![]() | Zihara Enbeita2006-02-26 |
Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeen mugan dago Ea herria. Ispaster, Ibarrangelu eta Ereņo artean. Itsasoak eta mendiak bat egiten duten lekuan bertan eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren mugan. Hiru gune nagusik osatzen dute herri berezi hau: Natxitua, Bedaroa eta Eak. Hiru gune dira, baina Ean dago udaletxea eta berau da herrigunea.
Udara begira dagoen herria dela ere esango du norbaitek. Izan ere aurpegi bi ditu Eak: negukoa bata eta bestea udakoa. Udan jendez gainezka egoten da. Gehiegi askoren gusturako. Asko dira asteburutarako edota uda pasatzeko Ea aukeratzen duten kanpotarrak. Berez, 800 bat lagun bizi dira bertan urte osoan.
Erreka, herriaren ate
XVI. mendean sortu zuten herria Bedaroa, Ereņo eta Natxituako elizateetako arrantzaleek. 1883an elkartu ziren Natxitua eta Bedaroako herriak Ea ibaian eraikitako zubiei esker.
Portua Ea herrigunean dago, ibaiko bokaleko eskumaldean. Itsas goran bakarrik erabili daiteke portu txiki hau, ur eskasia dela eta. Ea ibaia itsasoratzen da bertan, itsasadar estua sortuz. Hondartza bera ere estua da eta beste aldean, bokaleko ezkerraldean dago. Areazko hondartza da berau. Natxituan ere badago beste hondartza bat, baina basatiagoa, harkaitzez osatutakoa da: Lapatza.
Letanien ibilbidea
Eako Jesusen Andramari elizaren ondotik hasten da ibilbidea. Elizaren aurrez aurre jarri, eta ezkerrean dagoen bidea hartu behar dugu. Bide hau, aldapa gora, Bedaroara doan errepideraino heltzen da. Guk errepide nagusia zeharkatu eta goazen bidetik jarraitu behar dugu.
San Bartolome baseliza
Inguruan atsedenleku bat ere bada. Mahaiak, sua egiteko lekua, iturria... Ondo prestatuta dago hamaiketako egiteko edota bazkaltzeko. Hemendik Bedaroara doan burdin bidea hartu behar dugu, Olabe baserria eskumara utziz. Honek ere sinpletasunaren enkantua dauka.
Eukalipto eta pinu artean
Antenarantz bidean Eara edota Bix baserrirako bidea markatzen duten seinaleak aurkituko ditugu. 1,4 kilometro falta dira. Parean usoak ehizatzeko beren beregi jarritako postua dirudien aldamioa dugu. Atentzioa deitzen du, hain handi ikusita. Eukalipto eta pinu artean egingo dugu bidea. Zoritxarrez, Busturialdean bertoko zuhaitzen lekua hartu dute bi zuhaitz horiek.
Itsasoari begira
Talako Ama baseliza
Baselizatik Eako portura ondo egokitutako bide txiki bat dago, kurutzebidea izenekoa. 350 metroko bidea da eta batez ere asteburuetan eta udan jende asko ibiltzen da paseatzen bertatik. Ibilbidea Beletxe etxe ezagunean amaituko da. Belaontzien belak bertan gordetzen zirelako hartu du izen hau etxeak.
Eako portuan gaude. Eako itsasadarra ere politagoa da neguan. Lasaitasuna dakar berarekin. Koloretako txalupa hutsak. Hondartza parean dagoen eraikin erraldoiagatik ez balitz... Udara begira egindako erakinean pertsiana itxiak dira nagusi.
Bedarona. Herriko taberna: 946275129
Ea. Aritza taberna: 946275029
Natxitua. Ermintxo: 946277700