Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-19 -- 2032.zenb

Iñaki Barcena

Duela 30 urte Espainiako Foro Nuclear erakundeak halaxe zioen: "Hoy nuclear, en 30 años, energía solar". Gaur, berriz, euren mezua egokitu dute eta energia nuklearraren berpizkundea plazaratzen dute, beste energia berriztagarriekin batera. Azken batean, enpresa nuklearrei petrolio eta erregai fosilen krisialdiak aukera ezin hobea ematen die euren negozio berriak antolatzeko. Europan British Energy eta Tony Blair izan dira ausartenak, eta hurrengo 15 urteetan, dituzten zentral nuklear zaharkituak itxi beharrean, berriak eta eraginkorragoak ipini nahi dituzte toki berdinetan.

Dudarik gabe, egungo mundu honetan, baita duela 40 urtekoan ere, zentral nuklearren arazo politiko nagusia kokapen geografikoa izan da. 1970eko hamarkadako hasieran Francoren Plan Energético Nacional delakoak dozena erdi erreaktore nuklear aurreikusi zituen Euskal Herriko lurretan (Lemoiz I eta II, Ogeia-Ipazter, Deba eta Tuteran) eta zorionez amaieran proiektu guztiak bertan behera gelditu ziren. Ez zituzten lekuak ondo aukeratu-eta!

Oraingoan, Irango gobernuak zentral nuklear bat martxan jarri nahi du eta ez dago modurik euren asmo elektrikoak bonba nuklearren arriskuarengandik separaturik ikusteko. Ez dezagun ahaztu, Hiroshiman eta Nagasakyn, 1946ko abuztuan, Trumanen hegazkinek jaurtitako lehergailu atomikoak aprobetxamendu energetikoa baino lehen asmatu zirela. Pasa den urtean Al Baradei egiptoarrari Bakearen Nobel Saria eman zioten eta berak zuzentzen duen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, hain zuzen ere, helburu nagusi hori bete behar du, hots, Iraken lehen eta Iranen orain, lehergailu atomikoak ez izatea.

Agian horregatik, Europako enpresari nuklearrei ez zaie gustatzen arma nuklearren gainean hitz egitea, hori leku eta denboraz kanpo baitago, antza. Euren negozioetarako aukera berria ikusten dute eta hori guztiz zilegi eta baketsua da. Begira bestela Finlandiako kasua, non erreferendum demokratiko baten ostean, zentral nuklear bat -Europako bakarra- eraikitzen ari diren. Suomitarrak dira eredu, ez suediarrak, austriarrak, italiarrak, alemanakà zeinek zentral nuklearrak jadanik itxi edo ixteko bidean dituzten. Iritzi publiko europarrak ez du zalantzarik: %12k soilik aukeratzen du energia mota hau, %48 eguzki energiaren garapenaren alde dago eta %42 beste teknologia garbien alde.

Antinuklearrei, dirua baino, bestelako asuntoak garrantzia handiagokoak iruditzen zaizkigu. Hondakinak adibidez. Gaur egungo zarama nuklearrak -goi-erradioaktibitatekoak, bereziki- zentral nuklearretan bertan pilatzen dira, eta aspaldion Europako Komisioa urduri samar dabil estatu guztiek hondakin nuklearrak gordetzeko leku aproposei eta epeen egitasmoei muzin egiten baitiete. Ez bada erraza zentral nuklear bat ezartzeko tokia bilatzea, are zailagoa dugu zabor nuklearra gordetzeko lekua topatzea. Nork nahi du horrelako oparia etxe ondoan?

Arriskua eta erradioaktibitatea batera doaz. Harrisburg, Vandellós, Tokaimura edo Txernobilek oso gogoramen latzak ekartzen dizkigute. Munduan 500 zentral nuklear inguru daude funtzionamenduan eta estatistikak dio bost urtean behin, istripu nuklear larri bat izatea probabilitate handiko kontua dela.

Horrela izanik, beste bide energetikoak ibiltzeko premia dugu. Eta ez da kasualitatea antinuklear eta ekologisten sinboloa eguzkia izatea. Baina bertoko ekologistak energia eolikoaren aurka omen gabiltza eta aldiz, Euskadiko Gobernu autonomikoak eredu izan nahi du energia alternatiboen alorrean. Duela gutxi Ibarretxek inauguratu zituen 5 haize-errota handiak (2 Mw) Abrako badian eta egun berean zioenez, Ordunteko parke eolikoaren proiektua bertan behera gelditzen bada, ezin izango dituzte Euskadiko Estrategia Energetikoan markatutako helmugak bete, hots elektrizitatearen %12a iturri berriztagarrien bidez lortzea 2010. urtean. Jeltzaleek eta bere gobernu lagunek bi aukera dauzkate arlo energetikoan: Iberdrolak markatzen diena, hau da, negozioari soilik begiratzearena edo poliki-poliki eguzkiaren bidea ibiltzearena.

Ez gaitezen engaina, eguzkia toki askotara heltzen da eta mendi tontorretatik aparte, lekua soberan dute, Euskal Herriko poligono industrialetan, esaterako.

Joxerra Aizpurua

Orain dela 14 urte Karlos Santamaria elkarrizketatzeko aukera izan nuen eta Elhuyar aldizkarian argitara emandako elkarrizketa errepasatu ondoren entresaka batzuk gogoraraztea erabaki dut.

Bake-prozesua, ekonomiaren globalizazioa, demokrazia eta azpiegitura erraldoiak dira bizi-bizi kalean ditugun gaiak. Ez zait iruditzen aipatu gaien inguruko eztabaidak jendea gehiegi ilusionatzen duenik edo beste era batera esanda, jende asko eszeptiko agertzen da eta askok paso egitea erabakitzen du, nahiz eta barruan alde bateko edo besteko gogoa izan.

Politikan politikoak ditugu, zientzia eta teknologian zientzialariak edota teknokratak ditugu, jendea gero eta espezialistagoa da gauza konkretuetan. Bakoitza bere alorrean gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen dela ezin uka, baina alor bakoitzean mentalitate globala edo transbertsala duten pertsonak gero eta gutxiago dira. Mundua sistema konplexu bat da eta sistemaren puntu batean aldaketaren bat gertatzen bada, sistema osoan, nahiz eta maila desberdinetan izan, eragina jasaten da. Eragin horiek zailak dira aurreikustea neurri handi batean behintzat, baina hezkuntzak eta kulturak egun pertsonalizazio eta espezializaziora garamatza; beraz gero eta "todoterreno" gutxiago daude eta horixe da faltan botatzen dudana une honetan.

Hau dela eta "todoterreno" izan zen batekin gogoratu naiz eta bere hitzak gogorarazi nahi ditut.

1909.eko abenduaren 25ean Donostian jaiotako gizon honek bere ateak zabaldu ondoren, lan-gelara sartzeko gonbitea luzatu zigun. Gela ez zen handia eta bertan ez zen kolore distiratsurik ikusten. Argia bera ere, ez zen intentsitate handikoa eta apalategian zituen libururik gehienak ez ziren azkenaldikoak. Besaulkian eseri ginenean:

"Urte askotan arrisku nuklearraren eraginpean egon gara. Orain, zorionez, gerra nuklearraren arriskua igaro da eta asko pozten naiz horretaz. Gerra nuklearra izugarria izan daiteke guztiontzat eta horregatik parte hartu izan dut kanpaina antinuklearretan.

Hala ere, ni ez naiz antinuklearra, hau da, energia nuklearrari ez diot uko egiten, baina alor honetan baldintza asko jarriko nituzke..."

"Demokrazia, garai batean sakon sentitzen zen hitza zen. Eta gaur egun zer gertatzen da? Demokrazia badugu, baina ez gara ezertaz enteratzen; boterea ia lehen bezain urrun dago. Alderdiek erabakitzen dute eta informaziorik ez dago.

Bestalde, gizarteko balioak asko aldatu dira. Gaur egun garrantzitsuena pragmatismoa eta utilitarismoa dira. Dirua irabaztea da askoren helburu bakarrenetakoa. Gatazka handirik ez dago eta aldi berean, ilusio eza gero eta nabariagoa da. Ideologiak gero eta leku gutxiago du... "

"Niretzat ekologia oinarrizko jakinduria da. Historian zehar mentalitate teknikoa dutenak eta mentalitate ekologikoa dutenak aurkitu izan ditugu eta oraindik ere aurkitzen ditugu. Lehenengoek natura erabili egiten duten bitartean, bigarrenek natura errespetatu egiten dute.

Nik soluzio harmonikoen beharra ikusten dut. Natura erabili behar da, baina errespetatuz; izugarria baita industriak irizpide ekologikorik gabe egitea.

Beraz, ekologia bizitza ikusteko modu bat da, eta gainera, bizitzako ekintza guztietara zabaldu behar den kontzeptua. Gizatasuna beste era batera ulertzen da, eta lehen esan dudan bezala, jakinduri mota bat da..."

Ordu eta erdiz izan ginen Karlos Santamaria jaunarekin eta jaso dituen eta jasotzen ari den sari eta aipamenez ez zigun tutik ere esan. Aldiz, Elhuyar aldizkariko "Zientzialarien ildotik" gustukoa zuela, Euskaldunon Egunkariarako artikulu bat idazten ari zela eta liburu pare bat irakurtzen ari zela esan zigun, hau da, pentsatzeari ekiten ziola esan zigun.

Karlosek aipatu soluzio harmonikoa zaila zen bere garaian eta zaila izaten segitzen du, baina horren bilaketak ekar dezake haize freskoa gure gizartera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan