Katixa Garate
Antzerki eguna
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da datorren martxoaren 27a eta hartara, antzerki emanaldi ugari izango da. Egun horretantxe jasoko dute Théâtre des Chimères eta Pok taldeek Donostia Antzerki Saria Kaukasiar Kreazko Borobila antzezlana dela-eta. Ondo legoke antzerkiaren alorreko langileek errebindikatzen duten eskola ofiziala edota babes handiagoa jasoko duten albistea egun horretan ematea ere. Baina zoritxarrez, horren ordez antzerkia jasoko dugu trukean ziurrenik. Hitz politak, ezohiko emanaldiak, ezohiko ikusleak. Ikuskizuna ez da amaitu.
Bi Harriz Lau Xori jaialdia Biarritzen
Kultura eta arte diziplinen topaketa du xede Biarritz Culturek Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz antolatzen duen Bi Harriz Lau Xori jaialdiak. Aurtengoan martxoaren 23tik 25era izango da. Martxoaren 23 eta 24an Super seme txotxongilo ikuskizuna eskainiko dute haurrentzat. Ostirala, martxoaren 24a, kontzertuen txanda izango da. Mayra Andrade Cabo Verdeko abeslaria eta Karidadeko Benta taldea arituko dira zuzenean Gare du Midin. Bukatzeko, martxoaren 25ean Juan Kruz Igerabideren olerkietan oinarritutako Hosto gorri, hosto berde ikuskizuna eskainiko dute Colisée aretoan. Jean-Louis Hargous musikaria, Miren Aranburu abeslaria, Maite Pebay dantzaria eta Bruno Agerre margolaria izango dira taula gainean.
Zinema eta giza eskubideak
Martxoaren 24tik 31ra giza eskubideen urraketaz gogoeta, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzeko asmoz, hainbat film erakutsiko dituzte Donostian, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketen barruan. Besteak beste, Aitzpea Goenagaren Zeru horiek eta Byambasuren Davaaren The Cave of the Yellow Dog film luzeak eta Asier Altunaren Sarean eta Édouard Salierren Flesh laburrak proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean. Bestalde, martxoaren 27, 28 eta 29an IX. Zine eta Lankidetza zikloa izango da Donostiako Príncipe zinema aretoetan, Mugarik Gabe GKEaren eskutik. Kubari buruzko filmak eskainiko dituzte, Humberto Sollasen Barrio Cuba eta Juan Carlos Cremataren Viva Cuba tartean.
Marrazkia eta irria lotuta Izuran
Hamazazpigarren urtez, marrazkiek eta irriak bat egingo dute Izurako Haize Berri kultur etxean. Marrazkirri egitasmoak «abiadura eta lehia nagusi diren gure jendarteetan, egoera eroso batetik pobretasun handienera erraz pasa daiteke. Eta hutsa, zer da beraz?» galdera luzatu zuen eta artista ugarik eman diote erantzuna marrazki bidez, esaterako, Marko Armspach, Asisko Urmenet a, Mattin, Jon Manzisidor, Adur Larrea eta Xabi Popépé marrazkilariek. Martxoaren 25ean irekiko dute erakusketa eta egun horretan ikuskizuna eta irria ez dira faltako. Dani Fanok Xabiroi komiki aldizkaria aurkeztuko du, hainbat bertsolari eta marrazkilarik saio berezia eskainiko dute, musika ere izango da...
Bilbao Live´06
Last Tour International kontzertu promotoreak nazioarteko musika jaialdia egingo du udan Bilbon. Uztailaren 13tik 15era, Kobetamendin egingo dira kontzertuak eta DJ saioak, 70.000 metro koadroko lursailean. Zuzenekoetarako bi eszenatoki, bi tekno karpa, pop karpa bat, merkatu txikia, jan eta edateko postuak eta kanpatzeko tokia izango ditu. Parte hartzaileak zein izango diren ez dute oraino jakinarazi. Musika talde eta bakarlari gehienak nazioartekoak izango direla aurreratu dute, baina Euskal Herriko batzuek ere parte hartuko dutela. Promotore berak Gasteizko Azkena Rock jaialdia antolatzen du. Aurten bosgarrenez egingo dute, abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitarte.
Euskarazko narratibaz
Eusko Ikaskuntzak hitzaldi zikloa antolatu du Gasteizko EHUko Filologia fakultatean, euskal narratiba aztertzeko asmoz. Ibon Egañak gatazkaren inguruan eskaini zuen lehen hitzaldia. Ur Apalategik Literatura ala konpromisoa? izango du hizpide 29an. Apirilaren 26an Ume bat gerrari begira mintzaldia eskainiko du Eider Rodriguezek eta Aingeru Epaltzak Gure kontu triste hori izenekoa maiatzaren 17an.
Chicarela proiektua mamitu du Flitter taldeko Javi Zurbano gitarra joleak. Gitarra gogorrak eta doinu latinoak uztartu ditu Gorrek plazaratutako diskoan. Zurbanorenak dira diskoko gitarrak, baxuak, ahotsak eta bateriak. Zuzenekoetan ordea, hiru musikari izango ditu lagun.
Arteko Donostiako arte galeriak hamar urte bete ditu eta Iparragirre kalera lekualdatu da. Dora Salazar eta Jose Luis Zumetaren lanek estreinatuko dituzte horma berriak.
Laura Mintegi (Lizarra, 1955) idazleak Ecce homo eleberria plazaratu du Txalaparta argitaletxearekin. Joxek elkarrekin bizitzeko proposamena luzatu dio Begori, baina beranduegi heldu da, horixe du abiapuntu nobelak.
Le Petit Théâtre de Pain konpainiak Embedded obra estreinatu berri du. Prentsaren manipulazioaz dihardu Tim Robbins aktore estatubatuarrak idatzitako lanak.
Yolanda Arrietak euskarazko antzerki egile onenaren Max saria jaso du Groau haurrentzako antzezlana dela eta. Bestalde, Vaiven konpainia donostiarrak errebelazio saria erdietsi du Nasdrovia, Txekhov! antzezlanarekin.
Victor Ericeren hitzok jaso zituen Berriak: «Zinema ez da jadanik gaur egun hizkuntza autonomoa. Autonomo izatetik, ikus-entzunezkoen gehigarri izatera pasatu da. Ikus-entzunezkoen parte da, horretara behartuta, telebistarekin eta publizitatearekin batera. Beste aro batean gaude, eta gaur egun zinemagintzaren historiaren erdia telebistako programatzaileek diktatzen dute».
Ismael Manterolak honakoa idatzi zuen Garan: «Arte publikoari buruz hitz egiten denean eskultura etortzen zaie burura agintari eta politikoei, baina arte publiko mota asko daude, nahiz eta kalean objektuak jartzea politikoen denbora pasa gogokoena izan (...) Hiria pentsatu behar da eta artea ez da hiriaren apaingarri hutsa. Arkitektura, eskultura, pintura, ikus-entzunezkoak, guztien arteko kolaborazioak edo beste hausnarketa teorikoa arte publikoa izan daiteke, eta lorontzi funtzioa izango lukeen eskultura baino inbertsio hobea gainera».
Fernando Bernuések Garari: «Ez dago ez sentsibilitaterik ez inteligentziarik. Ez dago proiekturik arte eszenikoekin zer egin nahi dugun jakiteko. (...) Euskarazko antzerkiari buruz hobe ez hitz egitea. Itxura hutsa da. Bi urtez etenaldia egin beharko genuke; euskarazko bertsioak egiteari utzi, honek ez duela funtzionatzen kontura daitezen. Ekimen pribatuak gauzatxoak egiten jarraitzen duen bitartean, ez dira konturatuko. Bidean bakarrik goazela sentitzen dugu».