Jakoba Errekondo
XVI. mendearen amaian eta XVII.aren lehen erdian ederki ezagutuko zuten gure arbasoek mihilua (Foeniculum vulgare). Ordura arte batez ere botika gisa erabilia zen landarea jateko ohitura zabaldu zen Enrike IV.a eta Luis XIII.a erregeen ipurzerbitzaileen gortean. Eta hauek etxeraino eraman moda modukoa. Euskal Herrira ere iritsiko zen. Ezaguna zuten berezko mihilu basatiaz gain baratzetako barietateak etorriko ziren. Gero, moda ero, pixkanaka ahaztu eta aurreko mende amaieran berriro azaldu da barazki berexi gisa. Geurean ez azokan, ez platerean, ez da topatzen erraza.
Mihilu basatia gizakiok eraldatu ditugun ingurune ia denetan bizi da: areka, azaki, lugorri eta lur etzetan. Berezko landaretza zanpatzen dugun tokietan azkar asko asentatuko da mihilua. Geure pausaje berean kolonizatzen ditu sailak, hankapekoa dugu. Elkarren ondoan ibiltzearen poderioz azkenerako ezagutu! Mihiluak izan dituen hiru erabilera nagusiak: olio esentzialak, usaingarriak (aniseta, ouzoa, pastis rakiaā) eta, zaharrena, osasungintza.
Geure artean ere izango zituen plateraz besteko toki hauek, han eta hemen hogei bat izen eman baitizkiogu, tartean mitxilu, mielo, pikuli, pukuluā
Etxe atzeko paisaiara eta barruko plateretara ekarri nahian ereina dut mihilua. Hostoak eta zortenak entsaladara, haziak pertzara eta uxualetara, fruituen olioak azalera, hiru metro arterainoko gara muturretako loreak erleen gozagarri, terral mehearen itxura paisaiari, ateburuan zintzilik etxearen babes eta atarian eroritako haziak zanpatzean usain ederra dakar, asko uste gabe, jende orok. Barazki gisa jango duenari sortuko dion haize-mina kentzeko eta barrunbeak baretzeko berorren haziak pronto izango dira infusiorako, erremedio onena.
Jabier Agirre
Elikaduraren asaldu edo trastornoak direla-eta, ospitaleetan ingresatu beharrean gertatu diren kasuen kopuruak %59 egin du gora azken urteotan. Osasunaren Sistema Nazionalak kudeatzen duen ospitaleko alta-erregistroaren arabera, urtetik urtera anorexia eta bulimia kasu gehiago diagnostikatzen dira, eta orain urte batzuk, gaitz horiek apenas diagnostikatzen ziren, edota bestela oharkabean pasatzen ziren ia.
Arrazoi horiek direla medio ospitaleratua izateko batez besteko adina 23 urtekoa da. Baina kasurik gehienetan, patologia 17 urte ingururekin hasten da agerian jartzen.
Elikaduraren trastornoek emakumeei erasaten diete ia esklusiban (%95); baina azken urteotan nabarmen gehitu da gizonezkoen -edo mutil gazteen- kopurua.
Gaixorik dauden pertsona gehienek sei urte behar izaten dituzte, batez beste, erabat sendatzeko.
Elikaduraren asalduek jotako gaixoak maila sozio-ekonomiko ertain/altukoak izaten dira (%85), eta ia gehienek bigarren mailako edo baita unibertsitateko ikasketak dituzte, batzuetan ikasketak bukatzera iristen ez badira ere.
Era horretako trastornoen gorakada azaltzeko arrazoiak, berriz, hainbat dira: gizarteak eta komunikabideek ezarritako edertasunaren estereotipoak, gazteek itsu-itsuan jarraitzen dituztenak; autoestimuan adin horretan oso ohikoak diren beherakadak; eta gehiegizko perfekzio-zentzua.
Elikaduraren trastornoak aztertzen dituen AETCA elkarteko kide den Luis Rojo doktorearen hitzetan, anorexia nerbiosoa duten pertsonen profila "neska gazte batena da, 13-14 urtetik 16-17 bitartekoa, adin horretatik aurrera ere kasuak ager daitezkeen arren. Paziente bulimikoa, berriz, zertxobait zaharragoa da, 20 urtetik aurrerako neska: perfekziozaleak, oso seguruak, baina krisia datorrenean konponbide anormalak bilatzeko joera eduki ohi dutenak" dira.
Joxerra Aizpurua
Zertan da sare elektriko bidezko Internet?
Orain hiru urte PLC (Sare elektriko bidezko Komunikazioak) deiturikoa indartsu agertu zen komunikabideetan, sare elektrikoan Internet ibili ahal izateko egindako saiakerak zirela eta. Espainiako estatuan, Iberdrolak Madrilen eta Endesak Bartzelonan egin zituzten saiakeren berri izan genuen eta bi enpresa horiek zituzten asmoak hizki handiz plazaratu zituzten; asmoen artean, jada hainbat erkidego autonomorekin hitzartutako planak ere aipatu zituzten.
Hiru urte igaro dira orduz geroztik eta ez dugu deus ere entzun ez iragarritako asmoez ezta PLC teknologiari buruz ere. Zer gertatu da?
Mundu mailako egoeraren berri jakitea oso zaila da, dakiguna Europari dagokiona baino ez da eta hemen baieztatu dezakegu PLC teknologiak ez duela aurrera egin ondoko arrazoiengatik: batetik, ADSLaren prezio jaitsieragatik eta bestetik, hari gabeko teknologiaren aurrerapenarengatik. Jakin badakigu PLC teknologiak funtzionatzen duela, baina merkaturatzeko beharko liratekeen inbertsioak erabat eten egin dira.
Hau dela eta, PLC teknologia garapenaren inguruko enpresek beren estrategia aldatu behar izan dute iraun ahal izateko. Hain zuzen, etxeko entxufeak sare lokal gisa funtzionatzeko ahaleginetara zuzendu dituzte beren indarrak. Honek zera esan nahi du, gure etxean bi, hiru edo nahi ditugun ordenadoreak jarri ditzakegula hainbat geletan eta beraien artean sare lokal bat antola daitekeela inongo kablerik bota gabe, argindarraren kable sarea aprobetxatuz. Enpresa hauek diotenez 85 Mb segundoko transferentzia abiadurak lor daitezke garatzen ari diren teknologien bidez.
Teknologia hau ADSL bidezko telebistaren kasuan oso erabilgarria izan daiteke zeren eta alor horretan hari gabeko teknologiak, oraingoz bederen, arazo askotxorekin topo egin baitu.
Mutur-muturrean dauden enpresak frantziarrak eta alemaniarrak dira, hain zuzen ere LEA eta Denovo hurrenez hurren eta Wanadoo operadoreak jada iragarri ditu aurtengorako zerbitzuak Espainian eta Frantzian.
Espezie berriak Indonesian
Indonesiako Forja mendietan Nazioarteko Kontserbazioa deituriko erakundeko Bruce Beehler-ek zuzendutako taldeak orain arte ezezagunak ziren espezie ugari aurkitu ditu.
Foja mendietan ez da gizakia bizi eta oso gutxi aztertua izan da orain arte. Txoriak, tximeletak, ugaztunak eta igelak dira, besteak beste, topatu direnak eta oraindik, topatutako espezieak espezie berritzat hartzeko nazioarteko ikerlarien oniritzia behar badute ere, jada aurkikuntza garrantzitsuaren aurrean gaudela baieztatu dezakegu. Espezieak identifikatzea edo izendatzea, ezaugarriak zehaztea, portaera ulertzea eta abar luze bat falta da oraindik eta datozen hilabeteetan oso informazio interesgarria izango dela ziurtatu dute ikerlariek.