartzen duzu prozesua?
Prozesua abiatzeko hiru urrats eman behar ziren: ETAk su-etena eman behar zuen eta eman du. Segidan alderdien mahaia osatu behar da eta hirugarrenik, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzeko dinamika sortu eta landu behar dugu. ETAk indarkeria uztea beharrezkoa da, baina, halaber, giza eskubide guztien bortxaketak eten behar dira: presoen espetxe politika, Batasunaren kideen espetxeratzeak, Batasunaren beraren ilegalizazioa... Finean, akordioa eta kontsulta egin ahal izateko aldaketa horiek eman behar dira.
Elkarriren ekarpenetako bat Eginoko mahaia izan da. Alabaina, diskrezioa tarteko bere ekarpena ez da ia ezagutzen.
Diskrezioa aipatu dugu eta horri eutsi behar diogu. ETAk su-eten iraunkorra erabaki duela jakin ostean, alderdien mahaia osatzeko dei egin behar da. Une hau oso delikatua da, gauza bat baita alderdien mahaia deitzea eta beste bat berau antolatzea. Eginoko mahaiaren ekarpena alderdien zeregina errazteko egina dago. Agirian hainbat puntu idatzita daude mahaia osatu aurreko elkarrizketan laguntzeko, alderdiek zer-nolako puntuak aztertu behar dituzten jasotzen da ekarpenean. Akordioa garrantzizkoa bada ere, berau lortzeko aurre-akordioa funtsezkoa dela azpimarratzen da bertan.
«Akordioa, kontsulta eta berradiskidetzea« Lokarriren lema. Akordioa non eta zeinen artean?
Hasteko, mahaian gure egitekoa bukatu da. Printzipioz Lokarrik ez du egitekorik izango. Mahaia osatzea alderdien ardura eta zeregina da. Zeinen artean? Alderdiek erabaki behar dute. Nola? Alderdi guztien artean posible bada, baina gu kontziente gara ez direla denak egongo.
Alegia, PP ez dela egongo.
Hori da. Beraz, alderdi guztien akordioa lortu ezean, akordio anitza lortu behar da, eta hori ezean, gehiengoaren borondatea egin dadila. Orduan, gutxienez, normalizaziorako akordio bat lortu behar du mahaiak. Hau da, mahaiak alderdiak batzen dituena bilatu behar du, desberdintasunak non dauden agertu eta etorkizunerako berauek zehaztu, baita aldi berean elkar bizikidetzarako printzipioak finkatu ere. Halaber, esparru juridiko-politiko berri baterako akordioa lortu behar da, oraingoak baino kontsentsu handiagoa izango duena, edo gutxienez erabakitzeko eta itauntzeko eskubidea bermatuko duen esparru politiko-juridikoa.
Alderdien mahaia izango al da ere Nafarroan eta Iparraldean?
Gure lehentasuna alderdiak mahai baten inguruan esertzea da. Non eta nola? Ez da gure ardura. Baina Nafarroan ere bake prozesua urratu behar da, baita horretarako alderdien arteko mahaia eratu ere. Nafarroan bizikidetza ez dago normalizatuta, arazo asko dago, beraz Nafarroan ere akordioa bilatu behar dugu. Iparraldea uneon urrunago dago ezer berririk esateko. Hala ere, akordiorako esparrua bilatu behar dugu, harremanak landu eta kooperazio organo moduko bat sortu beharko litzateke. Baina hori alderdien ardura da eta batzuk horretan ari dira.
Kontsulta berriz nola ulertzen duzue?
Guk nahi dugun kontsulta, akordioa berresteko kontsulta da. Baina gerta daiteke alderdiek akordiorik ez lortzea. Kasu horretan ere, gure proposamena gizarteari zer-nolako bizikidetasuna nahi duen galdetzea da. Modu batez edo bestez kontsulta egin behar da. Gizartean iritzi ezberdinak daude, baina zer etorkizun nahi duen esateko gauza da.
Berradiskidetzea da zuen lemaren azken aldarrikapena.
Gure asmoa berradiskidetzearen printzipioak argitzea da. Diskurtso bat landu behar dugu, baina kontziente gara uneon ezinezkoa dela berradiskidetzearen diskurtsoa plazaratzea. Hori egiten hasteko akordio politikoa behar da lehenik. Akordioa gauzatzen den bitartean berradiskidetzeko printzipioak zehaztu behar ditugu. Garaitu eta garaileen diskurtsoa gailendu behar dugu.