Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-26 -- 2033.zenb

Europako energia kontrolatzeko borroka

Daniel Udalaitz

Diruak ez du ez aberririk, ez kolorerik. Diruak diru gehiago bilatzen du, ahal den kosturik txikienarekin. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da sektore estrategikoen kontrola eta lidergoa izatea, hala nola, Europako energiaren sektorearena. Horixe dago energiaren sektorean ikusten ari garen borrokaren atzean, ez bakarrik Espainian, baita Europan eta mundu osoan ere. Datozen hilabeteotan hedatuz joango da borroka hori. Gas Natural enpresa katalanak Endesa espainiarraren kontra jaulkitako Akzioak Erosteko Eskaintza Publiko edo OPAren kasuan, oso basatia da borroka hori. Zergatik? Zeren ikusarazi nahi izan digute OPA areriotsu horren atzean zeuden interes politikoak Kataluniaren aldekoak zirela eta PPk defendatutakoen kontrakoak. Alderdi horrek beretar bat jarri zuen Endesako buru.

Izatez, ordea, OPA hori, OPA guztiak bezala, ahalik eta negoziorik handiena ahal den kosturik txikienarekin lortzeko operazioa da eta are gehiago orain, mundu globalizatuan gaudela. Burtsak ez du ez bihotzik, ez aberririk. Burtsak diruaren berri baino ez daki, eta ez dio begiratzen jatorriari. Egoera ederki asko berretsia geratu da orain, "espainoltasunaren" eta "katalantasunaren" arteko polemika horren erdian E.ON erraldoi alemana indarrean sartu denean, Endesaren gaineko beste OPA bat jaulki baitu. Endesaren gaineko bi OPAk mahai gainean daudela, gobernuei, Europako Batzordeari, Baloreen Komisio Nazionalari, enpresa erasanei eta, azkenik, akziodunei dagokie jokatzea. Horrek guztiak bere denbora beharko du. Beraz, inkognitak ez dira erabat argituko bizpahiru hilabete baino lehen.


Gero eta sektore kontzentratuagoa


Zergatik ari dira orain gertatzen energiaren sektoreko mugimendu horiek, Espainian ez ezik, baita Europan ere, E.ON talde alemanaren oldarraren ondoren? Lehenik eta behin, Gas Naturalen asmoa, Endesaren kontrako OPA jaulki zuenean, Espainiako gas eta elektrizitateko enpresa-talde handia eratzea zen. Gas Naturalek burtsan duen kapitalizazioa 10.997 milioi eurokoa da eta 10 milioi bezero eta 6.697 enplegatu ditu; Endesarena, berriz, 29.528 milioi euroraino heltzen da eta 22,3 milioi bezero eta 27.204 enplegatu ditu. Bi enpresek bat eginda, 40.570 milioi euroko balioa izango lukete burtsan, eta 31,2 milioi bezero eta 33.901 enplegatu.

Bigarrenik, E.ON erraldoi alemanak Endesaren kontrola bereganatu eta merkatu espainiarrean sartuta, Europako energiaren sektoreko lider bihurtzea nahi du. E.ONek 66.618 milioi euro balio du burtsan, 32,9 milioi bezero ditu eta 79.947 enplegatu ditu. Endesaren gaineko OPA irabazten badu, burtsako balioa 95.427 milioi euroraino helduko litzaioke, haren bezeroak 50 milioitik gora izango lirateke eta enplegatuak 102.151. Burtsako balioari dagokionez, Europako energiaren sektoreko lider bilakatuko litzateke. Europako hurrengo enpresa EDF frantsesa izango litzateke, 74.723 milioi eurorekin. Oraingoz, Europako mugimenduen aiduru dago, baina aurki mugituko du fitxa. Balio-diferentzia ikusteko, Europako energiaren sektoreko zortzi enpresa inportanteenen rankinean, Euskadiko Iberdrola zazpigarren lekuan egongo litzateke, 24.269 milioi euroko balioarekin. Egoitza soziala Bilbon duen enpresa hori ere egon daiteke zurrunbilo kontzentratzailearen begian. Errazagoa da besteek irents dezaten hark egitea baino.

E.ON alemana Endesaren kontrola bereganatzera indarrean sartu izanak, zalantzarik gabe frogatzen du gas eta elektrizitateko enpresak presaka dabiltzala tamaina handitu nahian eta leku pribilegiatua segurtatu nahian. Adituek iragarri dutenez, berandu baino lehen operadore gutxi izango dira. Gaur egungoak batak bestea irentsiz joango dira, eta Europan, seguruenik, hiruzpalau konpainia geratuko dira. Horregatik, kontua da lehiakideei irensten ez uztea eta, hartara, ikusgarriak izango diren inbertsioei aurre egin ahal izatea. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) arabera, energiaren sektoreko konpainia handiek Europan milaka milioi euro inbertitu beharko dituzte, argindar eskariari 25 urtean berme osoz erantzun ahal izateko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan