Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-19 -- 2028.zenb

Katixa Garate



Kultur zentro berrien eginbeharra mintzagai

Otsailaren 22an eta 23an Europako kultur zentro berriak nazioarteko biltzarra egingo du Xabidek Bilboko Euskalduna jauregian, Ekimen pribatua eta sektore publikoa kultur kudeaketan V. jardunaldien baitan. Europako kultur zentroek azken 20 urteotan izandako bilakaeraz hitz egingo dute hainbat adituk biltzarrean, jendearen gustuko eskaintza egiten duten eta jendearengana iristen diren aztertzeko. Izan ere, geroz eta kultur zentro gehiago dago gure hiri eta herrietan. Besteak beste, Jean Dethier Parisko Pompidouko Arkitektura zuzendari ohia, Jordi Martí Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroko kudeatzailea eta Brian Boswijk Amsterdameko Eleveneko zuzendaria izango dira biltzarrean.


Kafe antzerkia Iruñeko NAEn

Antzezlan eskerga programatzen du Nafarroako Antzerki Eskolak eta eskertzekoa da ahalegina. Aurtengoan ere Golfos kafe antzerki zikloa jarri dute martxan. Hala, trago batez lagunduta ikus ahal izango dira antzezlanak, ikusleak hainbat mahairen bueltan eseriko baitira. Dagoeneko Kanpingags eta Global taldeek Por los pelos eta No hay ladrón que por bien no venga lanak antzeztu dituzte, hurrenez hurren. Otsailaren 18an eta 19an eta martxoaren 25 eta 26an K7 taldeak Ni Romeos ni Julietas eskainiko du. Martxoaren 4-5ean eta 11-12an Teatro en Construcción taldearen eskutik ¨Tú eres tonto, idiota, o qué? ikusi ahal izango da. Azkenik, martxoaren 18an eta 19an A los hombres futuros gorpuztuko du Caracois konpainiak.


100 urte Elgeta jaio zela

1906ko otsailaren 10ean jaio zen Jazinto Rivas Elgeta trikitilaria. 1936ko Gerraren ostean trikitiaren bultzatzaile nagusia izan zen, errepertorioa berritu zuen eta trikitilari handien irakasle izan zen: Zialtzeta, Eleuterio Tapia, Laja... Ez zuen familiarik izan eta baserriz baserri ibili zen trikiti eskolak ematen. Bere jaiotzaren mendeurrenean ekitaldi ugari antolatu ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Maiatzean Elgetaren partiturekin osatutako liburu-diskoa plazaratuko du eta hura aurkezteko jaialdia egingo du Elgetan. Bestetik, irailean egingo diren Inpernuko Poza jardunaldiek Elgeta izango dute protagonista nagusia.


SGAEk musika Internetez zabaltzen duten taldeak onartuko ditu kide gisa

Espainiako Egileen eta editoreen Elkarteak (SGAE) euren kantuak Internet bidez doan zabaltzen dituzten talde hasiberriak bazkide bezala onartuko dituela iragarri du. Lizentziak hiru urteko balioa izango du eta haren helburua, autore gazteen beharrei erantzutea da. Taldeek, ordea, promozionatzeko eta Internet bidez bakarrik zabaldu ahal izango dute euren musika. Diskoetxeek ezingo dituzte diskoak plazaratu abesti horiekin.


Bertako arkitektura AEBetako MOMAn

On site: new architecture in spain erakusketa zabaldu dute New Yorkeko Arte Modernoko Museoan (MOMA). Bertan, Euskal Herrian egin diren eta egitear diren hainbat arkitektura lan eta euskal arkitektoen lanak ageri dira. Bertako arkitektorik ere ez da falta. Zaha Hadid arkitekto irandarrak Durangon eraikiko duen EuskoTrenen egoitza, Eduardo Arrroyo arkitekto espainiarrak Lasesarren (Barakaldo) egin duen futbol zelaia, Patxi Mangadok (Lizarra, 1957) diseinatutako Iruñeko Baluarte jauregia eta Rafael Moneo (Tutera, 1937) zuzentzen ari den Madrilgo Pradoko Museoaren handitzea aztergai dira erakusketan


Hirugarren Korrika-AEK beka abian

Euskarazko arte eszenikoak bultzatzen jarraitzen du AEK-k, ikuskizunak sortzeko eta zabaltzeko laguntza ematen. 2003an Metxa antzezlana taularatu zuen Tentazioa taldeak Korrika-AEK bekari esker eta iaz ere hari esker ikusi ahal izan genituen Pok taldearen Euskararen zazpi bekatu nagusiak eta Antzerkiola Imaginarioaren eta Sarragoi musika taldearen Ezekiel. Beka eskuratzeko interesa dutenek apirilaren 24tik 28ra bitartean aurkeztu beharko dituzte proiektuak. Sarituak 29.000 euro jasoko ditu obra ekoizteko, hamar emanaldi izango ditu ziurtatuta gutxienez eta emanaldiko 3.000 euro eskuratuko ditu gehien jota.


Euskal film laburren bilduma plazaratu du Fnac-ek

Hamar euskal zinemagileren film laburrez osatutako DVDa merkaturatu du Fnac kateak. Besteak beste, Asier Urbietaren Arco iris, Ane Muñozen Basurdea, Kepa Sojoren Looking for Chencho, Inaz Fernándezen Hauspo Soinua eta Safy Nebbouren Lepokoa filmak jaso ditu.


Kultur politikei buruzko bloga sareratu dute

Arte, gizarte eta kultur parada kritikoa izan dadin sortu dute www.politikak.org bloga. Sortzaileek sozializazio gune gisa harzen dute kultur politika eta bloga hausnarketarako baliatu nahi dute. Interneteko blog gisa abiatu da www.politikak.org baina beste formaren bat har dezakeela diote. Atalen izenak ele bitan dauden arren, orain arte sartu dituzten testuak gaztelaniaz daude.


Julio Medem zinema zuzendari donostiarra pelikula berria filmatzen hasi da: Caótica Ana. Madrilen, Kanariar Uharteetan, Eivissan, New Yorken eta Arizonan filmatuko dute hamaika astetan. Bebe kantariak eta Charlotte Rampling Manuela Vellés aktoreak jokatuko dituzte Medemen zazpigarren filmaren rol nagusiak.

EtxE bakarlari gazteak estreinako diskoa plazaratu du, Zatoz nirekin izenekoa. Bost abesti bildu ditu berak ekoitzitako diskoan. Pop-rockeko diskoa grabatzerakoan, Ken Zazpiko Eñaut, Lor taldeko Lander eta Ikako Itsaso izan ditu lagun.

Tanttaka antzerki taldeak El Florido Pensil antzezlan arrakastatsua eskainiko du berriz ere. Lehen emanaldia otsailaren 23an izango da Ordiziako Herri Antzokian. Kike Diaz de Rada, Zorion Egileor, Pako Sagarzazu, Julio Perugorria, Joxe Ramon Soroiz eta Paco Obregón aktoreek gorpuztuko dituzte antzezlaneko ikasle eta irakasleak.

Juan San Martinen kultur funtsa erosi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iaz hildako euskaltzain eibartarraren funtsa 18.000 liburu, eskuizkribu eta argazkik osatzen dute.

Ana Laura Aláez artista bilbotarrak Black Metal / Pink T-Shirt erakusketa paratu du Iruñeko Moisés Pérez de Albeniz galerian. Bideoartea da nagusi eta martxoaren 4a arte izango da zabalik.

Joxemartin Apalategi (Ataun, 1949) zendu da. Joxe Migel Barandiaranen laguntzaile, EHUko irakasle eta antropologia euskaraz lantzen aitzindaria izan zen. Liburu eta ikerketa lan ugari egin zuen, besteak beste, Antropologoa hirian, Bilbon (1987) eta Etnografiazko galdeketa elikapenaz (1988).


Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Kulturaren Planean euskaraz egiten den sorkuntzak positiboki diskriminatutako lekua behar du. Ez dut uste inolako mesederik egiten diogunik ez kulturari, ez kultura eragileei, ez gizarteari euskara ghettoetan sartzearekin (...) Egunetik egunera gero eta gehiago ikusiko ditugu gaur erdaraz eta bihar euskaraz ari direnak, antzerkian, zineman... Euskal kultura eta erdal kultura bereiztuz, ez dut uste bide horretatik ondo goazenik».

Alberto Iglesias Oscarretarako izendapena jasotako musikaria El Paísen: «Zinemarako konpositorearen gurutzea norberaren estiloari uko egitea da. Agian zurea ez den mundu ikuskera duen norbaiten agindupean zauden kanpotarra zara. Egoa arropategian utzi behar duzu».

Patxo Telleriak Aizuri esanak: «Zinema hil egingo da, beste formatu batek ordezkatuko du, mende honetan ez bada hurrengoan; eta telebista ere bai. Baina antzerkia ez, hain da soila...».

Honakoak esan zizkion Peio Serbiellek Berriari, kartzelatik atera berritan: «Euskal musikak beste bide batzuk ireki behar ditu. Komunikazioan oso txarrak gara, aski dira ikustea ardi gasnaren publizitateak, Euskal Telebista bera... Besteek egiten duten kaka guztia kopiatzen dugu, eta gainera gaizki. Herri txikia gara, kreatiboagoak izan behar dugu».

hemeroteka

2027. zenbakia | 2006-02-12
2026. zenbakia | 2006-02-05

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan