Ibarrangelutik hiru eta Elantxobetik bi, Bizkaiko kostaldetik datoz denak. Diskoa eskuetan hartu eta azala ikusi ahala asma daiteke gazteoi kresala dariela zirrikitu guztietatik. Rock&rolla eta olatuak dituzte gustuko eta beraien herriko euskalkian abesten dute. Anartz Laka (gitarra, baxua eta koroak), Oier Laka (gitarra, baxua eta koroak), Iņigo Egiguren (ahotsa), Jon Zameza (gitarra, baxua eta koroak) eta Iņaki Astoreka (bateria) dira taldea osatzen dutenak. The Uski's estreinako banda da guztientzat beraien musika ibilbidean.
60ko hamarkadako rock&rolla
Hiru urteko ibilbidea
2005eko hasieran sartu ziren estudioan eta hogeita lau egun eman zituzten bertan, Natxo Liberty teknikari eta ekoizle zutela. "Estudioan sartu ginenean, hasiera batean shocka izan zen guretzat, ordura arte gitarra soinu oso garbiak erabiltzen genituen eta Natxok gogortu egin zituen, baina aldaketa onerako izan da eta soinuarekin oso pozik gaude", diosku Jonek. Iņigo abeslariak, berriz, diskoa behin eta berriro entzun eta gero zenbait aldaketa ere egingo zituela onartzen du. Lagunen artean, adibidez, bateria "flojo xamar" gelditu denaren kritika jaso dute, baina azken emaitza taldeak nahi zuenarekin bat dator: "Hirurogeiko hamarkadako kaxaren soinua nahi genuen eta ez sekulako danbatekoa entzutea, hori zen lortu nahi genuen soinua eta gustura gelditu gara". Asebeteta gelditu dira Natxo Liberty ekoizlearen lanarekin. Estudioan sartu aurretik, The Beatles eta The Beach Boys taldeen diskografia osoak goitik behera aztertu zituzten eta ondoren taldearekin entsegu lokalean elkartu eta lanean hasi ziren. Disko bat grabatzea bezalaxe, berria zen bizkaitarrentzat ekoizlearen lana eta betebeharra.
The Uski'seko partaideek beraien musika "sinplea" dela onartzen dute, baina horixe da beraiei gustatzen zaiena: "erraz entzuteko musika eta ahots melodia onak". Izan ere, denak bat datoz kanta on bat egiteko ez direla makina bat akorde behar. Anartz Lakak The Animals taldeak jotzen zuen Inside looking out abestia dakar gogora: "Denbora guztian Sol-en dago eta izugarria da". Hori esan eta guztiak kantatzen hasi dira Burdon eta konpainiaren kanta ezaguna.
Neskak, parranda eta olatuak
Itxosun zarati lanean bederatzi kanta eta bi bonus track bildu dituzte: "Bederatzi kantuz osatutako lana Oihukako Ritxi Aizpururi erakutsi genionean disko bat izateko motza iruditzen zitzaiola komentatu zigun, beraz, estudiora itzuli eta beste bi abesti grabatu genituen", diosku Jon Zamezak. Egin beharreko lana ez zen hain erraza. Bateria berriro muntatu eta lehen lortutako soinu berdina lortzea ezinezkoa zen. Hala, kanta akustiko bat grabatzea otu zitzaien, Gitarri eskuen hain zuzen ere. Kanta honetan, gainera, Argi Zamezak abesten du Iņigo Egigurenekin batera. Bestetik, "Bizitzeko behar dodana" kantaren remix bat ere egin zuten, kasu honetan Natxo Libertyren eskutik.
![]() |
|
||||
2033 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa