![]() | Mikel Asurmendi2006-03-26 |
Unai Romano eta Maribi Arregirengana hurbildu garenean euskal gatazkaren ondoriozko biktimak izan ditugu gogoan. Balizko bake eta normalizaziorako garai honetan ordea, alde bateko biktimak ageriago dira beste aldekoak baino. Biktima guztien egoera azaltzea da gure nahia. Baina, egia esatera, biktima guztiek ez digute harrera bera egiten. Biktima izaera eurentzako soilik nahi dutenek, AVTkoek kasu, gurekin biltzeari uko egiten diote. Beste batzuek etxeko atea ireki digute. Hauxe da kasua.
6.000 tortura kasu 25 urtetan
Torturaren zantzuak ere beste hildakoen baitan ageri izan dira: besteak beste, Esteban Muruetagoiena, Xabier Kalparsoro edota Gurutze Iantzi ditugu gogoan. Frankismoan jada, Amparo Arangoaren kasua ezaguna egin zen torturen zantzuak argazkietan agertu zirelako. Azken bost urteotan, Iratxe Sorzabal, Juan Karlos Subijana edota Unai Romanoren tortura zantzuak agertu dira argazkietan. Zantzuak luzerako dira noski: «Arrautza frijitu moduko bi soilgune egin zizkidaten, orain txikiagoak dira baina ile asko joan zait horietan. Ezker belarrian entzumena galdu dut, eta beldurra, gutxi-asko, beti daramazu».
Romanok dioenez, tortura kasu berriak agertzen direnean bizi da gaizkien torturatua izan dena. "Guk ikusita dauzkagu, baina zuek zuen barruan daramazu" diotso Arregik Romanori. «Unairi gertatua ikusi genuenean, beste bat, norbaiti tokatu behar zitzaion-eta. Gurea hil zuten, baina Unairena ikusita ez zela hiltzetik urrun izango pentsatu genuen etxean, beste hainbeste gerta zekiokeela alegia» dio Joseba Arregi zenaren arrebak.
Torturaren praktika ez da gelditu eta Espainiako Estatuak ez du halakorik denik onartzen: «Guk kaleko babesa jaso genuen, lagunengandik eta herriarena orobat. Instituzioetatik ez zaigu inor inoiz hurbildu ordea». Maribi Arregirekin batera Valentin Tolosa senarra dugu solasaldian. Orduko espetxe politikaren ondorioz senitartekoek jasaten zuten egoera gogorarazi digute Tolosa eta Arregiren etxean: «Josebaren gauzen eske joan ginen kartzelara eta irainak besterik ez genituen entzun. Handik alde egiteko esan ziguten guardia zibilek».
Arregi Izagirre sendian zazpi anaia-arreba ziren, ama bizirik zen artean: «Amak semea galdu ondoren horrelakoak bizi behar izatea ere. Pentsa zer sentituko zuen!».
Ińaki Esnaola abokatuaren bitartez jarri zuten heriotzaren salaketa: «Baina ez zen deus lortu, kasua laster artxibatu zen. Guardia zibil bi auzipetuak izan ziren baina ez zuten kartzela zapaldu ere egin. Bizpahiru hilabetetan artxibatu zuten kasua».
Orduko prentsan jasoa denez, 73 guardia zibilek parte hartu zuten ETAko Joseba Arregi militantearen itaunketan: «Auzipetuak izan zirenetako bat polizia-inspektore omen da Kanariar Uharteetan eta bestea Erdialdeko Amerikako herrialde batean kargudun diplomatikoa. Dominak jaso izan dituzte zigorren ordez» dio Maribi Arregik.
25 urteren ostean, zigorrik ez
Torturaren zantzuak modu desberdinetan atera dira argitara. Arregirenak, hil zelako edo halabeharrez. Unai Romanorenak, zorionez, berak azal diezazkiguke: «Instrukzioko epaileari esan nion argazki batzuk atera zizkidatela kartzelara sartu aurretik. Eskatuko zituela esan zidan. Ez nuela uste emango zizkiotenik esan nion. Berak baietz ordea eta halaxe gertatu zen. Abokatuen eta epaileen bitartez lortu genuen argazkiak ateratzea. Irudiak ikaragarriak egin zitzaizkidan».
Salaketa Madrilgo XXV. Instrukzio Epaitegian jarri zuten abokatuek: «Deklarazioa hartzera deitu ninduten, baita buruko zauriak ikusi ere. Mediku forentsearekin hitz egin zuen epaileak. Jarraipena egiteko agindu zion, proba piloa egin zizkidaten, baita deklarazio piloa hartu ere medikuei. Guardia zibilak ere galdekatuak izan ziren, baita nirekin zeuden presoak ere».
Kasua luzez egon zen isilean. Abokatuek eginahalak egin arren, epaitegiak orain urte erdi bat artxibatu zuen kasua. Abokatuek helegitea jarri zuten eta, berriz ere, orain hilabete bi kasua artxibatua izan da. Kasua Epaitegi Konstituzionalean dago, atzera eta aurrera.
Torturatuak, bien bitartean, hamaika gorabehera bizi du. Romanoren kasuan txosten andana egin da, horietako bat Francisco Etxeberria forentsearena. Etxeberriak TAC mediku űeskaner bidez eginiko ekografiaű baten bidez egindako azterketari garrantzia berezia eman zion. Guardia zibilek diotenez, Unai Romanok bekoz hartutako kolpe baten ondorioz egin zuen buruaren atzeko zauria, paretaren aurka jo ondoren. Etxeberriak TAC azterketa ikusita, horiek ezin direla horrela inondik inola egin adierazi zuen: «Burua ubelduz beteta neukan, aurrean, alboan, atzealdean... eta bekoz emandako kolpeen ondorioz egin nituela?». Forentseak Guardia Zibilaren teoria atzera bota zuen. Alabaina, Entzutegi Nazionaleko Magistraturak Ana Aizcorbe forentsearen txostena hartu zuen aintzakotzat.
Akusatzailea akusatua
Tortura nozitu ostean, biktima borrero izatera pasa da. Nola bizi du hori torturatuak?: «Ikaragarria da, ez? Torturaren inpunitatearekin bukatzeko eta inkomunikazioa bertan behera geldi dadin saiatzen ari naiz eta torturatua izatetik nire aurkako akusazioak jasatera pasa naiz». Oraindik ez omen du denborarik izan gertatzen ari dena asimilatzeko, hala ere, horrekin ere bizitzen ikasi behar dela diosku Romanok. «Hori bigarren aldiz torturatzea da, hori ere tortura da» dio Arregik.
Akusatzaile izatetik akusatu izatera pasa da Unai Romano. Familia eta lagunen elkartasunari esker ari da aurrera egiten, baita TATen laguntzaz torturaren inpunitatea salatzeko gogotsu: «TATekoak lehen egunetik izan dira nirekin, abokatua, medikua edo psikologoa eskaini dizkidate. Eskerrak besterik ez ditut eurentzat».
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean agertu da berriki Unai Romano. Ezker Abertzalea taldearen eskariz inkomunikazioa desagerraraztea eskatu du Romanok. EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralarrek Guardia Zibilak bere aurka jarritako salaketa gaitzesteko legez besteko proposamena aurkeztu zuten bestalde: «Talde hauek elkartasuna adierazi didate. PSE-EEk torturaren aurka dagoela dio, baina legeak esaten duenera mugatzen da, epaileak esaten duenari kasu egin behar zaiola dio, alegia. PPk aldiz, ez neukala zilegitasunik ez sinesgarritasunik esan zidan agerpenean». Legebiltzarrean egon zen egunean ABC egunkariak idatzi zuena lekuko: «El Parlamento deja que un etarra hable de 'torturas' que él mismo se aplicó». Romanok TATeko abokatuekin batera jardun zuen Legebiltzarrean. TATen iritziz, Auzitegi Nazionalaren jarrerak eta inkomunikazioaren aukerak errazten dute torturaren aplikazioa.
Biktima mota asko dago
Presoen eta euren senideen egoera gogoratu dute uneon: «Espetxean daudenak biktimak bihurtu dituzte, begira zenbat preso ari den hiltzen! Eta bidean euren familiako zenbat kide. Horiek ere biktimak dira».
Estatuak onartuko ote ditu biktima guztiak ordea: «Nik uste baietz. Orain zaila da, ez du tortura dagoenik onartzen ez torturatuak, baina urteen poderioz onartu beharko ditu. Normalizazio prozesuak aurrera egiten badu, onartu beharko gaitu, beste gatazketan onartuak izan dira. Horrela beharko luke behintzat» diote solaskide biek.
Bake eta normalizazio prozesuaz bi hitz eskaini digute azkenik. Unai Romanok: «Nik esperantzaz bizi dut egoera, azken gertaerek giroa nahastu dute, baina prozesuak aurrera egingo duen esperantza daukat. Esperantza horrekin altxatzen naiz egunero». Maribi Arregik: «Itxaropen gabe ezin gara bizi, Irlandan lortu bazuten... Baina bien bitartean gauza txar asko pasako dira zoritxarrez».