Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-03-12 -- 2031.zenb

ETAren lehergailuek kalte egiten diote bake prozesuari, eta ezusteko hildakorik balego prozesua hankaz gora joango litzatekeela esaten da sarri. Orain izan dira bi hildako eta prozesua ez da apurtu, eta ez dirudi horregatik apurtuko denik. Horrek esan nahi du halako gertaeren aurrean blindatua dagoela. Baina argi ikusten da, halaber, halako gertaerak ez daudela ematen ari den negoziazio baten logikatik at. Alde bakoitzak dituen tresnak erabiltzen ditu: ETAk, besteak beste, lehergailuak; Espainiako Gobernuak, besteak beste, espetxe politika. Bertako eta kanpoko beste esperientzia batzuek erakutsi duten moduan, sokatiraren jokoa etengabekoa izango da prozesu luze honetan. Eta sokatiraren tentsioaren ondorioak jasan behar dituztenek sufritu egingo dute.

Igor Angulo eta Roberto Saiz presoen heriotzek tentsio handia ekarri dute euskal politikara, biolentzia gertaera orok dakarren moduan eta areago heriotzak bere agerpena egiten duenean. Legalitate, oportunitate, duintasun, begirune, biktimak... Kontzeptu hauen guztien dantza zoroa hasten da halakoetan eta eragile politiko bakoitzak behar eta nahi duenari heltzen dio. Nola ezkontzen da hildako bi presok eta haien senitartekoek merezi duten begirune eta berotasuna, indarrean dagoen legalitatea betetzearekin? Erantzun molde desberdinak izango dira, eta kontraesan hori jasan behar izan duen Herrizaingo Sailak argi erakutsi du omenaldien debekuan erakutsitako jarrerarekin, galderari erantzun okerrenetarikoa eman diola. Grande Marlaska ahalguztidunaren aginduak Batasunaren eskubideak urratzen baditu, bere aginduak betearazten dituenak ere urratu egiten ditu. Baina hildako preso hauen eta beren senitartekoen eskubideak urratu dira nagusiki eta, biktimen eztabaidak argi utzi duen moduan, horiek ere badituzte eskubideak. Edo ETAk hildakoek bakarrik dituzte eskubideak?

Autodeterminazio kasu bakoitza lupaz eta ikusmin izugarriarekin jarraitzen da Euskal Herritik, eta zeresanik ez Europan ematen bada. Ez da gutxi Europako Batasunak (EB) autodeterminazio prozesu hori egitea baimentzea eta sostengatzea. Balkanetako gerran izan zuen jarrera koldarraren kontrakoa da eta, alde horretatik, zerbait ikasi zuela ondoriozta liteke. Independentzia erdiesteko, dena den, apirilaren 30ean botuen %55 lortu beharko dute honen aldekoek. Kontua da %53 lortzen badute jai dutela, oraingoz bederen, eta horrek boto guztiak ez direla berdinak adierazten duela. Euskal Herrian ere ondo ezagutzen den eztabaida da botoaren balio desberdinarena.

Mikel Asurmendi

«Gai zaila izan arren, erakargarria egiten zait giza eskubideen arloan lan egitea. Gai dramatikoak daude eta sufrimendu asko, baina, niretzat, sail hau zuzentzea pribilegioa da», adierazi digu Giza Eskubideen zuzendariak.

Jon Landak giza eskubideak jorratu ditu irakaskuntzan ere, ikuspegi penaletik: «Zuzenbideko tesi penala giza eskubideen gaia kontuan hartuta gauzatu nuen. Giza Eskubideen Zuzendaritzan berau praktikan landu ahal izateak animatu nau zeregina hartzera».

Gustura ari da, giro ona aurkitu du sailean: «Giza eskubideen hainbat arlo daude, eta berauetan ahalik eta gehien lan egitea da nire asmoa, modu apalean eta gizartea kontuan hartuta betiere».

Giza eskubideez aritu gara solasean, eta hiru esparru bereizi ere. Etorkinen munduaz eta genero indarkeriari buruzko bere ikuspegiak koadroetan paratu ditugu, laburrean. Politika esparruko giza eskubideen urratzea, Estatuaren eta honen kontrakarreko indarkeriaren ondorio gisa planteatu diogu Jon Landari. Kontzeptuak kontzeptu eta euren zehazpenen zailtasuna kontuan hartuta, nazioarteko fenomeno terrorista hizpide abiatu dugu solasaldia.

Zein neurritan eragin du giza eskubideetan nazioarteko fenomeno terroristak, eta honen aurka, ordenamendu juridiko penalean izandako aldaketak?
Zuzenbide arloan izandako aldaketek terrorismoaren fenomenoaren aurrean erantzuteko moduetan eragin dute, txarrerako nire iritziz. Esaterako, apologia delituak estatu demokratikoetan susmagarriak dira, ez dago oso ondo jakiterik apologia debekatuz gero noraino irits gaitezkeen, beraz, gizabanakoaren adierazpen askatasuna urratzen ari da. Adierazpen askatasuna funtsezkoa da, horri ideologia askatasuna lotuta baitago. Izan ere, apologia nolatan izan daiteke delitua? Hitzekin ezin da deliturik egin. Hitza beti izan da susmagarria eta batzuetan ordenamendu juridiko penalean apologiatzat jo dute, ez beti hala ere. Azken aldaketa apologia delitua Lege Organikoan sartzea izan da. Munduko joera orokorrak bere isla du tokian toki eta Euskal Herrian ere bai.

7/2002 Lege Organikoaren aldaketaren eragina Alderdi Legearen aplikazioan edo 18/98 sumarioan lekuko.
Alderdien Legean eta 18/98 makro-sumarioan eragina izan dute lege aldaketa horiek, bistan da. Alderdi Legearen filosofiaren oinarrian apologiaren jarduera dago, apologia jardueretan oinarrituta zigor-neurriak ezartzen ditu eta hori oso da kritikagarria, beraz kritikatu eta salatu beharra dago. 18/98 sumarioaren arazo handiena Kode Penalean "banda terroristarekin elkarlanean jardutea" birdefinitu izana da, horren definizioa handituz, bere barruan kabitu ez ziren hainbat jarduera sartu dute, delitu ez zirenak delitu bihurtu dira, definizioak orokorregiak dira, zuzenbide penalean egon behar den erantzukizun indibidualaren printzipioaren kontra. Honek guztiak euskarri bat eman dio lehen sartzen ez zen hainbat eta hainbat jarduera sumarioetan sartzeko.

Delitu egileen bergizarteratzeko politikara etorriz, giza eskubideak nola daude?
Bergizarteratze printzipioa auzitan jarriz de facto ezabatu nahi dute. Bergizarteratze printzipioa gogoratu beharra ikusten dut: «Zigorra ezartzen dugunean, presoa espetxetik aterata gizartean birtxertatzeko baldintza hobeagoetan egongo dela pentsatu behar dugu». Zigorra ezartzean, zigorrak zertarako balio behar du ez bada gizartean hobeto integratzeko? Helburua hori da. Zigorraren bitartez nahi badugu pertsona bat kartzelatik ez ateratzea, printzipio hori alboratzen ari gara. Kapaza izan beharko genuke, esaterako, Espetxeko Lege Organiko orokorra aldatzeko, baina orduan alda ditzagun Konstituzioa eta ordenamendu juridikoa, esan dezagun horiek ez dutela balio eta proposa dezagun eredu berri bat. Bestela, zuzenbidearen printzipioen araberako eredua bete eta errespeta dezagun.

Euskal preso politikoen kasua hizpide, Igor Angulo hil berria izaki. Zure sailak norainoko eragina du balizko giza urraketa salatu eta eragozteko neurriak hartzerakoan?
Batzuetan, hau da kasua, guk ez daukagu eskuduntzarik. Transferitzeko daude oraindik ere. Beraz, guk ez dugu jardun zuzenik. Kasu hauen aurrean gelditzen zaiguna hitza da, eta ez da nahikoa. Kasuon, baldin eta giza eskubideen urraketa gertatu baldin bada, taxuzkoena da gertatu dena esatea, urkatuta aurkitu badute ikerketa sustraietaraino zabaldu behar da eta gertatua argitu. Urkatu dela frogatzen bada, ez bakarrik urkatu egin dela, baizik norbaitek "lagundu" duela urkatzen, giza hilketa ikaragarria litzateke, giza eskubideen urraketa erabatekoa.

Espetxe politikako giza eskubideen trataeraz zer diozu?
Kartzelako bizi baldintzak zelakoak diren ikusita, giza eskubideen estandarrak urratzen ari dira. Alegia, ez da, besterik gabe, gizarteratzeko printzipioa zaindu beharra dagoela, gizatasun printzipioa ere zaindu behar dugu. Delitua eginagatik nola tratatu duintasuna duten pertsona horiek? Duintasuna ordea, mugatuta dago euren egoeran. Esaterako, lehen gradua modu sistematikoan aplikatzea motibo barik arbitrarioa da, baldintza ez duinak ezartzea. Baldintzak ez dira neutroak giza eskubideen estandarren aurrean, beraz, espetxe politika hau aztertu eta salatu behar da gizatasun printzipioa urratzen duelako.

Euskal auzia hizpide, Espainiako Estatua biktimak eragin dituela onartzeko moduan ikusten al duzu?
Gidarik onena giza eskubideen estandarra da, ez da zuk ez nik edo beste inork interpretatzen duena, Nazioarteko Auzitegiek interpretatzen dutena baizik. Nik ez dakit Estatuak zer egingo duen, baina biktimak nor eta zelakoak diren esateko oinarri sendoa dago giza eskubideen gaineko jurisprudentzian. Irizpide nahikoa dago zertaz ari garen zehazteko, ez dut zalantzarik.

Biktimen artean kategoriak al daude?
Ez lukete egon behar.

Baina badaude.
Batzuentzat agian bai. Bizi dugun dramaren baiezpena da: batzuentzako biktimak batzuk dira eta besteentzako beste batzuk. Bakoitzak, dirudienez, dugun zauritik ikusi nahi dugu egoera, hau da, zauria geurea denean identifikatzen gara biktimarekin. Aldiz, beste bati guri egiten digutena egiten badiote ez dugu ikusi nahi. Urraketa non dagoen jakiteko eta ikusteko kapaz izan behar dugu. Denok bihotza daukagu eta puntu bateraino gizalegezkoa da biktima batzuk hurbilago sentitzea, baina besteen urraketak ukatzea! Aitor dezagun besteena ere, eta horrek ez du ekarri behar sufrimendua erlatibizatzea. Kapaz izan gaitezen kode komuna ipintzeko. Giza eskubideen definiziorako gida berberari heldu behar diogu kasu guztietan. Urratsak eman behar ditugu zentzu horretan.

AVTren jarreraz zein da zure iritzia?
Printzipioz ez ditut baloratuko biktimen talde baten aldarrikapenak edo sentimenduak. Baina hausnarketa hau egin nahi dut: Biktima lur jota dagoenean bere sentimenduak askatu egiten ditu. Beste gauza bat da biktima horien kontrako delitua zein politikarekin artikulatu eta orientatu behar den. Adibidez: gutako norbaiten senitartekoa bortxatzen badute eta galdetzen badigute zer egin behar zaion bortxatzaileari, supituan, ziur aski giza eskubideen urratzea ekarriko luketen hitzak erabiliko ditugu. Horiek esan arren, guk bestelakoa egin behar dugu. Hau da, terrorismoaren ondorioz dauden biktimek sufrimendu ikaragarria dute, eta elkartasun mailako adierazpena eman behar zaie, bat egin behar dugu sufrimenduarekin, horrek gizakiago egiten gaitu. Baina politika egitean, arrazoiz, erantzukizunez eta arretaz jokatu behar dugu, sentimendu hutsekin ezin dugu politikarik egin.

Hiritarrek zein kontzientzia maila dugu giza eskubideez?
Kontziente izan behar dugu eskubideen borroka etengabea dela. Baina zuzenbidea ez da zuk borrokatu gabe norbaitek eman dizuna, zentzu zibilizatuan borrokatu beharreko eskubidea da zuzenbidea. Batzuetan jendeak eskubideak ehunetik ehunean eta berehala nahi ditu. Kontziente izan behar dugu hainbat eskubide edota eskubide guztiak ez direla inoiz betetzen eta betetzen joan behar dugula. Hau da, eskubideak ditugunaren kontzientzia badugu, baina berauek bete daitezen estrategiak diseinatzeko heldutasuna lortu behar dugu. Eta hori ez da lortzen besteen giza eskubideen kontra joz.

Eskubideak eta betebeharrak bereizten al ditugu hiritarrok?
Elkartasun printzipioak beteko dira baldin eta herritar denok militantziaz jarduten badugu. Estatuei eta instituzioei den-dena exijitu behar diegu, baina guk ere zerbait ekarri behar dugu. Ostera ez dugu beharrezko kultura politikoa lortuko behar den azkartasunez.

Zuk zeuk tolerantzia eta errespetu hitzak bereizten al dituzu giza harremanetan?
Nondik begiratzen den, eta juristoi galdetuta areago. Ñabardurak daude bakoitzean. Errespetu hitzak gehiago erakartzen nau. Tolerantzia hitza erabiltzen badugu, batzuetan, zerbait onartzen dugula dirudi, nahiz gustuko ez izan. Errespetu kontzeptuaren barruan hauxe dago niretzat: «Gauza batzuetan ez gara inoiz ados egongo, baina elkar errespetatu behar dugu denok duintasun berbera dugulako». Horrela azalduta gehiago gustatzen zait errespetu hitza.

Miel Anjel Elustondo

Legutiano, Gasteiztik iparraldera, hamabosten bat kilometrora. Gari, garagar eta olo soroak nagusi direneko aldea. Legutiano dugu udalerriaren izena. Bertan dira Billerle -herri guneari bertakoek ematen dioten izena-, eta Elosu, honen auzo Ollerieta barne, Nafarrate, Urrunaga, Goiain eta Urbina. Horixe Carrerak eta Garciak aztertu duten Legutiano aldea, liburuan eta bi CD interesgarritan eskaini digutena.

Orain arte Aramaiok jaso dituen ohoreak biltzeko moduan da Legutiano. «Jendeak, oro har, ez daki Legutiano aldean euskaldunak daudela. Betiko euskaldunak, esan nahi dugu. Horregatik, gure helburua zen jendeari jakinaraztea Arabako zonalde horretan oraindik euskaldunak daudela». Henrike Knörr irakaslearen bitartez jakin zuten Urrunagan bazela oraindik andre bat, azkena omen, euskaraz hitz egiten zuena. Harekin harremana egin eta abiatu ziren ikertzaileok lanean. Euskaldun gehiago topatu zituzten gero. «Legutianon bertan oso erraz topatzen dira txikitandik euskaldun direnak».

Euskaradunak uste baino gehiago Legutianon. Ezjakinean ginen. «Aramaio bera ere ez da oso ezaguna, ez arabarren artean, ez beste lurraldeetako euskaldunen artean». Aramaio ezaguna ez, eta are gutxiago ezaguna Legutiano aldea. «Zenbait jendek uste du Laudio eta Amurrion gordetzen dela euskara! Araba oso zentralizaturik dago, dena da Gasteiz. Hiritik hamar kilometrora, berriz, hortxe Legutiano, euskara gordetzen duen herria. Oletako zenbait euskaldunek ere ez daki Legutianon euskaldunak daudena. Ondoan daude bi herriak, Oleta eta Legutiano, alegia, baina elkarren berri ez balute bezala da, euskarari dagokion kontu horretan behintzat». Hipotesia ere egina dute Carrerak eta Garciak: «Aramaion eta Oletan miretsi egiten dute euren euskara, harro daude. Legutiano aldean, berriz, ez dute beraien euskararen uste onik, konplexua ere izan dute, salbuespenak salbuespen, nahiz eta erabiltzen duten euren artean, batere arazorik gabe. Hikaz ere hitz egiten dute».


Adinekoak helburu

Bi ikertzaileok adinekoengana jo dute bertako euskara biltzera. Hala ere, edade handikoak ez ezik, gazteak ere mintzo dira euskaraz. «40 urteko jendea ere bada euskaraz badakiena, bertako euskaraz hitz egiten duena esan nahi dugu; baina guk, hautaketa egin genuen: 65-70 urtetik gorakoekin jardun genuen grabazioak egiten».

Arabarrak, udalerri horretan bertan jaioak eta bertako euskarari eutsi diotenak behar zuten izan. Ondoko herri Oletako biztanleekin ere grabazioak egiteko asmoa zuten, baina Oleta Aramaio da udalerriz. «Ondorioz, oraingoz hara ez jotzea erabaki genuen eta Legutiano udalerriko biztanleak beste inor ez kontuan hartzea. Eta, arestian esan dugunez, bertan jaiotako euskaldunak. Izan ere, Legutianon hainbat dira beste herri batzuetatik hara joan diren euskaldunak: Otxandiokoak, Arratia aldekoak, Bergarakoak... alkatea bera, adibidez, bergararra da».

Legutiano aldean euskara oraindik bizirik dagoela erakutsi dute Carrerak eta Garciak lan honetan. «Eta badirela euskara praktikanteak, nolabait esateko. Gainera, euskara hori erakutsi nahi genuen, lagin bat besterik ez bada ere: zein doinu duen, zein hitz, zein aditz forma erabiltzen dituzten eta abar».

Leintz, Arratia eta Aramaioko euskarari loturik dago Legutianokoa, eta hurreago, adibidez, Otxandio eta Ubidekoari. Ezin jakin, dena den, Gasteizko euskararen aztarnarik topa ote genezakeen Legutianoko euskararen berri izanda. «Legutiano -Billerle-, eta Gasteiz artean ez dago hamabost kilometro besterik, eta herri zerrenda bat: Luku, Miñao, Erretana, Gamarra... denak elkarren ondoan daude. Beraz, Gasteizen, edo Gasteiz inguruan hitz egiten zen euskara eta Legutiano aldean egiten dena antzekoak zirela pentsatu beharko genuke. Hizkera berbera zirena ezin baieztatu, hori ez. Bestalde, Gasteizko euskarari buruz dugun lekukotasun bakarra Landuccioren hiztegia da, XVI. mendekoa. Gasteizkoa eta Legutianokoa konparatu ahal izateko, XIV. mendean Legutianon nolako euskara egiten zen jakin beharko genuke. Eta ez dakigu. Ez dago garai hartako daturik». Ezin beste berririk jakin, ondorioz.


Azkue, Yrizar, Gaminde...

Legutiano aldeko euskara ez da misterioa ere. Badira beste zenbait ikerketa euskara honen gainean eta Carrerak eta Garciak ezagutzen zituzten. Iñaki Gaminde ikertzaileak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratutako lana, esaterako. «Gamindek, Nafarrate eta Elosuko euskara aztertu zuen, aditza batez ere, nahiz eta lexikoa eta doinua ere bai, apur bat behintzat. Ondo etorri zaigu lan hori, zeren guk egindako azterketaren arabera osatu dugun aditza eta Gamindek emandako datuak bat datoz».

Iñaki Gamindez beste, Resurreccion Maria Azkuek ere ikerketan jardun zuen Legutiano aldean. "Morfologia del verbo vizcainon Legutiano, Urrunaga, Nafarrate eta Elosuko aditzak ageri dira, eta gure emaitzekin bat datoz lan horretako datuak. Aditza dela eta, zera ikusi dugu, alegia, muga bat dagoela Elosu, Nafarrate, Urrunaga alde batetik, eta Legutiano, berriz, beste batetik. Aditz laguntzailea desberdina da batean eta bestean. Gure ustez, Elosu, Nafarrate eta Urrunagako euskarak, Billerlekoak baino antz handiagoa du Zigoitikoarekin. Kontua da Lacombek eta Azkuek Zigoitiko aditza bildu zutela 1919an, eta horko aditza eta hiru herri horietakoa, Elosu, Nafarrate eta Urrunaga, oso antzekoa dela".


Arabar euskaldun hegoaldekoak

Garai batean Legutianon bizi ziren euskaldun haietarik asko -herri gune dugun Billerletik lekora bizi zirenak, batik bat-, joanak dira beste nora edo nora bizitzera: ez gutxi, Gasteiza. Eta datu jakingarria: «Guk dakigunez, Araban, hegoaldeen bizi den euskara hiztuna Urrunagakoa da». Esana digute lehenago ere, euskaradun gutxi izango zirelako ustean bertaratu zirela Carrera eta Garcia, eta uste baino gehiago ageri zitzaizkiela. «Ez dakigu zenbat diren, zehatz. Baina Billerlera jo dugun aldiro, hiztun berriak topatu ditugu. 65 urtetik gorakoetan, euskaraz jakitea oso gauza normala da Legutianon. Herri-gunean errazago da hori».

Bestelakoa da egoera herri gunetik kanpora: Nafarrate, Elosu eta bestetan. «Herri hauetan zailago da euskaraz dakien bertako norbait topatzea, oso herri txikiak direlako eta bertako biztanleak Gasteizen edo beste nonbait bizi direlako. Nafarraten, adibidez, ez da euskaldunik bizi, lehengo euskaldunik behintzat: bertan etxea erosi dutenak badira, baina ez dira bertako seme-alaba. Elosu apur bat handiago da, eta hor bai, topatu ditugu bertako euskaldunak».

Iñaki Carrerak eta Imanol Garciak ontzat eman dute egindako lana. Ez zuten dialektologo jarduteko asmorik. «Gure helburua ez da izan bertako euskararen ezaugarriak lantzea, euskara hori badela adieraztea baizik». Egin dute urrats hori. Hemendik goiti, hurrena datozenek lan egiteko modua izango dute...

Aralarko koordinatzaile Patxi Zabaletak, Nafarroan ere alderdien mahaia eratzeko langintzari ekiteko eskatu dio Miguel Sanz lehendakariari. Bistan da uneotan jai duela eskaerak, baina argi uzten du bake prozesu batek izango duen korapilo nagusienetakoa lurraldetasunarena izango dela. Onartua dago ezingo dela mahai bakarra eratu, EAEn bat eta Nafarroan beste bat egon beharko duela. EAEn aurten eratzea ezinbestekoa da, eta Nafarroakoak itxaron beharko du, seguruenik Nafarroako hauteskundeak iragan arte gutxienez. Orduan izandako emaitzen ondorioz, garbiago ikusiko eratzen den mahaiaren izaera eta indarra zeintzuk diren

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan