Jakoba Errekondo
Inauteriak suarekin amaitu, sardina, angula edo dena delakoa erreaz. Su honek negua erraustu eta haren hotza berotzen du. Eguzkiaren gurtza eta udaberri berri baten, izerdi berri baten hasiera da. Ez da alferrik eguna gaua baino luzeago egingo laster.
Martxoa epaila dela dakitenentzako inausketa aroa da. Eguna luzatzeak izerdi berria dakar, honek guraize eta aizturren ahoek egindako zauriak amaren batean dotore itxiko ditu. Zuhaitz eta zuhaixkak epaituta inausi, edo epaia eman, edo lepatu, edo kimatu, edo adaonduā Inauteria inausteria.
Izerdi berriak dakarren poza, uzta berri baten hasiera dena, kalbario baten abiera dute Kristo errege dutenen sektakoek; hobe beharrez, gozamena beti gerorako uzten dute. Kontuz ibili beharra dago, ordea, aihotza zorrotz baitarabilteā Inauterietako irribarre alaia bat-batean zast moztu eta errezo behartuaren leizera bultza nahi gaituzte. Inauterietako suaren txingarra oraindik bizi, hausterrea ospatuko dute: etxeko azienda gisa bere markatuko zaituzte kopetan errauts-hausterreaz eta lokatzetik lohi zatozela gogoraraziko. Erramu edo ereinotz lodikotea ipurditik eraitsi eta haren egurra erretzetik sortutako errauts bedeinkatua arma. Gero kalbarioa amaitzen dutenean, udaberriko lehen ilargi betea "aste santu" bihurtu eta erramu eguna ospatuko dute. Beste behin aihotzaren ahoa zorroztu eta erramuari zast. Hau ere bedeinkatu eta etxean jaso, urte guzian kalbario histailearen oroimena muturraren aurrean: kontuz, bizitza ez gozatu esanez.
Kalbarioaren hasiera eta amaiera, eta kalbarioa bera ere antzerkitzat dute beraiek ere, naturari eskerrak. Urtero berritu beharko lukeen errautsa aspaldi egindako pilatik hartzen duela argitu zidan lehengoan eliz bateko serora den lagun batekā
Erramu gaixoa. Geure erramu gaixoa lapurtu digute. Sekta hauekin argi ibili beharra dago eta badaezpada, lokatzetik ez baizik eta basa eta mausar ederretatik gatozela jakintzaun.
Jabier Agirre
Hanka okerrak zuzentzeko metodo erraz bezain zorrotza da Ponseti izenekoa: eskuz egindako manipulazioen bidez eta igeltsua jarriz, batere minik eta orbainik eragin gabe eta helduaroan arazoak edo ondorio txarrak saihestuz, nahiko arrakasta lortu du azken urteotan. Bartzelonako Sant Joan de Déu haur-ospitalea da erreferentziako zentroa Espainian, bertan tratatu baitituzte Europako umerik gehien metodo hori erabiliz.
Oin zanboa edo ekinobaroa -horixe da hanka okerraren izen teknikoa- sortzetiko malformazioa da, oineko hezurrei, muskuluei, tendoiei eta odol-hodiei erasaten diena. Gaitzaren eraginez, oina barrurantz edo beherantz okertu eta zurrundu egiten da. 1.000 umetik batean agertzen da, eta oin zanboa hanka bakarrean edo bietan azal daiteke; gaitza arina izatetik -oina nahiko malgua da oraindik-, larria edo gogorra izatera irits daiteke -oina ia erabat zurruntzen da-. Mutikoetan nesketan baino bi aldiz gehiagotan agertzen da.
Arrazoi zehatza ez da oraindik ondo ezagutzen, baina faktore genetikoek eta baita ingurumenekoek ere parte hartzen dutela uste dute adituek. Metodoaren asmatzailea den Ponseti doktoreak dioenez, "deformitatea oinaren hazkunde bizkorreko fasean gertatzen da. Eta bete-beteko garapenean dagoen oina okertu egiten da haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan".
Arrisku-faktore nagusien artean familian egon diren oin zanboaren aurrekinak, eta fetuak amaren umetokiaren barruan hartutako jarrerak aipatzen dira; eta, noski, baita arantza bikoitza edo garuneko paralisia bezalako gaitz neuromuskularrak edukitzea ere. Alderdi genetikoari dagokionez, hanka okerrak eragiten dituzten geneak umetoki barruan hasi -12-20 aste bitartean- eta umeak 3-5 urte dituen arte aritu daitezke beren kaltea eragiten.
Joxerra Aizpurua
Otien ihesa
Zerk eragite die oti mormoiei leku batetik bestera ihes egitea milioika aleko multzotan? Maiz samar gertatzen da hau Afrikan eta mendebaldeko AEBetan. Sydneyko Unibertsitateko Stephen Simpson-ek ikerketa hasi zuenean ia seguru zegoen gosea izango zela migrazio erraldoi horien bultzatzaile nagusia eta neurri batean hori baieztatu da ikerketa amaitu ondoren; baina ezusteko faktore bat ere azaldu da, hots, kanibalismoa.
Migrazioetan hildako gorpuzkinak aztertu ondoren, oti mormoiek proteinetan eta gatzean aberatsa diren dietak hobesten dituztela ikusi da. Hori dela eta zerealak, loreak eta ugaztunen hainbat hondakinekin batera, beren espezie bereko hondakinak azaldu dira eta hau izan da kasu askotan proteinak lortzeko erabili duten bide nagusia.
Kanibalismoa gertatzen da oti mormoien artean eta horrek kideen artean beldurra eragiten duenez, eroen gisa mugitzen dira inork harrapatu ez ditzan.
Galaxia espiral baten argazkia
Hubble teleskopioak 10 urtean ateratako argazkiei esker Messier 101 izeneko galaxia espiralaren argazkia ateratzerik izan da. Hartz Txikiaren konstelazioan dago eta 170.000 argi-urteko zabalera du. Lurretik 25 milioi argi-urtera dago eta bilioi bat izar dituela kalkulatzen da, horietatik 100 mila milioi gure eguzkiaren neurrikoak.
Argazkia osatzeko Hubblek 1994, 1999, 2002 eta 2003 urteetan ateratako 51 argazki erabili ziren eta gainera Lurretik ateratako beste hainbeste argazki.
Espezieen galera polinizazioaren oztopo
Calgaryko Unibertsitateko Jana Vamosi eta Kaliforniako Unibertsitateko Susan Mazer biologoek argitara emandako artikuluaren arabera, espezie ugari dituzten ekosistemak oso sentikorrak dira txori, erle edo beste polinizatzaileen populazioaren aldaketarekiko. Europan, Ipar Amerikan edo Australian dagoen biodibertsitatea Asian edo Hego Amerikan dagoena baino txikiagoa da eta hemen polinizatzaileen populazioaren aldaketak ez du hainbeste eraginik loreetan.
Antza denez, espezie ugari dauden ekosistemetan landareei eboluzio azkarra exijitzen zaie zeren eta espezien arteko konpetentziak polinizazio-sistemak aldatzea ekartzen baitu eta hainbat landarek ezin du hain eboluzio edo egokitzapen azkarra izan.
Ikerketaren jatorria ekosistema aberatsetan azken urteotan gertatutako polinizazio-maila txikia izan da eta oraindik zaila da emaitza ziurrik ematea; dena den, espezieen arteko orekak zerikusia duela dirudi.