Jakoba Errekondo
Eguneroko bueltaxkan, urterokoa etorri zait bueltan. Lizarra ere loretan ikusi dut, ordurako bioleta, txikoria-belarra, magnoliak, nartzisoa, sahatsa, muxika, mimosa, makala... lilituak. Gure parean errioak ujalka ekarri du udaberria eta, urterokoa bueltan, ujalak zanpiura bazterreko mausarra bezalaxe mendian harrapatu eta blaitu nau. Hala nabilela bide-bazterreko pendizean lore zintzilikario gorrizko makalaren negarraren odol tantoen artean lehen marrubi-loreak, ttikian ederrak fruitu ederragoen iragarle.
Marrubia aspalditik zaigu eder eta goxo, geurean duen izenaren emana ikusi: amuli, mazura, basamarrubi, mauri, maurri, maguria, maurgi, maidubi, maulubi, mailar, mauli, mailubi, maruri, mailugai, marubiondo, mailugi, marribi, mailuki, marrubi, malubi, mariguri, marabio, marauri... Milaka urtetan makina bat mingain ezagutuko zuten hitzok!
Hainbatetan baina sekula ez behar adina aitatutako Narbarteko botanikari Lakoizketak 1888an honelatsuko hausnarketak idatzi zituen: "Marrubia: alea esan nahi duen BIA eta soinu, kraskateko adierazten duen MARRU hitzetatik dator, jaterakoan azalean dituen hazitxoek hortz artean egiten duten klaska dela eta. Mariguria eta maguria izena ere ematen zaio: mari eta ma soila mamiren bilakaeratik datoz eta guria: mami guria adieraziz».
Katalanek fraga deitzen diote marrubiari. Izen zientifikoa latinetik datorren Fragaria du eta hau "fragans"etik omen dator, hau da usaintsua adierazten du. Europako barietate zaharrak menditarrak eta txikiak dira, baina organioleptikoki (usaina, aho-sapaiaà) bikainak. Gerora Ameriketako bi barietate erraldoi topatu ziren eta egun horien arteko hibridoak dira gehien jaten direnak. Handiak bai baina bai makalak, arbiaren antzekoak! Gaurko marrubitzar horiei izena jarri behar izango balitzaieke usain gozoa dion "fraga" ez litzateke erabilikoà
Amaitzeko bitxikeria bi: munduko marrubi ekoizle handiena Polonia da eta inoiz ezagutu den marrubi handiena Ingalaterran jasoa da, 231 gramokoa.
Jabier Agirre
Obesitatea gaixotasun gero eta ohikoagoa da herrialde garatuetan. Gure artean, biztanleriaren %39k gehiegizko pisua du, eta %14,5ek obesitatea -ez dira gauza bera, beraz-. Kirol Batzorde Goreneko Endokrinologia Zerbitzuko Nieves Palacios Gil-Antuñano doktorearen iritziz, "obesitatearen jatorrian pertsonaren egiazko premia eta beharrekin bat ez datorren kaloria-kopurua irenstea egon daitekeela pentsatzea logikoa da. Beraz, obesitatearen kontrako aurreneko neurri prebentiboa bizimodu-estiloa aldatzea izango litzateke, ariketa fisikoaren bidez gastu energetikoa gehituz, eta dieta osasuntsua eta orekatua eginez".
878 adoleszenterekin egindako ikerketan, Kaliforniako Unibertsitateko adituek ikusi zuten ariketa fisikoaren falta zela 11-15 urte bitarteko gazteen obesitatearen sortzaile nagusia. Eta gurera etorriz, berriz, 15 urte bitarteko gazteen artean egin zen ENSE inkestak erakusten digunez, %37,9k noizean behin bakarrik egiten omen du jarduera fisiko edo kirolen bat; %22k erregularki egiten du jarduera fisikoa -hilean hainbat aldiz-, eta %16,3k astean behin baino gehiagotan entrenamendu fisikoak egiten omen ditu.
Gaur egun, argi eta garbi frogatua dagoen bezala, sedentarismoa arrisku-faktore garrantzitsua da hainbat motatako gaitzak sortzeko. Eta bizimodu aktiboak, berriz, mesede eta onura ugari ekartzen dizkio gure osasunari, fisikoak bezala baita psikologikoak ere. Ariketa fisikoaren eragina berehalako ongizate sentsazioa izaten da, hainbat ordutan hortxe jarraitzen duena. Palacios doktorearen hitzetan, "ariketa fisikoa egiteko ohitura, eta elikadura egokia. Horiexek dira obesitateari aurrea hartzeko oinarrizko bi zutabeak. Horrez gain, ez da ahaztu behar hidratazio on batek duen garrantzia ere, osasun-egoera ahalik eta onena lortzeko".
Europar Batasuneko hamabost herrialdetan urte luzetan egindako ikerketa baten arabera, Espainia da biztanleko jarduera fisiko tasarik txikiena duena, hau da, bizitza sedentarioena daramana. Gazteen %38k sedentariotzat jotzen du bere burua, eta umeek ere gero eta denbora gutxiago ematen diote kirolari, beren aisia telebista ikusten edota ordenagailuz jolasean ematen dute-eta.
Joxerra Aizpurua
Metal beharrak ezin izango dira Lurreko metalekin ase
Europa eta Ameriketako hainbat unibertsitateko ikerlarik egindako azterketetan iragarri berri dute, etorkizunean populazioaren metal beharrak ezin izango direla Lurreko metalekin ase, nahiz eta birziklapen-maila ona izan.
Ipar Amerikako kobre-gordailuak aztertu ziren lehenbizi eta XX. mendean erabilerak eta ustiapenak izandako eboluzioa neurtu zen. Ondoren eredu informatiko bat garatu eta aplikatu zuten; eredu horretan kalkulatu zuten munduko estatu guztiek egun estatu aurreratuenek duten erabilera-maila balute beharko litzatekeen metal kopurua, hau da, mundu osoa era berdinean garatua eta teknologia berrien erabilera berdina duena bailitzan aztertu zen.
Emaitzetan garbi azaltzen da energiaren transmisiorako eta eraikuntzarako beharko litzatekeen kobrea egun erabilita dagoena eta lurrean gordin dagoena litzatekeela.
Metalen birziklapen-maila aztertuz, kobrean %26 galtzen da hondakinetan eta zinkaren kasuan %20. Bi hauen kasuan ez da alarma berezia piztu nahi izan zeren eta urte askoan ez da horniketaren faltarik aurreikusi; ez da horrela platinoaren kasuan adibidez, hau oso urria baita eta bihurgailu katalitikoetan edo hidrogenozko erregai-zelulatan erabiltzen baita. Azkenik, ikerlariek birziklapenaren beharra azpimarratu dute. Etorkizunean material berriak asmatuko direlakoan daude, baina bitartean daudenak ahalik eta ongien erabiltzeko eta ustiatzeko birziklapena ezinbestekoa izango da.
Stardust: sua izotzaren barruan
Stardust deituriko espazio-misioak kometa-hautsen lehen analisiak bidali berri ditu Lurrera, eta ustekabeko ondorioak atera dituzte ikerlariek. Aipatu hautsetan oso tenperatura handitan sortzen diren mineralak topatu dituzte, baina hauen jatorria ez da espazioko leku beroren bat izan, Wild-2 kometa baizik, hau da, eguzki-sistemako lekurik hotzenetakoa.
Hau dela eta, pentsa daiteke Eguzkiaren inguruko materialen jatorria urrutiko leku hotz eta ilunak izatea, kometak sortzen diren lekuak hain zuzen ere.
Eskuratutako kometen hautsetan olibina da metalik arruntena; olibina burdin, magnesio eta beste zenbait elementuren arteko nahasketa da eta unibertsoan oso arrunta da. Jakin badakigu bero handia behar dela mineral hori sortzeko, baina nola sortu lehen aipatu Wild-2 kometa hotzean? Galdera honi erantzuteko 150 ikerlariri bidaliko zaizkie Stardustek hartutako materialen txantiloiak, ea zein ondorio ateratzen duten.
Stardustek ez du kometen hautsa bakarrik bildu, horretarako alde bateko panelak erabili dituen bitartean, beste aldeko panelekin hauts interestelarra bildu du, baina honen ezaugarrien berri ez digute oraindik eman.