Jakoba Errekondo
Hotza epeltzeak eta gaua eguna bihurtzeak landare udazaleak ugalketari begira jarri dituzte bete-betean. Ura hartzen hasi, sustraietan eta enborrean pilatutako jakiak ur horrekin adar-muturretako kimuetara mugitu, hauek hazi, puztu eta zabaldu. Sasoirako loredun soinekoa atera dute neguko kutxatik eta etenik gabeko lorearen emana hemen da: haltza, hurritza, urkia...
Loreak zabal, polena ugaritzen hasi da arnasten dugun airean. Polena arra da eta beste loreen emea ernaltzera iristeko landare ugarik erlea edo beste intsekturen baten premia dute. Badira lan honetarako aparteko berezirik gabe, haizea baliatzen dutenak, landare anemofiloak dira hauek, haizezaleak. Hauek, bere espezieko ondorengoak izan edo ez izatearen patua haizearen esku izaki, polen mordo ikaragarriak ekoizten dituzte, haizeak haize, bateren batzuk lore emeetara iritsi daitezen.
Neguan hurritza, makala, zurzuria, haltza, lertxuna, pinua... udaberrian haritza, lizarra, platanoa, urkia... geroxeago zumarra, gaztaina... Hauez gain belarrak, laboreak eta era guztietako onttoen esporek gure airea erabat polen-asetzen dute. Toki eta urtesasoi bakoitzaren arabera espezie bateko edo besteko polenak izango du garrantzia. Asma bezalako gaitzen bat duen gaixoari galdetu... Mediterraneo aldean olibondoa, Europa ipar eta erdialdean urkia eta abar. Bilbon, adibidez, milatik hogeita lau lagunek arazoak dituzte pinuaren polen sasoian.
Hernanin bada, agidanean, urkiaren polenak sudur-zuloak zirikatu eta bizimodua jasan ezina egiten dionen bat. Arraroa da geurean urkiari alergia hau dionik izatea... Zuhaitz hau ugariagoa den nonbait bizitakoren bat izango da. Galizian jende asko da Europa erdi aldean urte asko eman lanean eta gero bueltatu direnean gaitz hau berarekin ekarri dutenak. Hernanin, di-da, haren inguruko urki guztiak eraitsi dituzte. Barrenak behar dira... Ez da edonor izango... Triskantza honen aitzaki den alergia ezinikusi, gorroto, nazka eta higuin bihurtua. Antzeko alergiak sortzen dituzten poliziak, automobilak, politikoak eta abar eskatuz gero ea abaila berdinarekin kenduko lituzketen gustura ikusiko nuke...
Jabier Agirre
Buruko minak dira gizakiaren minik usuenak. Izan ere, biztanleriaren %95ak izaten du zefalea-gertakariren bat edo beste bere bizitzan zehar, eta Euskal Herrian, populazioaren %70ak tentsioak eragindako buruko minak izaten ditu -ohizkoenak eta larritasun-mailarik txikienekoak-, eta beste %12k migrainak, larriagoak eta ezintasun handia eragiten dutenak.
Herrialde garatuetan buruko minak dira familia-medikuarengana joateko arrazoi nagusietakoa, eta Neurologiako espezialitatera joanez gero, aurreneko arrazoia, zalantzarik gabe. Gurea bezalako herrialdeetan, buruko min arruntak -tentsionalak esaten zaienak- gizonezkoen hirutik bik eta emakumeen %80ak izaten dituzte; migrainak, ordea, ez dira hain ohizkoak -3.000 krisi egunero, milioi biztanleko-. Baina ez da ahaztu behar buruko mina oso ezgaitzailea izaten dela, ez bakarrik pertsona horrek galtzen dituen lan-orduengatik, baita, batez ere, pertsonaren harreman familiarrak eta sozialak nabarmen hondatzen dituelako.
Jose Miguel Lainez doktoreak gaitza kroniko bihurtzearen arazoa azpimarratzeaz gain -sarri automedikazioarekin lotua-, jendearen ezagutza eskasak egoera okertzen duela gogoratzen du, behin eta berriz. Zenbait kasutan ez gaixoek, eta ezta profesionalek ere, ez dituzte hartzen tratamendu egokirako behar diren neurriak, eta horregatik arazoa konpondu beharrean, askotan kroniko bihurtzen da.
Ikerketa ugarik frogatu dute zenbait elikagai kontsumitzeak buruko minak edo migrainak eragin ditzakeela. Beraz, buruko minak izateko joera baldin baduzu, irakurle estimatua, kontu eduki batez ere ondorengo janari-edariekin, bereziki afaritan: fruitu lehorrak (intxaurrak, almendrak), txokolatea eta honen eratorriak, gaztak (onduak bereziki), soja-saltsa, kafea edo tea (neurriz kanpo), hestebeteak, edari alkoholdunak, eskabetxetan jarritako janariak eta mariskoa.
Joxerra Aizpurua
Victoria lakuaren ur-maila jaitsi da
David Kull-ek, Kenian lan egiten duen ingeniariak, Victoria Lakua azkar husten ari dela esan berri du. Laku honek 70.000 kilometro koadro ditu eta 2005ean azken berrogeita hamar urtetan izandako mailarik baxuena izan du. 2003tik aurrera ia metro bat galdu duela ere esan du. Bi arrazoi aipatu dira bereziki, bat lehortea eta bestea Ugandak eraikitako urtegia.
50eko hamarkadan Nilo ibaia eta Victoria lakua bereizi egin ziren lur ezponda natural baten eraginez. Geroxeago, britainiarrak leku horretantxe lehen zentral hidroelektrikoa eraiki zuten, Owens Falls deiturikoa. 2002an Ugandak beste zentral hidroelektriko bat eraiki zuen, aurrenekotik ez oso urrun, Munduko Bankuaren diru-laguntzaz. Uganda eta Egiptok hitzarmenaren bidez adostu zuten erabili beharreko ur-kantitatea, beti ere, inguruko ekosistemei ahalik eta kalte txikiena egin nahian.
David Kullen arabera, Ugandak ez du hitzarmena betetzen eta bi zentral hidroelektrikoetan behar baino ur gehiago xahutzen dela aldarrikatu du ONG batek argitara emandako txostenean. Bertan adierazten denez, Victoria lakuko ur-maila jaitsieraren %45 lehorteagatik da baina beste %55 zentral hidroelektrikoen eraginez.
Ia 30 milioi pertsona bizi da Victoria lakutik ateratako baliabideetatik eta une honetan urontzien zirkulazioa asko gutxitu da ur-maila jaitsi delako. Bertako populazioa kexu da eta are gehiago, lehen bortizkeria-arazoak hasiak dira jada. Ingurumen arazo honek gerraren atarian jarri du inguru guztia eta nazioarteko hainbat erakunde mugitzen hasiak dira baina agian beranduegi.
Pinguinoekin oinez ikasten
Telebistako dokumentaletan askotan ikusi ditugu pinguinoak oinez. Balantzaka ibiltzen dira baina ez dira erortzen, nahiz eta batzuetan ehunka kilometro egin.
Ibilera horri etekina ateratzea bururatu zaio ikerlari talde bati. Balantzakako mugimenduak aztertuz ezin al geniezaieke gure adinekoei lagundu? Gure adinekoak, hezur hautsiak edota desgasteak direla eta, balantzaka ibiltzen dira eta gehienetan erortzeko arriskuarekin. Posible izan daiteke adinekoei hainbat mugimenduren estrategiak erakustea, fisonomiari etekin onena ateratzeko.
Beste erabilera bat roboten munduari dagokio; bi hankako roboten mugimenduak oso orekatua behar du izan ez erortzeko eta hanka baten gaineko mugimendua edo alde batekoa egin behar bada oso ordenadore sofistikatuak behar dira eroriko ez badira. Ostera, pinguinoen mugimenduen mekanika ulertuz gero, posible izango da robotek ere beste mugimendu batzuk errazago egitea edo ordenadoreen lana erraztea.