Jakoba Errekondo
Bitxia zaigu Nafarroa, baita lurrean ere. Klima, paisaia, jende eta kultura aukera paregabea du. Paregabe bitxi. Abelzantza atakan utzita soro, baratza eta negutegien alorretakoetara goaztean.
Hona ona, gehien sortzen den landare-gaia inor gutxik asmatuko luke: luzerna edo alpapa, milioi erdi tona eskas. Beste ekoizpen garrantzitsuenak, tonaka: garagarra 440.000, garia 300.000, mahatsa 150.000, arta-alea 118.000, tomatea 110.000, arta-berdea 85.000 tona, brokulia 64.000, oloa 37.000, muxika 27.000, azalorea 21.000, sagarra 20.000, udarea 19.000ā
Hona onena: zein landare da lur gehien hartzen duena? Hau asmatzen errazxeagoa da: garagarra, 330.000 golde. Lur-puska ederrak dituzten beste landareak goldeka, hektarea-herenka: garia 220.000, mahatsondoa 70.000, aletarako artoa 46.000 eta berdetarakoak 28.000, oloa 25.000, ilarra 24.000, brokulia 16.500, ekilorea 12.000, almendrondoa 11.000ā
Hona ederra: nafarrek, azkar, nekazaritzan ere etengabe ikertu, garatu eta berritu: merkatuak eskatzen duena, eguneroko etekinak eta lurraren errespetuzko etorkizunaren arteko orekan: era logikoa, ekologikoa, gero eta zabalduagoa da eta kanpotar gehienen inbiri: mahatsa eta ardoa, olioa, barazkiak, fruta, laboreak, eztia, sendabelarrak, haziak, almendra, sagardoa, kontserbakā egiten dituzte 81.000 goldetan 648 nekazarik.
Hona ederrenak: nekazariak, den-denak, geu bakoitzaren aparteko majera betetzeko ahaleginagatik: nafar ekonomian bigarren sektore garrantzitsuena izan eta ekologikoaren aldera bihurtzen ari direlako.
Bitxikeriak: zainzuriak baino letxu, espinaka, tipula, azalorea, brokulia eta kardu gehiago egiten da. Gehien hazten ari direnak, lur-sailez: arroza, zekalea, kalabazina, brokuli, piper berde, sagarrondoaā eta ekoizpenez: zerba, borraja, brokulia, romaneskua, mahatsa, olibak, sagarrondoaā
Bejondeiela lur horiei.
Jabier Agirre
Biztanleriaren %17ak hegazkinean bidaiatzeko beldurra dauka, duela urte batzuk Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako azterketaren arabera. Eta azterketaren emaitzak sexuen aldetik begiratzen baditugu, ikusiko dugu emakumeek beldur gehiago dietela altuerei (%23) gizonezkoek baino (%11). Askoz ere jende gehiago hiltzen da errepideko istripuetan hegazkin-istripuetan baino, eta hala ere, gezurra dirudien arren, automobilak askoz ere konfiantza handiagoa eragiten du hiritarren artean, hegazkinak baino.
Hegan egiteak sortzen duen fobia horretan, hainbat beldur-klase bereizten dituzte adituek: hegaldien segurtasunaren inguruko zalantzak batetik; norberak nahita ere, bere borondatez kanpora irteterik ez duen ibilgailu baten barruan "harrapatuta" dagoela jakiteak eragiten duen herstura edo antsietatea; bidaiaren gainean pertsonak duen kontrol falta eta abar. Adituek 25 fobia desberdin identifikatu dituzte eta horien artean altuerekiko beldurra, jendetza handiek eragindakoa, klaustrofobia -edo leku itxiekiko beldurra- eta abar aipatzen dituzte.
Hegan egiteko beldurrari aurre egin eta arazoa konpontzeko erremedio eraginkor bakarra autokontrola eta informazioa konbinatzea da. Adituek zera gomendatzen dute: eser zaitez lasai-lasai eta pentsa ezazu zeintzuk diren zure beldurrak, eta non ote dauden horien soluzioak, betiere datuen iturri objektiboetara joz:
- Erabili pentsamendu positiboak. Eta "a zer hots arraroa egiten duen motor horrek" bezalako ideia edo burutazioen ordez, pentsa ezazu "motorren hotsa aldatuz doa potentziaren eta abiaduraren arabera", esaterako.
- Eser zaitez leiho ondoan. Horrela nondik nora zoazen jakingo duzu eta hegaldia "kontrolpean" dagoela nabarituko duzu.
- Eraman ezazu zerekin entretenitu -liburuak, aldizkariak...-.
- Antsietatea edo barne-herstura nabaritzen hasi orduko, hartu arnasa modu kontrolatuan, lasai eta sakon. Horrela pultsazioak bere onera etorriko dira, eta lasaitu egingo zara.
Joxerra Aizpurua
Iluntasuna Txinan
Txina ilundu egin da azken berrogeita hamar urteotan, Pazifikoko Ipar-mendebaldeko Laborategi Nazionaleko (PNNL) Yun Qiang ikerlariak zuzendutako taldeak adierazitakoaren arabera. Normalki horren erantzule laino-geruza izaten da, baina oraingoan arrazoi larriagoaren susmoa dago.
Orain arte eguraldi lainotu eta ez lainotuen proportzioaz Txinan egin den azterketarik sakonenak dioenez, laino-kopurua gutxitu egin da azken berrogeita hamar urteotan. Laino gutxiago baldin badago, gizakiaren jardueran begiratu beharko da nola ilundu den Txinako zerua.
Lehen azterketen arabera badirudi aerosolen kontzentrazioa -kedarrez eta sufrez osatutako partikulak- hainbeste handitu dela non lanbroa sortzeko gai izan den eta nahiz eta zeruan laino gutxi izan den, egun lanbrotsuak gero eta ugariagoak izan dira.
Izan ere, aurreikuspenak ez dira batere baikorrak, populazioa eta jarduera ekonomikoa hazi ahala lanbroa areagotuz joango da; eta lanbro honek eguzki izpien bidea oztopatu ez ezik, euri azidoa eta arnas gaixotasunak sortzen ditu.
Baina hemen ez da amaitzen lanbroak sortutako kezken zerrenda, zeren eta lanbroaren eraginez gero eta ur gutxiago lurrunduko dela uste da eta ondorioz, gero eta euri gutxiago egingo duela; beraz, lehorte garaiak gero eta luzeagoak izatea espero da.
Lanbroak ezkutatu egiten du Asian gertatzen ari den berotegi efektua zeren eta eguzki izpien bidea ekiditean ez dira oso tenperatura altuak gertatzen, baina ura ere ez da lurrintzen eta ondorioz euri laino gutxiago sortzen dira.
Ikerlarien arabera, datorren hamarkadan Asian lehorte kopurua gutxienez bikoiztu egingo da.
Ordenadore azkarragoak egiteko bidea
John Hopkins unibertsitateko ikerlari talde batek ordenadoreetan beste urrats bat eman nahi du, abiadura handituz, memoria fisiko txikiagoaren memoria ahalmen handiagoa lortuz eta energi kontsumoa %99 murriztuz. Beraien ikerketa MRAM -Ausazko irizpideko memoria magnetikoa- bidetik doa eta horretarako oso dentsoak eta egonkorrak izango diren memoria magnetikoko abaraskak nola sortu aztertzen ari dira.
Nikel edo kobaltoko nanoeraztunekin ari dira lanean, 100 nanometroko diametroa duten eraztunekin hain zuen ere. Nanometroa metroaren milioirena da eta adibide gisa esan dezakegu gure ile batek 100 nanometroko milioi bat eraztun eduki ditzakeela.
Tamainarekin batera eremu magnetiko jakinak kontrolatu behar dira zeren eta abaraskak hain elkartuta egonik, beraien artean eragina izan dezakete. Badirudi arazo honi aurre egiteko bidean daudela eta beraz, ikerketaren bidea arrakastatsua izan daitekeela.