Nagore Irazustabarrena
Sakana atzean utzi eta, Agurainera iritsi baino lehen utzi dugu N-1 autobidea Egilatzera iristeko. Egilatz. Izen egokia bere historian egia latzak gorde dituen herriarentzako. Eliza pasa eta metro gutxira, ederki seinalizatuta dagoen Aizkomendiko trikuharriaren alboko aparkalekuan utzi dugu autoa (601 m).
Trikuharriaren ganbera ederra 10 harlauzaz osatua dago eta gehienak bi ordu eskasetan zapalduko dugun Mirutegiko haitzetik ekarri omen zituzten. Joxemiel Barandiaranek ondorioztatu zuenez, «ganbera eta korridorean gizabanako ugari ehortzi zituzten Eneolitikoan eta Brontze Aroan. Geroago, Burdin Aroan, trikuharriaren inguruko tumuluan beste hainbat gizabanakoren errautsak gorde zituzten». Baina ez dira hauek gaurko txangoan gogoan izango ditugun hildako bakarrak.
Sakamantekasen mamua
Aizkomendiko trikuharria 1831n aurkitu zuen kasualitate hutsez bertan lanean ari zen baserritar batek. Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandońa egilaztarrak 10 urte besterik ez zituen aurkikuntza egin zutenean. Gu gauden toki berean imajinatu dugu haurra, adi-adi trikuharriari begira. Nork pentsatuko zuen mutiko hura urte batzuk geroago gure historiako hiltzaile ezagunena bilakatuko zela, Sakamantekas titulu eta guzti?
Diaz de Garaioren ibilbide ankerrak legendari bide zabala ireki zion eta oraindik bada Aizkomendi inguruan Sakamantekasen espiritua dabilela sinesten duenik. Oinez hasteko aitzakia eman digu horrek eta martxa bizkorrean Durruma Donemiliagako (San Roman de San Millan) errepidea segitu dugu. N-1 autobidea gainetik pasa eta 1,6 km aurrerago iritsi gara Durrumara. Kalean gora, iturrira iritsi, ezkerreko bidea hartu eta biltegi bat pasata herria atzean utziko dugu. Entziaren oinean gaude, eta hormatzarrak gaindiezina dirudi hemendik ikusita. Hertz batean tontorra ageri da gurutze eta guzti. Askok uste du horixe dela Balloren gailurra, behetik tontor nabarmenena baita, baina Mirutegi da hori.
Berehala topatuko ditugun ur biltegiak pasa eta ezker-eskuin haritz solteak dituen pistan aurrera egin dugu. GR seinale batek bide onetik goazela adierazi digu, baita Ballora iristeko ordu eta erdiko ahalegina falta zaigula ere. N-1eko autoen burrunba ia ez da entzuten, egunotan indarrez jotzen duen haizea nagusitzen hasi da ibilbidearen soinu bandan.
Apurka-apurka pagoek haritzak ordezkatu dituzte eta malda gogortzen hasi da; Sakamantekas atzean segika dugula imajinatu dugu gure martxa gehiegi ez moteltzeko. Ordu erdiz jarraitu dugu pista nagusi hau saihesbideei jaramonik egin gabe, ezkerretara pagadian sartzen den zidorra ikusi dugun arte. Hainbeste bidexken artean, bide bazterreko harri piloak esan digu horixe dela aukeratu behar duguna.
Hemendik aurrera, basoko bideak bihurgune asko du, baina galtzeko beldurrik ez dugu: pagadia seinale gorriz josita dago eta Mirutegiko tontorra ia beti bistan dugu erreferentzia moduan. Gainera orbeletan gustura gabiltza.
Atauko zirrikitua
Pagadian goazela, aldapa gero eta gogorragoan 20 bat minutu egin ditugu, azken zuhaitzak pasa eta harri biluziraino iritsi arte. Atauko mendateak Entziako murrua gainditzeko aukera eskaintzen du, baina azken orduotan euria egin du eta ibilbideko tarterik zailenari arrisku pixka bat erantsi dio horrek. Gainera, bide guztian topatu dugun elur apurra eguzkiaren izpiek nekez jotzen duten zoko honetan dago. Metro batzuk kontu handiz egin eta berehala gainditu dugu pasabidea. Urbasa eta Entziako goi larre zabalak ditugu parean eta hemendik aurrera ardiek, behiek eta zaldiek txukun-txukun zaintzen duten alfonbra leunak eramango gaitu tontorrez tontor.
Gaurko helburu nagusia, Ballo, hego-mendebaldean ikus daiteke, baina behetik atentzioa eman digun Mirutegiko gurutzea bisitatuko dugu lehenik (1.162 m.). 10 minutuan iritsi gara eta beste hainbeste behar dugu Balloren tontorra zapaltzeko (1.197 m.). Gailurrok ikuspegi ederra eskaintzen digute, baina haize zakarrak ez digu utzi luzaroan bertan gelditzen. Arrazoi horrexegatik egin diogu uko ekialdean zabaltzen diren Legaireko larreak bisitatzeari. Egun atseginago baterako utziko ditugu Mendiluzeko zutarria eta harrespila, eta zuzenean jo dugu Atau edo Surbeko tontorrera (1.155 m.). Badaezpada amildegira gehiegi hurbildu gabe, bertatik ikuspegi ezin hobea dugu nonahi: Sakana, Lautada, Urbasa, Aratz, Aizkorri... Aurpegiko gihar guztiak izoztu baino lehen jaitsi gara. Atauko atakan behera, haizearengandik babestuko gaituen txoko baten bila ibili gara. Indarrak berritu eta basoan sartu garenean, bide nagusia ezkerrean utzi eta errekaren zurrumurrua jarraituz zuzenago egin dugu beheranzko bidea. Ur biltegien atzetik iritsi gara Durrumara. Eta handik Egilatzera. Azken orduetan musika atseginagoak entzun ondoren, ez da erraza berriro ere N-1eko autoen joan-etorrira ohitzea. Eta ez gaitu batere harritzen Sakamantekasen edo beste edozeinen espirituak inguru hauetan aztoratuta ibiltzea; zarata honekin ez dago bakerik.