Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-12 -- 2031.zenb

Katixa Garate


Zinemaren industriarantz?

2000. urtean ezagutarazi zuen Oarsoaldeko Garapen Agentziak Zinealdea proiektua, zinema sektorearen beharrei erantzute aldera. Aurreprodukziotik hasi eta postprodukzioraino, sektoreko enpresek egoitza bertan paratzea eta hainbat plato eraikitzea aurreikusi zuten. Garapen Agentziak Zinealdea abian jartzeko SPRIrekin zuen hitzarmena iaz bukatzekoa zen eta aurtengo apirilera arte luzatu zuten. Garapen Agentziak proiektua atzeratu dela adierazi du, baina baikorra dela harekin. Bizkitartean, Irudi Park proiektua aurkeztu dute. Bilbon kokatuko litzateke, Erakusketa Azoka zegoen lurzoruan, eta ikus-entzunezko sektoreko enpresen gune litzateke. Ikusteke dago aurrera egingo duten. Indartsu hasi dena Donostian Animatoon 2006 (www.animatoon.otg) da , Donostia Kulturak eta Toon Toon Media elkarteak animaziozko zinemaren inguruan atondutako egitasmoa. Urte osoan erakusketak, hitzaldiak, film emanaldiak eta tailerrak egingo dituzte, animaziozko zinema animatzeko.



Dantza Garaikidearen II. Zirkuitua

Oso gutxi programatu izan da dantza garaikidea gure antzoki eta aretoetan. Hutsune hori betetzeko asmoz jarri zuten iaz abian Dantza Garaikidearen Zirkuitua antzoki publikoen Sarearen baitan Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru aldundiek eta hainbat udalek. Bigarren aldiz antolatu dute eta maiatzaren 26a arte sei konpainiok eskainiko dituzte emanaldiak: Ertza (Babia), Blanca Arrieta (Memoria), Matxalen Bilbao (Capricho), Steak Tartar (No sabes cuánto esperamos de tí), Madrilgo Teresa Nieto (Consuelo) eta Kataluniako Pepe Hevia (Delicado abismo). Dantza saiook Elorrioko Arriola antzokian, Leioako Kultur Leioan, Donostiako Gazteszenan, Irungo Amaia kultur zentroan eta Gasteizko Federico García aretoan eta Montehermoso kulturunean izango dira.


Film laburrak ikusteko parada ugari

Zinema eta kultur aretoetan film proiekzioak izaten direnean, film luzeak erakusten dituzten gehienetan. Film laburren zaleak zortzeko daude orain, film laburrak ikusteko parada izango baitute hilabeteotan. Batetik, Bilbon Zinebiklub egitasmoa abiatu dute. Ostegunero-ostegunero, zazpiak eta erdietatik aurrera film laburrak proiektatuko dituzte Barrainkua kultur aretoan, ekainaren 15a bitarte. Eskainiko dituzten filmak iaz Zinebi jaialdian erakutsitakoak dira, munduko herrialde ugaritatik ekarritakoak. Bestetik, film laburrak ikusteko aukera gutxi bada, are gutxiago euskarazkoak. Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) hirugarrengoz abiatu du Film Laburren Zirkuitua eta bost film labur eskainiko ditu Euskal Herri osoko hogei herritan, apirilaren 13a arte: Txotx eta 40 ezetz (Telmo Esnal eta Asier Altuna), Sarabe (Beatriz de la Vega), Haragia (Bego Vicario) eta Hauspo soinua (Inaz Fernandez).


Barandiaran museoa Ataunen

Joxe Migel Barandiaranen izena, izana eta obra zaindu, gorde eta ezagutarazteko asmoz, Barandiaran museoa hasi dira eraikitzen Ataunen (Gipuzkoa). Hiru gune izango ditu Museoak San Gregorio auzoko paraje ederrean: batetik, dagoeneko eraberritzen hasi diren Larruntza errota, bertan Barandiaranen bizitza eta lana ezagutaraziko dira; bestetik Barandiaran bizi izan zen Sara etxea eta azkenik eraikitzeke dagoen lurpeko kobazuloa, euskal mitologiari leku egingo diona. 2007ko udaberrirako bukatuko dituzte errotaren eta kobazuloaren eraikuntza lanak.


Abian da Nafarroako Bertso Txapelketa

Joan den asteburuan jokatu zen Etxarri-Aranatzen lehen finalaurrea. Guztira, hemezortzi bertsolari arituko dira lehian. Bertso Ligan sailkatu ziren zazpi bertsolari eta iazko txapelketatik aurtengorako txartela lortutako beste hamaika. Besteak beste, Estitxu Arozena, Bittor Elizagoien, Xabier Silveira eta Iñaki Aleman. Bigarren finalaurrekoa martxoaren 11n jokatuko dute Leitzan eta hirugarrena martxoaren 18an Atarrabian. Hiru finalaurrekoetan garaile direnak eta puntu gehien biltzen dituzten bost bertsolariak lehiatuko dira apirilaren 1ean Elizondoko finalean.


Frankismo garaiko arteaz Donostian

1935-1975 bitarteko euskal artearen berrikusketa goiburupean, Euskal Arteari Buruzko V. Jardunaldiak egingo ditu Eusko IkaskuntzakDonostian, martxoaren 9tik 11ra. Besteak beste, Pedro Manterola, Francisco Javier Muñoz eta José Julian Bakedano mintzatuko dira Frankismo garaiko euskal arteaz Miramar jauregian. Hitzaldiez gain, garai hartako artearekin lotutako hainbat film eskainiko dituzte Lugaritz kultur etxean eta Kutxa Arrasate aretoan: Nestor Basterretxea eta Jose Antonio Sistiaga bere hastapenetan, Pablo Picasso eta Joan Miro lanean...



15x15 film lehiaketa

Gehienez hamabost minutuko luzera duen film laburra errodatu beharko dute hamabost ordutan 15x15 Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan parte hartu nahi dutenek. Horretarako, martxoaren 12rako eman beharko dute izena Donostiako Goikoa jauregian. Filmaketa eguna martxoaren 18a izango da.


Sagarrondotik jaialdia martxoaren 17 eta 18an

Kontzertu sorta oparoa eskainiko du Hernanin aurtengoan ere Sagarrondotik jaialdiak. Martxoaren 17an Chanbao, Sorkun, Loquillo y los Trogloditas, THC eta Pal Keli taldeak arituk dira zuzenean eta 18an Berri txarrak, Betagarri, Morodo & Ranking Soldiers eta Celtas Cortos. O´Funk´illo eta Living Colour ere parte hartzekoak ziren, baina O´Funk´illo taldea desegin da eta Living Colourrek kontzertua bertan behera utzi du. Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak ekitaldi gehiago antolatu ditu kontzertuez gain, besteak beste, sagardo festa eta herri kirol desafioa.


Dokumental tailerrak Erice eta Guerinen eskutik

Fikziozko filmak eta dokumentalak egiten maisu diren Victor Erice eta Jose Luis Guerinek bi tailer eskainiko dituzte aurki Donostian eta Gasteizen. Ericek Dokumentala eta fikzioa: zinemagintzaren bikoiztasunera hurbiltzen tailerra eskainiko du martxoaren 13tik 17ra, Artelekun. Gasteizko Montehermoso kulturunean gidatuko du Jose Luis Guerinek hamabost orduko tailerra, marxoaren 20tik 24ra.


Iñigo Alberdi (Soraluze, 1973) izendatu dute Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi. Zuzenbidean lizentziatua eta musika pedagogian eta klabezinean goi mailako ikasketak egindako a da. Eskarmentua du musikari gisa, kontzertuak antolatzen eta musika kritikak idazten.

Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978) Ezkatak poesia liburua plazaratu du, Susa argitaletxearen eskutik. Bilbaoren estreinako argitalpena da.

Detritusek erakusketa paratu du Gasteizko Zuloa galerian: Gorroto jaiotzetikoa edota hartutakoa. 80ko hamarkadako karteletatik hasi eta gaur egungo margolanetaraino, berrogei artelan ikus daitezke, apirilaren 2a arte.

Aitzpea Goenaga (Euskararen zazpi bekatu nagusiak), Yolanda Arrieta (Groau), Emilio Fernández de Pinedo (Txaribari) eta Anartz Zuazua eta Klaus Groten (Xomorroak) dira euskarazko antzerki egile onenaren sarirako hautagaiak, Espainiako Arte Eszenikoen Max sarietan. Vaiven taldea ere errebelazio sarirako hautagaia da Nasdrovia Txekhov! lanagatik. Martxoaren 13an Bartzelonan banatuko dituzte sariok.


Mikel Laboaren adierazpenok jaso zituen Entzun!ek: «Beti oinarri bat izan behar da aurrera egiteko, eta oinarri hori tradizioak eman dezake. Eta ez da gure kontua soilik. Picassok asko maite zituen Afrikako pinturak. Hori bai, aurrez egindakoa kopiatzeak ez du zentzu handirik, baina oinarri hori izatea oso inportantea da horretarako».

Enrique Santiago Diario de Noticias de Navarran: «Modan dagoena hori da ('profil ekonomikoagoa' duen kudeatzailea). Gauza bera al da ehorztetxe bat edo auditorio bat kudeatzea? Edozein modutan, arazoa ez da kudeatzailearen profila, kultura eraikinak egiteko besterik ez dela erabiltzen baizik (...) Kultura eta politika lagun onak izango dira politika garbigailuan sartu, garbitu eta benetan politika denean; ez txutxu-mutxu eta gerrak eragiten dituzten ezkutuko interesen joko nazkagarri horiek».

Xanti Iparragirrek Berriari esanak: «Nik uste beharrezkoa dela, baina txapelketak beste asko uzten ditu bazterrean. Hori hala da, jendeak bakarrik txapelketari begira lan egiten duelako. Ez luke horrela behar. Bertsolaritza ez da hori bakarrik, askoz ere zabalagoa da».

Kepa Gallego Artezen: «Zerbait gertatzen da herri honetan aktoreak idazle bilakatzen garenean. Zerbait gertatzen da idazleek antzerkia idazten ez dutenean».

hemeroteka

2030. zenbakia | 2006-03-05
2029. zenbakia | 2006-02-26

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan