Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-05 -- 2030.zenb

Katixa Garate


Errusiar eta afrikar artea Guggenheimen

Sei erakusketa izango dira 2006an Bilboko Guggenheim museoan: aldi baterako lau eta bilduma orokorreko bi. Martxoaren 29an Errusia! erakusketa zabalduko dute, arte errusiarrari eta bere bildumei buruz Errusiatik kanpo inoiz egin den erakusketarik osoena. Apirilaren 8an Chillidaren omenez erakusketa jarriko dute, Chillida gogoan hartuta hainbat artistak (Manolo Valdés, Anthony Caro, Georg Baselitz...) egindako lanekin. Ekainaren 26an abiatuko dute Max Beckmann: urmargoak eta pastelak erakusketa eta urriaren 10an Afrika %100 irekiko dute, egungo zenbait artista afrikarren lanen erakusgarri. Bilduma orokorreko bi erakusketek !!. Mundu Gerraren ondorengo AEBetako artelanak hartuko dituzte.


Zinebiklub film laburren erakusketa

Antzezlan eskerga programatzen du Nafarroako Antzerki Eskolak eta eskertzekoa da ahalegina. Aurtengoan ere Golfos kafe antzerki zikloa jarri dute martxan. Hala, trago batez lagunduta ikus ahal izango dira antzezlanak, ikusleak hainbat mahairen bueltan eseriko baitira. Dagoeneko Kanpingags eta Global taldeek Por los pelos eta No hay ladrón que por bien no venga lanak antzeztu dituzte, hurrenez hurren. Otsailaren 18an eta 19an eta martxoaren 25 eta 26an K7 taldeak Ni Romeos ni Julietas eskainiko du. Martxoaren 4-5ean eta 11-12an Teatro en Construcción taldearen eskutik ¨Tú eres tonto, idiota, o qué? ikusi ahal izango da. Azkenik, martxoaren 18an eta 19an A los hombres futuros gorpuztuko du Caracois konpainiak.


Antzerki egunak Eibarren

hogeita bat taldek hartuko du parte Eibarko XXIX. Antzerki Jardunaldietan. Martxoaren 3an hasiko dira Eibarko Narruzko Zezen antzerki taldeak antolatzen dituen Jardunaldiak, Eloy Arenasen hitzaldi batekin. Martxoaren 4an Giza Estatuen Erakustaldia egingo dute. Apirilaren 3a arte hogeita bat antzezlan ikusteko parada izango da; tartean Els Joglarsen La torna de la torna, La Machinaren La Sucursal, Cuarta Pareden Café, Agerreren Neska politak, artasoro alaiak eta Pikor taldearen Zapaldu marra.


Organoaren aroa

Martxoaren 25a bitartean organo kontzertuak izango dira larunbatero Lekeitio, Mendexa, Ispaster eta Markina-Xemein herrietan, Lea-Artibain estreinakoz antolatu den Nazioarteko Organo Jaialdiaren baitan. Eskualdean dituzten organo eta harmoniumekiko interesa piztea du helburu jaialdiak. Bizkaiko Organo Kontzertuak ere abiatu dituzte seigarren urtez. Aurtengoan kontzertuak Bilbotik kanpo ere egingo dituzte, Barakaldin, Turtziozen eta Balmasedan esaterako, abenduaren 17a bitarte. Nazioarteko Organo Lehiaketa antolatu dute aurten, Donostiako Artzain Onako organo neoklasikoaren errestaurazioaren harira. Parte hartu ahal izateko, organo horretara egokitutako konposizioak aurkeztu beharko dituzte musikagileek urria amaitu aurretik.


Talde berrientzako lehiaketa antolatu du EHZk

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak euren musika autoekoizten duten musika talde hasiberrientzako lehiaketa antolatu du. Euskal Herriko eta Okzitaniako edozein estilotako taldeek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko, martxoaren 15a aurretik bidali beharko dituzte taldeek hiru kantuz osatutako maketak, abestien letrekin eta taldearen biografia eta argazkiarekin batera. Epaimahaiak apirilean jakinaraziko ditu lau talde finalisten izenak www.festival-ehz.com gunean. Finalistek maiatzaren 6an kontzertua eskainiko dute Biarrizko gaztetxean eta amaieran irabazlearen izena jakinaraziko dute. Irabazleak EHZn zuzenean jo ahal izango du.


Baxenafarroaren Astea Durangoko Plateruenan

Nafarroa Beherea bertatik bertara ezagutzeko asmoz, ekitaldi andana antolatu du Plateruena kafe antzokiak. Martxoaren 1ean Mixel Berhokoirigoin ELBko kideak hitzaldia eskainiko du, 2an Irulegiko ardoen dastaketa izango da, 3an Ikus eta PAM taldeen kontzertua eta 4an Libertimendua ikuskizuna eskainiko dute Nafarroa Behereko eta Bizkaiko hainbat artistek.

PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeak hirugarren diskoa plazaratu du: Ixa. Taldekideak Julio Kageta eta Dantzut taldeetan ibilitakoak dira aurretik eta PAMen diskoa hau «borobilena» dela diote. Estilo ugariko pintzeladak dituzte diskoko hamar abestiek: hard-rocka, funkya, punka eta metala...

Joxemari Iriondok Basarri I. Bat-batean liburua atondu du Auspoa bildumarako. 36ko gerraren aurreko bat-bateko bertsoetatik hasi eta 90eko hamarkadarainoko Basarriren bertso onenak batu ditu. Bertsolariaren prosazko lanekin liburu gehiago apailatzeko asmoa du Iriondok.

Gorakada antzerki taldeak Ikuskizun Onenaren Saria jaso du Robin eta Hood antzezlanarengatik, Xixongo FETEN haur hantzerki azoka europarrean. Obraren egile den Jokin Oregik ere Testu Onenaren Saria eskuratu du.

Jose Luis Ansorenak EH-Donostiako Orfeoia saria jaso du musikaren munduan egindako lan eskerga dela-eta. Halaber, Jose Ramon Vitoria EHUko irakaslea ere saritu dute Donostiako Orfeoiak eta EHUk, behar bereziak dituzten pertsonei musika irakasteko Vitoriak egindako lanagatik.

Aitor Ortiz argazkilari bilbotarrak Argi hormak erakusketa jarri du Gasteizko Artium museoan. Azken urteotan bere lanak nazioartean, arrakastaz, erakutsi ditu Ortizek. Markinako harrobi batean ateratako formatu handiko irudiak maiatzaren 2a arte ikus ahal izango dira.

Antonio Mercero zinemagile lasartearrak Baserri galdua dokumentala aurkeztu berri du. Euskaraz errodatutako filmak nekazal munduaren gainbeheraz dihardu. Puxtarria eta Digitalak produkzio etxeek ekoitzi dute.


Koldo Izagirrek Berriari: «Ehun metro korritzea bezala da ipuina, fuerte irten behar du, eta amaitu, ahal dela, fuerteago. Ezin da bidaia taktiko bat egin. Nobela batean, aldiz, bai, posible da (...) Ikuspuntu batetik idazten dugu beti, eta ikuspuntuaren hautuan dago idazlea. Egon gabe egon behar du, bai. Kazetaritzan ikasi zuten ipuinlari askok».

Lander Irazola, Lor taldeko abeslari eta gitarra-jolea, Aldaketa Hamasein: «Nire ustez, sormena ez da lanean jo eta su aritzea. Musika sortzeko gaitasuna inspiraziotik datorrela deritzot, talentutik, alegia. Nire kasuan behinik behin. Izan ere, bada lan zorrotza egiten duen talderik eta gerora, diskoak ez du hainbesteko arrakastarik (...) Idaztea desberdina da. Hitz politak eta txukunak egiteko, batetik, asko irakurri behar duzu eta, bestetik, balio behar duzu».

Lourdes Fernándezek Euskonews&Mediari esanak: «Galeriek erabateko askatasuna ematen dute. Besterik da merkatuak joera batzuk bultzatzea, edota artistaren estudioan gehien gustatzen zaizun obra aukeratzea, edota azoka batera joatean zure ustez ondoen salduko diren obrak eramatea. Baina ez dut uste artista 'sailkatzen' denik».

Roberto Gómez de la Iglesia kultur kudeaketan adituak zera adierazi zion Garari kultur zentroez: «Jendeak ezagutzak, pertzepzioak, sentsazioak eta emozioak erdietsiko dituen espazioak behar ditugu, kultur produktu jakin bat kontsumitzeko lekuak baino».

hemeroteka

2029. zenbakia | 2006-02-26
2028. zenbakia | 2006-02-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan