Ińaki Zubeldia
Badirudi tortura zibilizazio eta estatu barbaroekin identifikatzen dugula eta ez dugula sinetsi nahi gaurko estatu moderno eta aurreratuetan ere tortura kasuak ematen direnik. Egia da giza eskubideak hutsaren hurrengo diren nazioetan errazagoa dela tortura kasuak ematea eta horiek sistematikoki erabiltzea. Baina egia da baita ere nazio horietako tortura basatia eta indarrean oinarritutakoa izaten dela eta ez sofistikatua eta zientzian oinarritutakoa, nazio "zibilizatuetan" bezala (Guantanamo, Abu Graib, Israel, Espainiaŕ).
Hemen ematen diren tortura kasuak ustezko aurkaria fisikoki eta psikikoki desegitera doaz -etengabeko kolpeak buruan eta belarrietan, asfixia, begiak benda batez itxita luzaroan, orientazioa eta denboraren pertzepzioa gal dezaten, etengabeko oihuak, irainak, mehatxuak, zakurren erabilera, elektrodoak, sexu mailako umiliazioak, psikologia mailan pertsona suntsitzeko teknikakŕ-. Eta batzuetan ustez eskua joan izan zaie eta torturatuak hil egin dira -Joxe Arregi, Mikel Zabalza seguru asko, ziur ez badakigu ere-. Eta torturatzaileak, kondenatua izan den kasuetan ere, indultua lortu du sarritan eta lehengo lanera itzuli da berriro lasai asko, kargu altuagoetara igo ez dutenean.
Ikaragarria da torturatuak pasatu behar duen kalbarioa. Hasteko, Entzutegi Nazionaleko zenbait epaileren harrera hotza, ustezko axolagabekeria ez esateagatik: "Terrorista guztiek ETAren kontsigna daukate torturatuak izan direla esateko". Eta hor ikusten dituzu Joxe Arregi, torturen kausaz hil zena, Jaime Iribarren, zutik egoteko gauza ez zena, gorputz osoa dardara batean, edo Unai Romano, burua eta aurpegia hazi-hazi eginda. Eta orain epaile batek ez du ba esan Unaik tortura salaketa faltsuak jarri dituela eta testigantza faltsua emateagatik auzipetuko duela? Berak bere buruaz komisariako hormak jo zituela sinetsarazi nahi digute. Eta Unai Romano auzipetzeko erabakia hartu duen epailea inork ezin al du auzipetu, ustezko prebarikazio delituagatik? Ez al da epailea gutxienez Unai Romano bezain ustezko delitu egile? Zein da sinesgarriago Unai Romano, torturatu egin dutela esatean ala epailea, Unai Romanok salaketa faltsua jarri duela esatean? Nik ez dut nire iritzia emango, baina zuek gehienok pentsatzen duzuen horixe bera pentsatzen dut nik ere.
Eta torturak egon direla eta oraindik ere tartetan ematen direla esaten duena ez naiz ni, Theo van Boben, Nazio Batuen torturaren auzirako Errelatore Berezia baizik. Honek aitortu du tortura kasu mordo baten salaketak jaso dituela euskal hiritarren aldetik eta "bost eguneko inkomunikazioak eta sistemak berak ahalbidetzen dutela torturak eta tratu txarrak egotea, bereziki terrorismoaren akusaziopean inkomunikatuta egoten diren pertsonen kasuetan". Bestalde, esan behar da "Tortura eta Tratu Txar edo Zigor Anker edo Degradanteen Prebentziorako Komite Europarraren Txostenak" Espainiako Gobernuari urtero esaten diola Espainian tortura kasuak ematen direla eta hori ezabatzeko neurriak hartu behar dituela.
Espainian euskalduna susmagarri izan da beti eta susmagarriaren kontra dena izan da libre eta baliagarri, gerra zikina, tortura, atxilotze ez ofizialak, egunkariak eta irratiak ixtea, partidu eta jende mordo bat legez kanpo uztea, proportziorik gabeko isunak, justizia banatu behar denean bi neurri edo gehiago erabiltzea -agintzen duenaren komenientziaren arabera, noski-. Henri Paroten kasua hortxe. Rodriguez Galindori edo Verari edo Barrionuevori aplikatuko al zaio erabaki hori?
Hor dabil Estatu Batuetara joanda mutila -irakur bedi frantsesez-, makrosumario deliranteak -askoren ustez- idatzita, hanka sartze galantak eginda, ustezko prebarikazioak agian?, bere sumario gehienak atzera botatzen ari baitira. Eta sumario horien instrukzioa gaizki eginda baldin badago, bi posibilitate daude: edo ezjakina eta tontoa da, edo jakinaren gainean egin ditu gaizki, euskal jendea zigortzeko. Lehenengo kasua ematen bada, oso gaizki. Baina bigarrena ematen bada, okerrago. Bigarren honek izen bat du: ustezko prebarikazioa. Baina nork jarriko dio txintxarritxoa katuari?
Agustin Errotabehere ( kazetaria)
Frantziarrek ezezkoa eman zuten Europako Konstituzioaren erreferendumean, beren modelo sozial ohargarriaren zaintzearen aldeko erantzuna. Hona lau zutabe nagusi dituen modelo soziala: langabezia, pobrezia, ezberdintasunak eta zerga pisuenak ordaintzea!
Langabezia %10ekoa. Pobreak jendartearen %11. Milioi bat haur beharretan. 3 milioi jende osasun artarik gabe. 2,6 milioi jende janari laguntza beharretan. Pertsonen 5etarik bata formaziorik gabe; hezkuntza nazionalak ezberdintasunak murrizteko aldiz areagotzen. Argazki arras iluna.
Ekonomialari argi batek zioenez "Frantzia noragabea, Europako Konstituzioa blokeatuz, Europara ongi menperatzen duen bakarra saiatzen da esportatzen: porrota". Saminki errana baina egia. Zeren "deklinismoa"ri edo "gainbehera"ri gehiegi fidatu gabe, dato ekonomiko larrienei behako baten ematea aski baita. Hazkunde ekonomikoa: doi-doia %1,4ra iritsi da 2005ean -Espainian %3,4 izanen delarik-. Atzerriarekiko harreman komertzialak galtzetan, esportazioak ahulegiak izanez, Frantziak merkatuak galtzen ari ditu kanpo erresumetan; zerga publikoa beldurgarria bihurtua da mila miliar euro gaindituz, bi mila miliarretara iritsiz funtzionarien erretretak kontutan hartuz. Opari ederra gure haurrei utziko dieguna.
Bi jarraibide bakarrik egoera larriari aurre egiteko: edo mugak hetsi, protekzionismo gogorrean murgilduz, kanpoko konpetentzietarik ekonomia zaintzeko ametsarekin. Konstituzioari ezaren hazkurria. Edo mundializazioak dakarren aldaketei egokitzea. Zeren nahitaez, mundializazioa ezin ukatu, ezin baztertuzko errealitatea baita. Denentzat. Orain arte bazterturik eta ahul zeuden lurraldetan ekonomiak -Asia aldekoa bereziki- bizkortzen ari dira, jendarteari bizibideak ekarriz. Kaltegarria ote? Ez noski. Guk haiei saltzea onargarria da, baita onuragarria ere. Baina haiek guri saltzea, ezin onartua! Betiko aberatsen berekoikeria.
Ingalaterra atzo, Alemania gaur, neurri gogorrak hartu edo hartzen dituzte Europako estatu zenbaitetako gobernuek etorkizunari begira beren ekonomiak egokitzeko. Neurri latzak. Baina beharrezkoak biharko konpetentziari buru egiteko. Giza kategoria zenbaiten haserre eragileak. Adore eta ausardia behar izan dute agintariek, demagogiaren gainetik, neurri horien bideratzeko.
Frantzian? Ez pentsa ere. Hauteskundeak hurbil ditugu alabaina eta alderdi bakoitzak haien irabaztea du helburua. Egoeraren larritasuna gorde eta beharrezko neurriak zangopilatuz. Gobernuak opari ederra egin die aberatsenei zergak arinduz eta zorra arabera emendatuz. Lan merkatuari malgutasuna emateko (CPE- CNE) hartu neurriek, bi urtez nahi bezala langilearen kanporatzeko eskubidea ematen diena, nagusientzat ogi benedikatua. Bere hautesleari opari ederra. Eta ezkerrean? Krisi larri nabarmena, Konstituzioaren erreferendumaren ondotik "sozial" eta " liberalen" arteko gatazkarekin. "Sozialek" ez dute mundializazioa onartzen, modelo sozialaren zaintzea aldarrikatuz. Alor publikoko langile edo enpresa handietakoak, Inside sektorekoak, lanpostu seguruak, soldata borobilak, erretretak segurtatuak, beste zenbait abantailekin, aldaketarik ez dute nahi, bistan da. Zerbitzu publikoena bereziki, beharrezko erreformen aurka, berehala pribatizazioaren mamua astinduz. Alta, azterketa guztiek, lerroz lerro, adierazten dute inolako dudarik gabe, sekulako dirutzak xahutuak eta enpoilduak direla administrazioaren zentralismoaren burugabekeriarekin. Soziologo ezagun batek "Estatuko burgesia ttipia" deitzen ditu Konstituzioaren arerio sutsuenak izan zirenak. Erreformak eskatzen dituztenak traidore "sozial-liberalak" bezala kondenatzen dituzte langileriaren ezkerreko aingeru begirale. Besteak Outside sektorekoak, lantegi ttipietako errealitatea dute eguneroko ogia: langabezia, prekarietatea, soldata meheak edo pobrezia; gizartetik baztertuak. Sindikatuek nagusiki, beren lerroak osatzen dituzte, egoera joriena bizi duten langileak dituzte zaintzen. Bi mundu arras ezberdinetan zatitzen ari dela gizartea nabari da.
Ikusiz zer nolako larritasunera heldua den Frantziako egoera, aditu anitzek amets egiten dute, datozen hauteskundeetan oinarrizko galdeak, arazoak plazaratuak, aztertuak izanen direla, alderdikeriak baztertu zentzu oneko neurrien erabakitzeko. Ez dirudi bide horretarik doanik debatea. Adore eta zintzotasun eskasa izan da gehiegitan politikoen akatsa. Urtebete pasa gelditzen zaie jokamoldeen aldatzeko edo ustekabe larriak ezin izanen dira baztertu.
Jon Alonso
John Perkins delako batek liburu bitxia argitaratu berri du, gaztelaniaz (Confesiones de un gangster económico. Ediciones Urano, 2005). John Perkinsek «gangster ekonomikotzat» jotzen du bere burua, eta liburuan zehar adierazten du, gordintasun osoz, zertan dautzan bera bezalako Het man baten lanbidea eta bizimodua. Dirudienez, hetmanak duela mende erdi bat dabiltza hortik zehar, inperioaren aldeko lan zikina egiten, arlo ekonomikoan:
"Une erabakigarria 1951n gertatu zen, Iranen, herria matxinatu zenean hango baliabide naturalak eta bertako jendea eskilmatzen ari zen petrolio-konpainia britainiar baten aurka. Konpainia hau gaurko BP -British Petroleum alegia-, delakoaren aurrekaria zen. Gauzak zertan ziren ikusirik, Irango lehen ministroak, demokratikoki hautatua zen Mohammad Mosaddeq izenekoak, bertako petrolio-hobi guztiak nazionalizatu zituen. Britainiarrek, asaldaturik, laguntza eskatu zieten bigarren munduko gerran beren aliatuak izan ziren estatubatuarrei. Baina biek ala biek uste izan zuten esku-hartze militarrak sobietarren erreakzioa sorraraz zezakeela, Iranen alde. Beraz, marineak bidali beharrean, Washingtonek Kermit Roosevelt bidali zuen. Hau Theodoreren biloba eta CIAko agentea zen. Bere jarduna bikaina izan zen. Borondateak konkistatu zituen sobornoaren eta mehatxuen bidez. Honen ondorioz kaleborroka eta manifestazio biolentoak antolatu ziren, eta giro horrek Mosaddeq gorrotatua eta gaitasunik gabea zelako inpresioa sortu zuen. Azkenean Mosaddeq erori zen -gelditzen zitzaion bizialdia etxean atxilotuta pasatuz-. Mohammad Reza Shah amerikarren aldeko diktadorea izan zen hurrengo agintaria. Modu honetan, Kermit Rooseveltek lanbide berri baterako baldintzak sortu zituen".
Ohar gaitezen Perkinsek aipatzen zituen sobornoak eta mehatxuak enpresen eta ekonomiaren munduan egin zirela, ez zuzenean arlo militar edo politikoan. Izan ere, jarraitzen du azaltzen Perkinsek, ordutik aurrera amerikarrek gauza bera egiten segituko zuten mundutik zehar, baina CIA erabiltzea horrelako operazioetan arriskutsua zela iritzirik -beren gobernua inplikatu zezakeelakoan, agentearen jarduna agerian geldituz gero-, erantzukizun hori multinazionaletako langile "berezi" batzuei pasatu zieten: Het man edo gangster ekonomiko direlakoei, hain zuzen.
Beste alde batetik, hauxe irakurtzen da Said W. Edwarden Cubriendo el Islam liburuan; (Debate, 2005):
"Islama ez da inoiz Europan ongi ikusia izan. Historiako filosofo nagusiek, Hegelengandik Spenglerrengana, maitasun gutxiz begiratu diote Islamari. Idazle exotikoren batek edo santu sufiren batek sortzen duen uneko interesetik haratago, europarrek nekez sartu dute ćekialdearen jakintzarenĆ barruan jakintsu edo poeta islamiarrik. Omar Khayam, Harun al-Rashid, Simbad, Aladino, Alí Babá, Sherezade eta Saladino dira, gutxi gorabehera, gaurko europar kultu batek ezagutzen dituen pertsonaia islamiarrak. XIX. mendearen bukaeran, nazionalismo islamiarrak indarra hartu ahala Asian eta Afrikan, kolonia musulmanek europarren tutoretzapean egon behar zutelako ideia finkatu zen, errentagarriak zirelako, azpigaratuak zeudelako eta mendebaldarren diziplina behar zutelako (...). Eta hor daude Islamak Europako kulturan dauzkan errepresentazioak -giro akademikoan, artean, literaturan, musikan eta iruditeria kolektiboan- XVIII. mendearen bukaeratik gaur arte".
Mendebaldarrok Islamaren aurrean: lukurreria, indarkeria, lapurreta, ezjakintasuna, erdeinua, arrazakeria. Historikoak, denak.
Eta orain "adierazpen askatasunarekin" ateratzen gara. Patetikoak gara, zinez.
Pako Sudupe
Zorionez, ez noa ezer berririk esatera: badirudi euskaldunok Interneteko trena lehenago iritsitako beste hainbat tren baino azkarrago hartu dugula. Badira blog biziak eta badira webgune mezu-truke handikoak: "Itzul" da horietako bat.
Horizontala da: nornahik hartzen du parte, laguntza eskatzeko bezala emateko, informazio jakingarria besteren eskura uzteko edo besteak berera bildu nahian, gogatu nahian; parte hartzaile guztiak desberdinak dira noski, talentu naturalak eta alorrean sartutako lanak eta emandako orduak bereizten dituzte, badira izena merezita bereganatua dutenak eta horiek ere hartzen dute parte, era berezian nahi baduzue, baina besteak bezalatsu.
Erlauntzaren irudia etorri zitzaidan mezu-trukaketa irakurtzen hasi berritan: erlauntzan, badakizue, gehienak eme antzu langileak dira, polena bildu eta eztia eta argizaria ekoitzi eta beldarrak gobernatu aritzen direnak, badira erle ar alferrak eme erregina ernaldu beste lanik hartzen ez dutenak. Oraingoz alferrena ni naiz, erle langileen ekarria begiratu, xurgatu edo zurrupatu bai, baina ordainetan ezer eskaintzen ez dudana, inor ernaldu gabe.
Gaztelaniazko "al tres bolillo" zer da? Adibidez «kale-argiak bi espaloietan banatzeko ohiko modua, edo lorategietan landareak lerroka jartzeko moduetako bat. Esan nahi du elementuak -direnak direla- bi lerro paralelotan jartzen direla, baina ez aurrez aurre, baizik eta lerro bakoitzean jartzen den elementu bakoitzari pareko lerroko elementuen arteko tarte hutsa dagokiola; hau da, bi lerroetako elementuak batuko lituzkeen lerroa sigi-saga lerroa izango litzateke, zerra-hortzen profila bezalakoa...» ez zaizue zehatza eta ederra iruditzen?
Baina delako web orri hori, Arantzazuko frantziskotar fraideek idazten dute? Ez dago gatz eta piperminik? Zozoa horratik. «Azken bolada honetan, Islamaren profeta asko aipatu da, baina nola esan behar da euskaraz? Espainieraz pentsatzen dutenentzat "Mahoma", jakina, baina zergatik horrela esan behar da euskaraz, besterik gabe, mundura begiratzeke?. Eta Iparralde zer? "Mahoma" lau probintziako kontua da, ez Zazpi Probintzietakoa. Euskal Batuaren mesederako, "Muhammad" edo "Mohammed"erabili behar da. "Mahoma" erabiltzeak diosku euskal kultura cultura vasca dela, gaztelaniaren orbitan dagoen kultura bat. Ez al litzateke posible izango Mahoma izena -eta izen horren beste formaren bat ere bai- euskarak berez egokitutako izena izatea -gaztelaniarekin kointzidentea bada ere?-. Ba al dakizu nola esaten den izen hori gainerako erromantzeetan, hala nola katalanez edo aragoieraz, edo nola azaltzen den haren aipamenik nafar erromantzearen formak biltzen dituzten testuetan?».
ETB1eko Mihiluze programak ere eman du zer idatzia. Gaztelaniazko langostinos salvajes euskaraz otarrainxka basatiak desegokia ote? Desegokia ez bada izendapena, programaren jokabidea desegokia ez ote?
Bihotzetiko bozkario profesionalek ere badute inoiz tarterik: «Barkatuko didazue harrokeria, baina gaur ćeurekaĆ bat atera zait mezu bat iritsi zaidanean, zientzialari bati beraren iragarpen teoriko bat datuek enpirikoki frogatzen dutenean ateratzen zaionaren modukoa. Izan ere, esana nuen nik, aspaldi, azkenean edozer gauza bihurritzeraino iritsiko zela gaztelaniazko prosa, nominalizazio-estilo gupidagabera behartzeko, baina ez nuen espero hain azkar eta hain biribil iristea adibidea. Deshabituación tabaquica. Tamala da, zinez, azken (aurreko) urrats hori egitera ausartu den pioneroaren izena isilik geratzea. Hura fama-leihoratzen den bitartean, hala ere, beste berri bat badugu gurean, beste eureka bihotzetikoago bat jaulkiarazi behar ligukeena, guztion itzultzaile-heldutasunaren seinale den neurrian, euskaratzaileak ez baitu, hara, ćDesohikuntza tabakolariaĆ edo halakorik eman, honako hau baizik: ćTabakotik desohitzeko terapiaĆ. Berri onak ere berri izan litezke, ezta?».
Lehenik -haien oniritzirik eta gaitzespenik gabe egingo ahal nuen!- artikulu hau idazten lankide izan ditudanei eskertzea dagokit; bigarrenik, nire alferkeria, poxi bat bada poxi bat, zuritzeko baliotxorik izango balu artikulu honek!