Astekaria

 Azkena 

Esperantzari lekua egin

Karmelo Landa

Karmelo Landa


2028. alea
2006-02-19
alde 0    kontra 0

Prozesua dela eta ez dela, umoreak gurean segituan aldatzen dira azkenaldian zuritik beltzera. Horrela dabil gurean esperantza, non eta noiz pausatu ez dakiela. Hala gabiltza maiz auzora begira, ea beraiena, katalanena, ondo ateratzen zaien, hortik gure mesedea ere etorriko delakoan. Beti ikas daiteke besteen buruan, eta Kataluniako prozesuak argi agertu digu mugarriak azken finean non kokatzen diren, aurreko artikulu batean aipatzen genituen puntuetan, hain zuzen ere: naziotasuna eta katalanaren derrigortasuna. Arriskuak nondik datozkeen ere erakutsi digu, bide batez, Mas-Zapatero itun ezkutuak. Segituan jarri gara begira ea etxean Masen antzik nori aurkitzen diogun. Baina esperientzia katalanak argi erakutsi diguna, batez ere, beste hau izan da: aurreko Estatutuaren erreforman eta Konstituzio espainiarrak markatzen duen eremu estuetan jokatu nahiak berez itotzen dituela aukerarik ederrenak. Eta ez gaude horretara behartuta. Beste erreferentzia zabalagoak ere badirelako. Ez dugu, halabeharrez, mundua Estatu espainiarraren edota frantziarraren eremuetara mugatu beharrik.

Europa zabalera begira, ez bakarrik Batasun europarrean biltzen dena, baita ipar eta ekialdera zabaltzen diren herrialde europarrak kontuan hartuta, oinarrizko hiru kontzeptu hauek, herria, nazioa eta estatua, azken hamar-hamabost urteetan dantzan dabiltzala ikus daiteke. Frantzia jakobinoak sortu zuen estatu-nazio lotura derrigortu hori, gero Estatu espainiarrak ere saiatu duena, ez da gaur, urrunetik ere, eredu bakarra ez eta baliozkoena. Nazioaren definizio berri gehienen zalantzan jartzen dute eredu unitarista hori eta, ondorioz, nazio frantziarraz edo espainiarraz mintza daitekeenik, estatua besterik ez dagoen tokian, eta honen barruan nazio desberdin anitzak.

Definizio berriak saiatu aurretik ere, gaurko panorama europarra begiratzen badugu, bost egoera desberdin aurkituko ditugu:

- Lehenengo talde batean, nazio kontzeptuari eskubide zibilen eremu soilaren esanahia ematen dioten Estatuak ditugu: Belgika edo Turkia, adibidez. Estatu bion barruan ere, ondo dakigunez, badira herri eta komunitate desberdinak, baina estatu-konstituzioak nazio kontzeptua darabilenean, bakar-bakarrik estatu osoko hiritarren komunitate bakarra, eskubide zibilen subjektua, aipatzen du.

- Bigarren talde batean kokatzen dira nazio kontzeptua herri-nortasun kolektibo bereziarekin lotzen dituzten estatuak: Lituania, Irlanda edo Ukraina ditugu talde honetan. Kasu hauetan, estatu-konstituzioan nazioa eta herria, hizkuntza, nortasuna eta borondate kolektiboa elkarloturik agertzen dira.

- Hirugarren talde bateko estatuek nazioa eta herria kontzeptuak berdindu nahi dituzte, eta hauetatik estatu bakarraren legitimazioa ondorioztatu. Horiexek dira, besteak beste, Espainia, Hungaria edota Esloveniaren kasuak. Nazioa=herria=aberri bakarra da, adibidez, Konstituzio espainiarrean agertzen den ekuazioa. Hortik dator gero, esate baterako, Kataluniari naziotasuna onartzeko zailtasun-ezintasuna, egunotan nabarmentzen ari dena.

- Baina bada laugarren talde bat ere, nazio kontzepturik erabiltzen ez duen estatuena. Finlandia, Portugal, Alemania, Txekia edo Suedia, adibidez, herri gisa definitzen dira beren konstituzioetan, eta ez dute nazio kontzepturik aipatzen.

- Eta azkenik, ez naziorik ez herririk agertzen ez dituzten estatuetako konstituzioak ere baditugu, eta hauen artean sortu berriak (Bosnia-Herzegovina, Mazedonia) edota txikienetakoak (Zipre, Luxenburgo...).

Gauzak horrela, Europa zabalean nazio-estatu lotura jakobino derrigortua krisian dagoela esan daiteke, eta herri bakoitzari nazio artikulazio demokratikoa emateko joera apuntatzen dela etorkizunean, gaur egun nazio hori estatu desberdinen artean sakabanaturik aurkitzen bada ere. Abia dezagun orduan bide horretatik gure esperantza.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2027
 
azala2026

2028 zenbakia.
2006ko otsailaren 19a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia