![]() | Mikel Garcia2006-02-26 |
Ibai iruindarra da, 26 urte ditu eta lanean ari da. Irratia gehienbat autoan doanean jarri ohi du eta alde batetik bestera asko mugitzen denez, azkenean dezente entzuten duela dio. Etxean ere entzuten du, gauean ohera sartzerakoan eta batik bat goiz partean, esnatzeko eta logela txukuntzen eta janzten ari den bitartean. Ibairen antzera, asko dira esnatzeko irratia aukeratzen dutenak, goizean entzuten baita gehien, «informatzeko eta tertuliekin haserretzeko edo hunkitzeko», azaldu digu Felix Linaresek. Linaresek aurten 40 urte egin ditu irratian eta beraz, esperientzia luzea du komunikabide horretan. Arratsaldeari dagokionez, entzule kopuru handiena gazteek osatzen dutela gaineratu du, eta gazteek batez ere musika entzuten dute irratian.
Pedro Barea EHUko Ikus-entzunezko irakasleak ere gauza bera esan digu: gazteek irratian musika kontsumitzen dute eta zehazki, kontsumorako musika, egungoa. Hori da beste hainbat laguntzailerekin duela bospasei urte 500 bat gazte elkarrizketatuz burutu zuen azterketaren emaitzetako bat. Hala ere, ikerketen arabera ez dira gazteak irrati kontsumitzaile handienak. Jarraitasunarekin eta maiz irratia entzun ohi duen pertsonaren profila 50-55 urte inguruko emakumea da, adin horrekin oraindik asko direlako etxean lan egiten duten emakumeak eta etxean irratia konpainia da. Gainera, adin horretako jendeak irratia aisialdiarekin lotzen du, «ez dute telebista gazteek bezainbeste bizi izan», dio Bareak.
Zappingik ez
Gero eta gehiago aukeratu eta grabatuko da
Irratiaren edukiak eta entzuleen gustuak ere aldatzen joan dira denborarekin. 60ko hamarkadan FMak agertzearekin batera edukietan eman zen aldaketa handia nabarmendu du Linaresek: «Trantsiziotik 80ko hamarkada erdialdera arte egungo eredua zehaztu zen». Azken 20 urteetan, ordea, irratia funtsean ez dela aldatu aitortu digu esatariak. Azken finean, betidanik informazioa izan da batik bat entzuleak komunikabide honetan bilatu duena eta gaur egun ere bilatzen duena. Informazio motarenganako interesa berriz, garaiaren araberakoa dela dio Bareak. «Une honetan, esaterako, informazio politikoarenganako interesa ahuldu egin dela uste dut. Ikerketen arabera gazteek, orokorrean, ez dute politikarenganako interesik eta informazio lokala, aldiz, asko jarraitzen da irratian».
Informazio sinesgarria eta berehalakoa
Entzuleak adinka
Haurren artean, berriz, irratia entzuteko ohitura galtzen ari dela esan digu Bareak. Lehen haurrei zuzendutako saio ugari zegoen eta txikienek aisialdian irratia entzutea gustuko zuten, baina oro har, «orain telebista baino ez dute ikusten». Irungo Junek 14 urte ditu eta jada haurra ez bada ere, belaunaldi berrien joera horren adierazgarri garbia da. Telebista nahiago duela dio, irratia ez zaio entretenigarria iruditzen eta autoan doanean baino ez du entzuten, gurasoek ipintzen dutelako. Normalean kirol saioak entzutea egokitzen zaio.
Etxeko ahots bat gehiago
Esatariaren eta entzulearen artean harreman estua sor daiteke. Normalean, gai berak gustatu ohi zaizkie eta antzeko gustuak izan ohi dituzte. «Ziurrenik, duela 25 urte irratian entzuten ninduenak jartzen nuen musika gustuko izango zuen», dio Linaresek. Dena den, gustu bera izatea ez da ezinbestekoa esatariaren eta entzulearen arteko harremanean. Duela gutxi, gaia edozein dela ere Linaresi entzutea beti terapeutikoa dela idatzi zioten foroan eta hori «inori egin dakiokeen laudoriorik handiena» dela esan digu. Azken finean, ahots ona izatea ere garrantzitsua da jendea erakartzeko, baina oinarrizko faktorea beste bat da: «Sinesgarritasuna; hau da, zarena lanean ez aldatzea eta denei gustatzeko beharrik ez izatea, batez ere ezinezkoa delako». Guk, arrazoiak arrazoi, etorkizunean ere auto-ilaretan, lanean, metroan nahiz hondartzan irratia alboan izango dugu, tuneletan izan ezik inoiz bakarrik uzten ez zaituen laguna baita irratia.
Akaso Euskal Herrian dagoen entzule eta informazio kopuru handiak eraginda, azken urteetan irrati txiki eta libre ugari sortu dira gure lurretan. Azkenaldian ere izan da mugimendurik. Duela gutxi, esaterako, 1997an sortu zen Bidebieta Irrati librea profesionalizatu egin da eta web orrialdea estreinatu du. Hala, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikasleek hasitako egitasmoa egi bihurtu da. Egi bihurtu den beste proiektua Azti-begia elkartearena izan da. Elkarteak bultzaturiko Info7 Irratia urtarrilaren 27an jarri zen martxan, oraingoz Interneten soilik entzun badaiteke ere. Informazioa, musika eta magazinak ardatz hartuta, uhinei pluraltasuna ekarri nahi izan die Euskal Herri osorako pentsatu eta egin den irratiak.
AIMC elkartearen arabera Espainiako Estatuan irratia gehien entzuten duen erkidegoa EAE da: Espainian batez beste pertsonako 115 minutu entzuten dira egunean eta EAEk 135 minutuko batez bestekoa eta Nafarroak 119koa dute. Zergatia arrazoitzeko orduan Linaresek eta Bareak bat egin dute: Euskal Herriak informazio asko sortzen eta esportatzen du eta halaber, informazio asko kontsumitzen du. Informatuta egotera ohituago gaude hemen eta gainera, informazio politikoa eta lokala bereziki ondo eskainia dagoela uste du Bareak.