![]() | Nagore Irazustabarrena2006-03-12 |
Ziburuko frontoiaren argazkiarekin Iparraldeko postal eder eta lasaia egin genezake. Baina zer gertatuko litzateke irudi tipiko horretan bi artista gaztek 90 lagun bildu eta, euren pop kutsuko kamisetekin, Tupperware bilgune moduko bat prestatuko balute? Horixe egin zuten 2003ko irailean Maiana Agorrodyk -Ustaritze, 27 urte- eta Jokin Etcheverriak -Donibane Lohizune, 26 urte-, edo, gauza bera dena, My Jok plataforma artistikoak. Bikotea Bordelen sortu zen; Maiana Arte Ederrak ikasten ari zen eta Jokin Antzerki Eskolako ikasle zen.
Ziburuko happening hori izan zen euren lehenbiziko ekintza. Eurek diseinatutako nikiekin produktu-test modukoa irudikatu zuten, bertaratutakoei euren lana gustatzen ote zitzaien, zein kolore maite zituzten... galdetuz. «Kamisetak egin genituen eta serigrafia garestia izan zen; saldu egin behar genituen» azaldu du Maianak. Hala da, hainbat ekintza egin dute kamisetak saltzeko. Baina, alderantziz ere, kamisetak saltzen dituzte euren ekintzak egin ahal izateko eta kamisetak berak aitzaki moduan erabiltzen dituzte euren sormen lanerako. My Jok Show da horren beste adibide bat: 2003ko ekainean Bordelen eta Ziburun ordubeteko ikuskizuna prestatu zuten publizitatea eta artea nahastuz. DJ bat eta Rap kantari bat inguratu, bideoarekin lagundu eta antzezlana burutu zuten muturreko publizitate kanpaina irudikatuz, «multinazional bat bagina bezala».
My Jok sormen artistikoa da eta marka komertziala ere bai, eta bi izaerak elkarren osagarri dira.
Egitura komertzial «euskalduna»
My Jok mundua
My Jok-ek moda, marrazkia, antzerkia, bideoa... uztartzen ditu, arte garaikidearen gero eta diziplina aniztasun handiagoari helduz. Lan kolektiboa gustatzen zaiela bistan da: besteak beste, Iruńeko Funtsak kolektiboarekin eta Bilboko Funky Project-ekin batera aritu dira. Eta kalean aritzea ere maite dute, jendearengandik gertu egotea: «Ez dugu elitistak izan nahi, ez gara batere ępijoakĘ Hegoaldean esaten duzuen bezala. Jende guztiarentzat mintzatu nahi dugu, guztiengana heldu».
Sorlekua utzirik
Erakundeen laguntza eza azaltzeko adibide bat ipini digu Jokinek: «Miarritzeko Herriko Etxeak Parisko agentzia bati milaka euro ordaindu dizkio berriki bere logoa egiteko eta Iparraldean baditugu artistak hori egiteko gai direnak». Lasai-ren liburuxka zabaldu eta Franck Cazenaveri dagokion orrialdean ipini du hatza: «Miarritz bertakoa da eta lan ederrak egiten ditu. Hori anitz pasatzen da Iparraldean; domaia da bertako artistei lanik ez dietela ematen eta, gu bezala, jendea ez dela bertan gelditzen. Gu Euskal Herrian geratu gara, baina asko eta asko Bordelera edo Parisera joaten dira».
Bilbora mugitzeko arrazoien artean, ez dute soilik diru kontua aipatzen, giro egokiaren bila ere etorri baitira: «Inguruan dinamismoa ukaiteak, beste artista batzuk ukaiteak on egiten dio artistari» Maianaren hitzetan. Eta giro hori lehenagotik ere ezagutzen zuten Bilbon topatu dutela dio Maianak: «Hegoaldeko jendearekin eta, bereziki, Bilboko jendearekin usu egin dugu lan, mugimendu berdinean ari gara nolabait».
Baina Hegoaldera mugitzea eta Iparraldea ahaztea ez dira gauza bera. 2005ean bezala, aurten ere Lasai proiektua bultzatuko du My Jok-ek eta irailean Iparraldeari buruzko film bat egingo dute Euskal Kultur Erakundearekin batera. «EKEkoek ulertu dute guk egin nahi duguna, ulertu dute gure modura egingo dugula edo bestela ez dugula egingo, eta ongi laguntzen gaituzte».
Paris, Tokio, Bartzelona...
Iparraldeko artista garaikideek ez zuten elkar ezagutzen, ez zuten bilgunerik. Horregatik, Maianak dioenez «ikusi genuen behar zela zerbait egin, artisten promozioa egin, hor direla erakutsi eta sare ttipi bat sortu». Horrela sortu zen iaz Lasai proiektua My Jok plataforma artistikoaren bidez. Iparraldeko sortzaile garaikideak biltzen dituen katalogo osatu eta 5.000 liburuxka banatu zituzten. Honako artistak biltzen ditu Lasaik, My Jok-ez gain:
- Franck Cazenave. Arte zuzendari moduan euskarri grafiko guztiak ukitzen ditu.
- Eric Dicharry. Uda da aldizkariaren sortzaile eta Kalamu agentziaren zuzendari, kutsu dadaista du bere lanak. www.udada.fr
- Pantxika Ospital.«Konpainia gauzakiak» kontzeptupean, forma eta funtzio berezirik gabeko objektuak sortzen ditu.
- On The Moon. Kontzertu, erakusketa edo proiekzioen bidez gazteen sormena kultura alternatiboa hedatzeko erabiltzen du kolektibo honek. //on.the.moon.free.fr
- Isa Suarez. Kutsu politiko eta kritikoa dute soinu artista honen lanek. www.isasuarez.com
- Zebra 3. Arte plastikoetan hainbat lan burutu eta laguntzeaz gain Buy Sellf aldizkaria argitaratzen du elkarte honek. www.buy-sellf.com
- Christophe Nowakowski. Altzari berezi eta pertsonalak egiten ditu.
- Action Futur. Eskultura eta arkitekturaren artean, etorkizuneko bizilekuak proposatzen ditu taldeak. www.actionfutur.org
- Kalage. Ikusentzunezko sorkuntza lantzen du.
- Caligrayk. Umorez betetako CD-ROM egiten dituzte. www.caligrayk.com
- Maitetxu Etcheverria. Ikusleari zalantza sorrarazten dion argazkilaria.
- Combhard. Thomas Renaudek neoprenozko moda sortzen du. www.combhard.com
- Aldudarrak bideo. Tokiko telebistaz lantzeaz gain bestelako ikusentzunezkoak ere egiten ditu, 1997az geroztik. www.kanaldude.org
- Sylvestre Gobart. Fruta exotikoak dira bere lanaren oinarri.
Gainera, 2005eko azaroan Ustaritzen elkarretaratze bat egin zuten, fisikoki elkar ezagutu ahal izateko eta bakoitzaren lanak erakusteko. Ekimenaren balorazio positiboa egiten dute: «Harremanak atxiki ditugu eta hasi gara gauzak elkarrekin egiten» dio Maianak, aurten ere beste Lasai bat argitaratzeko asmoa adierazten duen bitartean. Aurtengoan, Hegoaldeko artistak ere kontuan izango dituzte, Iparraldekoekin harremanetan jartzeko.
«Lehen urrats bat eman behar zen eta egin genuen» diote My Jok-ekoek, oraingoan kritiko, «baina hori ez da gure lana; instituzioek egin beharko lukete».