Oraintsu arte inork gutxik jarri du zalantzan -PPk eta enparauek ezik- Euskal Herrian bideratzen ari den prozesua bake prozesu bat dela, edo honen atarikoa. Baina irabazle eta galtzaileen eztabaidarekin, hizkuntza molde hori ezabatzeko saioak argi ikusten dira. Bake prozesuetan ez ei da, teorian, galtzaile eta irabazlerik, hori da gisa horretako prozesuen ezaugarri nagusietakoa. Joseba Arregik, adibidez, argi idatzi du joan den igandeko El Pais-en: «Zuzenagoa da ETAren desagerpenaz edo bere suntsipenaz hitz egitea» bake prozesuaz baino. Santos Juliá historiagile espainiar ezagunak ere proposamen bera egiten zuen egunkari eta egun berean «Aldatu diskurtsoa» izeneko artikuluan. Bere ustez, «bake prozesu», «konponbiderako eszenatokia» eta halakoak erabilita, politikan funtsezkoa den hitzaren eremuan amore ematea da; areago, neurriz kanpoko aurreikuspenak saltzen zaizkio iritzi publikoari.
Mikel Asurmendi
Bigarren legealdia du Espainiako Kongresuan. Lehenengoan (2000-2004) diputatu soila eta oraingoan EAJko talde parlamentarioaren bozeramaile legez: «Aurreneko legealdia gogorragoa izan zen oraingo hau baino, Aznarren Gobernuaren jarrera gogoratu besterik ez dago. Planteamendu estrategikoa errazagoa zen, garbi genuen nola jokatu, gogor alegia» adierazi digu solaskideak.
Josu Erkorekak IVAPtik Madrilgo Parlamentura aldatzean nabaritu zuen bizimodu aldaketa, alabaina, aldaketa nagusia lehen legealditik oraingora bizi izan duela diosku: «Ez da berdin diputatu soila edo bozeramailea izatea. Dimentsio publikoa eta medioen presioa tarteko, egunerokoa horien baldintzapean dago».
Honela mintzatu zaigu legealdi honetako parlamentuko jardueraz: «Orain gehiengoak beste era batean egiten dira, talde parlamentarioak elkarri begira ari dira, euren planteamenduen eta jarreren aztergai. Gobernuak ez du gehiengo osoa eta talde txikiok ahultasun horretatik zeinek gehiago aterako dihardugu. Alde horretatik ez da hain gogorra, baina estrategia aldetik joko politikoa konplexuagoa denez, zailagoa da».
Diputatuen Kongresuan izandako azken osoko bilkura hizpide -PP eta PSOEren lehia eta azken gertakariak tarteko- nola ikusten duzu Gobernuaren bake eta normalizazio politika?
Gure talde parlamentarioaren iritziz, baketze politikari dagokionez zirrikitu guztiak aprobetxatu behar dira. Zirrikituak Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean kontaktuak, elkarri tenperatura hartzea edota elkarrizketak izatea badira, baliatu ditzatela. Bakea lortzea gizartearentzat ondasun delako eta are gehiago, normalizazio ezak politikaren jarduera baldintzatzen duelako. Zapaterok Estatuko egoerari buruzko eztabaida nagusian ETArekin negoziazioa bideratzeko baldintzak sortzeko babesa eskatu zuenean, guk babesa eman genion.
Eztabaida hartan Zapaterorekin kritikoa izan zinen. Gaur berriz nola izango zinateke?
Nik Zapaterori talante delakoa eskertu diot, politika egiteko beste moduak ekarri dituela eta Aznar presidentearen aldean meritua daukala adierazi ere. Funtsean, eztabaidan kritikoa izan nintzen eta gaur ere berresten dut Zapaterok ez duela ezer berririk ekarri Euskal Herriko biolentzia egoera konpontzeko. Baina kritikoa, batez ere, autogobernuaren garapenari dagokionean izan nintzen. Agintaldiaren lehenbiziko urtean -EAEko hauteskundeen aurrean bereziki-, berak autogobernuaren bidean urratsak emango zituela esan zuen. Gure taldeak ekimenak eskaini dizkio, eta hilean-hilean bere jokabidea neurtuz joan gara. Gobernuak ordea, -PSOE PPrekin batera- gure ekimen guztiei ezezko biribila eman dio behin eta berriro.
Bien bitartean, Ibarretxe Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean onartutako autonomia estatutu berriaren egitasmoa eraman zuen Kongresura, Ibarretxe Plana delakoa.
Lehendakaria Kongresura joan zenerako gure talde parlamentarioak hainbat iniziatiba landuak eta planteatuak zituen autogobernuaren inguruan, ez erabakitzeko eskubideaz espreski planteatuak, hori planteatzea Ibarretxek eraman zuen egitasmoan baitzegoen. Lehendakariak guk partzialki planteatu genituen ekimenak zehaztu zituen. Alderdi sozialistak ezetza eman zion Planari, baina aldi berean, autogobernuaren aldeko diskurtsoari eusten dio «egoera ona dela eta Kongresuan aliatu egokiak dituela autogobernuan pausoak emateko» esanez. Jarrera onak bai, baina ez datoz bat egitateekin. Beraz, PSOEren diskurtso orokorra ez da PPrena, zirrikituak zabaldu nahi ditu, baina funtsezkoan PPrekin bat egiten du.
Aurrerapenik ez, beraz.
Ez asmotan eta ez egitateetan. Autogobernuari buruz ari naiz, beste gauza bat da bake eta normalizazio prozesuari dagokionean. Autogobernuaren inguruan PPk ezarritako hesi gorriek jarraitzen dute.
Espainiako Estatuaren erreforma egiten ari omen da PSOE. Zer balorazio egiten duzu Katalunian gertatuaz?
Katalunian zeuden hesi gorriak PSOEk ez dituela gainditu ageri da, areago, hesi gorri horiek nagusiki PPk ezarritako hesi berdin samarrak dira. Alderdi popularrak enfasia puntu batzuetan jartzen du diskurtsoan eta alderdi sozialistak besteetan. PPk espainiartasuna azpimarratzen du eta PSOEk Espainiaren aniztasuna edo pluraltasuna. Diskurtsoa formetan ezberdina izan arren, euren artean ñabardurak izan baitira, sakonean gaindiezineko hesi gorriak daude planteamendu batean zein bestean. Izan ere, Autonomien Estatu hau bien planteamenduen ondorioa da, bitariko akordioetan eraikitako Estatu eredua.
Alderdi katalanen ahultasuna agerikoa izan da.
Ahultasuna dago Katalunian eta Euskal Herrian ere bai, Espainiako Estatua indartsua delako. Katalanek gehiengo izugarriz onetsi zuten beren Legebiltzarrean autonomia estatutu berria, baina, halaber, onartu zuten bere asmoa berau negoziatzea zela, denak ados ziren horretan. Printzipio bezala Legebiltzarraren borondatea errespetatu behar zela, baina Gorte Nagusiei prozesuan parte hartzeko zilegitasun osoa ere aitortu zieten. Estatua mamu handia da, itzal itzela dauka, oso intrantsigentea da arlo askotan. Proiektuaren beherapena eman ondoren -lehen %80 zen eta orain %70; eta ehuneko handia da- CiU, IPC eta PSC ados daude, babesa ez da hasierakoa bezain beste baina gehiengo handiak eman dio babesa. Beraz, Kataluniako gehiengo demokratikoak bere burua makurtu behar izan du errealitatera edo posible den neurrira egokitzeko. Honek PSOEren mezuaren ahultasuna erakutsi digu. Alderdi sozialistak Katalunian aurpegi oso katalanista azaldu du eta guk horregatik alderatu ohi ditugu PSC eta PSE-EE. Hau da, PSC Kataluniako nazio eta autogobernuarekin askoz konprometituago dagoela esaten dugu, PSE gurearekin baino. Diskurtsoa eta jarduera historikoak konparatzea besterik ez dago, egia da. Baina, egia da ere une erabakiorretan Kataluniako alderdi sozialistak bere burua makurtzen duela. Kongresuko talaia oso berezia da hori ikusteko. Kataluniatik hilero datoz iniziatibak, Legebiltzarrak onetsiak, PSCren babesa daukatenak -transferentziak direla, erreferenduma deitzeko ahalmena edo hainbat lege proposamen- baina Madrilen PSCk berak ezezkoa ematen die.
ERCren jarrera zein izango da?
Estatutua aurrera aterako da gehiengoaren babesa duelako, oso babes garrantzitsua. ERCk abstentziora joko du, ez dio ezezkoa emango, Estatutu honen hainbat edukiren sortzailea eta bultzatzailea bera baita, eta oraingo Estatutuarekin alderatuz aurrerapausoak eman direlako. Tira, nire susmoa da.
Bake eta normalizazio prozesura itzuliz, zer adostasun maila dago EAJ, PSE-EE eta Batasunaren artean?
Egoera lasaiago eta adostuagoan gaude, orain lau hilabete baino hobeto gaude, termino errelatiboetan ari naiz. Hiru alderdien arteko diskurtso orokorretan, Euskal Herriaren izaera politikoari buruz eta etorkizunari begira diferentzia handiak ditugu oraindik ere, baina, puntu bateragarriak badaude.
Zein?
Bi mahaien sortu beharra, esate baterako. Duela lau hilabete halakorik ez zegoen. Baina, alderdien arteko mahaien funtzionamendua eta bere baldintzak guztiz zehazteke daude. Bakoitzak bere diskurtsoa dauka eta aldeak daude. Metodologiari dagokionez aurrerapausoak ematen ari gara, gero eta diskurtso bateragorantz goaz, baina, logikoa denez, mahaia formulatzeko unean bakoitzak bere planteamenduak ditu.
PSEk "Euskadi 2006. Askatasun eta elkarbizitzarantz" txostena kaleratu du. Zein da zure balorazioa?
PSEk dioenez, markoa aldatzeko, marko berriak oraingoak duen baino babes handiagoa lortu behar du. Ni konforme egon naiteke, markoan gero eta adostasun handiagoa izan eta hobe elkarbizitzarako. Kontua da, dokumentu horrek beste baldintza batzuk jartzen dituela: gehiengo horiek zeharkakoak edo transbertsalak izan behar dutela dio PSEk, nahitaez, akordioan PPk edo PSOEk egon behar dutela. Guk Elkarbizitzarako bake-bideak agirian honela diogu: «Ez inori ezer inposatu, baina ez eragotzi ere». PSEk akordioan PPk edota PSOEk egon behar duela dio, ala biak. Eta guk diogu: eta akordio honek, zeharkako eredurik gabe, Estatutuak jaso zuen babesa baino handiagoa lortuko balu?
Ba al dago hori lortzea?
Bai. Kontua da euskal herritarrei proiektu erakargarria eta adostua eskaintzea. Alderdi abertzaleok hori egin dezakegu, baina baita ere alderdi espainolistek. Guk alderdi politikook sarritan uste dugu hiritar guztiak sigla batzuen atzean sartuta daudela, baina hiritarra librea da iritziz aldatzeko, demokraziaren ezaugarriak hori behar du. Demokraziaren printzipioaz ari naiz. Hau da, botoa aldagarria eta etiketarik gabekoa da.
PSOE eta PPren arteko harremanak somatzen dituzu balizko mahaiaren aurrean?
Baliteke. Mahaiak eraginkorra izan behar badu, denak egotea hobeto.
Kanpoan edo barruan egonda, jarrera ezberdina izan dezake PPk.
Eta barruan egonda ere.
Kanpoan geratuta ere PSOEk PP ondoan nahi edo behar du, antza.
Hain zuzen ere, transbertsalitatea aipatzen denean -kontzeptuarekin ados egon gaitezke ala ez, nik ez dut gustuko- PSOEk hemen akordio bat ontzat emateko gutxienez bat egotea nahi du. Uneon PSOEk bere burua ikusten du, PP mahaira inguratzea ez baita erraza.
Zapateroren inguruan badago beste kezka bat ere, konfiantza ematen diotenek ez dakitela zehatz-mehatz zer ekarri diezaieketen babes moduko horrek.
Hori inoren kezka izatekotan PPrena da. Alderdi Popularrak oraingo testuinguruan lantzen ari den politikak ondorio onak ekar ditzakeela sumatzen du. Zapateroren bake saioa arrakastatsua izanez gero, domina lortuko du eta Iritzi Publikoaren aurrean irabazle aterako da hurrengo hauteskundeei begira. Horregatik PP ari da bide guztiak itxi nahian, mezu erasokorrak zabaltzen, biktimak pozoitzen, inoiz bakea eta normalizazioa baldin badator, Zapateroren urrezko domina odolez zipriztindutakoa dela esateko. Baina gainerako alderdi politikoek ez dugu horren kezkarik, Gobernuak ETArekin lortu dezakeen akordioaren bidez bakea ekartzen badu, guk bidea ez dugula oztopatuko esan dugu behin eta berriro.
Horrezaz gain, PP alderdien arteko mahaian lor daitekeenak kezkatzen du, agian.
Eta PSOE ere bai. Izan ere, Euskal Herriaren etorkizunaren markoa eta gure arteko elkarbizitza antolatzeko alderdiak aukeratuak izan gara, herritarrek zeregin hori agindu digute eta alderdiok ezin dugu euskaldunon etorkizunaren eredua ETA eta Gobernuaren eskuetan erabakitzen utzi alde biko batzordean. Hori hautesleei eta gure egitekoari muzin egitea litzateke.
ETAk su-etena iragarriko den unetik PPren ofentsiba are beldurgarriagoa izango da.
PPren erasoak alderdi sozialistarengan izan dezake eragin handiena, hautes- esparru hertsia lehian baitute Espainian. PSOE bera da hunkiberena, logikoa denez. Baina, bakeak ekarriko lituzkeen ondorioek, ez bakarrik alderdiak, baizik eta herritar gehienak bilduko lituzke, eta bakearen aukerak bidez bide agertuko dituen alde txar eta arriskutsu guztiak estali ditzake. PPk eszenatoki berri horren alde negatiboak azpimarratu besterik egingo ez balitu, bere hilobi politikoa zulatzen ariko litzateke, eta hori modu batean badakite. Bakearen egunsentiak gaur arte sufritutakoa ahanztera eramango du jende gehiena, bakearen hurbilak elkar ikusiezinak eta mugak gainditzera bultza dezake euskal gizartea, baita Espainiako gizartea ere, baldin ETAk indarkeria bazterrean uzten badu eta ETAko presoen irtenbidea adosten bada.
18/98 auzia hizpide, zer iritzi duzu Auzitegi Nazionalean gertatzen ari denaz?
Alderdi popularrak, Aznarren presidentzia pean, aniztasun politikoaren kontra eta bereziki abertzaletasunaren kontra egin zuen erasoa juridikoki ondo muntatu zuela aitortu behar da. Ageri denez, Aznarrek adituak bildu zituen bere ondoan, eta ondo taiutu zuen justizia esparrua PPren mesederako. PSOEk PPren hainbat neurri juridikoren aldaketari babesa eman zion eta gaur egun horren ondorioak bizi ditugu. Gobernuan egonda ere PSOEri zaila zaio hori desmuntatzea. Esaterako, Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahi duen moduan jokatzen du, Gobernuaren erabakiak kontuan hartu behar ditu baina magistratu gehienak PPren ingurukoak dira. Bestalde, Alderdien Legea, Zigor Kodea, eta hainbat lege indarrean daude eta epaileek, gustatu edo ez, lege horiek dioten arabera aplikatu behar dituzte zigorrak. PPk judikatura kontrolatzeaz gain, gizartearen jarreran eragina handia du, biktimen ikuspuntua nola erabiltzen ari den ikusi besterik ez dago. Estrategia hori desmuntatzeak denbora eta mobilizatzea eskatzen du, bakoitzari dagokion neurrian eta eremuan.
Zer moduz zeregin horretan Kongresuan.
Egia esan, manifestazio batek eragin gehiago dauka guk Kongresuan egiten dugunak baino. Alabaina, azken bi urteotan hainbat iniziatiba landu eta aurkeztu dugu. Adibidez, Gobernuari banda armatuarekin kolaborazio delituaren konfigurazioa aldatzea eskatu diogu. Uneon zigorrak jartzeko arloa oso mugatua delako, kolaborazio diferente asko dago. Hain arlo diferenteak izanda, Zigor Kodeak aurreikusten dituen zigorrak oso esparru estuan ematen dira. Gobernuari proportzionaltasun printzipioa finkatzea eskatu diogu, delitu bakoitzari dagokion zigor proportzionala aplikatzeko.
Eta...?
...ukatu egin digu. Alderdien Legea nahiz Zigor Kodea aldatzeko lanean ari gara, PSOE ordea nekez ari da PPk eratutako judikatuaren hesiaren aurka, baita gizartean eratutako hesiaren aurka ere. PSOE beldur da pausoak emateko. Tira, aurreko legealdian ez genuen hori ere, eta komeni da gogoratzea.
Daniel Udalaitz
Martxoaren 1ean bukatu da ofizialki bokarta arrantzatzeko debekualdia, bai Euskal Herrian, bai Europako Batasuneko gainerakoan ere. EBk horrela erabaki zuen joan den abenduan, nahiz eta aurrez debekualdia 2006ko urte osoan mantenduko zuela hitz emana izan. Erakunde horrek, azken batean, gure itsasbazterretako baliabide hori berreskuratzeko garantia nahi zuen, benetan urritua baitzegoen arrantzatze etengabeen eta batik bat arrantzako metodo ez tradiziozkoen ondorioz -sare pelagikoak adibidez, bereziki Frantziako Estatuko arrantzaleek baliatu dituzte-.
Bokarta arrantzatzeko debekua kentzeko erabakian, ez dago dudarik, presio politikoek pisu handiagoa izan dute irizpide zientifikoek baino. AZTI ikerkuntzako euskal institutuak, esaterako, beti iritzi izan dio antxoa arrantzatzeko debekuak 2005ean eta 2006an egon behar zuela indarrean. Erabaki politiko horrek ziurtasun eza eta zatiketa ekarri ditu Euskal Herriko arrantzaleengana.
Itun politikoa
Frantziako Gobernuak Europako Batasunean egindako presioen ondotik etorri zen debekualdia bukatzeko erabakia. Frantziako arrantzaleak aspaldi ari ziren debekua kentzeko eskatzen, argudiatzen zutelarik antxoa-sarda ugari ikusten zutela beren itsasoetan. Europako Batzordeak azken unera arte eutsi zion 2006. urtean Europako Batasunean arrantzatzea debekatzeko erabakiari, baina azkenean, Espainiako Estatuak eta Frantziakoak Bruselan itundu zuten martxoaren 1ean debekua kentzea. Halatan, EBko Arrantzako Kontseiluak testua adostu zuen. Dokumentuan jasotzen denez, Bizkaiko Golkoan 5.000 tona arrantza daitezke gehienez: kopuru horretan, 4.500 tona dagozkie Kantabriako eta Hego Euskal Herriko arrantza-ontziei eta 500 Ipar Euskal Herriko eta Atlantikokoei.
Nolanahi ere, Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko akordioren bat dela medio, litekeena da Ipar Euskal Herriko eta Atlantikoko ontziek beste 500 tona arrantzatu ahal izatea. Trukean, arrantzako kuotaren banaketa hobea izango litzateke euskal arrantzaleentzat eta Espainiako Estatuko gainerakoentzat. Espainiako Estatuari igoeratxoa ezarri diote espezie batzuen arrantzako kuotetan, hala nola legatzarenean, zapoarenean eta zigalarenean; bakaladarenean, ordea, murrizketa handia da.
Erabaki politikotzat jo den Europako Batasunaren deliberamendu horrek zatiketa sortu du Euskal Herriko arrantzaleen artean. Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek ezetza eman zioten erabakiari, eta debekualdia 2006. urte osoan mantentzearen alde egin zuten; Lapurdikoek, aldiz, pozik hartu zuten erabakia, beren interesekin bat zetorrelako (aspalditik ari ziren debekua kentzeko eskatzen). Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek uste dute iruzur egin diela Espainiako arrantzako ministroak: arrazoi zientifikoak alde batera utzita, arrazoi politikoengatik negoziatu eta paktatu izana leporatzen diote. Iñaki Zabaleta Bizkaiko kofradien lehendakariari, esate baterako, iruditzen zaio Espainiako ministroak «bokarta beste espezie batzuen trukean sakrifikatu duela». Arduradun horrek hauxe adierazi du: «Erabat traizionatuak sentitzen gara. EBn Espainiak negoziatzen duen bakoitzean, era bateko edo besteko kaltea etortzen zaigu. Gainera, ziur nago beste katramilaren bat badela Frantziarekin egin duten akordioan».
Kapturen murrizte izugarria
Batez ere 2001az geroztik, erruz murriztu da antxoaren kaptura Euskal Herriko uretan, eta horixe erakusten dute taulan jaso ditugun Eusko Jaurlaritzaren datu ofizialek. 2001ean, 18.950 tona arrantzatu ziren; 2002an, 4.956; 2003an, 2.781; 2004an, berriz, gehixeago: 6.620 tona zehazki. 2005ean, arrantzatzeko debekua egon zen indarrean. Aurreko hamarkada, 1990-2000 aldia, askoz hobea izan zen, gora-beherak gora-behera: 1990. urtea oparoa izan zen -13.673 tona arrantzatu ziren- eta 1991 eskasagoa -6.597 tonatan gelditu zen kontua-. 1992tik 1996ra artean, gorantz egin zuten kapturek: 15.976 eta 15.170 tona inguruan ibili zen antxoaren arrantza. 1997an, 1998an eta 1999an, aldiz, urriago arrantzatu zen: ondoz ondo, 8.467, 5.809 eta 11.791 tona porturatu ziren.
AZTI debekuaren alde, hurrengo analisiak egin arte
AZTI arrantza ikertzeko euskal institutuak joan den udazkenean egin zituen Bizkaiko Golkoko arrantza zertan zen ikusteko estudioak. Fundazio hori bokarta arrantzatzeko debekua 2006 osoan mantentzearen alde agertu da beti, harik eta hurrengo analisiek egoera zertan den erakutsi arte. AZTIren ikerlanaren arabera, azken urteetan baino antxoa-ume gehiago dago orain, baina beharrezko jotzen du 2006 amaitu artean kontserbatzeko neurriak indarrean izatea. Adituen iritziz, AZTIren ikerkuntzako kanpainaren emaitza adierazle partziala da, balio zientifiko erlatibokoa oraingoz. Horregatik, espeziearen eboluzioa epe luzeagoan analizatzea gomendatzen dute.
AZTIren aburuz, antxoaren arrantza debekua neurri oso onurakoa izan da. Horregatik, 2006ko kanpainari begira, aurtengo udaberrian egitekoak diren estudioen emaitzak jakin arte behintzat debekua indarrean izatea aholkatu zuen. Espainiako Nekazaritzako eta Arrantzako Ministerioak ere bere egin zuen tesi hori hasieran, baina ez du kontuan izan Bruselako azken negoziazioan, zeinetan itun politikoak tarteko, debekua kentzea erabaki baitzen.
Bruselan, antza denez, ez daude oso ziur antxoa nahikoa errekuperatu ote den. Horregatik-edo, hogeita bostek adostutako testuak ezartzen du «Batzordeak berehala etengo duela Bizkaiko Golkoan bokarta arrantzatzea, baldin 2006ko umealdian biomasa-existentziak 28.000 tonatik beherakoak badira». Bruselak, ondorioz, 2005eko antxoa-kuota %83,5 murriztu du ur horietan, baina nolanahi ere, entzungor egin die adituen txostenei eta antxoaren errekuperazioa ziurtatzeko kaptura zeroan uzteko eskabideei.
Zalantza handia da PPk bake prozesuari egin diezaiokeen kalteaz. Oraingoz Jose Luis Rodriguez Zapatero estu samar hartu duela ikusten da, baina prozesuak aurrera egin ahala, PPren eraso kanpaina amaigabeari aurre egin ahal izango diola uste da prozesuaren zirrikituetan ari direnen artean. Batez ere, aurreko esperientzietan oinarrituta, su-eten batek sortzen duen egoera oso indartsua delako. Eta lehentxeago edo geroxeago hori izango dela ez da zalantzarik. Hau da, oraintsu arte, eta gaur egun ere sarri, prozesuaren atarian gaudela entzuten da, baina jadanik eragile garrantzitsuenek argi dute prozesua ezin dela zalantzan jarri. Eduki eta oinarri zenbaitzuei buruzko eztabaida kaleratu da -autodeterminazioaren ingurukoa nagusiki-, baina alderdien arteko testu trukaketa hori baino zabalagoa da. Arrazoi zu Zapaterok ETArekin ez duela eduki politikorik negoziatuko esatean, baina zaila dirudi ETAk su-etenik ematea Gobernuak alderdien mahaian erabakiko dena errespetatuko duela bermerik ematen ez badio. Hor egon liteke egun, su-etenaren hesietako bat.
Jose Maria Aznarren agintealdian erabaki zuen PPk, PSOEren laguntzarekin, Espainiako Kode Penala aldatzea eta kartzela zigorra -30 urtetik- erredentziorik gabeko 40 urtera igotzea. Ordura arte indarrean egondako 1973ko kode penaralarekin zigortutakoei ez zien eragiten lege aldaketa berriak. Orain, aldiz, ez da Kode Penalaren aldaketarik edo Espainiako Legebiltzarraren gehiengorik behar izan; Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentziaren irakurketa berria egitea nahikoa izan da ehunka presok -politikoak edo sozialak- 30 urteko espetxe zigorra oso osorik bete dezaten; horientzat ez da Espainiako Konstituzioak aipatzen duen erredentzio eskubiderik existitzen. Argi da, PPzaleak diren epaile eta fiskalez gain, PSOEk ere presio tresna gisa baliatu nahi duela espetxe politika Euskal Herrian gauzatzen ari den bake prozesuari begira. Ez da argi Auzitegi Gorenaren interpretazio berri honek nola eragingo duen aurrerantzean, baina datozen asteetan zenbait euskal preso kalera ateratzear da eta hor neurtu ahal izango da neurriaren aplikazioa. Edozein eratan, sakabanaketa politika eta 40 urteko kartzela zigorra ezarri izanaren ondoren, euskal presoen aurka hartu den neurri gogorrenaren aurrean gaude, eta ez dirudi gizartean gaiak benetan duen garrantzia hartu duenik. Parot eta beste dozenaka presoren eskubideak urratzeaz gain, halaber, neurriak Espainiako gizarte guztiari eragin diezaioke aurrerantzean.