Arrain txikiak eta handiak sarean
Onintza Irureta
Euskara Zerbitzu gehienak duela 15 bat urte sortu ziren (1989-1990 urteetan); Nafarroako Gobernuak foru dekretua atera zuen udaletan eta mankomunitatetan euskara normalizatzeko urratsak emateko. Euskara zerbitzuek hiru adar izango zituzten: euskara teknikaria, kultur jardunak (euskara normalizatzeko ekintzak) eta udalerriko administrazioko langileak euskalduntzeko planak. 1989a baino lehen sortua da Iruņeko Euskara Zerbitzua. Data hori baino lehen beste zenbait udalerritan saiakerak egin zituzten, baina ez zuten gorputzik hartu.
Gobernuaren diru-laguntzei esker abian jarri ziren euskara zerbitzuetan euskara teknikari gazteak zeuden, esperientzia gutxikoak. Gazte horiek udalerri txikietan egin behar zuten lan, biztanle kopuru murritzarentzat eta baliabide ekonomiko urriekin. Rosa Ramos, Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikariak hasieratik ezagutu du euskara zerbitzuen bilakaera. Berak dioenez, aipatutako ezaugarriak kontuan hartuta, euskara zerbitzu guztiak bilduta indar eta baliabide gehiago izan zezaketela pentsatu zuten. Gipuzkoako Udaletako Euskara Teknikarien Sareari (UETS) jarraiki, Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea (NUETS) sortu zuten. Orduz geroztik sarean parte hartu ez duen euskara zerbitzu bakarra Iruņekoa izan da.
Lana egiteko modu berezia du Sareak. Egitasmoak hileroko bileretan adosten dira, baina egitasmo bakoitza lantzeko hainbat teknikarik osatutako batzordea sortzen da. Batzordeak prestatutako egitasmoa euskara zerbitzu guztiek probestuko dute, beti ere, gunean guneko berezitasunak kontuan hartuta. Ezin pentsa liteke, esate baterako, Tafallan eta Leitzan euskara egitasmo berberak abian jarriko dituztenik.
NETeLEren sorrera
Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartea esan nahi du NETeLE-ek. 2000. urtean sortu zuten. Elkarte horretan tokia dute edozein motako euskara teknikariek: udaletakoek, elkarte pribatutakoek eta gobernukoek. Zertarako sortu elkartea? Rosa Ramosek bi arrazoi eman dizkigu: ĢBatetik, NUETSek ez du nortasun juridikorik eta gure ahotsa entzutea nahi genuen. Bestetik, euskara teknikariaren lanbidea zilegitasunik gabe, sinesgarritasun beharrean, ikusi genuen. Uste dugu gure lanbidea ongi definitzea eta etengabeko prestakuntzan sakontzea onuragarriak direla euskararen normalizazio plan eraginkorragoak lortzekoģ.
Udaletako euskara zerbitzuetako euskara teknikariak udalak edo mankomunitateak kontratatutako langileak dira. Lanpostu horiek mantentzeko diru iturriak bi dira: Nafarroako Gobernua eta udala edo mankomunitatea. 2000.ean, ez zen alferrik sortu NETeLE. Urtean-urtean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzek behera egin dute, iaz izugarri jaitsi ziren laguntzak. Diru-laguntzak hainbeste murriztuta, udalak edo mankomunitateak zeresan handia du euskara zerbitzuekiko. Zenbait udalerritan, gobernuaren laguntza murriztuta arrisku bizian dago euskara teknikariaren postua, udalak diru gehiago jartzerik nahi ez duelako edo ezin duelako. Rosa Ramosek udalen kasuan hiru kontu gogoan hartu behar direla nabarmendu digu: euskararen sustapenari buruz udal horrek duen iritzia, udal txikiak izanda (Nafarroako gehienak) diruz itota egotea eta herritarrei zerbitzua eskaintzeari buruz duten kontzeptua.
Gobernuaren diru murrizketen ondorioz eta hainbat udalek ardura gehiago bere gain ez hartzearen ondorioz, zenbait tokitan, euskara teknikariaren lanpostuak baldintza ekonomiko kaxkarrak ditu. Esate baterako, orain, bi euskara zerbitzu hutsik daude; bata Garesekoa eta bestea Zaraitzu-Erronkarikoa. Bi euskara teknikariek lanpostua utzi zuten eta oraindik ez dira hutsuneak bete. Lanpostua hutsik geratzen den bakoitzean udalak oposaketak egin behar ditu, prozesua nekeza da. NETeLE aztertzen ari da elkarteak berak ordezkapenetarako zerrenda osatzea utzitako lanpostuak eta ordezkapenak azkarrago betetzeko, udal edo mankomunitateek bide egokia ikusten badute.
Gareseko eta Zaraitzu-Erronkariko lanpostuak hutsik geratu badira ere, azken bi urteotan hiru euskara zerbitzu sortu dira. Tafallako Udalak, Irantzu Mankomunitateak eta Aranguren Ibarreko Udalak euskara zerbitzua sortzeko eskaera egin zuten eta azken urteotako politikarekin bat ez bazetorren ere, baiezkoa eman zuen Nafarroako Gobernuak.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.