Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-26 -- 2033.zenb

Unai Brea

Espainiako TabakoarenLegeak urtaro oso bat bete du dagoeneko, eta aspaldi baretu da lehenengo egunetako zalaparta. Hurrengo pasarteak alkohola eduki dezake protagonista. "Alkoholaren aurkako arau bat behar dugu, tabakoaren kontra egin denaren antzekoa", esan zuen Elena Salgado Madrilgo Osasun ministroak urtarrila hasieran, erretzeko debekuek sortutako hika-mika puri-purian zegoela. Handik egun gutxira, baina, Salgadok nabarmendu egin zuen araudi berria ezin zitekeela izan tabakoarekikoa bezain erabatekoa, eta helburua "alkohol kontsumoak sortzen dituen arazo zehatzei aurre egitea" izan behar zela. Ministroaren iritziz, lan eta auto-istripuak eta nerabeek gehiegi edatea dira arazo horietan larrienak. Ministerioko iturriek, berriz, ez digute gehiegi argitu auziaz, eta hitz bakarra errepikatu digute behin eta berriro: kontsentsua. Talantea, nonbait.
Osasunari egiten dioten kaltea ondo ezaguna izanagatik ere, tabakoa eta alkohola legezko drogak dira, eta hori ez ezik, erro sakonak dauzkate gure artean. Alkoholak batik bat, lehenagotik ezagutzen dugulako besterik ez bada ere. "Erromatarrek goldea ekarri ziguten, baina baita mahatsondoa ere", diosku Etorkintza Fundazioko Pedro Espallargasek.

Etorkintza drogomenpekotasunean lan egiten duen erakundea da, Bizkaian gehienbat. Aspaldi daukate ikastetxeetarako programa bat, drogak erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuak murrizte aldera. "Ez dugu esaten drogak hartu behar ez direnik, eta ez dugu legezko eta legez kanpoko drogen arteko bereizketarik egiten", azaldu digu Espallargasek. Gazteekin ari da lanean Etorkintza batez ere, eta gazteen eta alkoholaren arteko harremana da Espainiako Osasun ministroa gehien kezkatzen omen duena, baina Espallargasek azpimarratu nahi du "txikitatik aita eta ama direla edaten irakasten digutenak". Alkohola eta ospakizuna sinonimo bihurtuak dira gurean, eta zenbait alditan ia derrigorrezkoa da edatea. Etorkintzakoaren ustez, "kontua da gazteak gehiago nabarmentzen direla, euren edateko eragatik".

Oraindik ere, okerrago begiratzen diogu kalean mozkor doanari, erretzen ari denari baino, baina oro har, Atlantikoaren beste aldetik etorri zaizkigun tabakoaren kontrako haizeek ez diote alkoholari eragin momentuz. "Tabako-paketeetan, oraingo esaldiak ez ezik, birika gaixoen irudiak jartzea proposatu izan da", dio Espallargasek, "baina norbaitek irudika dezake zirrosiak jotako gibel baten argazkia edo æalkoholak sexu-harremanak eragozten dituÆ bezalako esaldi bat Errioxa ardo botila on batean itsatsita?". Etorkintzak ikastetxeetarako dauzkan programen zutabeetako bat, hain zuen, droga batzuek gizartean duten onarpenaren zergatiak azaltzea da.


Arazoa gazteekin baino ez?

Gizartearen onarpenarekin ala gabe, alkohola, tabakoa bezala, osasun publikoko arazotzat daukate erakunde publikoek Hego Euskal Herrian, baina hemen ere gazteei ematen zaie arreta gehien. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak, esaterako, 29 urtetik beherakoei dagozkien datuak baino ez dizkigu igorri, kontsumoaz egin dizkiogun galderei erantzunez. Ondorioa argia da; gazte gehienek alkohola edaten dute, batez ere asteburuetan. Hain zuzen, lautik hiruk aitortu dute alkohola edan dutela kalera irten diren azkeneko asteburuan. Hala ere, ikerketen arabera nafar gazte gehienek ez dute larregi edaten, edo hala esaten diete inkesta-egileei behintzat.

EAEko Drogomenpekotasun Zuzendaritzak adierazi digunez, alkohola da adin tarte guztietan gehien hartzen den droga. Ia guztiok hartu dugu inoiz, eta hamarretik lauk ohitura du edatea. Asteburuetan gehiago edaten da, eta hala da adin guztietan, baina joera hori askoz agerikoagoa da 34 urtetik beherakoengan. Helarazi dizkiguten datuen arabera, 15 eta 19 urte bitartekoek ez dute ia ezer edaten aste barruan, eta asteburuan, berriz, lautik hiruk egiten du; erdiak baino gehiagok, gehiegi. Aste barruan, bestalde, edaten dutenen portzentajea handiagoa da adinean gora egin ahala, baina portzentaje txikiez ari gara asteburukoekin konparatuta. 2004an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen %89k aldarrikatu zuen lan egunetan ez duela ia ezer edaten. %70k, ezertxo ere ez.


Albo-kalteak ere baditu

EAEko Osasun Sailaren arabera, 2003an erkidegoan izandako heriotzen %5 alkoholari egotz dakizkioke (portzentajea %10eraino handitzen da 30 eta 69 urte bitartekoengan). 2004ko txostenean diotenez, "alkohola izan da digestio-gaixotasunengatiko heriotzen %20ren zergati nagusia, bai eta era guztietako istripuengatiko heriotzen %30ena ere". Hori da alkoholaren beste ezaugarrietako bat: eragiten dituen osasun-kalte guztiak ez dira zuzenekoak. Auto-istripu askoren erantzule nagusia da, eta askoren ustez emakumeen aurkako tratu txar asko eta askorena ere bai, horri buruzko datu gehiegirik ez dagoen arren. "Tabakoak bezala, alkoholak gastu handia eragiten du osasungintzan, baina zailagoa da kalkulatzea", dio Pedro Espallargasek. Nolanahi, eragin zuzenei dagozkien datuak ez dira makalak. Etorkintzako kidearen esanetan, milioi laurden pertsonak dauzka alkoholismo arazoak EAEn. "Zergatik ez dago haren kontrako kanpaina bat tabakoaren kontra dagoen bezala? Ez dakit".

"Gure lehentasuna adingabekoak alkoholarengandik babestea da", dio Nerea Garaizar EAEko Drogomenpekotasun Zuzendaritzako teknikariak. Hala, alkoholaren inguruko programa gehienak gazteei bideratzen zaizkie, bai eskoletan bai familien bitartez. Hainbat udaletan -Berangon eta Irunen esaterako- asteburuetan kalean edateagatik sortzen ziren arazoak konpontzeko egitarauak abiatu dira. Zein da benetako arazoa, alkohola bera edo azken boladan guztion ahotan dugun zorioneko botilatzarra? Bigarrena bada, nekez ikusiko dugu zirrosiak jotako gibelik Errioxako ardo onen botiletan. Tetra-brikekoetan bai, beharbada.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan