Beasaingo udaletxe aurreko San Martin enparantzatik gora ekin bideari (160 metro). Andre Maria kaletik, Igokundearen parrokiaraino joan eta eskuinera jo ondoren, Bista Alai kaletik Sagastigutia edo Letamendi parkera iritsiko zarete. Atondutako bideetan gora etxeetako teilatuak behean ikusi ahal izango dituzue laster, igotzen ari zaretenaren seinale! Muino gaineko ur-biltegira iritsiko zarete eta handik gutxira Letamendi baserrira, XVII. mendekoa berau. Eskuin aldetik doa Erauskin auzoraino eramango zaituzten bidea (325 m).
Errepidean gora segi, Arteta baserria igaro eta bihurgune baten ondoren, utzi errepidea eskuinean eta ezkerrera zuzenean Usurberantz doan bideari heldu. Hartara, asfaltoa ekidingo duzue. Maldan goran, ezkerrera jotzen du apur bat bideak, lokaztua sarritan. Bidegurutzera helduko zarete, borda batzuen aurrean. Han eskuinera hartu, Usurbe baserri azpitik igaroz, ate aurrera iristeko (555 m).
Gorantz irteten den bide bakarretik ekin bideari. Usurbeko tontorretik behera datorren bizkarra gainditu ondoren, zuzenean tontorrera igotzeko aukera duzue, malda benetan latza da ordea! Ostera, ipar-ekialdeko hegian zehar-zehar jarraitu eta alertze sail handi bat igarota, berehala Agortako lepora iritsiko zarete (615 m). Hainbat bide elkartzen da lepo hartan, horietako bat, igotzerakoan utzitakoa eta Usurbe tontorreko antenatzarreraino igotzen dena (707 m). Goierriko bista ederrez gozatu nahi izanez gero, aipatu bide horretatik gora jo.
Mandubiko bentara, Done Jakue bidean
Larrarteko lepora jaitsi (695 m). Garin auzotik datorren porlanezko bidea iristen da bertara. Metro batzuk egin aurrera, eta gorantz jo beharrean -GR 34 ibilbideko arrastoak utzi-, ezkerreko bidea hartu eta poliki-poliki beheraka Otegi baserriraino iritsiko zarete. Mendi hegiko zuhaiztian zehar-zehar aurri diren bi borda eta Lastaola baserria utziko dituzue lepo batera iritsi aurretik. Hainbat pista elkartzen da hor. Berehala San Gregorio ermita duzue (615 m), gaur egun aisialdirako prestaturik, iturri, mahai eta eserlekuekin. Ondoren beste muino bat inguratu, hegoaldetik, metro batzuk jaitsi, eta iritsiak zarete Mandubiko mendate eta bentara, Azpetia-Beasain errepidean (541 m).
Gainez gain Izaspera
Itsasotik urruti egon arren marinelen zaindaria omen dena atzean utzi eta gainez gain pinudiak ustiatzeko baso-pistetatik jarraitu behar duzue, gora-behera handiko bidean barrena. Maldan behera, bidegurutze den lepora iritsiko zarete, ondoren bidean aurrera zoaztela Ariolako txabola eta ehiza parada andana atzean utzi eta Berotegi gaina gaindituko duzue, Iberdrolak paratutako metalezko panel itzelak zatartuta dagoena. Hortik Atzurzagako atsedenlekura joan eta bidean aurrera segituz, beste muino bat gainditu eta Izaspe tontor azpiko lepora ailegatuko zarete, Lizarretako txabolara (675 m).
Pista nagusiak gailurra ezkerretik ingura dezan utzi eta aurrez aurre gorantz abiatzen den bideari ekin. Kontuz gero! Malda polita izateaz gain luzea ere bada-eta. Muino bat ezkerretik inguratuko duzue eta egurrezko ataka gainditu ondoren, estutu egingo da bidea, otadi eta txilar artean bihurgune motzak emanez doan bide-zidor malkartsu bilakatuz. Zuzenean igotzea gustuko ez baduzue, eskuinaldera jotzen duen bidea ere baduzue, zehar-zehar poliki igoz, isurialdez aldatu eta ipar-ekialdeko bizkarra hartuko duena, azken metroak bertatik irabazteko (967 m). Edozein dela ere aukeratutako bidea, merezi izan duela berehala jabetuko zarete. Ondo erreparatu zer duzuen begi aurrean: ederrak bistak! Izarraitz, Ernio, Murumendi, Aralar, Aizkorri, Irimo, Durangaldea...
Samiño, azken tontorra
Galbiderik gabe, Lepoondora jaitsiko zarete (850 m). Hortik ezkerrera egin beharrean aurrera jarraitu, tumuludun gaina gainditu eta berriro beherako bidea hartu. Metalezko ataka handi bat zeharkatu eta Zumarragatik datorren bidearekin egingo duzue bat. Baliza piramidal luze batek Arantzazu eta Antiguako baseliza Loiolarekin lotzen dituen ibilbidean zaudetela adieraziko dizue. Bide horretatik bertatik jarraitu hurrengo urratsetan, eta Pagotxetara helduko zarete, bi mendien artean dagoen lepo nagusira (755 m).
Ezker-eskuin hurrenez hurren San Kristobal eta Loiolara daramaten bideak utzi eta pago artetik aurrera Pagolako bizkar belartsuetan gora jarraitu. Izen bereko txabolatik igaroko zarete, eta metro batzuk aurrerago sakonune belartsuan dagoen Pagobakarreko tumulu ondotik. Eguneko azken igoerari ekin behar diozue ondoren, behetik gora aldapa latza aurrean eta Samiñoko ikur geodesikoa duzue zain amaieran (932 m). Malda erdian edo, Iruarrieta II trikuharriaren arrastoa ikusi ahal izango duzue, gas naturalaren lurpeko eroapenetik lurrazaleratzen diren tutu horixka batzuez gain. Izaspen bezala, hor ere ederrak dira bistak. Hortaz, jaso burua gure lurraldearen zati handi bat begi-bistan izango baituzue. Hemen ere, tontorretik hurbil, hiru herrien arteko muga den harria dago, Zumarraga, Azpeitia eta Azkoitiarena, hain zuzen. Azken bide zatia Azkoitiako lurretan burutuko duzue.
Sororik soro Azkoitiaraino
Bidean behera egin, Tokiederreko Ama Agur Mariaren irudi ondotik igaro -otoitz bat eskatuko dizu bidean aurrera egin baino lehen- eta Agirrezabal baserri edo dena delakora jaitsi. Bide hori utzi eta baserri ondotik zuzenean Martirietako ermitara jaitsiko dena hartu (425 m). Metro gutxi batzuk errepidez egin eta muino bat inguratzeko ezkerrera bihurgunea egiten duenean, hartu eskuinetik irteten den zidorra. Pinudian barrena Amusategi baserrira daraman porlan bidera jaitsi eta jarraitu errepidean behera Azkoitiko kaleetaraino (110 m).
Amaitu duzue zeharkaldi luze hau eta hurrengoan pentsatzen hasi zaitezkete.
Astigarretako San Gregorio ermita eraikuntza xumea da, egun kanpoaldetik eraberritua eta zuritua. Garai batean inguruko herrietako biztanleek debozio handia zioten nonbait. Oraindik gogoan da aurreko mendean gertatutakoa: izurrite bat medio, 30 pertsona baino gehiago hil ziren eta horien artean orduan herriko parroko zen On Pedro Eizagirre. Zendutakoen gorpuak ermita barruan lurperatu zituzten eta handik urte batzutara gorpuzkinak hilerrira eramaten hasi zirenean, parrokoaren gorpua oraindik usteldu gabe omen zegoen.
Kizkitza. Gain batean kokatua, itsasotik urrun, marinel deitura nondik datorkion galdetuko du batek baino gehiagok. Teoria bat baino gehiago dira. Indar handien duen teoria da, ermita inguruko basoak ibaietako ontziolak hornitzeko erabili zirela. Beste teoria batek dio, ermita inguruko pagoetako egurra arraunak egiteko ezin hobea zela eta hortik etor dakiokeela marinel deitura. Azkenik, itsasotik Kizkitzako ermita ikusten dela eta itsas gidari lanak egiten zituela diotenak ere badira.
Nolanahi ere, gaur gurtzen den birjinaren irudia itsasontzi zahar baten kopiaren gainean paratuta omen dago. Hori bai, ez da jatorrizko Kizkitzako Andre Mariaren irudia, izan ere hainbat irudi egon dira ermitan. Lehenbizikoa, erromanikoa zena, karlistaldietan desagertu zen. Hurrengoa berriztatzera eraman eta ez zen gehiago agertu eta hirugarren bat ere desagertu egin zen.
Tradizio handiko ermita da Goierrin. Irailaren 8an erromeria egin ohi dute bertako Ama Birjinaren ohorez. Duela urte batzuk arte, landareen gorrinaren aurka mezak ematen ziren.
Martirieta. Emeterio eta Zeledonio santu martirietatik datorkio izena ermita honi, eta ondorioz, ipar mazeletan dagoen landa eremuko auzoari ere. Jatorrizko baseliza XV. mendekoa bada ere, aldaketa ugari jasan ditu egun ikus dezakegunera iritsi arte.
![]() |
|
||||
2031 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa