Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-03-19 -- 2032.zenb

Pilar Iparragirre

Zergatik euskaratu duzu Jakob von Gunten, Walser-en nobelarik kutunena?
Aurreneko aldiz irakurri nuenean liburu hau xarmatuta gelditu nintzen lehenengo kolpetik. Eta hortik aurrera hasi nintzen pentsatzen itzuli behar nuela, nire alemanaren txingarrak pixka bat hauspotu eta niretzat erronka handia izango litzatekeela. Horrela animatu nintzen itzultzera. Gero, konturatu nintzen idazle on askoren ahotan zegoela liburu hau, Alemaniako eta beste leku askotako idazleez gain euskal idazleek berek onetsitako liburua zela. Horrek eman zidan halako bermea-edo lanarekin jarraitzeko.

Eta zer moduz konpondu zinen itzultzerakoan?
Neketsua egin zitzaidan, dezente, lana. Baina tarteka poz handiak izan ditut, eta azkenean barre asko ere egin dut liburuarekin, eta egindako barreekin nire neke guztiak kitatu ditut.

Nobelaren ezaugarri nabarienak?
Kafkaren kutsua du gauza askotan. Ez dugu ahaztu behar Robert Walser eta Kafka garaikideak direla eta behintzat elkarren arteko liburuak ezagutzen zituztela. Eta kutsu hori antzematen da Benjamenta institutu edo barnetegi horren giro ilun samarrean. Institutu horretan ikasleen zeregin bakarra arautegia barneratzea da, mutiko zintzoak izatea. Bizitzarako aprendizak sortzen dira hortik. Protagonistak, ordea, ez dauka bizitzarako itxaropen handiegirik, bera konformatuko da huskeria izatearekin. Baina huskerian gauza eder asko bilatuko ditu eta aurrera egingo du, hala ere.

Estitxu Eizagirre

Urtebete egina duzu Bertsozale Elkarteko lehendakari, eta denbora tarte labur horretan hamaika gauza gertatu da elkartean. Zer moduz, Iñaki?
Oso gustura sentitzen naiz Elkartean. Baina ez orain bakarrik. Orain tokatu zaidan funtzioak aukera ematen du elkarrizketetan sentitzen dudana esateko. Aurreko hogei urteetan ez zegoen elkarrizketarik, baina gustura ibili naizelako ibili naiz. Orain kasik lehengoan jarraitzen dudala iruditzen zait.
Elkartearen ordezkari izatea lan polita da eta gainera jendeak jarri bazaitu zeregin horretan, baloratu zaituzten seinale da eta harro nago, gustura, harrokeriarik gabe baina harrotasunez. Nik uste ez dela urte askoz betetzeko postua. Imanol Lazkanok ondo bete zuen zubi-lana eta bere presentzia oso garrantzitsua izan da elkartean. Baina gure bizitza egundoko abiaduran doa, eta bizitzarekin batera pentsamendua. Belaunaldi berriek pentsamendu berriak ekartzen dituzte elkartera, zorionez. Alde horretatik iruditzen zait karguak ere ez direla eternitate batean edukitzekoak.
Zer sentitu dudan? Bada hasieran egundoko ustekabea: hainbeste elkarrizketa egin ditut eta jendearen buruan bagaudela ikusten da eta intereseko elkartea garela. Ondoren Txapelketa etorri zen eta horrek dena irensten du, energia ikaragarria eskatzen du. Elkartea hazi egin da txapelketarekin, baina ez hazi bakarrik, puztu ere bai. Eta puztu egin denez, antolaketarako eredua adosteko astirik gabe gainera erori zaigula iruditzen zait. 33 langile kudeatzeak lan handia ematen du. Baina ikaragarri jende interesgarria dago elkartean: bai pentsamendu aldetik, bai nortasun eta bai izaera aldetik. Lan erritmoaren eraginez, astirik izan ez delako erabat adostu gabe zegoen funtzionamenduan lan egiteko jarri duten borondatea jarri izana, eta lortu duguna lortu izana, balio handiko jendea dugulako izan da. Eta gure proiektua gurea delako ere bai, eta norbanakoaren aurretik jartzen dutelako elkartearen proiektua bertako langileek.
Hori transmititu behar genioke gizarteari: bertsolaritzak berniz hori eman diezaiokeela pertsonari: gogoetarako, kritikotasunerako gaitasuna ematen diola. Eta hori ezinbesteko dela uste dut bizitzan proiektuak ateratzeko eta norbera garatzeko.

Lehendakaria izan liteke kargu sinboliko bat, edo bete dezake funtzio zabalagoa. Zein da gaur egun lehendakariak elkartean duen funtzioa?
Nik uste dut Elkartearen sailak eta helburuak ondo lerratuta daudela orain dozena bat urte egindako gogoetara, eta itzain lana elkarteko langileek egiten dutela. Momentu honetan, hazte baino puzte gehiago izateak ekarri digun egoeran, lehendakariaren ardura izan da denei entzun eta eraberritze bat planteatzeko itzaina izatea.

Bertsozale Elkartearen sorreratik aritu zara bertan lanean. Elkartearen bilakaera zein izan da, lau hitzetan esanda?
Proiektu gehienak zerbaiten kontra sortzen dira. Gu sortu ginen txapelketa batean ezadostasunak izan genituelako Euskaltzaindiko pertsona batzuekin. Momentu honetan ez dira gaindiezinak ezadostasun horiek, eta gainera iruditzen zait sinplekeria batengatik izan zirela. Baina sortu zen unean bertan elkartea gure interesen menpe ez jartzearekin asmatu genuela uste dut. Elkartearen funtzioa eta zeregina bertsolaritzari begira jartzean, eta ez norbanakoei eta bertsolariei begira.
Denborarekin, ideiak aldatzen joan diren heinean, beharrei eta garaiei egokitzen asmatu dugu. Gero SIADECO-rekin egin genuen azterlanak ere pista asko eman zizkigun. Horrek eraiki zuen bertsolaritzari buruzko gure pentsaera, izen aldaketa ere hortik etorri zen, ideologiarekin bat datorrena: Bertsolari elkarte izatetik Bertsozale elkarte izatera pasatu zen. Bertsolariak bertsozale ere izan behar lukeelako; bertsogile den neurrian bukatzen bada bere bertsozaletasuna, gauza merkeekin gabiltza.
Hogei urteotan eman diren pausoak oso garrantzitsuak izan dira, eta ikuspegi aldaketa handia egin du: hasieran "bertsolaria egin edo jaio egiten da?" betiko eztabaida hartatik, "gu bakarrik al gara munduko bertsolari?" galderara eta bertsolaritza mundura atera nahi izatera. Elkartearen hasierako argazkitik gaurkora egundoko aldea dago, ez kolorean bakarrik. Orduan talde bat eta bakarra zen, oso jende gutxikoa, eta buruak lau izango ziren. Orain sail bakoitzean talde bat daukagu eta taldeak dira buru, horretan oso ondo asmatu dugula uste dut.

Otsailaren 25ean Agurainen egindako batzarrean, iazko urtearen balorazioa egin zen. Gizartera begira eta barrura begira, nola zegoen Elkartea iazko urtean, eta nola dago Txapelketaren ostean?
Komunikazio lan handia egin da, orain arte sekula egin ez duguna bezalakoa. Eta asko gustatu zait gizartean geratu den posoa: txapelketa bukatu eta hurrengo egunetik oso sentsazio polita bizitzen hasi nintzen. Bertsozale izan gabe ere, euskal herritar izate hutsarekin (nahiz eta euskaraz ez jakin), jendeak nolabait esaten zuen "honi eutsi egin behar diogu, aurrera egin behar dugu"... gizarteak "dugu", "guk", hori sentitzea da elkarte bati gerta dakiokeen politena, horrela gizarteratzea. Denon ametsetako proiektua, orokorrean gizarte osoari zuzendua, eta hortik elikatu nahi duen edonorentzat besoak zabalik dituena. Eta uste dut hori komunikazioan asmatu izanaren ondorio ere badela. Txapelketa hasi aurretik komunikazio premia ikusi zuen Elkarteak eta apustu bat egin. Txapelketaren ondoren badakigu komunikazio premia hori zehazki zer den, eta komunikazioa ondo garatuz gero elkartea zer izan daitekeen gizartearen aurrean, baina orain adostu behar dugu non egon nahi dugun, nola... Noraino utzi behar diegu besteei gutaz baliatzen? Guk komunikabideetan egon nahi dugu, gure proiektuari onuragarri zaiolako, ala erabiltzen ari dira gure irudia eta txanpa? Aurten horri buruzko gogoeta egin beharko dugu.
Txapelketa oso arrakastatsua izan da, eta horrek berekin arrisku bat dakar: Elkartea txapelketan hasi eta bukatzea. Eta guk ez dugu hori nahi. Txapelketa Nagusia ez da anekdota bat gure jardunean, baina anekdotatik gehiago eduki behar luke gure jardun osoa hartzen badugu, eta tira, finean horrela dela uste dut.

Transmisioaz egindako Bertsolamintza jardunaldiak izan ziren iazko beste puntu nagusietakoa. Transmisioan hezkuntza arautuan egiten den lana eta bertso eskolena dago. Nondik garatu behar dira?
Transmisioari dagokionez, asko zabaltzen ari da hezkuntza arautuan egiten den lana. Ondo dago hezkuntza arautura iristea, eta iritsi gara. Hezkuntza arautuan bi funtzio bete behar ditugu: bata bertsoaren jakitun egitea bai ikasleak eta bai irakasleak. Unibertsitateak gaitu gabeko irakasleak plazaratzen ditu, ahozkotasunean gaitu gabeak orokorrean, eta bertsolaritzaz konkretuki. Unibertsitateak bertsolaritzari buruz eta orokorrean ahozkotasunarekiko betetzen ez duen funtzio hori, bertsolaritza irakastera doan irakasleak bete behar du. Ikastetxeetako irakasleak ikasle izan behar du bertsolaritza klaseetan, eta ikasle bat gehiago bezala inplikatu. Horrela zabalduko dugu sarea. Gure helburuak ez du izan behar irakaskuntza arautuan irakasten duten Bertsozale Elkarteko irakasleak izatea. Bigarren helburua litzateke irakaskuntza arautuan gogo gehien erakusten duten ikasleak bertso eskolara ekartzea. Bertso eskolen gaian gogoeta handia dago egiteko. 2005ean egin zen ahalegin berezia bertso eskolei buruzko gogoetan. Bertso eskolak proiektu estrategikoetako bat direla kontuan hartuta, behar bada elkartea ez da bere osotasunean busti, zegokion mailan. Gogoeta egin behar da: guk ikasleari zer eman diezaiokegu bertso eskolan? gurasoak nola inplikatu ditzakegu bertso eskolan eta zer komunikatu behar diegu? eta era berean gizarteari nola komunikatu diezaiokegu bertsoaren onura ume eta nerabeen bizitzan? Gerora eraiki behar duen bizitza horren proiektuan zer onura ekar diezazkioke bertsoak? Hori gutxi aztertuta dago. Eta horrez gain bertso eskolak herrian izan dezakeen eragina ere aztertu beharko dugu. Bide batez agintarien burutan sartuko bagenu ormigoiarekin egiten diren proiektuak bakarrik ez direla onuragarriak udal batentzat, gauza asko egingo genuke gure txikitik.

Hurrengo urtea gogoeta urtetzat izendatu da. Aipatu dituzu gogoeta-gai izango diren puntu batzuk. Zergatik ikusi da gogoeta egin beharra, eta funtsean, zer da birplanteatuko dena?
Bertsozale Elkartea herrialdeetako bost elkartek eta Euskal Herrikoak osatzen dute. Eta hori elkarte horietako bakoitzak jakitea inportantea da: ez bakoitzak bereari tira egiteko, baizik adostasuna lortu dezagun. Zeren inguruan batu behar dugu? Zer egin behar dugu bat, administratiboki soilik? Helburuetan bat egitea da garrantzitsua. Noski, helburuak batuta, tokian tokiko egoerei begiratu beharko zaie gauzak egiterako orduan. Baina garrantzitsua da proiektua eta kontzeptuak denok berdin ulertzea.
Bertsolariak ere gogoeta egin beharko du: etorkizunean zer plaza eskatuko du bertsozaleak? Lankuk zer behar detektatu ditu merkatuan? Bertsozaleak gugandik zer nahi duen detektatu behar dugu. Eta bere nahi horren aurrean guk zer eman nahi dugun ikusi, zeren noski, batzutan gizarteak nahi duelako ematea ez da interesgarria.
Elkartearen egiturari buruz ere gogoeta egin beharra dugu: gizarteko baliabideak gure ezaugarriekin ahalik eta ondoen txertatzeko, etorkizunera begira zer forma juridiko izan behar dugu? Fundazioa, patronatua, kooperatiba...
Mintzola proiektua ere gogoeta gai da: Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, mintzamenaren eta esan ahalaren gaitasunak jorratu nahian sortutako proiektu desberdinak bideratuko dituen gune bat izango litzateke. Gune horren kudeaketa ardura Bertsozale Elkarteari aitortzen zaio. Gu zer egoeratan gaude horri baietz esateko? Zenbateraino uko egin beharko diogu gure proiektuari, ez daukagulako giza baliabiderik ingurutik datorkigun eskaera horri aurre egiteko?
Munduaren aurrean non gauden eta zer izan nahi dugun ere gogoeta egin beharko dugu. Hor ere energia neurtu beharra dago.
Eta langileen beharrak ere aztertu beharko dira, proiektu denak pertsonetan oinarritzen baitira. Pertsonak zaindu behar ditugu. Baliabideak jarri behar ditugu gure lankideek elkartea senti dezaten egunero pertsona bezala aberasten dituen elkarte bat dela. Formazio profesionala eman behar zaio langileari, baina baita pertsona bezala aseta sentitu dadin beste formazio bat ere, askoz ludikoagoa. Hori pertsonetan egiten den inbertsioa da, ez lanpostuan bakarrik, baina lanpostuan dagoena pertsona da. Gure kasuan, gainera, soldatapeko langileak ditugu, baina soldatapeko langile horiek borondatezko ordu mordoa sartzen ari dira.
Baliabide ekonomikoen iturriez ere egin beharko dugu gogoeta.
Eta beste kultur elkarteekin eduki nahi dugun harremanaz eta hori nola gauzatu ere gogoeta egin beharra daukagu.

Elkartean belaunaldi aldaketa badator. Nola egingo du Elkarteak belaunaldi erreleboa, eta Bertsozale bezalako kultur elkarte batean zer garrantzia du belaunaldi transmisioak?
Gizarteko esparru gehiegitan beteranoa ez da beterano, zaharra baizik. Tapoi gisa ikusten ditugu, beste batzuen nahiak gauzatu daitezen traba. Gure elkartean ezin da horrela funtzionatu. Beteranoek duten esperientzia ezin du galdu gurea bezalako elkarte batek. Esperientzia hori transmititzeko bitartekoak jarri beharko genituzke: hasi berria mentalizatu behar dugu beteranoei entzuteko, baina alderantziz ere bai. Asko gustatu zitzaidan Andoni Egañak esan zuenean "Nik Lujanbiorekin, Iturriagarekin eta Colinarekin asko ikasi dut". Zer gutxi entzuten zaion beterano bati horrelako egi handia. Horregatik da txapeldun. Onena izatea bada denengandik ikasteko jarrera edukitzea, eta aldi berean mentalitate hori duzulako zara onena. Belaunaldi aldaketa eman egin behar du.
Eta elkarte bezala obligazioa dugu gizarte honi horrelako hausnarketa mailan eta funtzionamendu eran hezitako jendea eskaintzeko. Gu gizartea egiten ari gara. Gizartea ez da eraikitzen ekonomiaz edo politikaz bakarrik... arlo denetatik elikatzen da. Guk badugu erantzukizuna gizartea osatzeko eta sendotzeko (eta sendatzeko ere bai, askotan): bai bertsolariz, eta baita gogoeta maila horretan, jardun estilo batean eta filosofia batekin herrigintzan hezitako jendez osatzeko obligazioa dugu.

Xanti Iparragirrek Berria egunkarian zioen (2006-02-26): "Bertsolaritzaren heineko askatasunik ez du inork izan, ez politikaz, ez Euskal Herriko arazoez mintzatzeko. Bertsolaritzak lan asko egin du, baina gehiago egin zezakeen. Bertsolari Elkartea bera oztopo bat da horretan. Ez du batere laguntzen, ez du urrats bat egiten ezertarako".
Elkartean 1.900 bazkide inguru izanik, alderdi politiko ia denetako bozkatzaileak egon gaitezke. Ezinezkoa da, beraz, adostasunez ildo politiko bakarrera ekartzea hori dena. Zuzendaritza batzordearentzat oso erosoa litzateke ildo baten edo bestearen eskaerei baiezkoa erantzutea. Guk atxikimendua eman diegu gizarte proiektu batzuei lepoa moztu zaienean: Egunkariarenari eta antzeko egoerei. Hala ere Elkartea herri honen eraikuntzan oztopo dela esatea oso ikuspegi mugatutik egindako ekarpena iruditzen zait. Uste dut Elkarteak Txapelketa Nagusian sortu zuen pilatze eta bateratze sentimendu hura dela gizarte honi egin dakiokeen ekarpenik interesgarriena. Hori da Elkartearen bidea. Beste horrenbesteko mugimendua lortuko bagenu bertso eskolen egun bat antolatuta, ekarpen ederra litzateke gizarteari begira. Gu gizarteari ekarpenak egiten ari gara egunerokotasunean. Askoz erosoagoa da zuzendaritza batzordearentzat 30 izeneko zerrenda batean EHBE jartzea egunerokotasunean antolatu eta adostasunaren filosofiarekin aurrera egitea baino. Gainera hori errazagoa litzateke, elkarteak bere existentziatik inguru politikotik jaso duen "presio" edo eskaera oso bideratuaren aurrean. Ezetz esatea zaila da, askotan gainera norbera guztiz bat datorrenean iritzi eta behar horiekin. Baina horra gogoetarako beste gai bat: herri honen behar politikoen aurrean gure lekua zein da? Bati baietz esateak zenbati ezetz esatea dakar une honetan? Non xahutu behar ditugu gure energiak? Baietz esatea ez da nahikoa, gero erantzun egin behar da maila horretan eta gu oso energia mugatuko elkartea gara. Energia ez badugu erabiltzen gure proiektuari ondo txertatutako eta sintonian dauden ekintzetan, gerta dakiguke ur handietan sartzea baina gure proiektua hankamotz geratzea. Errespetatzen dut egiten diguten kritika, baina iruditzen zait gehiago dela gure proiektua bere osotasunean ez ikustearen ondorio.

Beste kultura eragileentzat erreferente da Bertsozale Elkartea. Zein dira asmatu izanaren klabeak?
Norbanakotik taldera eman den pausoan dago gakoa. Bertsolariak nahiko eroso sentitu dira elkartean, beren protagonismoa eta ekarpena elkartearen esku utzita. Gure helburua bertsolaritza geroratzea da, gaurkotuz. Eta denok sentitzea bertsolaritzaren puzzle handi horretan pieza txiki bat. Sintonia horretan asmatu dugu.

Artista batzuen ikuspegitik elkarte batek artistak mugatzen ditu.
Elkartea behin ere ez da sartu bertsolarien iritzia mugatzera: ez iritzi politikorik, ez sozialik... Bertsolari bakoitzak egiten dituen ekarpenak formatuan, estiloan, berrikuntzetan... Elkarteak onura kontsideratu du, eta probokatu ere egin du Lankuren bidez. Gaurkotasunez bere bertsoegiletasunean aurrera egitea erabaki duen bertsolariari, lehen ikusten ez zituen bide eta ate asko zabalik ikustea ekarri dio.

Elkartearen egitura aldatu da. Zertan datza aldaketa eta zertarako egin da?
Elkartearen bizitza osoan batzutan lankide eta bestetan gidari izan dugun idazkaria erretiro garaira iristen ari da eta bera ordezkatu nahi genuke baina bere esperientzia guretzat baliagarri izateko moduan. Berak bezala beste batzuek pilatu duten esperientzia ere berreskuratzea da gure helburu. Horretarako, lehendik esperientzia zuen beste pertsona bat berreskuratu dugu koordinatzaile figura bete dezan eta horri esker nahi genuke Elkartea berregituratzea.
Zuzendaritzari dagokionez, lehengo egitura oso konplexua zen eta eraginkorragoa egiteko arindu egin dugu. Soldatapeko langileen kudeaketa taldea zegoen batetik, ondoren eragiletza edo sail bakoitzeko ordezkariekin egindako bilera, eta eragiletzan egindako proposamenak aztertzen zituen zuzendaritza. Baina eragiletza hilero biltzen zen eta zuzendaritza hiru hilabetero. Eta hiru hilean behingo organo batek funtzionamendurako arrisku denak ditu eta organo gorena izanik, erabakiak hartzeko ez zen sistemarik onena. Orain zuzendaritzan herrialdeetako ordezkariak egongo dira, lau sailetako buruak, gure zerbitzuak (Xenpelar eta Lanku) eta kargu hautatuak: idazkaria, koordinatzailea, diruzaina, lehendakaria. Hilero bilduko da eta elkartearen jarduna gertuagotik jarraitu ahal izango du.

Elkartetik kanpo ere gaur egun bertsolaritzak zer zati betetzen du zure bizitzan?
Nik uste nire garairik onena, erosoen eta sortzaileen sentitzen nintzena, izan zela. Orain gustatuko litzaidake gozatuz ondo pasatzea, eta ez dut lortzen hori ere. Saiotan banabil, eta batzuetan oso oso gustura, neure burua gainditu nahi horretan... Arazoa da lehenago izan zinenaren argazki bat baduzula zuretzat, eta beti ispilu horretan begiratuz gero, gainbehera ikusten duzula. Bertso munduan oraindik gogoz nabil. Askotan inbidia sentitzen dut ikusita, esaterako, Bertso Egunean Patxi Etxeberria batek kantatzeko eduki zuen patxada, edo Egileor berarena edo Kosme Lizasorena... Gustatuko litzaidake buruan esateko ditudan gauza guztiak bertsotan esateko lasaitasun hori edukitzea. Bete nahi dudan leku hori bete, inori berea kendu gabe, baina nirea erreklamatu egiten dut oraindik ere. Esperientziak, bizipenak, besteei transmititzeko modukoak sentitzen ditut eta bertsotan hori nahi bezala gauzatu ezina gogorra egiten zait, baina badut konfiantza hobetu eta gaindituko dudala.



Entzun elkarrizketa osoa (hainbat pasartetan banatu dugu):


Pilar Iparragirre


Kale gorrian
Robert Swindells
Elkar
172 orrialde 10,50 euro

Londresko etxegabe gazteen arazoa

Iñaki Mendigurenek euskaratu duen Robert Swindells idazle ingelesaren gazteentzako nobela honek Londres bezalako hiri handietan etxegabe bizi diren gaztetxoen arazoa plazaratu du. Familiarekin desadostasun larriak izan eta gero etxetik alde egin zuenetik horrela bizi da protagonista, kale gorrian. Bizitza hori ez da batere erraza. Egunero bilatu behar da sabelera eramateko mokaduren bat eta lo lasai samar non egin. Hala ere, aurkituko ditu bera bezala dabiltzan beste gazte batzuk, eta alaixeago egingo zaio biziraupenerako borroka. Eskale etxegabeak akabatzen dituen gizonaren berri izaten duten arte. Londresko kaleak «garbitu» egin nahi ditu morroi horrek, eta protagonista eta bere lagunentzat ere baditu planak.

Teorías y prácticas en educación artística
Imanol Agirre
Nafarroako Unibertsitate Publikoa
378 orrialde

Artearen heziketaz Imanol Agirrek eginikoaren berrargitalpena

Imanol Agirre Arriaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak 1999an kaleratutako lanaren berrargitalpena dugu Teorías y prácticas en educación artística. Ideas para una revisión de la experiencia estética. Bertan, aurreko argitalpenean aurkitu dituen hutsuneaz hitz egiteaz gainera, hartan agertutako lan berberak doazela argitzen du egileak. Aditu honen iritziz, Espainiako egungo heziketan artea bidegurutzean dago, iraganeko ibilbideari eta etorkizunari begira aurre egin beharreko erronken aurrean, eta gai horren gainean egiten du Imanol Agirrek, ezer baino lehen, gogoeta sakona, artearen teoriari historian zehar egin zaizkion ekarmenei, tendentzi berrienei eta egungo egoerari errepasoa egitea ahaztu gabe.

Gure amona Lutxi
Antton Kazabon, Jokin Mitxelena
Gero
36 orrialde 6,50 euro

Amona bihurri baten arrazoiak

Antton Kazabonek sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako istorio honetako kontalaria, Oxane, oso kezkaturik dago, aitona hil zitzaionetik amonak hartu duen jarrera ikusita. Izan ere, aitona bizi zenean bere etxeko andere gozoa baino ez zen hura erruz lotsagabetu da eta bazter guztiak nahasten ditu. Gogoak ematen dionean entzuten du musika erabat ozen, adibidez; janzkeraz ere erabat aldatu du eta gaztetxoak bezala janzten da orain, hirurogei urterekin. Sudurraren alde batean belarritako txiki bat darama, ilea motz-motz moztu du, hondartzan bikini txiki bat darama titizorrorik batere gabe, herriko festetan gaztetxoen arteko motokros lehiaketan parte hartu zuen eta orain mutil laguna ere aurkitu du, antza, maitasunak ez duela adinik-eta. Hala ere, amonak baditu bere arrazoiak hori guztia egiteko.

Ostiela!
Batzuen artean
Paperzaleak Kultur Elkartea
44 orrialde 3 euro

Taniperlako mural magikoaz

Tzeltal indioek Chiapaseko Taniperlan egindako muralak ordu batzuk baino ez zituen iraun, 1988ko apirilaren 11n, goizean goiz, Mexikoko militarrak herrian oldarka sartu, hainbat herritar atxilotu eta mural hori birrindu zutelako. Baina oldarraldi militar hura gertatu aurretik zenbait begiralek koloretan erretratatu zuten, eta orain munduko hainbat tokitan, baita Euskal Herriko Altsasun ere, adibidez, ikustea dago Taniperlako murala. Eta gai horri eskaintzen dio Ostiela! aldizkariaren neguko zenbakiak tarterik nagusiena. Nolanahi ere, badu bestelakorik. Laurogei urtetan sartua egonagatik etorkinei euskara irakasteko gai den Inaxito Albisu bihurriari egindako elkarrizketa, Eli Tolaretxipiren olerkiak eta Jon Aranok bere Lehen andre-hartzeaz idatzi duen artikulu bitxia, esate baterako.

Itzal suntsigarrien gaua
Agustín Fernández Paz
Pamiela
122 orrialde 9 euro



Gerra galdutako osabaren altxorra

Manu Lopez Gasenik euskaratu duen Agustín Fernández Paz galiziarraren nobela dugu Itzal suntsigarrien gaua. Udako opor batzuetan amonaren etxean hamasei urteko neska batek aurkitu zuen altxorraz mintzo da. Amonarenean, hura bizi zenean sekula sartzerik izan ez zuen gelan lo egitea egokitu zaio neska horri, aspaldi hila dagoen osaba Montxorenean, hain zuzen ere. Bere gauzak kokatu ahal izateko, osabarenak beste nonbaitera eraman beharko dituela pentsatuz hasten da gaztea haren gauzetan begiratzen. Eta horrela aurkitu ditu 1936ko Gerran galtzaile izandako osabak utzitako liburuak, dokumentuak eta bere bihotzeko kutunak Buenos Aireseko erbestetik bidaltzen zizkion gutunak. y

Entzun!
Batzuen artean
Eragin.com
50 or. / 3 euro

Mikel Laboari egindako elkarrizketa eta beste

Entzun! musika aldizkariaren azkeneko alean street-punk deritzon musika estilo eta mugimenduari eskaini diote tarte nagusia, Euskal Herrian benetako «revival» moduko bat gertatzen ari dela-eta: Oi! eta punk talde mordoa atera omen dira azkenaldian. Baina aldizkariaren mamia ez da hor bukatzen, noski: disko, kontzertu, fanzine eta hainbat jaialdiren berriez gainera, elkarrizketa egin diete Basque Country Pharaons-i, Eraso!-ri eta elkarrizketen batere zale ez den Mikel Laboari.

Jakob von Gunten
Robert Walser
Erein
158 orrialde 13 euro

Robert Walser-en hirugarren eleberria euskaraz

Edorta Mataukok euskaratu du Jakob von Gunten, Robert Walser (1878-1956) idazle alemaniarrak bere obretatik lehenesten zuen eleberria. Jakob von Gunten, izen horixe duen ikaslearen egunkaria da. Barnetegi batean dago gaztetxo hori, eta orriz orri aletuz doa bere ingurukoekin dituen esperientziak. Han dauzka zuzendari jauna, haren arreba den andereño Benjamenta, beste irakasle batzuk, hainbat ikaskide, eta guztien gainean egiten du gogoeta. Mutikoak dioenez, jasotzen duten heziketa beraiengan pazientzia eta obedientzia barneraraztean datza, eta horiekin, bere iritziz, norbera ez da oso urrutira iristen. Nolanahi ere, Benjamenta institutuko muntaiak lur joko du azkenean, eta ikasle horrek jarraitu egin beharko du alderrai bizitzan, Robert Walser idazleak berak bezalaxe. XX. mendeko idazle aleman handienen artean kokatua dago gaur egun Walser, baina bizi zenean kritikak ez zuen haintzat hartu, nahiz eta Franz Kafka, Walter Benjamin edo Hermann Hesse bezalako idazle garaikideek ikaragarri miretsi bere lana. Robert Walser hil eta gero, 70eko hamarkadan jabetuko zen mundua porrotaren grina inork baino hobe islatzen asmatu zuen idazlearen garrantziaz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan