Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-26 -- 2029.zenb

Katixa Agirre


Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofizialerantz?

Arte eszenikoetako hainbat aktorek, gidoilarik, elkartek, erakundek eta enpresek plataforma sortu zuten orain dela hilabete batzuk Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala eskatzeko. Plataformako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Ibone Amezagarekin bildu dira, Jaurlaritzak eskola sortu dezan. Egun ez dago arte eszeniko eskola ofizialik Euskal Herrian eta hutsunea betetze aldera, Hezkuntza eta Kultura sailen arteko lan taldea sortzea eta hark eskolaren bideragarritasun plana egitea proposatu dio plataformak Jaurlaritzari. Jaurlaritzak arte eszenikoak Euskal Herritik kanpo ikasten duten ikasleen datuak eskatu dizkio plataformari. Txostena osatu eta Tontxu Campos Hezkuntza sailburuari bidaliko diola agindu die Amezagak eta datu guztiak mahai gainean dituztenean, batzarra egingo dute.


Euskal Zinemaren Astea Gasteizen

hogeita bigarren aldiz egingo dute Euskal Zinemaren Astea Gasteizen, otsailaren 20tik 25era. Euskal herritarrek zuzendutako edo ekoitzitako hogeita hamar dokumental, film luze eta labur proiektatuko dituzte Vital Kutxak Dendaraban duen aretoan, lau film egunean. Besteak beste Juanma Bajo Ulloaren Frágil, Montxo Armendarizen Obaba, Nacho Vigalondoren Choque, Daniel Calparsororen Ausentes eta Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste!. Film luze eta labur onenak sarituko dituzte Euskal Zinemaren Astean eta Bingen Mendizabal musikaria eta Astearen koordinatzaile José Luis Ramos omenduko dituzte. Maiatzean, Gasteizko NEFF jaialdian, Arkaitz Basterra zuzendari gasteiztarrak Bingen Mendizabali buruz eginiko film luzea eskainiko dute eta Mendiabalek eginiko soinu bandak biltzen dituen liburua plazaratuko.


Iparragirreren Museoa aurki Urretxun

Urretxuko udalak berrehun metro koadroko lokala erosi du herriko Iparragirre plazan bertan eta koblakariaren jaiotetxetik gertu, Joxe Mari Iparragirreri eskainitako museoa paratzeko. Aurtengo aurrekontuan 360.000 euroko partida esleitu du Udalak museorako eta 2007ko lehen hiruhilekorako zabaldu nahi luke. Iparragirreren partitura, eskuizkribu eta dokumentu andana du Udalak eta erakusketa apurtzailea, teknologia berriekin egindakoa, ipini nahi du bertan, bisitariak hunkitze aldera. Bestalde, fonoteka ere jarri nahi dute Iparragirreren obrarekin zerikusia duten grabazioekin. Museoa bera Iparragirreren oroimenarekin lotutako ibilbideak egiteko abiapuntua izango da.


Euskal Herriaren eta Kataluniaren harremanei buruzko erakusketa

Bascos a catalunya, katalanak euskal herrian erakusketa zabaldu dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Erakusketak hain ezagunak ez diren harremanak azaleratzen ditu, hogeita lau argazkiren bitartez. Esaterako, katalana finkatzen eta gramatika aztertzen lan handia egindako Pompeufabra Bilbon bizi izan zela bederatzi urtez eta kimika irakatsi eta hizkuntza erromanikoak aztertu zituela edota 36ko Gerran katalan ugari etorri zela Donostiara bizitzera eta La Barceloneta deitzen ziotela Gros auzoari edota bi Katalunien banaketa Irungo Faisaien uhartean sinatu zela. Katalunian bizi den Lander Larrañaga argazkilariak eta Euskal Herrian bizi den Toni Strubell kazetari katalanak apailatu dute, abenduan Donostian sortutako Espai Catalunya topalekuaren ekimenez. Martxoaren 11 arte izango da zabalik.


Metropolitan literatur taldea sortu dute 3 gaztek

Gartxot Unsain eta Beñat Gaztelumendi donostiarrek eta Jon Iraola hernaniarrak Metropolitan literatur taldea osatu dute eta bloga (www.donostialdetik.blogspot.com) sareratu dute, euren idazlanak eta hausnarketak plazaratzeko. 17 eta 18 urte dituzte, idaztea dute gustuko eta Urruzuno eta Koldo Mitxelena literatur sarietan gailendutakoak dira.


Hamlet eta La Tempestad estreinatuko ditu Arriagak

Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako hogei aktorek Willian Shakespeareren Hamlet eta La Tempestad gaztelaniaz estreinatuko dituzte otsailaren 25ean, Bilboko Arriaga antzokian, bata bestearen jarraian. Lluis Pasqualek zuzendu du Arriaga antzokiak, Bartzelonako Teatre Lliurek eta Madrilgo Teatro Españolek ekoitzitako lanok. Hurrengo emanaldiak martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira eta ondoren Bogotan, Espainiako hainbat hiritan eta Bartzelonan eskainiko dituzte. Aitor Mazo, Joseba Apaolaza, Eduard Fernandez eta Marisa Paredes dira aktoreetako batzuk.


Karmele Jaiok Amaren eskuak eleberria plazaratu du, amarekin uste baino antzekotasun gehiago duela ohartuko den 35-40 urteko alaba kazetariaren istorioa. Igartza bekari esker osatu du Jaiok liburua.

Puzkarra Records sortu dute Jon Ijurko eta Ibon Apezetxeak. Haien hitzetan, «Gipuzkoako punk-oi! mugimendua bultzatu eta zabaldu nahi duen zigilu ez komertziala» da. Orreaga 778 musika taldeko kideak dira eta duela bi urtetik Bando punk fantzinea plazaratzen dute.

Andres Nagelen (Donostia, 1947) 150 artelan paratu dituzte Donostian, Kursaaleko Kubo aretoan. Askotariko euskarrietan eginiko obrak ikus ahal izango dira apirilaren 17a arte.

Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak diskoa plazaratuko du martxoaren amaieran, Elkarren eskutik. Estudioan zuzenean grabatutako disko pertsonala da. Atlantic River, Hau berua eta Ikaro diskoetako zenbait kantu, argitaratu gabeko hiruzpalau eta Itoizen Astelehen urdin baten kantuaren jazz kutsuko moldaketa bildu ditu.


Maite Franko ipuin kontalaria Aizun: «Nire ustez ipuinek helburu ezberdin asko izan ditzakete, haur zein helduentzat, baina esnaraztearena (esnaraztea hausnarketarako bidea ematea baldin bada, adibidez) ipuin guztiek helburu beharko lukete izan. Era berean abiapuntu bera beharko lukete izan: lasaitasunez kontatzea. Honek ez du esan nahi ipuinak lotarako orduan kontatu behar direnik».

Gorka Urbizuk Karrikari esanak: «Nire ustez Euskal Herrian militantziak eramaten du jendea zenbait talderekin zaletzera eta horrenbeste komunikabideen lanak. Protekzionismo horrek eszena mantentzen lagundu du baina egia da ere zenbaitetan musika beraren dohainak gutxiesten dituela nonbait».

Honela mintzatu zen Harkaitz Cano Nabarran: «Benetan literaturzale denak ipuinak irakurtzen ditu nobela baino gehiago. Ez dut esan nahi benetan literaturzale denak nobelak irakurtzen ez duenik, bai, ordea, benetan literaturzale ez denak ez duela ipuinik irakurtzen».

Aitor Gabilondo gidoigileak zera adierazi zion Berriari: «Beti esan ohi da gidoigile izateko irudimen asko eduki behar dela, baina ez dut uste horrela denik. Irudimenak laguntzen du; hala ere, ez da beharrezkoa. Bestalde, idaztea gustuko izan behar duzu eta jakin-mina pizten jakin behar da».

hemeroteka

2028. zenbakia | 2006-02-19
2027. zenbakia | 2006-02-12

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan