Ainhoa Oiartzabal2006-03-26 |
Astigarraga eta Oiartzun herriak lotzen dituen errepidea hartu behar dugu lehenik (GI-2.132). Errepide hau Astigarragako Perurena auzoan utziko dugu, eskuinera hartuaz. Perurena jatetxearen ezker aldetik doan errepidean gora abiatuko gara. Landarbasoko bidean zehar, Listorreta parkera iritsi eta bertan aparkatuko dugu. Listorreta atseden lekuan mahaiak, haur jolas parkea, taberna, barbakoak, iturria, zelai zabalaā denetik dago.
Aizpitarteko kobak
Listorretatik abiatu eta metro batzuk aurrerago, beste atseden leku bat topatuko dugu, Barrengoloia. Barrengoloira iritsi baino lehen, eskuinera, aldapan behera doan errepidea dago. Kartelak "Aitzpitarteko haitzuloak" dio. Aldapa behera bukatzean, errebueltan, mendiko bide zidorrari helduko diogu. Marka txuri horiak jarraituko ditugu (PR-GI86). Berehala ezkerrera, egurrezko zubi bat ikusiko dugu, Aizpitarteko haitzuloetara eramango gaituena. Lehen lana, kobak bisitatzea izango da. Panel informatiboak topatuko ditugu bertan: kobak zenbat eta nolakoak diren, zein bizidun bizi izan diren, barruan ibiltzeko zenbait aholkuā
Landarbaso erreka ondotik
Landaretzaz gozatzeko unea dugu! Ur ertzean, haltzadiak nagusituko dira. Baina ibilbidean zehar haritz, lizar, urki, astigar eta elorri zuri gisako zuhaitzak daude. Landaretzaz estalitako zubi batera iritsiko gara. Hemendik aurrera, aldapa gogortzen hasten da. Baina konturatzerako, pista nagusi batera iritsiko gara. Pista honetan, zertxobait beherago, iturria ikusiko dugu. Nekea nagusi bada, hau litzateke lehen ibilbidearen gailurra. Pistan behera, berehala jaitsiko ginateke kotxea utzi dugun lekura, Listorretara. Baina guk goranzko bidea hartuko dugu, Urdabururantz.
Urdabururantz
Malmazarko basoaz gozatuz goazela, berriz ere bidegurutzearekin egin dugu topo. Gu eskuinerantz, Urdaburu aldera. Marka txuri horiak jarraituko ditugu (PR-GI88). Dagoeneko atzean Urdaburuko gailurra dugula, hirugarren bidegurutzea Zilegiko lepoan dugu zain. Bi tokitatik joan gaitezke: eskuinetik joango gara eta bueltakoan ezkerretik itzuliko gara.
Bide hau pinudian zehar doa. Halako batean, pagadi eder batera iritsiko gara, eta aurrean Pagotzarte borda izango dugu. Mendi borda hau, garai batean, kotxea bertara igo zitekeenean, txikitua egon zen. Gaur egun berritua eta txukundua dago, mendizaleen mesederako. Auto eta ibilgailuen sarrera debekatzea beharrezkoa izan da paraje zoragarri honen biziraupenerako.
Jadanik Urdabururen magalean, ezkerreko bidea hartuko dugu, mendiari itzulia emateko. Marka txuri horiak jarraituko ditugu uneoro. Lurra bustia dago, eta ur putzuz beteta. Sasoi honetan, zapaburuz beteta daude, beraz erne hanka azpian ditugun bizidunekin! Donostia ikusteko aukera izango dugu, txilardi artean. Eta parez pare, berriz, Ernio mendia.
Altzifre basoan
Landarbason, duela 28.000 urte, bisonteak ehizatzen ziren. Cromagnonak ziren Gipuzkoako lurralde honetan egokitu zirenak. Ikerlariek diotenez, baldintza oso gogorrei aurre egin behar izan zieten hemengo bizidunek. Babesa Aitzpitarteko kobetan aurkitu zuten. Hainbat espezierekin bizitu ziren: oreinak, basahuntzak, elur oreinak, hartzak, sarrioakā
Badirudi gehien ehizatzen zutena bisontea zela, haitzuloan aurkitutako bisonte hezur ugariek erakusten digutenez. Tranpa bidez ehizatzen zutela uste da: oihuekin eta suarekin, tranpetara zuzentzen zituzten animaliak. Jarraian larrutu, zatitu eta hezurrak kentzen zizkioten bertan. Guzti horretarako harraskagailu, xixel, punta, arpoi eta antzeko beste lanabesez baliatzen ziren. Suharria, hezurra eta adarrak erabiltzen zituzten erremintak egiteko. Haitzulora haragi zatiak eta animalien gorputz-adarrak soilik garraiatzen zituzten. Sua, hartz eta bisonte larruei esker igarotzen zuten negua gizaki hauek. Animalien larrua buril baten bidez zulatu eta josi egiten zuten.
Aizpitarteko aztarnategia ez da aberatsa gizaki arrastoetan. Dena dela, aurkitu izan dira haitzuloetan bizi ziren haurren baten edo besteren esneko hortzak. Arkeologoek diote, 30 lagun baino gehiago ez zirela bizi Aizpitarten, familia txikitan sakabanatuta.
Garrantzi paleontologiko eta historikoaz gain, haitzuloetako faunagatik ere azpimarragarria da Aizpitarte. Bizidunik handienak saguzarrak dira. Horietako bat adibidez, Ferra-saguzar mediterraniarra dugu. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea intsektujalea da. Animalia honek bizi duen egoeraren erantzule zuzenak gu, gizakiok, gara, beren bizilekua inbadituz, eta bertan gure hondakinak utziaz. Haitzulo hauetako beste populatzaile bikaina, kakalardo berezi bat da, Ceutosphodrus vascoricus, Aizpitarten bakarrik bizi dena. Zain dezagun bada!