Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-02 -- 2034.zenb

Xabier Oleaga

Hemengo komunikabide bateko kazetariak joan ziren, orain dela denbora bat, Rodriguez Zapatero presidenteari elkarrizketa egitera. Galderen artean Euskaldunon Egunkaria kasuari buruz itaundu zioten. Presidentea, harrituta. Elkarrizketaren ondorengo solasaldi lasaian kazetariei galdetu zien ea zertara zetozen Egunkariari buruzkoak, bere aholkulariek ez ziotela balizko aztergaien artean aipatu ere egin.

Hemengo kazetariek kasuaren berezitasunak azaldu zizkioten eta presidenteak guztiari buruz ezjakinaren jarrera ageri zuen. Alegia, ez bakarrik Egunkaria kasua ez dagoela presidentearen agendan, baizik eta Egunkaria kasurik, kasu berezi bezala, ez dagoela Espainiako presidentearentzat.

Euskal Herritik Madrilera distantzia handia dago. Batzuentzat historiaren kontrakoa emango balu ere, gero eta handiagoa.

Donostian izan ziren aurrekaririk gabeko manifestazio erraldoiek, Egunkariaren aurkako operazioak hemen ekarri zuen aztoramendu kultural, sozial, politiko eta instituzionala, Franco hil ondorengo garaietatik parerik gabea, ez dago Euskal Herritik kanpoko memorian, beraz agendetan.

Hemen bertan ere, duela asko gertatuta bezala hartzen da, edonola ere gainditutakoa. Agian horregatik ekarri nahi izan dute ARGIAkoek gaia harira, operazio haren hirugarren urteurrena bete berria den honetan, otsailaren 20an hain zuzen ere.

Zuzen ginen Egunkaria kasuko prozesatuok aurreikusten genuenean metropolikoentzat kolonietako arazo bat gehiago, besterik ez ginela. Gizakioi txingurriekin gertatzen zaigun bezala, arazo horien multzoan bereizi ezineko bat gehiago besterik ez ginela. Euskal Herrian lortzen genituen elkartasun adierazpen aparten berri Madrilera, hango epaitegi eta erabakiguneetara, ez zirela iristen ustean zuzen ginen.

Zuzen ginen, eta gure ahaleginak Madrilen kokatzen saiatu gara. Baina ez dirudi, oraingoz bederen, nahikoa izan denik. Madrilera joan ginen, Estatuko Diputatuen Kongresura bertara. Bi aldiz joan ginen. Bigarrenean, 2005eko urriaren 19an, hirurogeita bi diputatu eta senadorek Egunkaria kasua sobreseitu eta ixteko eskari publikoa egin zuten. Horien artean ETAk jardun armatuari utziko balio elkarrizketa prozesu bat irekitzeko Rodriguez Zapateroren proposamenari Parlamentuan "bai" esan zioten alderdi politiko guzti-guztiak zeuden ordezkatuta. Ekimen horiek ez dute, ordea, oraingoz oihartzun eragingarririk lortu.

Artean, hemen gaude, 18/98 sumarioaren ibilbide surrealistari beha.

Ez dakit inork etekinik atera diezaiokeen Madrilgo Casa del Campon burutzen ari den espektakulu politikoari. Ez behintzat demokrazian homologatua gurako lukeen sistemak. Ezta, batez ere, kasuan kateatu dituzten euskal herritarrek. Moncloatik begiratuta ere, deserosoa izan behar du, gutxienez, han gertatzen ari dena.

Baina hor dirau. Eta 18/98 bezala gero etorriko dira espektakulu guztiak, errenkadan, bata bestearen ondoren, Egunkaria kasua bera ere bai, garaia iristen zaionean. Artean, hori bai, rutina politiko eta judizialaren gurpil gero eta astunagoari, gero eta gera ezinagoari, norbaitek bidean ezpala jartzen ez badio. Eta rutina ezin da hautsi rutinatik kanpoko ekimenik gabe.

Gure kasua epaia burutzera iritsi gabe bertan behera geratuko dela entzuten dugu maiz, beti ere ETAren balizko jardun armatuaren amaieraren ondoren. Espekulazioek, fundamentu gutxiago edo gehiagoz eginda ere, denentzako balio dezakete, zuzenean nahastuta gaudenontzat izan ezik. Guk ezin ditugu itxaropenak espekulazioetan oinarritu.

Bestalde, beste epaitegi batzuetan ere badu lekua Egunkaria kasuak, ez da mugatzen Entzutegi Nazionalera. Tortura salaketak epaitegi arruntetan jarraitzen dituzte. Horietako bat, Martxelo Otamendirena, Auzitegi Konstituzionalean dago, gainerako ibilbide guztia fundamentuzko jaramonik jaso gabe itxi eta Martxelok aurkeztutako helegitea ikusi zain. Beste guztien kasuak, Xabier Alegria, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta neurea epaitegi desberdinetan daude, Madrilen eta Donostian, une prozesal desberdinetan. Ezaugarri komuna dute denek: Epaileek oinarrizko tramiteak bete nahi dituzte, NBEk ezarritako baldintzak betetzen dituztela itxura emateko, erakunde honek urtero ateratzen duen txostenean Espainiako Erreinua berriro salatu ez dezaten, baina inolako ikerpen taxuzkorik egin gabe.

Hiru urte geroago, horixe da kasuaren egoera.

Ainara Armendariz ( Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea)

Itxaropenez eta kezkaz, aukeraz eta arriskuz beteriko momentua bizitzen ari gara Euskal Herrian. Bakea eta demokraziak ekarri ahal duen aldaketa politikoaren aurrean kokatzeko urratsak eman ditu herri honek. Egia bada ere gure Euskal Herri honetan errealitate oso ezberdinak egon badaudela, zalantzarik ez dago Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sakona gure lurraldearen eremu ezberdinetan zabalduta dagoela; bai Ipar Euskal Herrian, bai Araba Bizkaia eta Gipuzkoako eremuan, bai Nafarroan ere.

Egun Nafarroan indarrean dagoen estatusa, aitzitik, eztabaida hori, alegia, herri zein herritar gisa ditugun eskubideena eta lurralde zatiketarena behin betiko ixteko 70-80 hamarkadetan antolatu zen. 25 urteren ondoren argi geratu da saiakera horrek porrot egin duela eta Nafarroatik ere etorkizuna erabat irekita ikusten da.

Egoera honetan, markoaren garapenaren bidez urteetan zehar indartu eta oldartu den nafar eskuin espainiar zalea eta inguruan duen sektore ekonomiko eta politikoa urduri dabiltza gerta daitekeenaren aurrean; oso ongi dakitelako Nafarroan eta Euskal Herri osoan aldaketa sakonak emanen balira eta demokrazian eta eskubideekiko begirunean oinarritutako egoera berri bat irekiko balitz, orain arte izan dituzten abantaila politiko eta ekonomikoak kolokan egongo liratekeela. Horregatik edozein aldaketa nola edo hala oztopatu nahi dute. PSN, tamalez, eskuin espainiar zalearen jarreratik oso hurbil dabil. Argi dago berriro ere Nafarroa Euskal Herriaren ukazioa eta lurralde zatiketa mantentzeko erabili nahi dutela.

Aldaketaren beharra, ordea, indarrez antzematen den ideia oso zabaldua da. Kontua da norantz bideratu aldaketa politikoa eta zein den helmuga. 2007an hauteskundeak burutuko dira Nafarroan. Hortxe mugarri garrantzitsua daukagu Nafarroako etorkizun hurbilari begira. Pentsa daiteke, egungo egoeran erronka elektoral batek bake eta demokraziarako elkarrizketa dinamikan era negatibo batean eragin dezakeela. Eta hala izan daiteke alderdi interesak beste gauza guztien gainetik kokatzen badira. Horregatik arazo handia izan daiteke momentu honetan eztabaida elektoraletan murgiltzea. Orain lehentasuna beste bat delako; behingoz gatazka politikoa konpontze bidean jartzeko prozesu bat ireki dadila eta nafar herritarren parte-hartze aktiboa bermatua izan dadila prozesu horretan, hori izanen baita modu bakarra nafarren eskubideak aitortuak izateko eta egungo estatus politikoa errotik aldatzeko. 2007ko hauteskundeak ikuspegi horrekin lantzen badira, oztopo bat baino aktibo indartsu bat izan daitezke. Horretarako, ezinbestez, 2007ko erronka elektorala, prozesu demokratikoaren garapenarekin lotuta ulertu behar dira.

Indar politikoen proiektuen lehiak izanen direla argi dago eta eskuin espainiar zalearen politika itogarria gainditzeko beharra eta beraz, UPN nafar instituzioetatik kaleratzeko nahia mahai gainean egonen da. Baina soilik prozesu demokratiko bat martxan egoteak ahalbidetuko du Nafarroan horren beharrezkoa den aldaketa ematea; egoera errotik eraldatzeko ezinbestekoa den estatus politiko instituzionalaren aldaketa ematea. Soilik horrela gerta daitekeelako hauteskunde horiek baldintza demokratikoetan burutzea, sufragio unibertsala bermatua egotea, eskuin espainiar zalearen garaia atzean uztea eta Nafarroa, gainontzeko euskal lurraldeekin batera, etorkizun aske, baketsu eta demokratiko bati begira jartzea.

Gure esku dago, Nafarroako indar politiko, sozial eta sindikal guztion esku eta bereziki, nafar jendartearen esku.

Itxaro Borda

Giottok Asisko Frantsizkoren erretaulako margo handiaren azpian tintatu zituen predela delakoetan saindua lagun baten konpainian agertzen da txoriak, batez ere ahateak, asetzen. Koloreak irrealak dira, sepia eta urrearen orekan, dudan bezala. Eta ikusleak bat-batean lotura egiten du margoaren eta gaurko errealitate sozialaren artean.

Eiki, mundua pobreziak eroaten duela, lau haizeetara, goseak, injustiziak, eritasunak. Azken berrogeita hamar urteotan ahantzixea zen gaitzak gure karrikak berriz larrutzen ditu: eskaleak azaltzen dira eta neguan ez baldin bada, urrikia merke dugu. CPEren aurka manifestatzen duten gazteek bizitza aktiboa prekarietate aro luze batekin hastearen beldurra dute. Gobernatzen gaituzten printzeentzat guztiak noizbehinkakoa behar du, salbu, bistan dena, haien aberasteko posibilitateak: hau betikoa bedi.

Ezagutu dugun moldean antolatutako langileriaren dolua egin beharko ote da? Ez al daitezke oraino balia Berliner Mauer eroriz geroztik funts gabeko iruditu zaizkigun Marxen azterketa-sareak? Ez ote gara laster sartuko prezeski Giottoren taulak eta Rosa Luxemburg heriotzara bideratu zuten antzeko garaietan?

Txorien bazkatzea debekatua denean.

Rosa Martin Sabaris

Goiz altxatu da gaur Juan Jose, seiak aldera. Gero txirrindua hartu, eta kargatuta datorkion egunari aurrea hartzearren, inoiz baino txango luzeagoa egin du. Etxean bapo gosaldu du, eta zortzietarako badago bulegoan. Hantxe aurkitu ditu, berarentzat propio prestatuta, egunkari guztiek esandakoaren laburpena, irratietako lehen albistegietako titularrak eta Txilera egindako bidaiaren DVDa. Kabineteko buruak gaurko egitaraua gogoratu dio: ohi bezain estu ibiliko dira, baina gaur Madrilgo telebistan duen agerraldia dute zeregin nagusi. Ez du oso gustuko haraino joatea, baina entzute handiko lau kazetarik egingo dioten elkarrizketak merezi du. Kontu askori eman diote errepasoa: kazetari horiek beste pertsonaiekin izan duten jokabidea, gure gaiaz erakutsi duten jarrera, egingo bide dituzten galdera maltzurrakà eta amaieran, argi utzi behar dituen ideiak berretsi dituzte.

Jonathanek ere goiz jaiki behar izan du, hamarrak izango ziren gutxienez. Baina gaurkoa egun berezia da. Telebistara joan behar du, eta burua inoiz baino hobeto eraman nahi du. Donut pare bat irentsi ondoren, bere kolegaren izekoaren ileapaindegirantz abiatu da, oraingoan dohainik egingo dio kristoren orrazkera. Gomina kilo laurdenak eta 20 zentimetroko gandorrak erronkari eusteko prest dagoela jakinarazi diote Jonathani. Bere erredaktoreak bidalitako taxira igo denean, errege sentitu da.

Arratsaldeko seiak dira telebistako makilaje gela batetan sua piztu denean. Ez da gauza handia izan, baina bai Juan Jose eta Jonathan gela bakarrean sartzeko adinakoa. Juan Jose tipo atsegina da eta gaztea agurtu nahi izan du: "qué pasa, chaval". Jonathanek, "aquí...". Ezaguna egin zaio gorbatadun horren aurpegia. "Oye, yo a ti te he visto en la tele" ausartu da, eta esan ahala, bera ere gaur telebistan agertuko dela konturatu da. Oilartu egin da eta tenteago jarri zaio burukoa. Ispiluan duten irudiari zeharka begiratuz eman dituzte hurrengo minutuak. Juan Josek, gelatik ateratzeko orduan, bostekoa eman dio gazteari, eta Jonathanek konplitu nahi izan du: "a triunfar, tío".

Zortzietan hasi da Juan Joseren agerraldia. Ordu erdiz lasai eta erabateko segurtasunez erantzun du. Komunikazio arduradunak zoriondu egin du, bikain egon dela, eta esateko guztia esan duela.

Ikus-entzuleen datuak errepasatu ditu Juan Josek hurrengo goizean. Bere elkarrizketak ia %10a lortu zuen. Jonathanen agerraldiak % 20a, eta segur aski, gainerako telebista guztietan errepikatuko dute datozen egunotan.

Bitartean, Italiako telebista publikoan beste ordu erdiz mintzatu behar zen presidenteak "ezkerreko erradikala" eta "biolentoa" deitu dio aurrean duen kazetariari. Komunikabideekin eta kazetariekin tratatzen ez dakien politikoa dela aurpegiratu dio RAI-UNOko Mezzo'ora saioko kazetariak. Nori eta estetika ebakuntza gehien jasan duen politikariari. Eta orduan, Silvio aulkitik altxatu, zimurrik gabeko esku biguna luzatu dio elkarrizketa egileari eta platotik ihes egin du. Silviok ez du jada telebistan agertu nahi. Esateko gehiegi dauka.

Ia une berean, Uruguaiko Desafio al corazón lehiaketan agertu nahi dutenak ere badira. Ospitale batetako berogailuak lortzearren, Río Negro herriko biztanle guztiak desafioari aurre egiteko prest. Lokomotora erraldoi batetik tiraka hasi diren berrehun lagunen artean, zazpi hilda suertatu -suertatuà- dira eta beste pilo bat hankamotz edo besobakar. Orain, Uruguaikoan ezezik, munduko telebistarik gehientsuenetan erakutsiko dira lehiakideok. Ikus-entzuleen marka guztiak apurtu ditu lehiaketak. Badakite zer egin telebista-programatzaileek.

Telebistan agertu nahi. Agertu nahi. Hamaika ikusteko jaioak ginen, baina begi inozoen aurrean azaldu zaigu gabardinarik gabeko erakutsi zale zikina. Ankerra.

Igor Elortza

Iragarria zegoen, eta bai. Iritsi da udaberria. Eta martxoaren azken aurreko astearen zain geundela, negu akabera mamitsua eduki dugu Durangoko Plateruenean. Nondik Gatoz, Non Egongo Gara izenburupean, ziklo interesgarria gertatu da Xabier Amurizak gidatu duena, Xabier Arzalluz, Juan Jose Pujana, Jose Luis Elkoro eta Ramon Jauregi elkarrizketatuz, hurrenez hurren.

Hasteko, jubilatuaren patxadaz agertu zitzaigun Arzalluz, jertse beigea jantzita eta berbarako gogoz. Trantsizio garaian EAJ-PNVk egin zezakeen bakarra egin zuela defendatu zuen, jeltzaleen jomuga harantzago ipiniz betiere. Gaurko egoeraz eta otsaileko zurrumurru-giroan, informazio iturri moduan lagunak aipatuz, zerbait badatorrela ziurtatu zuen, eta zerbait hori zetorrenerako, abertzaleen batasuna aldarrikatu zuen, Kataluniako Estatutuaren afera adibide, Madrilen aurrean indartsu jokatzeko. Bere alderdiaren egungo buruzagitza bide horretan ikusten duen galdetzean, nahiago izan zuen Ibarretxe planaz hitz egin. Egungo Europan armak gailentzerik ezinezkotzat jo zuen gero; ez ETAk Estatua makurtzerik, ez Estatuak tankeekin euskaldunen borondatea galarazterik. Euskal gatazkaren erro historikoak azpimarratzea ere nahi izan zuen, eta etorkizunari buruz, berriz, alderdi abertzaleak bi izango direla eta abertzaletasunak oro har gora egingo duela iragartzera ausartu zen.

Gorbataz jantzirik egin zigun bisita Pujanak, betaurrekoak lepotik zintzilik zituela, eta paper eta liburu batzuk eskuetan. Espainiako Erregea Gernikako Juntetxera etorri zenean berak Eusko Legebiltzarreko lehendakari lez ekitaldi hura instituzionalki defendatu zuela argudiatu zuen, parean Amuriza zuela: «Zuek Eusko Gudariak kantatu zenduen, eta bale, ondo!» esanez. EAJ eta EAren arteko banaketa, funtsean, erregionalismoa eta independentismoaren artekoa izan zela esan zigun, eta gaurko egunera etorriz, berak informazio zuzenik ez izanik ere, baietz erantzun zuen. Begi-bistakoa zela zerbait laster gertatuko zela. Bazebiltzala zerbaitetan. Baina artean otsaila zen, eta su etenik barik, ez zela beste aurrerapausorik izango iritzi zion. Ez euskaldunen artean eta gutxiago Madrilen. Etorkizun horri begira, birkokatze orokorra eta indar korrelazio berriak iragarri zituen; ez bakarrik abertzaleen artean, baita alderdi espainiarzale eta alderdi abertzaleen arteko bozka trasbaseak ere.

Asteko hiru egun Entzutegi Nazionalean eman eta gero etorri zitzaigun Elkoro, alkandoraren gainetik 18/98+ kamiseta erantzi berri zuela. 1976an, artean alderdirik ez zegoela, Bergarako alkate bezala, foruen berreskuratzea aldarrikatzeko gidatu zuen udaletxeen mugimenduaren berri eman zigun, Martin Villarekin, Adolfo Suarezekin eta Tejero berarekin izandako elkarrizketak barne. Xibertan eta Telesforo Monzonen babesean frankismo osteko lehendabiziko hauteskundeen aurrean indar abertzale guztiak bat eginik agertzeko saioak zelan porrot egin zuen azaldu zigun, minez. Egungo egoeraz esperantza handiz hitz egin zuen, alderdien mahaia oso aurreratua dagoela, eta, izenik ez zuela emango garbi utzi arren, nazioarteko fede-emaileak ere lotuta daudela ziurtatuz. Baina su etena eman arte, esan zigun, jeltzaleak eta sozialistak ez ziren mahaian eseriko. Etorkizunari begira, indar abertzaleen gorakada aurreikusi zuen honek ere, arlo sindikala jarriz adibide, eta ezker abertzalea lehen indar izaterainoko itxaropena agertuz. Letorkizun horretan, ez zuen baztertu ezelako gobernu osaketarik.

Jertse granatez jantzirik eta oso politikari azaldu zitzaigun Jauregi. Euskeraz egin zuen hasieran, etorkizunean, horretan ere akordiorako gaitasuna izango dugun esperantzaz. Gaurko egoeraren aurrean baikor agertu zen: «Esta vez todo parece diferente», baina eszeptikotasuna ere defendatu zuen... «porque yo lo he visto todo y nos han engañado muchas veces». Sistema judizialari buruz galdetuta, epaileek garaian garaiko testuinguruaren arabera jokatu behar luketela iradoki zuen, Aznarren agintealdian nagusitutako jokabideak oraindik indarrean dirauela aditzera emanez. Espainiako Gobernua noticiaren zain zegoela esan zigun gero, notizia hori zelan eta zeri baldintzatuta ematen zen zelako benetako gakoa. ETA gelditzean zertaz hitz egingo den galdetuta, bizikidetza eta abar aipatu zituen, eta apur bat sakatuta, proiektu guztien gauzatzeko posibilitatea eta EAE erabaki subjektutzat onartzera iritsi zen. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria tartean sartzeari eta autodeterminazioari uko egin zien, halere, eta prozesu dinamiko zeritzon bat defendatu zuen. Etorkizunean, hautesleek bakearen alde egiten dutenak sarituko dituela iragarri zuen, alderdi abertzaleen eta espainolisten arteko trasbaserik gertagarritzat jo gabe, eta EAJren ordezko izan litekeen bestelako gobernu akordioren bat, gaur gaurkoz, zientzia fikzioa dela esanez.

Iritsi da, bai, udaberria. Eta iritsiko da uda, udazkena, negua, eta, udaberria berriz. Badirudi gauza batean behintzat ados gaudela ia denok. Konponbidea luzea eta zaila izango da, ze, ailegatu da noticia, baina benetako berria iritsiko bada, zerbait baino gehiago beharko dugu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan