Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-03-05 -- 2030.zenb

Jokin Bildarratz

Ez dakit 23F-ren itzala luzeegia delako den, baina batzuek orduko hordago kutrearen zilarrezko ezteiak ospatzera datozela dirudi. Aurrenekoa, Tejero bera Melillako periodiko batetan Espainiako batasunaren aldeko soflama berriak (?) oihukatzen. Eta harekin batera konpainia guztia: Bono eta Mena, nor baino nor, Penintsulako batasuna jokoan. BEC: Bertso eta Basket jaia bai, baina Batasunarena ez. Egunkariaren auzia berriro bueltan, eta 18/98 bi mende luzetan. Ibarra sutan, Kataluniako Estatut-arekin; eta Piqué, akaso, kolokan. Losantos jo ta ke, ZP ezin ikusiz. Aznar, FAESetik sua, bero-bero Espainia osoa. Acebes eta Zaplana, Euskadirekin nahikoa lana. Ermuko Foroa Iruñera doa, foruak sobran daudela esatera... Eta guztietan "hoberena": intelektual-pentsadore talde batek "Fundación para la Defensa de la Nación Española" osatu du, baina ezin izan dute erregistratu, hain zuzen, helburu horiek Ejertzitoarenak direlako, berdin-berdinak. Negar egin beharrean hobe barre txiki bat, ezta?

Auzitegiak eta auziak, Estatutua hautsia, Estatut-aren kontrako erreferenduma, Tejero lehen sinatzailea, COPEtik kea eta sinadura bilketa, zeruan lainoa. Gure artean sasia, beldurra, debekua, intolerantzia, Euskadi eta Katalunia deabrua, eta laster Galizia. Dena dirudi sasia eta lainoa, inoiz baino zabalduagoa. Zer gertatzen ote da? Zer berri? Zergatik hainbeste istilu? Zertara urduritasun hau?

Hiru urte hildakorik gabe. Hau bakea! Hau bakerako aukera. Eta hau hainbesterentzat ardura. Arazoa oso argia da, egoera berri posible horretan, hainbestetan entzun dugun esaldia etorriko zaie bueltan: "Helburu guztiak bake giroan aurkeztu eta lortu daitezke politikaren bidetik". Egun handi, egun santu hori orain ezagutzeko bidean gaudenean, hara! Alarma gorria! Gure artean sasiak ereiten: Bono, Mena, Raxoi eta konpainia. Eta zeruan laino beltzak: Ibarra, Guerra, Aznar eta bere konstituzio lagunak. Hau da hau egoera! Baina benetako momentua iritsi da, galderari erantzuteko momentu historikoa: ahal da edo ezin da? Planteatu eta lortu daiteke dena politikaren bidetik? Egia da?

Demokraziaren "erakustaldi" bat egiteko aukera dator, baina argi dago Ebro ibaitik behera ez daudela prest, ez daudela prestatuta. Katalunian eduki dugu adibidea. Parlamentuaren eskariari emandako erantzuna: boikota! Komunikabide, alderdi politiko eta intelektual talde bat osatu, "Espainiako" bandera hartu eta akabo kontuak. Denok aho batez: Katalunia Estatut berri bat eskatzeko libre da, baina eskari horren ondorioak ezagutu beharko dituzte, eta ezagutu dituzte, bai.

Eta orain guri, hemen, tokatzen zaigu aurrerapausoak ematea, eskari berri bat planteatzea, eszenatoki berri batera euskal gizartea eramatea, harreman modu desberdin eta berri bat proposatzea. Eta horretarako guztirako, akaso, ona da altura pixka bat hartzea, mendira lasai igotzea eta eman beharreko pausoak ondo hausnartzea. Hala, Anbotoko Mariren kobazulotik irteten zarenean, ezin zaio Mariri bizkarra eman. Kontuz, poliki eta Mariri so irten behar da. Hemen ere berdin, kontuz eta poliki irten behar gara, atzeraka itxuran, baina aurrera joz. Atzeraka begira, baina aurrera eginaz, eta batez ere, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, hor baitugu gure lekua.

Xabier Barandiaran

Bakegintzaz eta normalizazioaz asko hitz egiten ari gara azken hilabete hauetan. Aktore politikoen artean jarrera zuhur baina baikorra nagusitzen ari da. Oinarrizko azterketa bat egiteko informazio gehiegirik ez dugun arren herritarrok esperantzaz ikusten dugu erabateko bakera eta normalizazio politikora gertura gaitzakeen prozesu posiblea. Komunikabideen espazioan sortzen ari denak, salbuespen jakinak alde batera utzita, esperantza hori indartzeko ahalegina erakusten du. Esperantza hori ez da sortu soilik ETAk azken denboran heriotzarik eragin ez duelako; esperantza hori sortzeko aktore politikoek beren agerraldi eta adierazpenen bidez eraiki dituzten gizarte ideia eta irudiak erabakiorrak gertatzen ari dira. Esperantza hori, momentuz, aktore politikoen eraikuntza bat da nagusiki.

Baina, bizi dugun prozesua bakea eta normalizazio politikoa eskuratzeko ekimenaz gain lehia politiko bat ere bada eta aktore politiko bakoitzak Iritzi Publikoa prozesura bildu eta bere mesedetan kudeatzen ahalegintzen da. Zergatik? Bakoitzak bere "bake" eredua nagusitzea nahi duelako. Beraz, herritarrok etorkizunari buruz dugun "espektatiba" dagoeneko prozesuaren eta lehia politikoaren parte da. Zenbaiten ustean aktore politiko bakoitzak bere "publikoa" prozesurako prestatzea behar- beharrezkoa du. Baina, aktore politikoen artean Iritzi Publikoa nork bereganatu lehia alde batera utzi eta isileko lan eraginkorra burutzen bada prozesuan aurrera egitea errazagoa izango da. Aldiz, aktore politiko bakoitzak Iritzi Publikoa bere proiektuaren mesedetan kudeatzeri ekiten baldin badio eta lehia hori elkarrizketa eta negoziazioaren eragile bilakatzen badu denok espero dugun etorkizuna atzeratu egingo da.

Jose Luis Rodríguez Zapaterok "amaieraren hasiera" eta "esperantza lantzea" kontzeptuak Iritzi Publikoan kokatu ditu eta ekimen politikoa hartu du. Zapaterok errealitate politiko berri bat sortu du komunikazio politiko eredu berri batez baliatuz. Agerian PP kontrolatzeko zailtasunak dituen arren, Raxoiren alderdia atzetik doa; PPk Katalunian galdu egin du, Euskadin PP alderdi anakroniko bat bezala geratzen ari da eta Espainian denbora politikoak Zapateroren alde egingo du. Zapaterok, errealitate politikoaren eraldaketa, gizarte irudi berrien sorrerara zuzendutako kudeaketan oinarritu du. Errealitate berria sortu du komunikazio publikoaren indarraren bidez. Kudeaketa modu honetan Iritzi Publikoaren kontrolak bere biziko garrantzia du aurkari politikoa kontrolpean edukitzeko. Komunikazio politikoaren bidez burutzen den kudeaketa politiko eredu honek Ezker Abertzalea prozesu horretara bildu egin du. Zapaterok ez du inoiz Espainiako egitura politikoan oinarrizko eraldaketarik bultzatuko baina eduki politikorik gabeko komunikazio politikoaren bidez eszenatoki berriak sortzen ari da. Dagoeneko bizi dugun errealitate politikoa eszenifikazio berri baten ondorio da. Garai berri baten aurrean gaudela esan ohi da. Zergatik? Oinarriko egitura aldatu delako? Aldatu daitekeelako? Nire ustez garai berri baten aurrean gaude errealitatearen irudia aldatu dugulako. Eszenifikazio horrek errealitate berri bat sortu du eta "gizartearen bake espektatiba" eta "komunikabideetako gizarte errealitatearen irudiak" prozesuaren eragile garbi bilakatu dira. Errealitate politikoa aldatzen ari da errealitate hori sortzen duten irudien kudeaketaren eraginez. Nor ausartzen da "espektatiba" hori apurtzera? Nork du komunikazio publikoaren bidez sortu den gizarte irudi horren kontra aritzeko indarra? Inork ez. Oraindik ere errealitate politikoaren aldaketa gizarteko egitura politikoaren aldaketarekin identifikatzen dugu. Baina, komunikazioaren eta informazioaren gizartean errealitatearen eraldaketa politikoa hein handi batean komunikazio politikoaren bidez burutzen da. Zapateroren gobernuaren ekimen politikoak komunikazio politikoan du bere oinarria eta komunikazio politikoaren bidez sortzen den errealitateak izugarrizko indarra du eta etorkizuneko baldintza eragile bilakatu daiteke.

Zapateroren helburua ETAren desagertzea da eta bestaldetik euskal abertzaletasuna Espainiako Konstituzio sisteman barneratzea. Baina euskal herritarron gehiengo zabalarentzat normalizazio politikoa ezin daiteke horretara mugatu; demokratikoki herri bezala dagozkigun eskubideak praktikara eraman nahi ditugulako: gure etorkizuna erabaki nahi dugulako. Helburu hau lortzeko biolentziarik gabeko eszenatoki baten aldeko apustua egiteaz gain ezinbestekoa izango da herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde gaudenon arteko adostasunak landu eta lanean hastea maila guztietan -ez bakarrik maila politikoan-. Urtetako lana izango da eta asko kostako dena.

Gari Berasaluze

Duela zazpi bat urte, espekulazioak eta honen bidelagunek exilio inmobiliariora bultzatu eta sorlekua utzi behar izan nuenean, besteak beste, literaturarekin lotutako zenbait lan egiteari utzi nion, lan berrietan hasteko. Astean behin, esaterako, bi irratsaio kudeatzen nituen orduan, eta ordu beteko iraupena izaten zuten. Itsaso debekatuak izena zuen Egin Irratiko saioak, eta Komatxo artean, berriz, Donostiako Herri Irratikoak.

Literatura gustukoa dudanez, gustura aritzen nintzen bietan. Hernaniko geralekuan trenetik jaitsi, eta ordu laurdeneko bidea askotan oinez egiten nuen Egin zenaren egoitzara, lasai, erreka bazterretik, irakurri eta hizpide hartu beharreko testuei bueltaka, aireratu beharreko abestiak aukeratuz. Eguneroko zurrunbilo eroari ihes egin eta lasai ibiltzeko parentesi modukoa izaten zen asteroko paseo hura, eta hark eragina zuen irratsaioan: mimo handiz egiten genuen, gustura. Ez genuen ezer kobratzen, baina literaturaz hitz egitea, gustuko testuak irakurtzea, eta entzuleei liburu bat proposatu eta hileroko azken astean entzuleekin batera idazlea elkarrizketatzea sari handia zen, besterik gabe. Gazteagoak ginen beharbada, baina hark ez zuen preziorik.

Sasoi hartan kudeatzen nuen beste irratsaioa ere mimo handiz lantzen nuen. Beharko, Euskal Idazleen Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker bideratutako Komatxo artean irratsaioa baitzen eta, gainera, lehenengo 20.000 pezeta kobratzen bainituen astero, irratsaioa kudeatu eta esatari lanak egiteagatik. Gustura egindako lana zen hura ere, jakina, eta beharrezkoa, orduko kontu korronteari hauspoa emateko behintzat.

Itsaso debekatuak debekatu egin zuten, Egin egunkaria eta irratia itxita. Ordudanik ez naiz Hernaniko geralekuan jaitsi trenetik, eta ez dut erreka bazterretik bide hura gehiago egin. Eta exilio inmobiliarioak erbesteratuta, berriz, Komatxo artean lekukoa hartzeko prest zeuden lagunen esku utzi genuen. Zazpi urteko bidea egin du harrezkero, duin, dozenaka idazle eta ehunka liburu ezagutaraziz.

Oraintsu, berriz, hedabideetan izan dut irratsaioaren berri. Bederatzi urteko ibilbidea amaituko duela saioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza bertan behera geratu delako. Aldundiak ezeztatu egin zuen hurrengo egunean kontu hura, etena neurri probokatzaile bat izan dela esanez, "parentesi bat hausnarketa egiteko, aurrera egiteko", eta urteotan irratsaioa kudeatu dugunon soldata eta irratiaren antena eskubidea ordaindu dituela nabarmenduz. Horren harira, administrazioari eta irratiari inplikazioa eskatu izan zaio, "irratsaioak bizirik iraun nahi badu".

Ongi da. Hirigintza eta azpiegitura kontuetan lohitutako espekulatzaile ustelen patriketan baino askoz gusturago hartuko dugu denon dirua horrelako irratsaioak babesteko. Ados. Baina zer-nolako gizartea elikatzen eta eraikitzen ari gara? Diruak ordaintzen al du guztia? Non geratzen dira preziorik ez duten kontu horiek? Literatura zabaltzearen plazer hutsez, gustura, atseginez, Egin Irratian egiten genuen moduan inor ez al da gai zerbait egiteko? Urte batzuetan asko aldatu dira gauzak, egia da, baina batzuetan gutxietsi egiten dugu aurrera egiteko gogoa, indarra eta kemena. Izu Giroa fanzinearen sortzaile eta eragileetakoa den Gotzon Hermosilla kazetari eta idazleari irakurri diot berriki, elkarrizketa batean, gaur egun fanzine bat egiteko falta den gauza bakarra 80ko hamarkadan sobran geneukan gogoa dela. Antzekoa nabari dut beste esparruetan ere. Kolpeen aurrean lelotuta geratzen gara gero eta gehiago, otzanduta. Horretara bideratu gaituzte, norbaitek iturria itxiz gero gureak egin duela sinetsi nahi izateraino. Kontuaren larritasuna, ordea, ez da batzuek hori sinetsarazi nahi izatea, irudimenari estuki lotuta behar luketen idazleek hori sinestea baizik.

Gure herrian, azken hilabeteotan, sosarik gabe baina herria kolorez eta kulturaz betetzeko egundoko gogoarekin, beharra ikusita, hautsak hartuta zegoen fabrika zahar bat ametsen fabrika bihurtu dute dozenaka gaztek, dirutzarekin elikatutako beste hainbat ekimeni itzal nabarmena eginez astez aste. Ez da adibiderik makurrena goiko lerroetan esan duguna islatzeko.

Gorka Moreno Márquez

Otsail aldean agertu da zenbait komunikabidetan oinarrizko errenta unibertsalari buruz eztabaidatzeko Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat sortu egingo dela. Hasteko esan behar, ongi etorria dela ekimena, eta agenda politiko, komunikabide eta iritzi publikoan nolabaiteko irrika edo susperraldia sortzen badu, bere eginkizuna behintzat ontzat jo beharko genukeela. Hala ere, zenbait arrisku aurreikusi daitezke momentu honetatik jada. Alde batetik, eta alde batera uzten badugu mundu akademikoa eta gai honetan interesatu egin diren zenbait eragile politiko edota sozial, gaia erabat ezezaguna da herritar gehienentzat. Hau dela eta, eztabaidak bide oker eta antzu batetik jo dezake, kontzeptuaren erreketa ahalbideratuz. Beraz, eztabaida eraikitzaile, argigarri eta zorrotza izatea elementu oso garrantzitsua izango da ideiaren zabalkuntza eta etorkizunerako.

Baina, eta lehen aipatu dudanarekin lotuta, benetan ba al dakigu zeri buruz ari garen eztabaidatzen? Ba al dakigu zer den Oinarrizko Errenta Unibertsala? Zeintzuk diren dakarzkien ondorioak? Lehenik eta behin esan beharra dago Euskadiko Erkidegoan ematen den Oinarrizko Errenta eta gure artikuluaren protagonista ez direla gauza berdinak eta beraz terminologiak nahasteko aukera handiak daudela gaur egun. Existitzen den Oinarrizko Errenta baldintzatutako diru-sarrera bat izango litzateke enplegua ez dutenentzat. Oinarrizko Errenta Sarea elkarteak eginiko definizioari jarraiki, aldiz, Oinarrizko Errenta Unibertsala "Estatuak eskubide osoko orori edo gizarte horretan bizi denari ematen dion diru-sarrera da, hiritartasun eskubide bezala, honek ez badu ordainduriko lanik egin nahi, kontuan hartu gabe aberats ala txiro den. Beste era batera esanda, ez da kontuan hartuko beste diru-iturririk duen ezta norekin bizi den". Esandakoaren arabera herritar guztiek jasoko luketen diru-sarrera bermatua izango zen, pobrea ala aberatsa izan, edota enplegua izan ala ez kontuan hartu gabe. Honen bidez, lan prekarizazioari aurre egin nahi zaio eta herritartasunaren kontzeptuan (Marshall) sakondu nahi da, besteak beste eta oso hitz gutxitan esanda.

Ideia honen definizioa hain hitz potoloekin bota ondoren, argi dago irakurle askoren zalantzak, kezkak eta kritikak mota askotarikoak izango direla. Kritika hauek bi multzotan koka ditzakegu. Alde batetik maila etiko-politikoan kokatuko liratekeenak: diru sarrera bat jasotzea enplegu bat -ez lan bat- izan gabe, aberatsa denak ere jasotzea, inmigranteentzako deia efektua izan dezakeela, prekarizazio laboralean sakondu dezakeela, eta abar. Eta bestetik, bideragarritasun ekonomiko eta sozialean kokatzen direnak. Artikulu honen mugak direla eta, kritika hauek aipatzerik baino ez dugu izan, baina hauen inguruko erantzunak badaudela eta maila normatiboan zein ekonomikoan argudio sendoak topa ditzakegula argi utzi behar da.

Laburbilduz, esan beharko genuke Oinarrizko Errenta Unibertsalak orain arte sakratu eta ukiezinak izan diren kontzeptu asko zalantzan jartzen dutela: eskubide sozialak eta enpleguaren arteko lotura; herritartasunaren oinarriak eta abar. Era berean, lana bere osotasunean ulertzeko aukera ezin hobea aurkezten digu; izan ere, ezin dugu ahaztu enplegua lan mota bat dela, baina honetaz aparte beste batzuk ere existitzen dira, lan domestikoa edota bolondres lana, esaterako. Gainera, flexibilizazio ekonomikoaren garai hauetan gizarte segurtasuna bermatzeko tresna egokia izan daiteke eta gaur egungo Ongizate Estatua edota herritartasunaren inguruko eztabaidetan oso planteamendu interesgarriak eta berritzaileak aurkezten dizkigu kontzeptu honek. Bukatzeko ez dago sobran aipatzea orain dela 200-250 urte pentsaezina zela sufragio unibertsala, orain dela 100-150 urte pentsaezina zela osasuna edota hezkuntza eskubide unibertsalak izatea. Zergatik ez epe ertainera begira pertsonen duintasuna bermatzea merkatua alde batera utzita?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan