Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-02-26 -- 2029.zenb

Eider Garaikoetxea

«Gauza txiki batek gauza asko kontatzeko aukera ematen du", hala esan digu behintzat, film laburrei buruz hitz eginda, Asier Altuna zinemagileak. Bada horixe da erreportaje honen xedea, lerro gutxitan zinema mota honi buruzkoak azaltzea. Dena dela, testu hau labur geratuko zaigu akaso, film laburren mundua txikia baino, handia delako oso.

Euskal Herrian film laburren alorra zertan den jakiteko horretan jardundako hiru zinemagilerekin mintzatu gara: Asier Altuna (besteak beste, Txotx eta Topeka film laburren egilea eta Aupa Etxebeste luzearen sortzailea), Ane Muñoz (Basurdea, Beaumonten jauzia eta Furbito putakumiak film laburren "ama") eta Joxe Mari Goenaga (Tercero B edota Sintonia laburren egilea). Dena dela, beste hamaikatxo izan zitezkeen gure erreportajearen protagonistak, Euskal Herrian luzea baita "labur kontalarien" zerrenda.

Are, esan daiteke orain Espainiako Estatuan edo nazioartean film luzeak egiten dabiltzan euskal zinemagile gehienak, denak ez bada, film laburren sarean endredatuta ibili direla. Izan ere, laburrak zinemaren artean murgiltzeko edo esperimentatzeko modu ona dira.

Baina hori baino askozaz gehiago ere badira, "genero" hitza aipatu du Ane Muñozek: "Istorioaren planteamendua, garapena eta ondorioa minutu gutxitan bildu beharrak nortasun berezia ematen dio lanari. Norberak bere diruarekin eta beretzako egiten duenez, ez saltzaile edo erosle batentzat, luzeak baino arriskatuagoak izaten dira, askatasun handiz egindakoak".


Film luzeak amets?

Gizartean zabaldutako ustearen arabera, baina, film luzea egiteko entrenamendu baino ez dira film laburrak. Usteak erdi ustel, gure hiru elkarrizketatuek berehalakoan ukatu digute baieztapena. Esaterako, Asier Altunak laburra egin du Aupa Etxebeste film luze arrakastatsua estreinatu ondotik, eta luze gehiago egitekotan ere, laburrak egiten jarraituko duela nabarmendu digu. Ane Muñozek, ordea, ez du film luzea bere asmoen artean.

Edonola ere, ekonomikoa da film laburra eta luzearen artean dagoen muga bistakoena eta horretan bat datoz gure egileak. Zaila da, halere, film laburren kostua zehaztea, erabilitako materiala, aktoreak, errodajerako zailtasunak eta produktuaren beraren iraupena hartu behar dira kontuan. Joxe Mari Goenagak 30.000 euroko kopurua aipatu digu, berbarako.

Diru laguntzak dira film laburrak finantzatzeko modurik arruntena. Horrez gain, produktore baten babesa izatea ezinbestekoa da maiz. Horretan eskea plazaratu du Asier Altunak: "Nik neuk produktoreei ausartagoak izatea eskatuko nieke, gehiago arriskatzea". Horretan arrazoia eman dio Joxe Mari Goenagak, zinemagilea ez ezik, Moriarti ekoiztetxeko kide ere badenak: "Ekoizpen etxe dezente dago Euskal Herrian baina gehienak ETBri begira daude, hau da, telebista-ekoiztetxeak dira. Ez diot txarra denik baina egia da produktua modu batekoa ateratzen dela telebistara begira egonda: produktu telebisiboa. Denok dakigu telebista seguruago dela, ez dela hainbeste arriskatzen eta, beraz, independentzia eta arrisku hori galdu egiten da. Euskal Herrian zinema-produktora gutxi dago, baina noski, jan ere egin behar da...".


Azpiegitura falta

Ingurumari horretan, azpiegituren gaia hartu dute hizpide gure hiru elkarrizketatuek. "Baliabideak murritzak dira Euskal Herrian, hemen ez dugu laborategirik, kamerak alokatzeko Madrilera edo Bartzelonara jo behar duzu eta bost egunerako gauza denez... Bi hiriotan grabatzea bideragarriagoa da, dena dago han, errazagoa da", azaldu digu Goenagak.

Horrekin kexu agertu da Ane Muñoz ere: "Hemen falta dena industria da. Ekoizpenak daude, ikusleak ere asko, baina bitartekorik ez: erosleak, saltzaileak, banatzaileak, erakusleak... Beharbada administrazioak egin lezakeena alor horietako enpresa eta langileak nolabait bultzatzea da, diru laguntzen bidez edo, laburrei kasu egin diezaieten".

Betiko moduan, gezi guztien jomuga den hitzarekin topatu den irudikapena du kazetariak: administrazioa. Film laburren alorrean, ordea, erakundeek txalorako tartea ere eskaini dute: Kimuak egitasmoa.


Laburren lagun kutuna

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1998an abiatu zuen Kimuak egitasmoa. Ekimenaren xedea Euskal Herrian egiten diren film onenek munduan presentzia edukitzea da. Hori horrela, urtero, sei film labur aukeratzen dituzte mundu zabaleko 400 jaialditan barrena erakusteko.

Txema Muñoz egitasmo honetako arduradun eta sustatzaileak azaldu digunez, euren lana promozioa, hedapena eta banaketa ziurtatzea da. Bada gehiago, "laburren ordezkaritza ere hartzen dugu gure gain, jaialdien arduradunekin eta telebistekin harremanetan egoten gara. Esan dezagun gu garela ikusten den aurpegia baina benetako protagonistak film laburrak direla".

Txema Muñozen taldeak egindako lan eskerga benetan txalotzen dute zinemagileek. Joxe Mari Goenagaren bi lan Kimuak katalogo preziatuan izan dira, Sintonía aurtengoan bertan: "Kimuakek banatzerako orduan dakar abantaila. Guk geuk nabaritu dugu bi film laburrekin; bigarren honetan dena moldatu dugu Kimuaken deialdira; aurrekoan, ordea, urte erdia eman genuen filma mugitzen eta horrek lan eta denbora piloa kendu zigun", dio Goenagak.

Are sutsuagoa izan da Asier Altunaren balorazioa: "Izugarria da pertsona bat edo bi urtean sei film labur jaialdietan barrena erakustea, horrek konfiantza ematen dizu, badakizu ikusiko dela. Eredugarria da, zalantzarik gabe".

Izan ere, Kimuak egitasmoaren oihartzuna ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Espainiako Estatuan tankera honetako lehen ekimena izan zen eta pixkanaka beste erkidego batzuek moldea kopiatu dute. Nazioartean ere oso estimatua da Txema Muñozen lana eta horrek mesede egiten dio euskal film laburrei eta bidenabar, euskal zinemari.

Sariak ere eskuratutakoak dira katalogoan bildutako harribitxiak. Hala, Joxe Mari Goenagak egindako lehen filmak, Tercero Bk, 40 sari pasatxo eskuratu zituen, Aitzol Aramaioren Terminalek, bestalde, sekulako sona hartu zuen nazioartean eta Koldo Serraren El tren de la brujak ere, halatsu.

Sariek, egindako lana eskertu ez ezik, hurrengo film laburrerako bidea ere errazten dute. "Finantzatzeko modua ere ematen du Kimuakek, zeren sariak jasotzekotan dirua lortzen duzu, telebistei ere saldu diezaiekezu...", azpimarratu du Goenagak.


Jaialdiz jaialdi ibiltzera "kondenatuta"

Nazioartekoez gain -orain gutxi egin den Clermont Ferrandekoa da garrantzitsuena-, Euskal Herrian ere film laburrak lehiatzeko jaialdi ugari dago: Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera, Zinebi (Bilboko Zinema Labur eta Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, akaso ezagunena), Bidasoaldekoa...

Izan ere, jaialdien magala dute etxe film laburrek eta hortik kanpo apenas dute presentziarik. Egia da, azkenaldian, Topaguneak antolatzen duen Euskal Laburren Zirkuituari esker, filmak herriz herri ikusi ahal direla, baina orokorrean txikia da oraindik film laburrek kultur eskaintzan duten tokia. "Askotan etxeko jendeari ez zaizkio heltzen. Film laburrak ez daude zinema areto arruntetan. Miraria da norbaitek film labur bat ikustea", agertu du Asier Altunak.

Filmak erakusteko espazioak konkistatzea zaila dela onartu digu Joxe Mari Goenagak: "Egileari ordaindua izatea gustatzen zaio. Batzuetan zalantza sartzen zaizu zure film laburra proiektatzeko baimena eskatzen dizutenean. Alde batetik, ikustea nahi duzu baina, bestetik, ordaindua izatea".

Ukaezina dena zera da: Euskal Herrian badira zinemagileak, badira ikusleak eta film laburrez gozatzeko gogoa, falta dena, euskal zineman gertatzen den bezala, horri eutsiko dion azpiegitura da. Ane Muñozek egin digu horren inguruko galdera: "Utopiaren aurrean ote gaude, berriro ere?"

Pilar Iparragirre

Zein da gehien sakondu duzun gaia?
Lehen sail batean senaren balorea. Bigarrenean, berriz, ohituraren balorea. Jendea jaiotzean senarekin gizarteratzen da, baina gizarteak kultura bat, ohiturak irakatsiko dizkio. Nire ustez, gizarte guztiek tradizio bat daukate, beren nortasuna definitzen duena. Gero gizarte horiek balore orokorrak topatuko dituzte; orokor diot, ezen mundukorrak inperialismo kutsu handia duelako, beraz. Erakusten saiatu naiz herri batetik bestera zer diren hedatzen diren gogamen «unibertsal» ospetsu horiek eta zein hedatzen ez direnak eta nola.

Norantz goaz?
Biharrak esango du zertara joango garen. Ideologien erdi porrota gogoan edukitzen badugu, ez gara ezerezetik abiatuko, oker guztien inbentarioa eginik baita.

Argitu dezakezu pixka bat hori?
Behetik gora lihoakeen demokrazia bidea ez da hartu, gainetik behera legebiltzarrek jendeen asmoak behartzen dituzte. Herri bakoitzak, ordea, bere eredua, bere egitura asmatu behar luke. Batasun handiago bati (hala nola Europari) kalterik egin gabe eta inperiokeria berri bat asmatu gabe. Egia Bakarraren banbu zut, zurrun, lerden, adar gabekoaren ideologia garaia joan da. Ea norabide ugariren garaia abiatuz, europarrok zuhaitz adartsu sendo askoa egiten jakiten dugun! Ala estatubatuarren mundializazioan, «heriotza dantzan», aurrerakuntzaren, ekonomia haztearen idolatrian, lurzabal hau suntsitzen lagunduko dugu?

Pilar Iparragirre


Pospolo kaxa bat bezala
Patxi Zubizarreta
Pamiela
190 orrialde 14 euro


Patxi Zubizarretaren testu pizgarriak

Pamiela argitaletxearen eskutik Patxi Zubizarretak kaleratutako Pospolo kaxa bat bezala liburuan hainbat autoreren testu esanguratsuak eta idazleak berak sortutako ipuinak daude bildurik. Bost gai nagusi aukeratu ditu ordiziarrak: amodioa, bidaia, mestizaia, literatura eta memoria. Patxi Zubizarretak azken hamar urteren bueltan idatzitako errezitaldietako gidoiak jaso ditu hemen, testu horiek bere ipuinekin lagunduz, elkarri eragin diezaioten, elkarren ispilu izan daitezen eta esanahi berriak har ditzaten. Literatura pizgarri duen orori eskaintzen dizkio, bere baitan duen pospolo kaxa umeldu ez dadin. Testu asaldagarri, sentsual eta, batik bat, pizgarriok barrua pizteko balioko diotelakoan.

Solidaridad en red. Nuevas tecnologías, ciudadanía y cambio social
Batzuen artean
Hegoa
226 orrialde


Teknologia berriak eta gizon-emakumeon garapena

Zer nolako baldintzatan erabili beharko genituzke teknologia berriak gizon-emakumeon garapena ziurta dezaten? Hegoakoek Bantaba egitasmoaren baitan antolatutako jardunaldietan aurkeztu ziren lanen eta ekarpenen bilduma da Solidaridad en red. Nuevas tecnologías, ciudadanía y cambio social liburua. Atalez atal, teknologia berriek gizartean eta demokrazian duten eragina, munduko baztertuak teknologia berriei dagokienean ere baztertu izan ez daitezen hartu beharreko neurriak, giza eskubideak eremu elektronikora zabaltzearen beharra, emakumea ezagutzaren gizarterantz doan bide horretan, eta aldaketa tekonologikotik gizarte aldaketara doan tartea ere aztertzen dituzte.

Olentzero larri
Iñaki Zubeldia, Jon Zabaleta
Gero
30 orrialde 6,50 euro

Olentzeroren laguntzaileak

Etxeko txikienak gogoan Iñaki Zubeldiak sortu eta Jon Zabaletak marraztutako istorio honetan Olentzero estu eta larri aurkitzen dugu, elurteak direla eta Gasteizen bizi diren haurrei jostailuak uzteko oztopo franko dituelako. Astotxo baten konpainian abiatzen da hasieran, baina asto gizajoak irrist egiten du bidean, eta gero kamioi handi zaratatsuaek emandako sustoarekin lur jota gelditzen zaio. Hori ikusirik, Gamarrako emakume batek bere traktorean eramatea eskaintzen dio Olentzerori. Astotxoa inguruan dabilen gizon baten kontura utzi, eta han doaz traktorean emakumea, opariak eta Olentzero Gasteizerako bidean Baina izotz asko dago, eta mantso joan beharra dute derrigor. Olentzero urduritzen hasiko da, eta emakumeak suhiltzaileei deitzea erabakiko du. Haiek lagunduko dute, ziur.

Senez
Batzuen artean
EIZIE
160 orrialde


Senez itzulpen aldizkariaren 28.a

Bere azken zenbakian, Senez aldizkariak honakoak eskaintzen ditu: Joxerra Garziak itzulitako Bertolt Brechten lan aurkitu berri batzuk, Fernando Reyk Antonio Tabuchiren Sostiene Pereira itzultzean aurkitu zituen amarru modukoak, Bego Montoriok galegotik itzuli izan dituen obren ibilbidea, Ibon Uribarrik Schiller-en euskarazko bertsioaz eginiko azterketa, euskal itzulpengintzak ikus-entzunezkoetan egin duen bidearen berri ematen duen Josu Barambonesen lana, komikien itzulpenaz Bego Montoriok egindako ikerketa, Alfontso Mujikak Hiztegi Batua terminologia zientifiko-teknikoaren arlotik begiraturik aurkitu dituen elkarguneak, estuguneak eta gurutzaguneak; Amaia Lasherasek eta Lorea Arrietak osatutako Ortotipografiari buruzko mintegia, eta Carlos Cidek Javi Cillerori egindako elkarrizketa.

Autobusaren zain
Alaitz Olaizola
Erein
54 orrialde 10,50 euro

Antzerkia, 10-12 urte bitartekoentzat

Alaitz Olaizola azpeitiarrak sortu eta Manuel Ortegak marraztutako antzezlana dugu Autobusaren zain, 10-12 urte dituzten neska-mutikoek hogei-hogeita hamar minututan antzezteko aproposa. Udako arratsalde ekaiztsu batean gertatzen da, autobus geltoki batean. Jende ugari gerturatuko da bertara. Inor baino lehen, biloba galdu duen amona, hondartzara joateko erabiltzen den poltsa handi horietakoa besotik zintzilik duela. Hitz egiteko gogoa du, baina momentuz belarrietan entzungailuak jarrita dauzkan gaztea baino ez dauka alboan, eta hark musika baino ez du entzun nahi. Zorionez, jende gehiago dator: egunkari saltzailea, ihesi dabilen lapurra, amonaren bila dabilen biloba...

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 or. / 5,15 euro

Santimamiñe-Ekain haitzuloen artean egiteko ibilbidea

Makina bat dira Euskal Herria aldizkariak bere azken zenbakian ere proposatzen dizkigun ibilbideak, baina Santimamiñe-Ekain haitzuloen arten egin daitekeena azpimarra genezake. Jakina, Araba hegoaldean dauden herri eta mendiei ere egin geniezaieke bisita, irudimenarekin bada ere. Edo Bardeen inguruetan arroza nola landatzen duten ikasi, Euskal Herriko kostaldean zehar plazarik plaza ibili, edota gure herriko kanposantu berezienetan dagoena ikusi. Edo Aritzakun eta Urritz haranetara joan.

Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan
Txomin Peillen
Utriusque Vasconiae
264 orrialde 18 euro

Txomin Peillen gizarte baloreak aztertzen

Txomin Peillen Karrikaburu zuberotarrak Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik kaleratutako saio honen izenburu zehatza Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan da, hain zuzen ere munduko esparru zabala hartu duelako kontuan unibertsitateko irakasle emerito honek bere ikerketa egiteko garaian. Eta ikasketaz filosofoa ez izan arren, etnologo eta biologoa baizik, antzinako eta oraingo pentsalariez baliatu da bere hausnarketaren ardatz diren bi galderei erantzuna emateko: zer diren baloreak jende banakoarentzat bakoitzak duen senaren argian, eta baita gizabanako hori inguratzen duen gizartearen eraginez ere, batetik, eta ea ba ote den balore orokorrik, bestetik, bide batez, baloreei dagokienean zertan ziren gure arbasoak eta zertan gauden gu azalduz. Txomin Peillenek dioenez, kristautasunean zein ezkertiartasunean sinesten zuten hainbeste ameslari zintzoren utopiak suntsitzen ikusi eta gero, gure garaian diruzaletasunaren sasi-balorea garaitzen ari da. Eta XXI. mendean AEB azken inperialista handiak bere nahikundeak mundu osora zabaldu nahi dituenean, itxaropen txikia ez komunista, ez kapitalista litzatekeen gizarte alternatibo batean legoke.

Unai Brea

Aktore ibilitakoa zara...
Bai, Basauriko Antzerki Eskolan egin nituen ikasketak. Kazetaritzako 3. maila hastear ginela hasi ginen Basaurin, eta bost urte egin genituen han.

Aktore bokazioa duzu?
Ez, ez dakit zergatik sartu nintzen. Baina antzerkiak beti erakarri nau, nahiz eta Soraluzen aukera handiegirik ez eduki antzerkia egiteko.

Kazetaritza ikasketak burutu zenituen, eta aritu ere aritu izan zara. Horretarako bokaziorik bai?
Ez, nik kazetaritza aukeratu nuen idaztea asko gustatu izan zaidalako beti, baina ez naiz idazle ona, ez naizelako irakurle ona.

Ezin dut egia esan entzunda besterik ematen du, bada...
Hara, apurka-apurka, egin ahala, ikasi egiten da ofizioa...

Nola sortu zen lan hau? Izan ere, helduentzako idazten duzun lehenengoa da, ezta?
Tira, moldaketaren bat egin izan dut profesional mailan. Maskaradarekin, adibidez, Nerudaren postaria; Antonio Skarmetaren nobelatik abiatuta moldaketa egin genuen. Bestela, badauzkat idatzita helduentzako testuak, baina gordeta daude. Ezin dut egia esani dagokionez, baneukan gogoa helduentzat zer edo zer idazteko, Gorakada taldearekin egindako Jim Altxor Uhartean eta Robin eta Hood lanen arrakastaren ondoren. Izan ere, uste dut Robin eta Hood baino lehenago idatzi nuela Ezin dut egia esan.

Lan handia eman zizun halako antzezlan bat idazteak?
Ez, brastakoan ateratako testua da. Bi aste neuzkan, arratsaldeak baino ez goizez beste lan bat neukalako, eta helduentzako obra bat nahi nuen idatzi. Beraz, ordenagailu aurrean eseri eta hasi egin nintzen. Nik, normalean, ondo pentsatzen dut zer kontatu nahi dudan idazten hasi baino lehenago, baina kasu honetan egin ahala atera zitzaidan, ez nuen aurretiaz planteamendua ondo lotu.

Gai serioa. Euskarazko antzerkiaren tradizioa gehiago lerratzen ei da komediara...
Bai. Nik uste dut egile bat oso zinezkoa izan behar dela, Patxok [Telleria] esaten duen moduan. Bere barrutik atera behar duela, benetan komunikatu nahi badu. Edozein arte-hizkuntzatan komunikazioa da oinarria, zuek antzokira zatozte eta har ezazue nik eskaini nahi dizuedan hau. Hori da artista batek egiten duena: ez du gordetzen, erakutsi egiten du.

Eta zuk zer daukazu barruan?
Nik antsietate apur bat eduki dut maitasunarenganako, eta hori idatzi dut. Oso zintzoa izan naiz alde horretatik.

Antzezlana ikusi eta gero, ideia hau geratu zitzaidan: maitasunean sekula ez dago nahi den guztia lortzerik, beti konformatu behar dugu beste zer edo zerrekin. Ezkortasuna?
Uste dut irakurketa asko egin daitekeela, nik ez dut tesi bat egin nahi izan. Nik planteamendu bat aurkeztu dut, eta uste dut oso erraz ezagutzen dela nik hor diodana. Esan nahi dut lana ikusten duen edozeinek ikus dezakeela hor badagoela egia bat. Baina ez dut mezu potolorik eman nahi izan. Nik asko sinesten dut fantasian eta desioan. Errealitatearen zati dira, eta horregatik obran biak, errealitatea eta desioa, uztartu egiten dira.


Momenturen batean pentsatu duzu horrek nahasmena sor zezakeela?
Bai, zalantza hori eduki dut, eta baliteke momenturen batean hala gertatzea, baina ez dut uste askotan gertatzen denik, jendeak testua ondo ulertzen duelakoan nago. Baina ahalegindu egin naiz den-dena ez esaten. Batzutan, larregi kontatzea ez da ona, eta gutxiegi kontatzea ere ez. Erdiko neurri hori, berriz, ez da erraz lortzen. Eta nik nahiago dut gutxiegi kontatzearren huts egitea gehiegi kontatzearren baino. Hala ere, uste dut obra honetan ez dela ikusleen aldetik hainbeste irakurketa desberdin egiten, ikusle gehienek gauza bera ulertzen dute obra amaieran.

Idatzi ez ezik, zeuk zuzendu duzu obra. Hasieratik nahi izan duzu hala izatea?
Ez bereziki. Idatzi nuenean, taularatzeko aukerak bazeudela pentsatu nuen. Lagun baten gomendioz, Santurtziko lehiaketa batera bidali nuen lana, eta baita saria irabazi ere. Dirua eman zidaten, eta argitaratzeko aukera. Jendeak gustuko zuen lana, eta batzuek neuk zuzentzeko esaten zidaten. Bestetik, hainbat taldek agertu zuen obra egiteko interesa, bazekitelako ere diru-laguntza jasoko zutela Santurtzitik. Hor mugimendu batzuk egon ziren, eta ni zain. Horregatik diotsut ez nengoela inoren aurretik neure burua zuzendari jartzeko asmoz. Azkenean, batzuen eta besteen zalantzak zirela-eta, aurrera egitea erabaki nuen.

Lan honetan isiluneek garrantzi handia daukate, eta horiek nola antzeztuta dauden ikustean igartzen da zuzendaria eta egilea pertsona bera direla...
Bai, nik badakidalako zergatik dagoen isilunea testuaren zati horretan, eta hori aktoreei azaldu diet. Obra honetan isiltasunak testuak adinako garrantzia dauka, duda barik, edo handiagoa.

Antzerki serio, kalitatezko, gutxi batzuentzako... etiketak har litzake Ezin dut egia esanek?
Ez nuke hori pentsatzerik nahi. Gutxi batzuentzat da, antzerkia berez delako gutxi batzuentzat.

Are gutxiagorentzat, esan nahi nuen...
Ez du uste, eta emango dut arrazoia: Arriagako irakurketa entzutera etorri zirenek ez zekiten zertara zetozen. Eta 40 urtetik gorako emakume ugari etorri zen, guztien %90 beharbada. Antzerkira sarri etortzen direnetakoak zirela pentsatzen dut, agian antzerki komertziala ikustera etortzen direnak, ez dut uste euskal antzerkiaz asko dakitenik -horrekin ez diot jakitunak ez direnik, edo antzerkian iaioak ez direnik, e?- eta haiek oso gustura egon ziren. Ondoren egin zituzten galderek eta agertu zuten interesak asko poztu ninduten, erakutsi zidatelako testuak badaukala erakartzeko gaitasun hori.

Antzerki komertziala aipatu duzunez gero, bota egingo dizut gogoan zebilkidan galdera bat, egin ala ez egin duda-mudatan ibili naizena: badago antzerki-zaborrik?
Bai, bai, noski. Ez dut izenik emango, badaezpada, baina... Dena den, antzerki munduan hainbestekoa da prekarietatea antzerkian dabilen jendea ezin izango dudala kritikatu inoiz. Niretzat heroiak dira gaur egun antzerkian dabiltzanak. Zer edo zer poltsikoratzeko ez dakit zenbat lan egin behar da eta.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan