Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-26 -- 2029.zenb

Arantza Urkaregi

Hilaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Normalizaziorako Kontseilu Politikoaren eraketa-agerraldian, Ibarretxe jaunak adierazi zuen uda bitartean ETAk eta Espainiako Gobernuak urrats zehatzak egin ezean, irailean beraiek hartuko dutela ekimen politikoa. Kontseilu Politiko berriaren xedea, bakea eta normalizazio politikoa bultzatzea baldin bada, zergatik itxaron iraila arte?

Alde batetik, gatazka konpontzeko urratsak ematea ez dagokie ETA eta Espainiako Gobernuari soilik. Hori konponketaren alde bat izango da, baina badago beste alde bat, aurrekoa bezain garrantzitsua, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialen artean eratu behar dena: euskal herritarrok gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko bidea egiteko akordioa lortzea. Eta honetan, guztiok daukagu zer esana, iraila arte itxaron gabe.

Bestetik, normalizazio politikoa lortzeko bidean urratsak eman ditzakegu ETAk zer egiten duen edo Zapaterok Alderdien Legea bertan behera noiz utziko duen itxaron gabe. Nik ekimen bat proposatu nahi diet Normalizaziorako Kontseilu Politikoa osatzen duten EAJ, EA eta EBri.

Alderdi guztiek -PPk salbu, noski- onartzen dute 2006 urtea bake eta normalizazio politikoa lortzeko garrantzitsua dela, hauteskunderik gabeko urtea baita. Eta guztiek jakintzat ematen dute hurrengo Udal eta Foru hauteskundeetan aukera politiko guztiak era normalizatuan presente egongo direla. Baina bitartean, zer? Itxaron egin behar dugu urte luze gehiago Udal eta Foru Aldundien konposaketak herritarren bozka guztiak kontuan har ditzan?

Kontseilu Politikoa osatzen duten indar politikoek behin eta berriro adierazi dute gatazka konpontzeko oinarria herritarren borondatea errespetatzean datzala. Bada garaia benetan errespetu hori gauzatzeko, Udal eta Foru Aldundiak herritarrek 2003ko maiatzaren 25ean emandako bozen arabera berrosatuz.

Aukerak egon badaude, Hauteskunde Lege Orokorrak berak irekitzen du bidea bere 182.2 artikuluaren bidez, Azkoitiko udalean herri plataformari zegozkion zinegotzietariko bat ofizialki onartzeko aplikatu dutena. Artikulu hori partidu guztiek erabiltzen dute zerrendako guztiak dimititu ondoren hauteskunde zerrendan ez dagoen beste pertsona bat zinegotzi izendatzeko. Baina herri plataformetako kideak izendatzeko unean hasten dira arazoak. Ahal dute, baina ez dute nahi.

Kontseilu Politikoa eratu baino egun batzuk lehenago auzi honen inguruan beste adibide bat izan dugu Elorrion. PSE-EEren zerrendan zihoan pertsona batek uko egin dio kargua hartzeari eta publikoki azaldu ditu arrazoiak: "Sozialista bezala, ezin dut onartu herritarren erabakiz auzitegiek legez kanpo utzitako zerrenda bati dagokion kargua hartzea. Hartuko banu, herri honetan liskarra ereiten lagunduko nuke". Hori bai normalizazio politikoaren aldeko urrats bat ematea, nahiz eta 182.2 artikulua aplikatzera ez ailegatu, horretarako PSEk izendatu beharko bailuke Plataformako kidea. Eta ez du nahi, ez dauka horretarako borondate politikorik.

Azken Udal eta Foru hauteskundeetan baliogabetu bozei 472 hautetsi zegozkien. Horien arteko 300 inguru EAJ, EA eta EB alderdiek eskuratu zituzten eta horretan jarraitzen dute herritarren borondatearen arabera ez dagozkien karguak betetzen. Benetan alderdi horiek normalizazio politikoaren aldeko urratsak eman nahi badituzte, Zapaterori Alderdien Legea bertan behera utz dezala eskatu baino, beraiek Alderdien Legea baliogabetzeko aukera ederra dute: 182.2 artikulua aplikatuz, udalbatza guztiak herritarrek emandako bozen arabera berrosatzea.

Hona hemen Kontseilu Politikoko kideei luzatzen diedan ekimen-proposamena: bide hori aztertu eta aurrera eramateko akordioa gauza dezatela. Horixe bai normalizazio politikoaren alde har dezaketen ekimena. Oraintxe bertan, iraila arte itxaron gabe.

Julen Gabiria

Bide luzea egin dugu inoren eskutik joan gabe. Heldu gara honaino, eta konturatu gara eskuak libre ditugula, inork ez digula lagundu errepidea zeharkatzen, geure kabuz ikasi dugula usaimena zorrozten arriskua nondik etor zitekeen sumatzeko, konturatu gara urrun heldu garela eta pauso guztiak, lehenengoak eta azkenak, inoren laguntzarik gabe eman ditugula. Euskal kulturak jakin du, hiru pauso aurrera eta bi atzera, bidea egiten, eta leku eroso samarrera helduta, muinotxo honetara helduta, ingurura begiratu du eta alboko kulturen sinpatia irabazi nahi izan du, kultura sinpatikoa baita izatez, txikia eta singularra.

Ordea, euskal kulturak ez daki gauza txiki eta singularrak ez daudela lar ondo ikusita alboko erraldoien begietara. Bitxikeria moduan bai, bitxikeria moduan ondo daude, zirkuan ondo dauden bezala nanoak. Baina bitxikeriatik harago, nanoek ez dute ezertarako balio, erraldoiaren begietara. Kultura txiki eta singularrek, berriz, pozik begiratzen diete elkarri, baina urrunegi daude, eta alferrikakoegi izaten jarraitzen dute.

Eta gertatzen da, baita ere, gauza txikiak arriskutsuak direla, indigenak eta indigenteak, ezkerrekoak maiz edo ia beti, eta, txikiak izanagatik, gehiago txikitu beharrekoak.

Baina ondo dago bidelagunak aurkitzea, saiatzea behinik behin aliatuak lortzen. Besterik ez bada ere, bide onetik ari ote garen jakiteko, gutaz geuk bakarrik ez hitz egiteko; normaltasuna lortzeko nahi honetan, normalak izateko ahalegina egin behar dugulako. Azken batean, bakarka arituta, betiko esparrutxoan jarraituko dugulako, gure lekua munduan zein den oso ondo jakin gabe. Edo gure lekua zein den jakinda, baina gure lekutik mugitu gabe, geuretzat produzitzen eta geuretik edaten, beren zakilak txupatzen dituzten kontortsionisten antzera, plazer izugarri eta autonomoarekin.

Patxi Zubizarretak berriki esan duen moduan, inertzian sartuta gaude, noragabetuta. Eta, berari bezala, niri ere poz berezia eman dit Bertsozale Elkarteak hartutako bideak. Bertsolaritzaren irudia gizarteratzeko apustu egin dute, eta ondorioak nabarmenak dira. BECera Belodromora baino 5.000 pertsona gehiago joan ziren, eta horren arrazoiak beste asko izango badira ere, arrazoietako bat da ohikoak ez ziren medioetan ere agertu zela bertsolaritza. Baina bertsolariek beraiek ere onartzen duten moduan, oro har, interes berri hori ez da etorri publiko erdaldunetik, baizik eta medio erdaldunak kontsumitzen dituzten euskaldunetatik. Euskaldun horiek euskal kulturaranzko pausotxo bat eman dute eta ez da gutxi, baina geure buruak engainatzea izango litzateke interpretazio horretan geratzea.

Andoni Egaņak behin baino gehiagotan esan du gure ondoan bizi diren baskoengana iristen ez bagara, oso etorkizun urria daukagula herri moduan. Bat nator. Denborak erakutsi digu hori, baina gertatzen dena da alboan ditugun horiek ere gogoa izan behar dutela guri eskua emateko, errepidea zeharka dezagun -edo, esaldiari buelta emanda baina gauza bera esanda, gogoa izan behar dute errepidea zeharkatzen lagun diezaiegun-. Eta ez nago batere seguru gogorik duten. Salbuespen eredugarri batzuk alboan utzita, alboan dugun erdal mundu horrek ez gaitu ikusten. Sekulakoa bota dezaket zutabe honetan, eta inor ez da enteratuko. Euskal kulturari begiratzerakoan, "euskal" etiketari begiratzen diote, kulturari beharrean.

Euskal Herriko idazle erdaldunek esango dizute euskal literaturak ez lukeela erdarazko argitaletxeen iragazkirik gaindituko, eta diru-laguntzei esker bizirauten duela euskal literaturak. Durangoko Azokari begiratuta, albiste bakarra aipatuko da: Zutabe aldizkariak agertu zirela. BECeko erakustalditik, albiste bakarra: presoen aldeko oihuak eta Iturriagaren kamixeta. Hori da alboko baskoek ikusten duten euskal kultura: euskal, oso euskal, baina kulturarik ez dute ikusten batere. Eta eurek ez badute gogorik guri begira jartzeko, alferrik ariko gara gu eskua luzatzen. Oso sinpatikoak bagara ere.

Ixabel Etxeberria

Telebista pizten dugu, irratia ere, prentsa idatzia irakurtzen dugu, herritar zintzoak gara, munduan zehar gertatzen dena jarraitu nahi dugu eta Europa honetan aitzinatuak omen diren gure gizarteetako politiken gorabeherak jarraitu nahi ditugu, jakinaren gainean egoteko eta ea erreakzionatzeko ordua iritsi zaigun jakiteko.

Parekotasunari buruzko lege bat bozkatu duen estatu honetan emaztearen egoera kontutan hartua dela pentsa genezake. Alta, Amnesty International-ek (AI) mundu mailan bortizkeriaren kontra bultzatutako kanpainaren barnean, Frantzian emazteek jasaten duten bortizkeriaren bilana aurkeztu du. 14.000 "emagaldu", gehienak kanpotarrak, erran nahi baitu babesik gabekoak, zenbakia errealitatearen azpitik dagoelarik, lau egun oro emazte bat hila da bikotekidearen eskutik. Alta, gai horietaz arduratzeko ministeritza badago. Baina, azken gobernuaren arramoldaketan, ministeritza honen buxeta edo aurrekontua berrikusi zuten ere, beherantz ikusi ere. AIk gobernuak emazteekiko erakutsi nahi duen interesa hobetsi zuen, diskurtsoak ongi eraikiak eta zabalduak baitira. Baina diskurtsoa bakarrik, errealitateak zalantza uzten digu.

Outreau auziaren ondotik, epaile baten eskutik zer hondamendi iristen den familietan ikusi dugu. Telebistatik erakutsi diguten bakarra noski. Agerraldi honekin pentsa daiteke justizia bere barneko sistema berrikusteko prest dagoela. Diputatu komisio bat sortu dute horren aztertzeko, Burgaud epaileak zer lan txarra egin duen erakutsiz, alegia salbuespena dela, zuzenduko dela. Baina, inguru honetan epaile honen jokamoldea salbuespena ez dela badakigu, beraz sinesten ahal dugu agerraldi honen inguruan azaldu den diskurtso salatari eta esperantzagarri hori? Errealitateak zalantza uzten digu.

Etorkinak, hau da ere momentu honetan politikariek gustukoa duten gaia, Nicolas Sarkozy jaunak bereziki. Eskuin muturreko hautesleak bere alde jartzeko hauteskundeak hurbiltzen ari direlarik. Frantziak ez du azken urteetan etorkin kopuru emendatze apartekorik ezagutu baina Sarkozy jauna lege proposamen berria prestatzen ari da. Sarkozyren jokatzeko manera ez da errealitatean oinarritzen, interes politikoetan baizik. Bakarra al da? Zalantza gelditzen zaigu.

Euskal Herria 2020 egitasmoa proposatu digute Ipar Euskal Herriko hautetsiek, 2010 hurbilegi zegoela eta, abertzaleak gogoetatzen jarri behar ziren, proposamen interesgarriak egiten baitituzte, eta bitartean ez dituzte beste gogoeta bideak lantzen -hau karikatura da, baina errealitatetik ez da hain urruti gelditzen-. Proposamen andana egin zen, lau eskakizun zorrotz ere atera, departamendua, euskararen ofizialtasuna, laborantza ganbara, bertako unibertsitatea. Horiek oro mahai gainean daude, aspalditik boterea dutenen eskutik ez da deus heldu, ez da deus aldatu. Ildo beretik jarraitu behar al dugu? Parisi begira soilik gelditzen diren hautetsi hauen zain gelditu behar al dugu? Zalantza, beti zalantza.

Gezurretan ari zaizkigu, Alain Lamassourek euskararen aldeko lege proposamena lantzen ari dela dio, prefetak horrelakorik ez dela izanen ABri erraten diolarik. Diskurtsoak berriz zalantza uzten digu errealitatea bestelakoa baita.

"Puede", "El principio del fin" horrelako hitzak entzun ditugu. Zenbat jende bizi da gure esperantzaz? Zenbat eragiten duten gure eguneroko bizian. Sinetsi nahi ditugu baina honenbeste entzuten ditugu, non sinestea zaila zaigun. Zalantza gelditzen zaigu.

Zalantzaren uxatzeko ekintza egokia omen da, ekintzak eragitea baimentzen omen du. Eta gurean eragiten saiatzen gara. Eragin eta eragin zalantzaren uxatzeko. Baina zalantza ekintza da ere sineskeria urtzen duena.

18/98 auziko epaituen aldeko manifestaldira joan gara, hor ez baita zalantzarik, eta menturaz eragin eta eraginen dugu, gure oinarrizko eskubideen defentsak ez baitigu zalantzarik uzten.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan