Onintza Irureta
Euskara Zerbitzu gehienak duela 15 bat urte sortu ziren (1989-1990 urteetan); Nafarroako Gobernuak foru dekretua atera zuen udaletan eta mankomunitatetan euskara normalizatzeko urratsak emateko. Euskara zerbitzuek hiru adar izango zituzten: euskara teknikaria, kultur jardunak (euskara normalizatzeko ekintzak) eta udalerriko administrazioko langileak euskalduntzeko planak. 1989a baino lehen sortua da Iruñeko Euskara Zerbitzua. Data hori baino lehen beste zenbait udalerritan saiakerak egin zituzten, baina ez zuten gorputzik hartu.
Gobernuaren diru-laguntzei esker abian jarri ziren euskara zerbitzuetan euskara teknikari gazteak zeuden, esperientzia gutxikoak. Gazte horiek udalerri txikietan egin behar zuten lan, biztanle kopuru murritzarentzat eta baliabide ekonomiko urriekin. Rosa Ramos, Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikariak hasieratik ezagutu du euskara zerbitzuen bilakaera. Berak dioenez, aipatutako ezaugarriak kontuan hartuta, euskara zerbitzu guztiak bilduta indar eta baliabide gehiago izan zezaketela pentsatu zuten. Gipuzkoako Udaletako Euskara Teknikarien Sareari (UETS) jarraiki, Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea (NUETS) sortu zuten. Orduz geroztik sarean parte hartu ez duen euskara zerbitzu bakarra Iruñekoa izan da.
Lana egiteko modu berezia du Sareak. Egitasmoak hileroko bileretan adosten dira, baina egitasmo bakoitza lantzeko hainbat teknikarik osatutako batzordea sortzen da. Batzordeak prestatutako egitasmoa euskara zerbitzu guztiek probestuko dute, beti ere, gunean guneko berezitasunak kontuan hartuta. Ezin pentsa liteke, esate baterako, Tafallan eta Leitzan euskara egitasmo berberak abian jarriko dituztenik.
NETeLEren sorrera
Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartea esan nahi du NETeLE-ek. 2000. urtean sortu zuten. Elkarte horretan tokia dute edozein motako euskara teknikariek: udaletakoek, elkarte pribatutakoek eta gobernukoek. Zertarako sortu elkartea? Rosa Ramosek bi arrazoi eman dizkigu: «Batetik, NUETSek ez du nortasun juridikorik eta gure ahotsa entzutea nahi genuen. Bestetik, euskara teknikariaren lanbidea zilegitasunik gabe, sinesgarritasun beharrean, ikusi genuen. Uste dugu gure lanbidea ongi definitzea eta etengabeko prestakuntzan sakontzea onuragarriak direla euskararen normalizazio plan eraginkorragoak lortzeko».
Udaletako euskara zerbitzuetako euskara teknikariak udalak edo mankomunitateak kontratatutako langileak dira. Lanpostu horiek mantentzeko diru iturriak bi dira: Nafarroako Gobernua eta udala edo mankomunitatea. 2000.ean, ez zen alferrik sortu NETeLE. Urtean-urtean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzek behera egin dute, iaz izugarri jaitsi ziren laguntzak. Diru-laguntzak hainbeste murriztuta, udalak edo mankomunitateak zeresan handia du euskara zerbitzuekiko. Zenbait udalerritan, gobernuaren laguntza murriztuta arrisku bizian dago euskara teknikariaren postua, udalak diru gehiago jartzerik nahi ez duelako edo ezin duelako. Rosa Ramosek udalen kasuan hiru kontu gogoan hartu behar direla nabarmendu digu: euskararen sustapenari buruz udal horrek duen iritzia, udal txikiak izanda (Nafarroako gehienak) diruz itota egotea eta herritarrei zerbitzua eskaintzeari buruz duten kontzeptua.
Gobernuaren diru murrizketen ondorioz eta hainbat udalek ardura gehiago bere gain ez hartzearen ondorioz, zenbait tokitan, euskara teknikariaren lanpostuak baldintza ekonomiko kaxkarrak ditu. Esate baterako, orain, bi euskara zerbitzu hutsik daude; bata Garesekoa eta bestea Zaraitzu-Erronkarikoa. Bi euskara teknikariek lanpostua utzi zuten eta oraindik ez dira hutsuneak bete. Lanpostua hutsik geratzen den bakoitzean udalak oposaketak egin behar ditu, prozesua nekeza da. NETeLE aztertzen ari da elkarteak berak ordezkapenetarako zerrenda osatzea utzitako lanpostuak eta ordezkapenak azkarrago betetzeko, udal edo mankomunitateek bide egokia ikusten badute.
Gareseko eta Zaraitzu-Erronkariko lanpostuak hutsik geratu badira ere, azken bi urteotan hiru euskara zerbitzu sortu dira. Tafallako Udalak, Irantzu Mankomunitateak eta Aranguren Ibarreko Udalak euskara zerbitzua sortzeko eskaera egin zuten eta azken urteotako politikarekin bat ez bazetorren ere, baiezkoa eman zuen Nafarroako Gobernuak.
Bilbon 18/98 auziaren aurka egindako manifestazio arrakastatsuarekin bat etorri zen ETAren azken agiria. Espainiako Gobernuak eta komunikabide gehienek zabaldutako su-eten aurreikuspen handien aurrean etsigarria, bake prozesu «luze, zail eta gogorraren» perspektiban urrats bat gehiago, nagusiki urrats garrantsitsu eta esanguratsuak eman beharraz erakunde armatuak berak zabaltzen dituen itxaropenengatik. Prozesua gertutik segitzen dutenek jarraitzen dute pentsatzen, bai publikoki bai pribatuan, pausoak bide onean doazela eta etorri beharrekoa etorriko dela, alde batetik zein bestetik. Jarraitzen da pentsatzen, bestetik, datozen egun edo asteetan, ETAk egin dezakeela mugimendu handiagorik. Aberri Egunari begira akaso? Egungo mugimendu entzutetsuenak, dena den, bere lehergailuekin eman ditu, eta hauek pairatutako eremu pertsonal eta geografikoetan mina eta ezegonkortasuna sortzen badute ere, prozesuaren blindajeari ez diotela eragiten ematen du. Auzitegi Nazionalaren jarduerarekin ere, esate baterako, beste horrenbeste gertatzen da.
EAk jadanik iragarri du datozen udal eta foru hauteskundeetara bakarrik aurkezteko asmoa duela EAEn. Nafarroan, ezaguna denez, Nafarroa Bai koalizioan joango da. Urtebete baino gehiago falta da oraindik hauteskundeetarako, eta gehiago edo gutxiago atera, alderdiak mugimenduak egiten ari dira. EAk, adibidez, jakinarazi du ez dela koalizioan joango EAJrekin, hori bere alderdi izaerari eusteko urrats arriskutsua dela uste du egungo zuzendaritzak. Baina, beste hauteskunde zenbaitzutan ere antzerako jarrera izan du eta azkenean EAJ-EA koalizioa gauzatu da. Gipuzkoako EAJtik, esate baterako, presioa egiten ari zaio EAri zer egin behar duen ahalik eta lasterren erabakitzeko, jeltzaleak azken unera arte zain egongo ez direla esanez. Independenteen formulapean, EAren inguruko zenbait hautetsi erakar ditzaketela uste dute jeltzaleek, eta arbola hori gogor astintzekotan daudela dirudi.
Martxoaren 3an konbentzio politikoa egingo du PPk. Gai asko ditu prestatuak ekitaldirako, gai orokorrak gehienak, Zapateroren Gobernua oposiziotik higatzeko modukoak. Baina gai horiek guztiak bazterrean geratuko dira eta benetan garrantzia hartuko dutenak PSOEren Gobernuaren «terrorismoaren aurkako politikak» eta Espainiako lurraldetasunarenak izango dira. Areago kontuan hartzen badugu, Jose Mari Aznar izango dela izarra, berak egingo baitu eguneko diskurtso nagusia.
Daniel Udalaitz
Grebaren bidez lan hitzarmeneko eskubideak aldarrikatzen ari zirela bost langile hil eta beste hainbat zauritu zituzten orain dela hogeita hamar urte Gasteizen, eta sarraski haren egile materialak (polizia) eta erantzule politikoak (denen buruan Manuel Fraga Iribarne) ez dituzte oraindik epaitu eta are gutxiago zigortu. Martxoaren 3ko Elkartea ari da lanean poliziaren sarraski haren biktimak izan zirenen defentsan.
guztia irakurri
Autodeterminazio erreferenduma egingo dute Montenegron apirilaren bukaeran, eta bertan, aurreikuspenen arabera, Serbia eta Montenegroko Batasuna utzi eta Montenegrok independentziaren hautua egingo du. Era horretara 650.000 biztanleko estatu berri bat sortuko litzateke Europan. Serbiaren eta Europako Batasunaren presioei aurre egin behar izan die Montenegrok erreferenduma dei ez dezan, baina herrialde txikiaren erabakiak irmoa dirudi. Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Eslovenia, Serbia eta Montenegrok osatzen zuten garai bateko Jugoslavia, eta azken hau ezik, gainerakoak estatu independenteak dira jada, Bosnia eta Kroaziaren kasuan Serbiaren aurkako gerra oso gogorren ondoren.
Mikel Asurmendi
«Baiona Ttipian bizi naiz eta betiko lagunak ditut. Demo-en desobedientzia zibilaren bidean eta ezkerreko mugimendu abertzalean segitzen dut lanean. Dozena bat liburu irakurtzeko zain ditut eta ez dut telebistarik etxean» erran digu Txetxek ardura berriez galdaturik.
Robles-Arangiz Institutua gazteen konferentzien eta gogoetaren bilgunea da Iparraldean. Formazio ikastaroak eta Alda aldizkaria dira ekimen hauen agergarri: «Lizarra-Garaziko garaiaren ondoren ELA sindikatuaz nuen ideia arras aldatu zitzaidan. ELAk Iparraldea nola lagun zezakeen galdatu zigun. Ordura arte ez bezala, erakunde batek Iparraldean jadanik abian zen proiektua laguntzea eta ez handik hona zerbait inportatzea eskaini zigun», diosku gure solaskideak. «Akort. Iparraldea lagundu nahi izatera, ez eratu alderdi edo sindikaturik hemen, besteek egin duten bezala», erran zioten ELAri.
Abertzaletasun esparrutik zetorren jarrera original eta interesgarritzat jo eta Iparraldeko ildo eta ardatz estrategikoa laguntzeko eskaintza aintzakotzat hartuta ari da Jean-Noël Etxeberri Txetx.
Robles-Arangiz Institutua Iparraldean, ELAren eta ezker abertzaleko Txetx militantearen eskutik. Batzuen harridura agerrarazi zuena nolabait.
Niretzat ELA ezkerreko sindikatu abertzalea da. Bere azken Kongresuan egon ondoren -hainbat militanterekin batera- Hegoaldean ezagutzen ez nuen "beste ezker abertzale bat" dagoela ohartu nintzen. ELAk egiten duen gogoeta soziala «ezker abertzale ofiziala»k egiten duena bezain ezkerrekoa da. ELAko kidea naiz hartara. Kontua ez da ezkerreko, zentroko edo eskuinekoa zaren, baizik eta 20 edo 100 kideko talde batean ez bezala -bertan erradikala, iraultzailea edo antikapitalista izatea errazagoa da- ELA bezalako masa sindikatua kudeatzea. Hau da, nola garatzen duzu milaka kidek osatutako sindikatu hau? Izaera antikapitalista eta masa sozial anitzak biltzen dituena. Aldarrikapenak daudenak dira, nola landu horrenbeste gai ordea? Nola formatu langile militanteak koadro ezberdinetan, abertzale ez abertzale edota etorkinak izanda? Normala da jendea harritzea, neuk ere Lizarra-Garaziko garaia baino lehenago ELA EAJren sindikatua zela uste nuen, eskuinera lerratua. Gero nire usteak errealitatetik urrun zeudela ohartu nintzen.
LAB garai beretsuan eratu zen Iparraldean. Zer iritzi duzu ekimenaz?
LABen sorrera akatsa izan zela pentsatu nuen orduan, ez zela bide egokia, Iparraldeko borroka sindikal eta sozialaren eremua ezin zela horrela landu. Ez nintzen ados aritzeko moldean, eta gaur ere iritzi bera dut. Hori esanda, LABeko kideak biziki estimatzen ditut, eta ez dut haien lanari trabak ekarriko lizkiokeen deus erran edo egin nahi.
Lizarra-Garaziko Akordioaren esperientziarekin kritiko gisa azaldu ohi zara.
Akordio hura berebiziko aukera izan zen, baina ez zen batere porrota izan, batzuek geldiarazi zuten prozesu arrakastatsua baizik. ETAk su-etena bertan behera uztea hutsegite historikoa izan zen. Aukera hura ez da errepikatuko horrelako baldintzetan eta datozen hamar urteetan akats hura arrastaka eraman beharko dugu. Egun ez dago orduko indar korrelazioa, orduko indar metaketak beste ezaugarriak zituen. Prozesuaren hausturak indar harreman abertzale orokorra erabat ahuldu eta Batasuna legez kanpo utzi zuen, baita ondorio tamalgarriak ekarri ere. Ondorioz, bi estatuek are gehiago zapaltzen dute egun, EAJ gaur ari ez den molde batean ari zen. Gizarteak ez du prozesuaren gakoa, Lizarra-Garaziko garaian ezta ere, baina gakoaren jabeago izateko bide sendoagoa urratzen ari zen. Gizartea orduan baino ikusle soilagoa da egun.
Hegoaldean prozesu sendorik emango ote den esperantza ba al duzu?
PSOE eta ETAren arteko negoziazio posible batek ekarriko duenaz ezer gutxi dakigu, ezta prozesuaren osagaiez ere. Konfiantza eskatzen zaigu, baina gizarteak zer eman dezake? Nork du gakoa? Oinarrizko militanteak ez dira ari orduan bezala, nik ez dut oraingo egoera gustuko. ETAk su-etena bertan behera utzi zuenean, Euskal Herritarrok-ek 250.000 boz zituen, Udalbitza eraikitzen hasi zen, Departamenduaren aldeko borroka sendoagoa zen Iparraldean, baita presoen aldeko sostengua ere. Zeren trukez erabaki zen prozesua etetea? Zein indar korrelazio zen orduan eta zein da gaurkoa? Autodeterminazioa eta lurraldetasunaren eskakizunak indartsuagoak al dira orain?
Iparraldera etorrita, nolako balorazioa egiten duzu harrezkero gertatuaz?
Lizarra-Garaziko prozesuaren etena eta ABren zatiketa galbideak izan ziren Iparraldearentzat. Jean Michel Galant hautatua izan zen Kontseilu Nagusian, hainbat udal hautetsi abertzale bestalde. Horiek behar zuten sostengua moteldu zen nolabait. Hausturak militanteen arteko tentsioa areagotu zuen, desmobilizazio giroa indartu zen euskal kultur eta gizarte eremuan, hori ari gara jasaten oraindik ere. Gazteek ez dute elkarren aurka aritu nahi kausa beraren alde, dinamika abertzalea ahuldu da, eta hori dena, neurri batean, nazio mailako mugimendu bat sortu behar zelako, bakarra, Batasuna. Finean, hemengo hauteskundeetan bere burua aurkezteko ez Batasunaren izenean, hau da mugimendu nazional baten gisan, baizik eta tokian tokiko plataformen gisan eta ABren diskurtso berdinarekin.
Iraganeko akatsek ikuspegi ezkorregia utzi dizute naski.
Ez. Ez naiz etsia, aitzina begiratzen dut, baina aitzina joateko iraganean gaizki egina aztertu behar da eta autokritika egin.
Nola aurrera egin dezakete abertzaleen eskaerek Hegoaldean nahiz Iparraldean?
Hasteko Hegoaldeko borroka armatuaren afera bideratzen eta konpontzen. Hipotesi hori beteko balitz, egoera politikoa zeharo aldatuko litzateke -edo gauza asko behintzat- eta horrek Euskal Herriarentzako estrategia bateratua lantzea erraztuko luke. Nik Lizarra-Garaziko filosofiaren bidean segitzen dut, Euskal Herriaren askapen prozesuak bi oinarritan egin behar du bide: eraikuntza nazionalean eta autodeterminazioan, hots, herritarrei galdeketan. Batera-ko militanteok eskakizun eta xede horiek atxikitzen ditugu.
Nola eraiki edo bideratu ordea?
Laborantza Ganbararen adibidea hor dugu. Halaber, manifestazioen zikloa agortu ondoren gainerako eskakizunen inguruan garai berria prestatzen ari gara. Euskal militante eta eragileek ez dugu burua makurtu, ez dugu amore eman. Hau da, agintetik ez badute deus aldatzen eta mugitzen, gu gure egiturak altxatzen saiatuko gara, hartara, erakutsiko dugu indarkeria ez dela Frantziako Estatuaren mesprezuaren eta inmobilismoaren aitzinean alternatiba bakarra. Hemen ere erreferendum eguna iritsiko da.
AB Departamentuaren alde sobera zale agertzeagatik kritikatua izan da Batasunaren inguruetatik...
Hori gezur hutsa da. ABren inguruan aritu garen militanteek abertzaleak ez diren sektoreekin lan egitea lortu dugu. Gure ikuspegia biziki argia da, Departamenduaren eskakizuna eginagatik ez diogu gure subiranotasunari uko egiten. Are gehiago, eraikuntza nazionala eta subiranotasuna bideratzeko prozesu asimetrikoa ontzat jotzen dugu, hauek gauzatzeko lurraldeen ezberdintasunak kontuan hartu behar ditugularik. Inork pentsa dezake autodeterminazioari buruzko kontsulta egingo dela egun Euskal Herriko lurralde osoan?
Zaila da egoera, beraz.
Zailtasunak zailtasun, baikorra naiz. Hau da, EAJk eta EAk bere egin dute eraikuntza nazionalaren kontzepzioa. Batasunak, ENAMk edo ezker abertzale ofizialak bere egin dute hiru lurraldeen prozesu asimetrikoen garatu beharra. Nire ikuspegitik Departamenduaren aldeko borroka taktikoa egokitu behar dugu Iparraldera. Eboluzio honek beste eszenatoki politikora eraman gaitzake Iparraldean ere. Jakina, begi-bistakoa denez, EAJ eta Batasuna ez dira norabide berean joanen, baina indarrak bateratzeko aukera dago, iraganeko orbainak itxi behar dira, eta aldi berean, edukiak zehaztu behar ditugu estrategia bateratua eraiki ahal izateko.
Frantziako Estatuak bere estrategiari eusten dio, Euskal Herria 2010 egitasmoa Euskal Herria 2020 bilakatu du.
Estatua mehatxatuta sentitzen da Batera-ren eskakizunengatik. Garapen eta Antolaketa Eskemaren inguruan egindako bidea bere aldera eraman nahi du. Batera arriskutsutzat jotzen du eta kontraofentsiba ideologikoa bultzatzen hasi da. Guk berriz Departamenduaren aldeko sugarra berreskuratu behar dugu. Frantziako Estatuak Hegoaldeko gatazkaren iraupena baliatzen du bere inmobilismoa justifikatzeko. Batera-ren urrats berriak azaldu orduko gogor jokatuko du, ziur.
Hautetsi handiek abertzaleen presentzia baliatu omen dute instituzioen irudia hobetzeko. Instituzioetan modu erradikalagoaz jokatzeko unea iritsi ote zaie hautetsi abertzaleei?
Formazio ikastaroetan landu dugun galdera da. Hots, jarrera bat ona izan daiteke testuinguru historiko batean eta berbera txarra beste batean. Garapen eta Antolaketa Eskemak bultzatutako Euskal Herria 2010 ekimenak euskal kontzientzia indartu eta instituzioaren beharra agerrarazi ditu herritarren artean. Estatua Departamenduaren sentimendua eta abertzaletasuna azkartuz joan dela ohartu den heinean euskal mugimendua neutralizatzen saiatu da. Estatuak Euskal Herria egitasmoa 2020ra arte luzatzea proposatu du, baina abertzaleek ez dugu lehen genuen interesa. Gizarteak bere eskaerak eginak ditu, egitasmoak ez du deus berririk ekarriko, kontzientzia azkartu beharrean, energiak xahutzeko baino ezin dezake balio, helburua Departamenduaren bidezko Instituzioa lortzea da.
Batasuna eta AB ildo berean ikusiko al ditugu xede horretan?
Afera ez da Batasuna edo ABrena soilik, ezker abertzalearen indarra zein proiekturen inguruan bideratzen den baizik. Ni mugimendu zalea naiz, ABn aritu naiz eta orain Institutuan, kontua euskal mugimendua azkartzea da. Nik gure eskakizunen aldeko ahalik eta aliatu gehien biltzeko lan egiten dut eta horiek erdiesteko Batera plataforma da bitarteko egokiena.