Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:06:39
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-19 -- 2032.zenb

Jakoba Errekondo


Bijilia eta barau egiten ari diren sektakoek aspaldi geure ereinotza lapurtu eta erramu bihurtua dutela nioen lehengoan. Ereinotza aspaldi da geure, Euskal Herrian. Batez ere Karibeko korronte famatuak berotzen dituen itsas aldeko bailara epeletan artea, artelatza eta gurbitzaren koadrilako.

Berez asiarra omen da, baina Europa hegoalde osoan barreiatuta bizi da. Ereinotzak Laurus nobilis du izen botaniko, latineko laudari (ohoratu) eta nobilis (noblea, gurtua) erroetatik datorrena, erabilera ugari izan baititu beti bai sukaldean, bai osasungintzan... Mediterraneo aldeko kulturatan ereinotza saritu, ohoratu eta koroatua izan zen. Ereinotzez egindako koroak ospea, aintza adierazten zuen: artista, kirolari eta gerlariei ezartzen zitzaien, jendilaje ederrari alajaina! Garaipena ere adierazi izan du landare honen adarrak; erromatarrek eraikitzen zituzten garaipen-kolonizatze koloma edo zutabeetan erruz ageri da.

Grekoek daphne deitzen diote, Apolo amorratzeraino maitemindutakoarengandik ihesi bere aitak ereinotz bihurtu zuen izen bereko jainkosaren omenez. Grekoen beste istorio batean Zeus eta Apoloren arteko borroka batean ereinotza tximistari aurre egiteko erabili zela jasotzen da. Helburu berarekin landatua geure etxeen inguruan maiz topatuko duzu.

Kristautasunak ereinotza erramu bihurtu zuen. Udaberriko lehen ilargi betea duen astean, beraientzako santua den horretan, bedeinkatu egiten dute, etxeko ateburuetan jarri begizko eta sorginkeriak uxatzeko eta etxeko sutan erre tximistak dakartzan ekaitza aienatzeko.

Etxeak ere ereinotzez koroatzen dira geurean: etxe berria egiten denean teilatua ematen zaionean ereinotz adar handi bat jartzen da gailurrean. Adar honek aterpe berria osatu dela eta ospatzeko jairako deia egiten du: lanean aritu diren guztientzako otordua eta festa antolatzen du etxearen nagusiak, Goierrin tranpalea deitzen diote. Lehen garai batean ospakizun honetarako erramuaren ordez elorria, lizarraā jarriko zutela iruditzen zait.

Mediterraneotik etorri eta geurea kolonizatua du erramuak. Ereinotza erramutua.

Jabier Agirre


Horrela zioen duela urte batzuk Donostia inguruan, bederen, oso modan egon zen esloganak. Ez da hortz-haginak erakusteko beldurrik eduki behar. Irribarre egiteak arnasketa eta zirkulazioa bizkortzen ditu, eta presio arteriala igo egiten du -neurri normalen barruan, hala ere-, eta horrek halako euforia-egoera bat sortzen du. Irribarreak -eta barre-algarak zer esanik ez- eragindako diafragmaren mugimenduek beste organoak ere "kutsatzen" dituzte, eta organo horiek bibrazioen bidezko masaje-moduko bat jasotzen dute, bere erresistentzia biologikoa gehituz. Frogatua dago barre egitea osasungarria dela, eta horrez gain, irribarreak gaztetu egiten du.

Baina beldurrik gabe irribarre egiteko, hortz-haginak erakutsi behar dira, eta horretarako higiene ohiturak gordetzea komeni da. Hortz-haginak bizitza osorako dira, eta baldintza ahalik eta onenetan gorde behar dira. Ez bakarrik kolore zurikoak eta ondo kokatutakoak, estetika hutsari begira; baita txantxarrik, lertzunik edo zikinik, oietako (hortzen inguruko haragiko) gaixotasunik eta usain txarrik gabe.

Hona beldurrik gabe irribarre egiteko truku batzuk:

- Ezinbestekoa da egunean hiru aldiz hortzak garbitzea: gosaldu, bazkaldu eta afaldu ondoren.

- Kontrola itzazu egunean hartzen dituzun kafe edo te-katiluak, edo kola-freskagarriak. Gehiegi hartuz gero, esmaltea horituko da.

- Zigarro nikotina ezin okerragoa da zure hortzentzat, kolore ilunez tindatu eta aho-hatsa eragiten baitu.

- Kontuz gozoekin: azukreak esmaltea erasaten du, eta txantxarra sor dezake. Garrantzi handikoa da umeei azukre-kontsumoa kontrolatzen erakustea, eta gozokiak eta litxarreriak neurrian hartzea.

- Elikadurak askotarikoa eta orekatua izan behar du. Dieta mediterraneoa da zure ahoarentzat osasungarriena.

- Aldatu zure hortz-eskuila 2-3 hilabetean behin, eta aukeratu beti zure adinarentzat eta ahoaren ezaugarrientzat egokiena. Aukeran dauzkazu gogorragoak edo bigunagoak, zure oiak ez mintzeko.

- Erabili zeta-haria hortzen arteko tarteak garbitzeko, eta baita likido freskagarriren bat ere, ahoa freskatzeko.

- Ez ahaztu urtean behin odontologoari bisita egitea.

Joxerra Aizpurua



Eguzkiaren jarduera %30-%50 haziko da

AEBetako National Center for Atmospheric Research-eko Mausumi Dikpatik zuzendutako taldeak eguzkiaren jarduera ohikoa baino %30-%50 inguru handiagoa izango dela iragarri berri du. Ziklo berriaren hasiera 2008ko hasieran aurreikusten da eta gailurra 2012. urtearen inguruan izango da.

Eguzkiaren jarduerak eragin zuzena du sateliteekiko komunikazioan, Lurraren eremu magnetikoan eta kliman eragiten duten eremu elektrikoetan.

Eguzkiak 11 urteko zikloak ditu eta gero eta ezagunagoak dira zikloen gailurretan kliman gertatzen diren hainbat gertaera. Aurreikuspena oso fidagarria da, zeren eta arestian aipatutako ikerlari-taldeak sortutako eredu informatikoak %98ko arrakasta izan du azken zortzi eguzki-ziklo iragartzeko garaian.

Lurretik ere ongi ikusi ohi da eguzkiaren jardueraren hazkundea, eguzki-orbanen kopurua handitu egiten baita.
Beraz, datozen sei-zazpi urtetan berotegi-efektuari eguzkiaren jardueraren hazkundea gehitu beharko diogu eta ondorioak komunikazioan, bidai espazialetan eta klimatologian nabarituko ditugu. Zein tamainakoak izango diren? Zientzialariek idatzi ahala guk kontatuko dizuegu.


Turbulentzien kontrola

Hegazkin bat aireratu aurretik pistan zehar poliki-poliki higitzen denean airea hegaletan zehar lasai-lasai jariatzen da; baina abiadura handitzen denean airea oso bortizki hasten da jariatzen eta hegalen inguruan turbulentziak sortzen dira. Hauen eraginez hegazkinak behar baino balaztaketa-indar handiagoak jasaten ditu eta energi kontsumoa handitu egiten da.

Europako hainbat estatutako fisikari-talde batek turbulentziak txikiagotzeko sistema eraiki du, hauxe: turbulentzia osagarriak sortzea. Laborategian bederen arrakasta izan du saiakerak eta horretarako hegal lau baten gainean 1,3 milimetroko altuera eta 2,5 milimetroko diametroa duten zilindro-sorta bat kokatu dute airearekiko perpendikular.

Sistema honekin zilindroen inguruan mikroturbulentziak sortzen dira eta hegaletik 1,3 metrora sortzen diren turbulentzia handiak 1,8 metrora atzeratzen dituzte.
Saiakera hauek laborategian egin dira eta ikusteke dago proba erreala egitean zer gertatuko den, baina horiek hegaldietarako behar bezain onuragarriak izango ez balira ere, beste alor batzuetan -laser bidezko fusioan adibidez- jada aplikagarri izango dira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan