Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 10:55:57
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-05 -- 2030.zenb

Alvaro Hilario Pérez De San Román

Likiniano Elkarteak kaleratutako lanekin erkatuta, azken honek ez ditu hizpide ez langileria, ezta Komandoak ere.
Liburuak jorratzen dituen urteetan (1985-90), gertatu ziren gizarte gatazketan langileek eta komandoek (bigarrengoek maila antierrepresibotik, batez ere) zer esanik bazuten ere, borroken protagonista, dudarik gabe, gazteria izan zen. Bestaldetik, liburuaren asmoa ez da, aurrekoetan gertatu den legez, talde autonomoen logikak azaltzea edo garai haietako unerik garrantzitsuenak gogoraraztea; oraingo honetan, modernizazio kapitalistaren aurkako prozesuak eta prozesuek beraiek gazte komunitate berria zelan sorrarazi zuten -borroka molde propioak zituena- azaltzea dugu helburu.

Zeintzuk dira liburuak dakartzan borrokak?
Batez ere, PSOEren gobernuen lehenengo urteak eta bertan garatu zen gatazkak azaltzen saiatu gara. Borroka ezberdinak agertzen dira. Alde batetik, lurraldetasunarekin zerikusia dutenak: gazteriaren bilguneak ziren alde zaharren defentsa; komunitate politiko berria garatzeko eremu fisiko propioak, hots, gaztetxeak, eskuratzea; eta nor bere kabuz bizitzeko okupatzen ziren etxeak, norbanakoaren askatasunarentzako lekua, beraz. Bestaldetik, adierazpen askatasunari lotuak zeudenak, gertatzen ari zena kontatzeko grina eta beharra bazeudelako: 1983tik irrati libreen sorrera, lehenengo eta fanzineena, geroago. Hasiera bateko fanzineek -musikaz eta politikaz beteta- hausnarketa politikoa egiten zutenei utzi zieten lekua. Harrezkero, beste hainbat borroka kontuan izan behar ditugu: industria birmoldaketaren bigarren zikloaren kontrakoak esaterako. Azken hauek muturrekoak ziren, itunak ez zituztelako jomuga; eta 1986an hasi eta 1988ko abenduaren grebaraino luzatu zen ikasle leherketa. Modernizazio prozesua arbuiatzen zuten arlo bi ditugu azken hauek. Betiko zenbait mugimenduk ere han zirauten: ekologistak eta feministak, kasu; artean, arazo ezberdinak zeuzkaten eta asimilatuak ez izaten saiatzen ziren. Muturreko talde hauek, beraz, taktika berriak sortu behar izan zituzten. Honela, feministek gizarte patriarkalaren aurka zuzendu zuten borroka, eta ez ustezko berdintasunaren alde, Emakundek moduan. Ekologistek joera eta praktika antikapitalistak garatu zituzten, kontserbazionismoa ukatuz. Euren nortasun ezaugarriei eutsi zieten.
Ezin ditugu ahaztu ere errefuxiatuen estradizioen kontrako borrokak eta GALen kontrakoak. Testuinguru honetan garatu zen «indarkeria zabala», difusoa, ohiko borroka armatu klasikoaren aurka ideologikoki defendatu zutena.

Liburua irakurriz argi dago zuk aipatzen duzun gazte komunitate politika hark bizimodu berriak, estetika berriak ere sortu zituela...
Liburuan azaldu nahi izan dugu zelan autonomiaren ikuspegitik, praktikatik, borroka ez dela ideologia-igortze prozesu batetik jaioa, borrokekin batera, beraiekin bat, jaio dela baizik. Azaldu nahi dugu ere, zelan borroka horiek lurralde zehatz batean artikulatzen ziren, lurraldean beste ezaugarri kulturalak zeudela ahaztu gabe.
80ko hamarkadaren amaieran, hirietako alde zaharretan gorpuzten da bohemioa eta ertzekoa zen komunitate berria; sexualitate berria nahi zuena, drogak era ludikoan erabiltzen zituena.
Errenta txikiko tabernetan entzuten zen garaietako musikak; haietan bat egiten zuten hiri-tribuek, auzoetatik joandako gazteek eta, artean, politizatuta zeudenek. Osagai hauen inguruan artikulatuko zen, politika izateaz gain, bizimodu berria zekarren komunitatea. Horrexegatik aldarrikatzen dugu «tropikala» hitza, borroka bizitzeko, bizitzeko modu berria adierazten baitu.


PSOE ezinbesteko erreferentzia daukagu liburuan zehar. Orduko PSOEren eta gaurkoaren artean alderik ba al dago?
PSOEren etorrera aukera politikoa izan zen. Argi zeukaten zertarako heldu ziren gobernura: egitasmo kapitalista eta modernizazio prozesua borobiltzeko arlo militarrean, politikoan eta ekonomikoan. Aldi berean, kutsu aurrerakoia zekarten eta gobernu lanetarako hainbat ezkertiarrez baliatu ziren. PSOEren etorrerak eta aginte autonomiko hasiberriek ahalbideratu zuten zenbait borroken garapena, UCDrekin guztiz legez kanpokoak zirenak -lehenengo irrati libreak, esaterako-. Bada antzekotasun gehiagorik: negoziazioaren inguruko mugimenduak eta zurrumurruak; edo, justizia dela-eta, eskumak hartu zuen jarrera PSOEk prebentziozko espetxealdia kendu zuenean, ziurtasunik eza eta etorkin gazteak astinduz. Gaur bezala.


Zergatik liburuan «Euskal Herriak» erabili?
Gure ohitura da Euskal Herriak erabiltzea hemengo tokiz tokiko aniztasuna nabarmentzeko. Klase borroken eremua kontuan izanik, herri guztietan antzeko arazoak daudela badakigu ere, sekula ez dugu borroka molde bateratuaren aldeko apusturik egin, leku bakoitzeko erritmoari so egin behar zaio, errespetatu behar da erritmo hori. Tokiz tokiko autonomia nabarmendu nahi dugu.


Resiste aldizkaria askorentzako erreferente bihurtu zen. Eta, diseinuari buruzko pasadizorik baduzula uste dut...
Genituen eredu grafikoak ezagutzen genituenak ziren; honela, galeradak erabiltzerakoan edota azala egiterakoan ARGIA hartu genuen eredu. Resiste garrantzitsua izan zen tokian tokiko borrokak babesteaz gain, nazio mailako espektroa islatzeko beharra zegoela ere argi izan zuelako. Argi izan zuen ere ezinbestekoa zela nazio mailako banaketa garatzea. 1988an, gutxi gorabehera, hemengo abangoardia ezberdinak -abertzaleak, iraultzaileak, anarkistak- beraien aldizkariak kaleratzen hasi ziren. Guk ARGIAtik kopiatu genuen azalaren eredua.

Josu Chueca

Mario Vargas Llosak hauspotu zuen La Fiesta del Chivo liburuarekin Galindezen kasuak 1956az geroztik izan zuen oihartzunaren olatu berria. Zinemara ere eraman dute Ana Diez eta Angel Amigok. Galindezen historiari legenda gailentzen ari zaionean, ongi legoke Espainiako Gerran desagertuak agerrarazteaz arduratu eta bi hamarkada beranduago Demokraziaren ustezko metropolian diktadura trujillistak desagerrarazi zuen gizona gogoratzea.

Estatuko hiriburua lagata, udaro Euskadiratzen zen Jesus Galindez Suarez arbasoen Amurriora. Familiaren sustraiak hor izateaz gain, bertan asetzen baitzuen gero eta handiagoa zuen euskal herri mina. Hala ere, 1936koan, bere sorleku eta ikasketagune izan zen Madrilen gelditu zen, Zuzenbide Administratiboko katedraduna zen Felipe Sanchez Romanen irakasle laguntzaile bilakatu zelako. Amaitu berriak zituen zuzenbideko ikasketak baita euskal baserriari eskaini zion doktoradutza tesia ere. Baina uda horrez geroztik beste zuzenbideko arlo batzuek -penalak esate baterako- emanen zioten arreta eta kezka legegizon honi. Izan ere Gerra Zibila hasi zenetik, 1937ko maiatzean Madril laga zuen arte, erretagoardia errepublikanoan aritu behar izan zuen bere ikasketetan ikasitakoak eta askoz gehiago martxan jarriz.

Garai hartan abagune larria bizitzen ari zen Estatuko hiriburuan, frankistek hartzear zutela zirudielako. Kinka horretan, heroismo handienarekin batera mendeku eta sarraski latzenak gauzatzen ari ziren. Buenaventura Durruti anarkista eta beste asko Madrilgo defentsan hiltzen ziren egunetan, kartzeletatik preso faxistak ateratzeak eta Madrildik kanpora garraiatzeak hilketa masiboak ekarri zituen. Era berean, nazioarteko brigadistek burutu zuten hiriburuaren defentsa itzelarekin batera, estalinismoaren jardun beltzenak burutzen ari ziren erretagoardiako hainbat ezkermuturreko. Estualdi horretan atxiloketak ugaltzeaz gain, presoen aurkako hainbat sarraski gauzatu zituzten. Paracuellosen eta Torrejon de Ardozen buruturikoak alde errepublikanoaren orrialde lotsagarrienak bihurtu ziren, milatik gora preso garbitu zituztelako.

Berdintsu gertatzen ari zen Madril osoan barrena eratu zituzten txeka ospetsuekin. Inolako bermerik gabe, susmagarriak suerta zitezkeen eskuindarrak, erlijiosoak edo talde muturretakoek salaturikoak bertan zeuden kartzelaratu, hilarazi edo askatu arte. Horrelako kinka larrian zeudenak laguntzeko Eusko Alderdi Jeltzalearen ekimenez hasieran, eta beranduago Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jesus Galindezek eta beste hainbatek jardun zuten zuzenbideko oinarriei eta gizalegetasunari eutsi nahian. Galindezi Preso eta Desagertuen Batzordeko burua izanik, txekaz txeka eta espetxez espetxe ibiltzea egokitu zitzaion presoen trukaketak eta askapenak erdiesteko asmoz. Orduko oharretan oinarritu zuen liburuan, Los vascos en el Madrid sitiado delakoan, jokabide horren berri eskaintzen digu zehaztasun handiz berak. Testigantza horien zuzentasuna dela eta, historiagile esanguratsuek, Ian Gibson bezalakoek esate baterako, ontzat eman dituzte Amurriok luzaturiko datuak eta gertaeren deskribapenak.

Manuel Irujok, Justizia ministro bilakatu zenean, -Jesus Galindezek Kartzeletako Zuzendaritza Orokorraren ardura bereganatuta zuela- jokaera horiek berrindartu zituen. Amelia Azarola, Raimundo Fernandez Cuesta, Javier Astrain, Antonio Lizarza eta Manolo Valdes gisako atxilotu nabarmen ugari esparru errepresibo alegaletatik askatzeaz gain, presoen trukaketa bidean jarri zituzten, azken batean, heriotz zigorretatik libratzeko. Etikaren iparrorratzak lagunduta, ahalik eta bizitza gehien salbatzea izan zuten helburu, justizia, gerran bazen ere, mendekuaren gainean ezarriz.

Erretagoardiako ekimen horietatik kanpo, gerrako frontean ere ibili zen amurriotarra Brigada Vasco-pirenaica delakoan aritu baitzen 1937ko irailetik aurrera. Ordurako Euskadi bere osotasunean frankisten esku zegoelako, Aragoiko frontean jardun zuen 1938ko azken hilabeteak heldu bitartean. Espainiako Errepublikaren armadaren hilzoria Katalunian iritsi zitzaion eta hortik muga igaro behar izan zuen, 1939ko otsailaren 10ean, La Tour de Caroletik hain zuzen ere. Beste milaka miliziano legez, soldadu frantziar-senegaldarrez inguraturik, Bourg Madamen hasi zen itzulezineko erbestea. Giza eskubideen aldarrikapena egin zuen aberrian, erbesteratuei prestatu zizkieten «Harrera esparruak» ezagutzeko aukera izan zuen amurriotarrak, 7 hilabetez Vernet les Bainsgo kontzentrazio zelaian barneraturik egon zelako, Landetako Josse herrira alde egin baino lehen.

Bigarren Mundu Gerrarekin Trujillolandiara egindako erbestealdia
II. Mundu Gerra abiaturik, Espainiako Estatutik alde egindakoek, Francoren ala nazien eskutan erortzeko gero eta arrisku handiagoan zeudelako, Galindezek beste errefuxiatu askok legez, bigarren erbestealdiari ekin zion, 1939ko azaroan. Madrilgo garaietan egindako ezagutza diplomatikoetaz baliatuz, Santo Domingora joateko baimena eskuratu zuen Bordele aldean, Frantziak drôle de guerre pairatzen zuen egunetan. Hori zela eta, euskaldun apur batzuekin baina errepublikano espainiar aunitzekin, Amerikako irla horretara iritsi zen, SEREk prestaturiko itsasontzi batetan. Zaila oso izan zuten erbesteratuek Dominikar Errepublikan laketzea. Iritsitakoen eta joandakoen arteko balantzea arras argigarria baita: 1939-1940 biurtekoan arribatu ziren 5.000 lagunetatik 200 inguruk bakarrik hartu zuten Rafael Leonidas Trujillok agintzen zuen Dominikar Errepublika behin betiko egonleku. Jesus Galindez izan zen horietako bat, eta laster bereganatu zuen, 1940az geroztik alegia, Eusko Jaurlaritzak herrialde horretan zuen ordezkaritzaren lehen ardura, Venezuelara joandako Eusebio Irujo ordezkatuz.

Horrez gain, Madrilen Gerraren bezperetan bazterturiko lanari, irakaskuntzakoari alegia, ekiteko aukera izan zuen Galindezek. Santo Domingoko Zuzenbide Diplomatikoaren Eskolako kide izan ostean, bertako Unibertsitateko Legedi Amerikarraren Institutuko idazkaria izan zen irla laga zuen arte. Eginbehar horiek ez ezik hizlari eta idazle oparo izan zen «Josu Amurrio» urte dominikar haietan. Iragana ahantzi gabe, bertan idatzi zituen Gerraren bere oroimenak bildu zituzten Estampas de la guerra eta Los vascos en el Madrid sitiado liburuak; horrez gain, inguru hurbilaz, berak ironiaz Trujillolandia deituriko erregimenaz eta beste Amerikako eskualdetaz hasi zen ikertzen eta izkiriatzen. Ildo honetako lehen emaitza, Iberoamerica liburu mardula izan zen: Hego Amerikako egoera eta erregimen politikoetaz jardun zen bertan, Batistak, Somozak, Trujillok eta enparauek kudeatzen zituzten diktaduretaz azterketa oso kritikoa plazaratuz. Bigarrena, New Yorken buruturikoa baina Santo Domingon bertan mamitua Trujillo's Dominican Republic izenburuarekin aurkeztu zuen doktoradutza tesia, La Era de Trujillo liburuan argia ikusi zuena alegia.

New Yorken kokatu baino lehen, Santo Domingon emandako sei urtetan, Rafael Trujillok gidatzen zuen diktaduraren ezaugarriak goitik behera ezagutzeko eta dokumentatzeko aukera zuzena izan zuen euskal ordezkariak. Trujilloren jauntxokeria orotarikoaz deskribapen zehatz bezain aberatsa egin zuen, doktore maila lortzeko burutu zuen ikerlanean. 9 atalen bitartez, diktadura trujillistaren jatorria zein garapena azaldu zituen, bertan zegoen tiraniaren berri gordina munduratuz. Santo Domingon egindako lan hobezinari demokrazia eta justiziaren aldeko sentimendu sakona gehitu zion idazlan horretan. Horren ondorioz, Trujilloren erregimenarekiko bezala Amerikako Estatu Batuekiko jarrera arras kritikoa azaldu zuen Hego Amerikako diktadurei eskaintzen zien babesa zela eta. Washingtonek diktadura horiekiko zuen jokaera politikoa salatu zuen, hau da, demokrazia eta askatasuna zokoratzea onartzeko prest egotea, baldin eta erregimen diktatorialak mundu kapitalistaren agindutara makurtzen baziren.

Gerra Hotzeko hilketa beroak. New Yorken bahitua, Santo Domingon desagertua

Gerra Hotza deitutakoaren eraginez jokabide hori indartuz joan zen Espainiakoa bezalako diktadurak ere babestuz: 1950az geroztik, Peron, Somoza, Batista,Trujillo eta erregimen frankista bera iparamerikarren aliatu militar ekonomikoak bilakatu zirelarik. Galindezek, New Yorken Europako erbesteratuen lehen biltzarrean, diktadura guztien aurka eskaini zuen hitzaldia -esparru komunistarenak zein kapitalistarenak salatzen zituena- ez zuten ontzat eman Amerikako Estatu Batuetako ordezkariek. Kapitalismoaren aitzindari bilakatuta, AEBek bizkarra eman zieten garai batean izandako aliatuei, EAJkoei esate baterako. 1940ko hamarkadan euskal ordezkaritza guztiak -baita EAJk zituen militante ugari eta horien artean Galindez bera nabarmenetakoa izanik- aliatuen alde informazio lanetan aritu baziren ere, Gerra Hotzak indarra hartu zuen heinean, AEBek bertan behera utzi zituzten informazio eta espiotzaren ordez beraiek luzatzen zizkieten sostengu ekonomikoak. Babes politikoa ere laster galdu zuten sektore horiek. 1946an, Galindez bera partaide zelarik Nazio Batuen Erakundeak egindako biltzarretan, Espainiako erregimen frankistaren aurka hartutako erabakiak erabat antzuak suertatu ziren 1950az geroztik, AEBak laguntza ekonomiko, militar eta beranduago politikoa Francori luzatzen hasi zirenez geroztik hain zuzen.

Galindezen kasuan bezala, beste euskal ordezkari askok Amerikako Estatu Batuen alde informazio eta espioitza lanetan jarduteak eta Espainiako Gerra Zibilean demokraten alde aritzeak, ez zuen batere baliorik izan, Eisenhowerrek eta hurrengoek Frankismoaren aldeko jarrera hartu zutenean. Horrela, 1956ko martxoaren 12an Jesus Galindez New Yorkeko bihotzean desagerrarazi zutenean, FBIk eta CIAk nahiz eta beren informantea izan, ez zuten burutu desagerpena argitzeko ikerketa sendorik. Galindezek berak 1952an idatziriko testamentu holografo batetan aurreratutako salaketak -«Zerbait gertatzen bazait bilatu errudunak Dominikar Errepublikaren buruzagien artean»- ikerketaren bidea argi adierazten zuen arren, sekula ez zuten jorratu polizia eta zerbitzu estatubatuarrek.

Galindezekin hasitako desagerpen eta heriotz kateak Ameriketako Estatu Batuetako hiritarra zen Gerald Lester Murphy jo zuenean bakarrik eskuratu zuen Galindezen aferak nolabaiteko arreta, Times eta Life bezalako komunikabideen aldetik eta bereziki Porter diputatu demokrataren eskutik. Horri esker bahiketaren nondik-norakoa argitu zen neurri batean. Izan ere aipatutako G. Murphyk jakinarazi zuen 1956ko martxoan berak gidatu zuen hegazkin batean, Galindez bahiturik eta konorte galduta eraman zuela Santo Domingoko Monte Cristiraino, dominikarren eskutan uzteko. Horretaz mintzatzeagatik, Galindezen garraiatze horretan laguntzaile izan zuen Octavio de la Mazak hil zuen Murphy. Dominikar poliziaren arabera, De la Mazak bere buruaz beste egin zuen, ziega batean atxiloturik zegoela. Heriotz guzti horien kateko funtsezko katemaila, Galindezetik Trujilloraino zeramana, desagerrarazi zuten horrela. Bera, Amurriokoa eta Murphy irekitzen ari ziren bide xelebre bezain tragikoaren biktimak izan ziren: urte gutxiren buruan, Amerikako Estatu Batuetan bertan antzeko erahilketekin sekula argituko ez ziren hainbat magnizidiorenak, John F. Kennedyrena esate baterako. Amerikako Estatu Batuetako presidente baten gainean argitu ez zena nola argituko zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari apal batekin? Nola utzi lekua egiari Gerra Hotzetik honantz status quoaren defentsa bermatzeko, gerra, hilketa, tortura, desagerpen eta gezurren gainean oinarritu den inperio amerikar garaikidean? Galdera horiek kontuan izanda, Jesus Galindez «Josu Amurrio»ren historiaren ordez legenda nagusitzen ari dela aiseago uler daiteke.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan