Katixa Garate
Publiko guztientzat
Izenburu horixe du Bilboko Rekalde aretoan dagoen arte erakusketak. Bertako nahiz atzerriko hogeita zortzi artistek komunikabideen indarraz eta pertsonen bizitzan duten eraginaz egindako gogoetaren isla dira erakusketako obrak, «audientziaren diktadura»ren aurkako artelanak. Txomin Badiola, Pripublikarrak, Cecilia Barriga, Carmen Navarrete, Li Wei eta Guerrilla Girls dira Xabier Arakistain komisarioak osatu duen erakustetan parte hartutako artistetako batzuk. Maiatzaren 7a arte izango da zabalik. Publiko guztientzat.
Haurrek kantuan egiteko tenorea
Martxan da Nafarroako Haur Kantari Jaialdia. Guztira, Nafarroako ikastetxeetako 300 ikaslek hartuko dute parte; hamasei urtera arteko ikasleek taldeka, banaka edo binaka kantatuko dute. Aurtengoan ez da lehiaketa izango, jaialdia baizik. Euskal Kantuzaleen Elkarteak adierazi duenez, lehiakortasun kutsua kendu nahi izan diote horrela. Joan den astean Barañainen izan zen lehen saioa, larunbatean (martxoak 18) Elizondon izango da, 25ean Lekunberrin eta azken saioa apirilaren 9an, Iruñeko Gayarre antzokian. Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa ere abian da. Larunbat honetan (hilak 18) Urretxun jokatuko da kanporaketa eta 25ean Oiartzunen. Finala aldiz, apirilaren 1ean izango da Azkoitiko Baztartxo aretoan.
Escenak Nafarroa dantzan jarriko du
Bederatzi dantza konpainiak hogeita hiru emanaldi eskainiko dituzte Nafarroako hamalau herritan (Altsasu, Agoitz, Barañain, Bera, Lizarra, Noain, Zangotza...), Escena jaialdiaren barruan. Nafarroako Gobernuak antolatutako dantza jaialdia martxoaren 17an abiatuko da eta apirilaren 9an amaituko. Kukai-Tanttaka, Erregelak dantza tailerra eta Ensemble Diatessaron, Aldanza, Addictos-Logela, Tempomobile, 10&10, Dancem eta Producciones Imperdibles taldeek eskainiko dituzte emanaldiak.
Sagardoaren Museoa Hernanin....
Lotura handia du Hernaniko herriak sagardoarekin eta hantxe gauzatu nahi dute SagardoGunea izeneko proiektua. Hernaniko Ave María etxean Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Enpresarien Elkartearen eta Kalitatearen Kontseilu Arautzailearen egoitzak paratuko dituzte. Ave Maríak 22.000 metro koadroko lursaila du inguruan eta hantxe eraiki nahi dute sagardoaren historia eta sagardogintzaren prozesua jasoko duen museoa. Horiez gain, areto handi bat, liburutegia, jatetxea eta dastaketa aretoa izango ditu, besteak beste, SagardoGuneak.
Iparraldea bertan
Hirugarren urtez, Iparraldeko hainbat artista izango da martxoko ostegunetan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Pasa den ostegunean abiatu zen zikloa Mikel Etxekopar eta François Rosséren kontzertuarekin. Martxoaren 16an Piarres Xarritonek hitzaldia eskainiko du. 23an kantaldia izango da Nafarroa Behereko Pil-pil taldearen eskutik eta 30ean Dominica eta Niko Etxarten eskutik.
Euskal filmak Naoneden
Martxoaren 15etik 28ra egingo da Bretainiako Naonedeko Zinemaldia. Euskal zinemagintzaren inguruko saila antolatu dute aurtengorako. Film laburrez gain, Obaba (Armendariz), Trece entre mil (Iñaki Arteta) eta Bozes lexanas (Juan Miguel Gutiérrez) erakutsiko dituzte, esaterako.
Bekatu nagusiak literaturan
Bekatu nagusiak izango dituzte hizpide Huhezin (Eskoriatza) martxoaren 16tik 23ra. Haragikeriaz mintzatuko dira Aitzpea Goenaga, Iñigo Lamarca eta Jabier Muguruza, inbidiaz jardungo du Kirmen Uribek, jatunkeria izango du hizpide Hasier Etxeberriak, handiusteaz arituko Unai Elorriaga eta nagikeriaz Harkaitz Cano.
Jesus Altuna arkeologoak Aranzadi zientzia elkartearen Urrezko Domina jaso du, historiaurreari buruz egindako ikerketa oparoengatik eta Munibe arkeologia eta antropologia aldizkarian egindako lanagatik.
Hamaika Bide elkarteak Eduardo Ugarte. Por las rutas del teatro (Eduardo Ugarte. Antzerkiaren bideetatik) liburua plazaratu du, Saturraran argitaletxearen eskutik. Ugarte (Hondarribia, 1900 - Mexiko, 1955) La Barraca antzerki talde ibiltariko kide izan zen eta Federico García Lorca eta Luis Buñuelekin egin zuen lan. Iñaki Azkaratek eta Mari Karmen Gil Fombellidak idatzi dute liburua.
Salvatore Tutti ezizena duen Xuban Intxausti artista lasartearra Etatregua egitasmoa prestatzen ari da. Bartzelonan bizi den artista hainbat euskal hiritan etatregua lelodun kamisetak saltzen jarri da bideokamera eskuan duela. Jendearen erreakzioa grabatzen ari da (erosteko eta janzteko prest dauden, zein jarrera duten...) eta irudiokin dokumentala osatuko du.
Enrike Zelaia soinujolearen gaineko liburua idatzi du Javier Ramosek euskaraz eta gaztelaniaz: Enrike Zelaia. Infernuko Hauspoa. (Símbolo de la transición política en Euskal Herria). Zelaiaren musika ibilibideaz gain, haren biografia eta hainbat partitura bildu ditu liburuan.
Rafa Ruedak bigarren bakarkako diskoa plazaratuko du martxoaren amaieran: Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak). Broken Bihotz eta PiLT taldeetan ibilitako musikariak pop kutsuko hamar abesti grabatu ditu.
Itxaro Bordak Karrika aldizkariari: «Iparraldeak existentzia kulturala galdu du., hegoaldean merkatua garatu denean. Iparraldearentzat, alta, geratzen da leku bat eta hau da tradizioarena, dantza, kanta eta euskara zaharrarena. Iparraldeko kulturari ez zaio modernitaterik eskatzen. Iparraldeko kultura-sortzaileen gaurkotasuna ukatzen da eta gaur hain zuzen, idazten edo abesten dugunontzat ez da egokia».
Salvador Gutiérrez Bilaketa elkarteko lehendakariak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Jendeak nahiago du kultura kontsumitzea, sortzea baino. Garai hartan (70eko hamarkadan), kontrakoa zen. Orduan, bazegoen jende asko kultur elkarteetan parte hartu nahi zuena».
Aitzpea Goenagak honakoak esan zizkion Nabarrari: «Ikus-entzunezkoak, antzerkiak eta interpretazioak oso baliabide garrantzitsuak dira hizkuntzaren normalizaziorako, eta akats larria da hori aintzat ez hartzea. Guneren bat behar da zirkuituak irekiko dituena, eta noizbehinka modu egonkorrean euskaraz lan trinkoago bat egingo duena. Horrek aktoreei lan aukera egonkorragoak emango lizkieke».
Gorka Arreseren hitzok jaso zituen Garak: « Uste dut kulturak eta batez ere sorkuntzak alor estrategikoak izan beharko luketela gizartearentzat; baina horretarako ez dago zertan uztartzen jardun industria eta kultura hitzak. Bati baino gehiagori entzun diot «kultur industria» kontzeptuaren zaleek interes industrialak dituztela gehiago kulturalak baino».