![]() | Miel Anjel Elustondo2006-03-12 |
Legutiano, Gasteiztik iparraldera, hamabosten bat kilometrora. Gari, garagar eta olo soroak nagusi direneko aldea. Legutiano dugu udalerriaren izena. Bertan dira Billerle -herri guneari bertakoek ematen dioten izena-, eta Elosu, honen auzo Ollerieta barne, Nafarrate, Urrunaga, Goiain eta Urbina. Horixe Carrerak eta Garciak aztertu duten Legutiano aldea, liburuan eta bi CD interesgarritan eskaini digutena.
Orain arte Aramaiok jaso dituen ohoreak biltzeko moduan da Legutiano. «Jendeak, oro har, ez daki Legutiano aldean euskaldunak daudela. Betiko euskaldunak, esan nahi dugu. Horregatik, gure helburua zen jendeari jakinaraztea Arabako zonalde horretan oraindik euskaldunak daudela». Henrike Knörr irakaslearen bitartez jakin zuten Urrunagan bazela oraindik andre bat, azkena omen, euskaraz hitz egiten zuena. Harekin harremana egin eta abiatu ziren ikertzaileok lanean. Euskaldun gehiago topatu zituzten gero. «Legutianon bertan oso erraz topatzen dira txikitandik euskaldun direnak».
Euskaradunak uste baino gehiago Legutianon. Ezjakinean ginen. «Aramaio bera ere ez da oso ezaguna, ez arabarren artean, ez beste lurraldeetako euskaldunen artean». Aramaio ezaguna ez, eta are gutxiago ezaguna Legutiano aldea. «Zenbait jendek uste du Laudio eta Amurrion gordetzen dela euskara! Araba oso zentralizaturik dago, dena da Gasteiz. Hiritik hamar kilometrora, berriz, hortxe Legutiano, euskara gordetzen duen herria. Oletako zenbait euskaldunek ere ez daki Legutianon euskaldunak daudena. Ondoan daude bi herriak, Oleta eta Legutiano, alegia, baina elkarren berri ez balute bezala da, euskarari dagokion kontu horretan behintzat». Hipotesia ere egina dute Carrerak eta Garciak: «Aramaion eta Oletan miretsi egiten dute euren euskara, harro daude. Legutiano aldean, berriz, ez dute beraien euskararen uste onik, konplexua ere izan dute, salbuespenak salbuespen, nahiz eta erabiltzen duten euren artean, batere arazorik gabe. Hikaz ere hitz egiten dute».
Adinekoak helburu
Arabarrak, udalerri horretan bertan jaioak eta bertako euskarari eutsi diotenak behar zuten izan. Ondoko herri Oletako biztanleekin ere grabazioak egiteko asmoa zuten, baina Oleta Aramaio da udalerriz. «Ondorioz, oraingoz hara ez jotzea erabaki genuen eta Legutiano udalerriko biztanleak beste inor ez kontuan hartzea. Eta, arestian esan dugunez, bertan jaiotako euskaldunak. Izan ere, Legutianon hainbat dira beste herri batzuetatik hara joan diren euskaldunak: Otxandiokoak, Arratia aldekoak, Bergarakoak... alkatea bera, adibidez, bergararra da».
Legutiano aldean euskara oraindik bizirik dagoela erakutsi dute Carrerak eta Garciak lan honetan. «Eta badirela euskara praktikanteak, nolabait esateko. Gainera, euskara hori erakutsi nahi genuen, lagin bat besterik ez bada ere: zein doinu duen, zein hitz, zein aditz forma erabiltzen dituzten eta abar».
Leintz, Arratia eta Aramaioko euskarari loturik dago Legutianokoa, eta hurreago, adibidez, Otxandio eta Ubidekoari. Ezin jakin, dena den, Gasteizko euskararen aztarnarik topa ote genezakeen Legutianoko euskararen berri izanda. «Legutiano -Billerle-, eta Gasteiz artean ez dago hamabost kilometro besterik, eta herri zerrenda bat: Luku, Mińao, Erretana, Gamarra... denak elkarren ondoan daude. Beraz, Gasteizen, edo Gasteiz inguruan hitz egiten zen euskara eta Legutiano aldean egiten dena antzekoak zirela pentsatu beharko genuke. Hizkera berbera zirena ezin baieztatu, hori ez. Bestalde, Gasteizko euskarari buruz dugun lekukotasun bakarra Landuccioren hiztegia da, XVI. mendekoa. Gasteizkoa eta Legutianokoa konparatu ahal izateko, XIV. mendean Legutianon nolako euskara egiten zen jakin beharko genuke. Eta ez dakigu. Ez dago garai hartako daturik». Ezin beste berririk jakin, ondorioz.
Azkue, Yrizar, Gaminde...
Ińaki Gamindez beste, Resurreccion Maria Azkuek ere ikerketan jardun zuen Legutiano aldean. "Morfologia del verbo vizcainon Legutiano, Urrunaga, Nafarrate eta Elosuko aditzak ageri dira, eta gure emaitzekin bat datoz lan horretako datuak. Aditza dela eta, zera ikusi dugu, alegia, muga bat dagoela Elosu, Nafarrate, Urrunaga alde batetik, eta Legutiano, berriz, beste batetik. Aditz laguntzailea desberdina da batean eta bestean. Gure ustez, Elosu, Nafarrate eta Urrunagako euskarak, Billerlekoak baino antz handiagoa du Zigoitikoarekin. Kontua da Lacombek eta Azkuek Zigoitiko aditza bildu zutela 1919an, eta horko aditza eta hiru herri horietakoa, Elosu, Nafarrate eta Urrunaga, oso antzekoa dela".
Arabar euskaldun hegoaldekoak
Bestelakoa da egoera herri gunetik kanpora: Nafarrate, Elosu eta bestetan. «Herri hauetan zailago da euskaraz dakien bertako norbait topatzea, oso herri txikiak direlako eta bertako biztanleak Gasteizen edo beste nonbait bizi direlako. Nafarraten, adibidez, ez da euskaldunik bizi, lehengo euskaldunik behintzat: bertan etxea erosi dutenak badira, baina ez dira bertako seme-alaba. Elosu apur bat handiago da, eta hor bai, topatu ditugu bertako euskaldunak».
Ińaki Carrerak eta Imanol Garciak ontzat eman dute egindako lana. Ez zuten dialektologo jarduteko asmorik. «Gure helburua ez da izan bertako euskararen ezaugarriak lantzea, euskara hori badela adieraztea baizik». Egin dute urrats hori. Hemendik goiti, hurrena datozenek lan egiteko modua izango dute...
Gotzon Aurrekoetxea eta Henrike Knörr irakasleek egina da liburuaren sarrera. Hauek, bi gai azpimarratu dituzte Legutiano aldeko euskara argitalpenean berriemaile lanetan jardun duten hiztunen diskurtsoetatik: 1936ko gerra, eta urtegia. «Gerraren kasuan, bertan egon zen frontea. Gogorra izan zen hori bertakoentzat. Askok alde egin behar izan zuten». Gerra lehenengo, eta urtegia gero. Gaur egun ur-kirolak egiteko, arrantzurako, edo hondartza gisa erabiltzen den urtegiak iragan iluna du, zinez, eta aztertu gabe irauten duen gaia dugu. «Urtegiak lur izugarri onak urperatu zituen. Laborantza utzi eta beste era batera hasi behar izan zuten bizitzen. Gasteiza joan ziren batzuk; beste batzuk, Deba ibarrera. Urrunagan bertan ere lur asko urpean geratu ziren. Elosun, errota eta, urpean, beste bi edo hiru baserrirekin batera. Errotik aldatu zuen horrek bertako bizimodua». Eta bertara lanean etorri ziren etorkinen egoera, miseria gorria. «Are gehiago esango dizugu: argazki bila hasi ginenean liburu azalean jartzeko, hainbat aukera izan genituen. Gogoan dugu argazki bat, urtegia egin baino lehenagokoa: ingurua erabat zen laua. Bertakoek diote urtegiak lurrik onenak hartu zituela. Ordokia zen paraje hura, neurri handi batean. Erreka bat zetorren bertara Barazar-Ubide aldetik, eta beste bat Otxandio aldetik». Bi errekek bat egiten zuten Urrunaga baino pixka bat goraxeago: paraje aberatsa, egokia, laborantzarako aproposa omen. «Eta ikusgarri polita!».