Inoren jarduna juzkatzeko tentaldia dugunetan, inor horren mokasinak jantzita ibiltzeko aholkatzen digu siuxen esaldi batek. Bestearen mokasinak jantzi, bestearen barne-muinak ulertzen saiatu. Ahalegin noblea, noblerik bada. Halakotik asko beharko dugu guztiok ere inoiz bakegintza lortuko badugu.
Bestearen mokasinak janzteko gogorik gabe eta geure baitara begiratzeko gogorik ez, etsitzen hasita gaude gure mundutxoaren aldaketak ez ote duen esaten diguten baino luzeago joko. Eta, bitartean, hor ari gara entzuten, monotonia iraingarri batez, bonben hotsak han eta hemen, farfailarenak hemen eta han.
Eta pistolak isiltzean?
Aldizkari gero eta txukunago honen orain bizpahiru asteko azken orrialdeak Aingeru Epaltzaren Durangotik Azkoitira izeneko artikulu ausart bezain eskertzekoa zekarren: Azkoitiko udaletxean gertatutakoa kontrajartzen zien Durangoko azokan izandako zentsurari buruzko hausnarketei.
Artikulu osoan ez dago alferrik galtzeko deus gizenik. Pasarte bat hautatzen hasita, hona bat: «Pistolak isiltzean dena posible izanen dela errepikatzen dutenek ez diote tamaina hartu gure indiferentziak zulatutako arrailaren sakonari».
Sogalinda (Entretenimendu lexikoak: I)
Gurutzegrama bat egiten ari nintzen gaztelaniaz. Erantzun behar nuen definizioetako batek bitxikeria bat zekarren: ¨Hermosas cuerdas? No, lagartijas. Hitz joko baten usaina hartzen nion, baina ez nuen erantzunaren arrastorik, eta aurrera segitu nuen, ea galdera kriptikoa argitzea lortzen nuen gurutzegramaren goitik beherako eta ezker-eskuineko hutsuneak bete eta gero. Halako batean bukatu nuen gurutzegrama, eta baita erantzuna topatu ere: sogalindas.
Ez nuen erantzuna ezagutzen
«Sogalinda, lagartijas, sogalinda, lagartijasà» hasi nintzen hausnarrean, eta pentsatzen nuen: «Sogalinda horrek ez dik ba zerikusirik izango gure sugandilarekin?».
Gurutzegrama bukatu berri, une hartan hasi zen, ordea, nire benetako entretenimendua. Gaztelaniazko hiztegian begiratu nuen lehendabizi. «Sogalinda. F. Vizc. Lagartija». Ederki, poztu nintzen ni, gaztelaniak bizkaieratik hartu dik hitza, sugandila hitzaren forma ugarietako batetik. Gauza bera esaten du Josu Gómezen Vocabulario popular de Bilbao hiztegiak ere. «Es voz vasca».
Kito, misterioa argitua geratu zen.
Bat-batean, ordea, orain urte batzuk umeentzat idatzitako ipuin batez gogoratu nintzen. Bertan ageri den sugandila protagonistak Dindirri du izena eta baita liburuak berak ereà Gogoan dut sugandilaren izenak ez ninduela batere bete, baina, izen hobeago baten faltan, Dindirri hura onetsi nuela.
Telefonoa hartu eta merkatuan dauden ale guztiak erretiratzeko eskatu nion editoreari. Berrargitalpena egin nahi nuela, liburuan ageri den protagonistari Sogalinda ez deitu izanaren barkamena eskatzeko modu bat izango zela berrargitalpenaà Sugandilari Dindirri izena kendu eta Sogalinda deitu nahi niola. Prestatzeko liburuaren edizio berri bat.
Esan didatenez, editorea erotu egin ote naizen zabaltzen ari da bazterrik bazter.
Txista-txista (Entretenimendu lexikoak: eta II)
Halatsu gertatzen zaigu sarri gure uste eta gure egiekin ere: gurea soilik dena mundu guztiarena behar duela pentsatzen dugu.
Dama
Elizkizun horietan auskalo non ibiltzen den nire burua, baina ikasbide sotil bezain eraginkor bat barneratzen ari naiz -eta ez da etekin kaskarra- intsentsu-usaineko ordu horietan: denok berdintzen baikaitu, heriotza da ezagutzen dudan damarik demokratikoena.
Bastoia
- Hire edadean eta bastoiarekin? Hireak egin dik!
Bigarrenak, bastoia airean astindurik, mehatxu egin dio adar jotzaileari. Ez zaio txantxa gustatu.
Pitagorasek nahiago omen zuen esperientziaren bastoia, fortunaren gurdi gaztea baino. Baina garai batean bastoia, autoritatearen eta esperientziaren ikurra izateaz gainera, bazen dotorezia halako baten sinboloa ere: dandiek-eta bastoia erabiltzen zuten, ez haren premia zutelako, beren maila sozialaren zein finezia artistikoaren kategoria azpimarratzeko baizik. Gaur egun, berriz, inork ez du gustuko zahartzen hasi dela edo arazo fisikoak dituela erakustea. Bizitzaren aro deigarriena gaztaroa baita, hura imitatzera jartzen ditugu ahaleginak, egia handiak estaltzeko kremak eta gezur txikien ukenduak. Gaur bastoia behar duenak ere nahiago bastoirik gabe, ez baitu gogoko hirugarren hanka baten premia duela aitortzea.
Ahulezia fisikoa ez baitago ondo ikusia, zaharrek ere zaindu egiten dute beren irudia. Utikan bastoiak! Eta bastoiari uko eginez, uko egiten diote sinboloari -garai batean bastoiak adierazten zuen autoritateari-, eta errealitateari -bizitzan zehar irabazi bai, baina guk aitortzen ez diegun esperientziari-.
![]() |
|
||||
2031 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa