Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-02-19 -- 2028.zenb

Nafarroa Bai osatzen duten indarrek adierazi dute jada 2007ko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko asmoa. Ez da berria, 2004ko Espainiako hauteskundeetara aurkezteko koalizioa eratu zenean ere asmo horrekin eratu baitzen. Baina orduko testuingurua eta egungoa desberdinak dira eta horrek eragina dauka koalizioaren eragileen artean. Kontraesanak oraingoz 2007ko hauteskundeetan izateko aurkezpenaren erritmoetan agertu dira eta, koalizioko beste kideek ez bezala, EAk ez du presa berezirik agertu aurkezpena egiteko. Testuinguruaren eragina, hau da, bake prozesuaren inguruan egosten ari denaren eragina agerikoa da Nafarroa Baiko eragileen artean. Funtsean dagoena da ea balizko bake prozesuak nola eragiten duen Nafarroa Bai eta Batasunaren harremanen artean, eta bi indar hauek hauteskundeei begira duten asmo eta jarreratan zertan eragin dezakeen.

Nola demontre aterako da Generalitateko hirukoa Estatutuaren onarpenak hartu duen norabidearekin? PSOEk CiU behar du eta honen aldeko apustua egin du, PSCren eta Pasqual Maragallen kontraesanen bizkar. Jose Luis Rodriguez Zapaterok elkar ulertzera behartu nahi ditu PSC eta CiU, baina horrek hirukoaren amaiera esan nahi du, areago ERCk PSOE eta CiUren arteko akordioa arbuiatzen jarraitzen badu.

Mikel Asurmendi


«Bizitza pribatura erretiratu asmoz jubilatu nintzen, El Mundoko artikuluak idaztearena salbu, geratu zaigun pentsio txikia lagundu aldera. Astean behin artikulu bat idazteak ez zidala ardura handiegirik emango uste nuen, politikaren inguruan aritzeak, alegia. Baina erratuta nengoen. Eskaini nahi nion baino ardura handiagoa eskatzen dit. Horrek aktibitate politikoan mantentzen zaitu nolabait, jendeak ez zaitu erraz ahanzten, nahi baino gutxiago edo beranduago ahanzten zaitu, alegia. Halaber, eta besteak beste, auzi soziopolitiko batean ari bazara, 18/98 auzia kasu, bada, uste baino sartuago nago egunerokoan...», honela laburbildu digu Mariano Ferrerek oraingo bizimodua.

18/98+ lan taldeak gizartea manifestatzera deitu du Bilbora datorren 18an, izen bereko sumarioa bertan behera gera dadin exijitzeko. Auzi honetatik abiatu dugu elkarrizketa.

18/98+ plataformaren espiritua azaltzea nahi nuke, hasteko.
Gizarteari errealitate bat azaldu nahi diogu, ez dugu nahi auzia denok berdin ikustea edota guk ikusten dugun bezala ikustea. Gu konbentzimenduz ari gara, baina errespetuz, bakoitzak auzia nahi duen moduan ulertu eta agertu dezala nahi dugu. Kaiera ekimena adibide ona izan zen. Ez genuen jendearen sinadura soila bildu nahi, guk proposatutakoa onartzea alegia. Orduan lortu genuen eta orain ere zerbait zabalagoa eta irekiagoa lortu nahi dugu, hau da, jendeari pentsatzen duena azaltzea eskatzen diogu: «Ados egon zaitezke gurekin oro har edo zuhurtziaz. Eta guri bururatu ez zaigun ideia edo beste ikuspegi bat baduzu, emaguzu. Inplikatu zaitez, auzia ulertzen duzun neurrian eta egokieran». Horra gure espiritua.

Iazko otsailean manifestazio handia burutu zen Bilbon kari honetara. Gizarteari deia egin diozue berriz ere. Zein da urte honetako ibilbidearen balorazioa?
18/98 sumarioak ez zuen bere testa gainditua orain urte bat, justiziak nahiz guk erakutsi behar genuenaz ari naiz. Justizia anbizio handiko prozesu konplexu, zabal eta neurrigabean sartu zen, burugabea gure ikuspuntutik. Hori, baina, herritarrek ikusi behar zuten. Jendeak urte honetan zehar hori ikusi duelakoan nago. [Ferrerek epaiketaren inguruan izan diren irregulartasun eta gehiegikeriak azaldu dizkigu]. Alde horretatik gizartearen aurrean guk azaldu genituen neurrigabekeriak begi-bistan geratu dira. Areago, epaiketa hasi ostean inputatuak jasaten ari diren egoera ikaragarria ageri da: Madrilera joan-etorrian dabiltza, hilabeteak iraungo dituen epaiketaren aldian aldiko bistek minutuak irauten dituzte, hots, inputatuen kalteak izugarriak dira bizitzaren arlo guztietan.

Zein da uneon zabaldu nahi duzuen mezu nagusia?
Lehenbizi, pertsona hauen defentsa egitean euren eskubideak eta duintasuna berreskuratu beharra dagoela. Hau da, epaiketaren instrukzioa nola egin den ikusita, ez gara kontentatzen epaiketa zuzena eskatzearekin, sumario honen zama ezin da ordaindu absoluziozko sententzia batekin edo zigor txikiekin. Zuzenbidezko estatua berreskuratzeko modu bakarra epaiketa mota hau gelditzea da. Bigarrenik, gizarteak sumario honetan ez daudela soilik inputatuen eskubideak jokoan ulertzea nahi dugu. Inputatuen aktibitateak legalak, publikoak eta legezkoak dira demokrazian eta berauek tesi politiko baten ikuspegitik juzkatzen ari dira, ETAren asmoekin kolaboratu izanaren akusaziopean. Laburbilduz, zuzenbidezko estatuaren izenean gizarteak bildu, eratu, espresatu eta berrantolatzeko dituen eskubideak ari dira murrizten eta urratzen, eta hori salatu beharra dago.

Gizarteak asko du jokoan, alegia.
Bai. Gizarteak errealitate hau onartu behar luke, edo parte bat bederen. Baina gizartea nekatuta dago, euskal auzi edo gatazka dela medio, gogaituta dago. Prozesuan zehar jende askok muzin egin dio gertatu dena ulertzeari, perspektibaz aldatzen joan da, ezker abertzalearekin gogorra bihurtuz joan da, inputatu den-denak ez badira, gehienak espektro sozio-politiko horretakoak direlako. Ezker abertzaleak euskal auziarekin bukatzeko behar beste egiten ez duela uste du gizarteak. Gizarteari promesak egin zaizkio eta horietako batzuek lur jo dute. Guk hori nabaritu dugu konpromiso publiko batzuk hartzean. Hori agerikoa da. Edonola ere, plataformaren diskurtsoak eta errealitateak epaiketa hau kontu garrantzitsua dela ulertzera eraman dute jende asko, gizarte osoari dagokion afera dela ulertzera.

Zer iritzi duzu Auzitegi Nazionalaz?
Auzitegi Nazionala salbuespenezko erakundea da, hori jakina da. Zuzenbidezko estatuaren izaera «pertsona guztiak legearen aurrean berdinak direla, berdin tratatuak izan behar direla eta denek dutela berme berbera...» lelo hutsa bihurtu da. Auzitegi Nazionalari larritasun handiko delitu konkretuak epaitzea utzi zaizkio berariaz. Boterearen eremutik modu determinatzailez jokatzea erabaki da, normalki burutu behar ez liratekeen ekimen judizialak burutzen dituelarik. Auzitegi Nazionalari aura berezia eman zaio, eta duen botere eta agintea medio, tratatzen dituzten gaietan oso argi ageri dira justizia eta politikaren arteko konexioak, eta hainbat izendapen nahiz jokabide ustelak dira.

Espainiako Gobernuaren edozein borondate mota zapuzteraino?
Ni ez naiz horren ezkorra. Dudarik gabe, justizia bultzada politikoak kutsatuta dago, baina honek ez du esan nahi epaile guztiekin eta epaiketa guztietan horrela denik. Justizia kutsatuta izateak ez du esan nahi epaileek euren kontzientziaren arabera jokatzen ez dutenik. Kutsadurarik ez balego ere, jokabidea ez litzateke zuzen-zuzena izango. Alabaina, salatu dugun errealitatea agerikoa da, kontuz esateko nahikoa.


Anoetako Proposamena hizpide honela esan du Rafa Diezek ARGIAn: «Ez gaituzte gure karriletik aterako».
Anoetako karrila oso ona da, baina konplikatua. Ona da, eragile batzuen eta besteen artean ebatzi behar dena zehazten duelako. Konplikatua da ez duelako bi bide erabakigarrien egutegia zehazten. Hori da zaila artikulatzen, hau da, alderdien mahaia zailki osatuko da ETAren arazoa ebazten ez den bitartean. ETAren afera inolako planteamendu politikorik egin gabe zaila da konpontzea, eta ez naiz ordain politikoa emateaz ari, planteamendu politikoaz baizik. Arlo horren gainazalean behintzat ezer gutxi ageri da, azpian zerbait ote dagoen? Ez dakit. Eragile batzuek rollo ona dagoela diote, harreman onak direla, baina gainazalean gaudenok ez dugu aparteko aurrerapenik ikusi. Anoetako Proposamenaren diskurtsoa eta karrila onak dira ETA faktore horren erabakitzailea ez den bitartean eta politika gailentzen den neurrian, baina dena oso astiro doa. Batasunak urrats handiak eman dituztela dio, baina ez nau konbentzitzen. Jauregiko kontuak geldiro omen doaz eta pazientzia izan behar dugu, baina...

Zapatero nola ikusten duzu?
Oposizioan zegoela inpresio pobreagoa izan nuen berari buruz. Jarrera onak zituen baina bere diskurtsoa oso laua zen. Gobernuan, aldiz, burdinazko egitura, eusteko gaitasuna eta trebetasun taktikoa hauteman ditut berarengan. Denetarikoak aurpegiratu zaizkio, batzuetan arrazoiz, ordea, ideia sendo baten gainean ari da lanean: PP itzultzea nahi ez dutenek behar dute. Alderdian nahiz kanpoan lagundu behar diote eta horretaz ondo baliatzen ari da. PSOEn lider baten aldaketa hondamendia litzateke, bere alderdian ondo dakite hori eta Zapaterok maniobratzeko margena dauka. Alabaina, PPren itzulera nahi ez dutenek ez dakite hainbat politika eremutan zeren alde egiten duten. Hor dago koxka!

Azkenik, zer iradoki dizu Katalunian bizi den prozesuak?
Bat, gehien interesatzen zaidana: gure buruari egiten dizkiogun tranpak. Hau da, Kataluniako Estatutuak adostasun itzela zeukan: %90a. Guri, EAEn, adostasun handiagoa exijitzen ziguten, baita Kataluniakoa eredu bezala jarri ere. Ordea, jabetu gara Kataluniakoak berak ere ez duela balio izan. Bi estatutuek legezko akordioa dute eta berau kontuan ez hartzea demokraziaren inkongruentzia da. Baina, zergatik egon da horrenbesteko axolagabekeria Kataluniako nahiz EAEko parlamentuetan onartutako akordioetan? Bi akordioek Grouyer gaztak baino zulo gehiago zutelako. Akordio formalki baliagarriak ziren baina funtsean gaseosoak. Alderdi bakoitzak babesa eman dio proiektu politiko gisa, baina joko politikoan erabiltzeko, ez bere edukian erreparatuta. Akordioen edukien ahultasunak erraztu du berau urtzea Katalunian zein EAEn. Gurean, adibidez, zein neurrian da funtsezkoa Batasunak Ibarretxe Planari eman zion babesa edo EBk edo EAk edo EAJk emandakoa? Hori kontuan izan behar dugu, bestela gure burua engainatzen ari gara. Akordioa zegoen baina ez zen sendoa eta berau konfrontazio politikoan apurtu egin da. Katalunian bezala funtsean.

Aspalditik dago iragarria hegaztien gripea mundu osoan hedatuko dela eta oraingoz hala gertatzen ari da, jadanik pasatu baita Asiatik Europa eta Afrikara. Pertsonei ere eragin die, baina oraingoz nagusiki hegaztien artean ari da hedatzen. Afrikan izan dezakeen eraginarekin agertu dira kezkatuak adituak, beste gaitz batzuekin gertatu den moduan, gaitzaren hedapenean kate begi ahulena delako kontinente afrikarra. Europarako aurreikuspenei buruz, oraingoz bederen nezakaritza mailan sor ditzakeen kaltean eta kontrolean ari dira jartzen indarrak. Europari begira garai klabea dator orain, udaberriarekin batera, hegoaldeko hegaztiek Europaranzko norabidea hartzen baitute. Eta galdera nagusiak airean jarraitzen du? Nola eragingo du honek gizakiengan? Denbora kontua bakarrik da hegaztien birusaren mutazioa? Prestatuta al gaude iragartzen den balizko pandemiari aurre egiteko. Oraingoz erantzun gehienak airean dira, baina alarma gorri guztiak piztuta daude eta Munduko Osasun Erakundeak piztutakoak dira.

Unai Brea

Interneten, guztion eskura daude ETB-1en hizkuntza-irizpideak. Urte bi baino gehiago da, izan ere, erabili.com-en irakur ditzakegula; aldiro-aldiro, Asier Larrinaga ETBko Euskara Saileko buruak sinatutako artikuluren bat ekartzen du web guneak. Bereziki oparoa gertatzen ari da, esate baterako, «Bikoizketarako irizpideak finkatzen» saila; dagoeneko bost atal ditu eta gehiago da bidean. Baina gehienbat ETBko kazetariek hizkuntzalariei agertutako zalantzen erantzunak izaten dira erabili.com-en ikusgai. Web guneko arduradunek diotenez, «lehenengo aldia da EITBk bere hizkuntza-irizpideak argitaratzen dituela».

Asier Larrinagak berak eman digu irizpide horien berri. Funtsean, saio mota bakoitzerako hizkera egokiena gauzatzea da helburua. «Hizkera mota bakoitzari dagozkion ezaugarriak zehaztea da gure lana, eta ez hainbeste 'hau esan liteke eta hau ez' esatea». Hala ere, erabili.com-eko testuetan zehaztasun maila handia aurkituko du irakurleak, zalantza zehatzei emandako erantzunak diren heinean.

«Zer hizkera erabili behar den esateak -azaldu du Larrinagak- tarte zabala uzten dio kazetariari. Bakoitzak, gero, askatasuna dauka tarte horren barruan bere bidea bilatzeko». Euskara Saileko buruak albistegiak ipini ditu adibide. Horietan erdibidea topatu behar omen du hizkerak: ez jasoegia eta ez kalekoegia, ez teknikoegia eta ez zabarregia.


Erregistro falta

Bizitzaren zenbait arlo euskararentzako arrotzak ziren ETB-1 lehen urratsak ematen ari zenean -oraindik badira kasu askotan-, baina telebistak haien berri eman behar zuen, eta ahalik eta hizkuntzarik txukunena erabilita gainera. Berdin esan liteke bikoizketaz; erregistro asko sekula euskaratu gabeak zeuden. Lourdes Ońederra EHUko irakasleak dioenez, «ETBko hizkuntzalariek indar asko xahutzen dute itzulpengintzan». Badaki zertaz ari den, lau urtez hizkuntza-aholkularia izan baitzen ETBn.

Larrinagak adibidea eman digu oraindik dauden gabeziez ohartarazteko: «AEBetako film askotan agertzen diren epaiketen hizkuntza euskaratzea gatxa da. Egin egiten da noski, azkenean pelikula ematen dugu eta». Gauza bera esan liteke bestelako hizkera batzuez. Ez omen da lan erraza, berbarako, New Yorkeko auzo baztertu bateko beltz biri euskaraz solasaraztea. Gazte hizkeraz den bezainbatean, inkestak ere egin zaizkie euskal neska-mutilei, haien jardunean telebistarako eredu erabilgarri bila.

Kontuak kontu, Asier Larrinagak oso ontzat jotzen du ETBn egiten den euskara, oro har. «Aurrerapen izugarria egin da arlo askotan, eta ez bitarteko gehiegirekin».


Ereduak sortu beharra

Aipatua dugu dagoeneko Lourdes Ońederra. Berari ere egin diogu galdera: Euskara ona egiten al da ETBn? Erantzuna, beste galdera bat: «Zer hartzen da euskara ontzat? Alegia, euskara ona bada euskara bizia, erabiltzen dena, nola-hala iristen dena... orduan bai, euskara ona da. Kontua da nola iristen den». Ońederraren ustez, hizkuntzaren ontasuna gehiegi lotzen da gramatikazko zuzentasunarekin, «eta hori beharrezkoa da, baina ez nahikoa; telebistako zenbait saiotan bereziki, ez da inondik inora funtsezkoena. Kontuan hartzen dute hori ETBn? Ez dakit».

Euskararen normalizazioan zeregin funtsezkoa dauka telebistak. Ońederrak, batik bat, geroko belaunaldientzako ereduak sortzea zein garrantzitsua den azpimarratu gura luke. «Beharrezkoa da ETBk eredu desberdinak zabaltzea, geroko euskararen aberastasunari eta erabilgarritasunari begira. Kontua ez da euskara ona edo euskara txarra. Horretaz gehiegi dakigu, arau gehiegi ere baditu Euskaltzaindiak. ETB bezalako medio batean, zerbait esaten denean lehenengo aldia da hori esan behar dena euskaraz, eta hor ez dago on eta txarrik. Badaude erreferentziak eta funtsezko ontasun bat behar dugu, ez diot ezetz, baina geroari begira ikerlana egin behar da eta hori, gainera, ezin dugu hizkuntzalariok bakarrik egin».


Euskalkiak eta batua

Esan gabe doa: ETBn batua erabiltzen da. Hala ere, euskalkiek ere eduki lezakete euren txokorik, hiztegiari dagokionez, batez ere. Telebistako esatariek eta fikzio-produktuetako pertsonaiek darabiltzaten hizkuntzaz ari gara noski; kanpotik bertara doanak nahi duen modura egin dezake, non ez den gaztelania hutsez, Basetxea lehiaketan bezala esaterako.

Miren Aburuza Hiznet ikastaroko ikasleak, idatzizko lana egin behar zuela-eta, ETB-1eko ume eta gazte hizkera aztertu du orain gutxi, euskalkien erabilerari arreta berezia emanez. «ETBk, saio batzuetan, euskalkiak erabiltzea nahi du», diosku. Oinarriak batua behar du izan, hala ere, hizkuntzaren oinarritzat har baditzakegu aditz laguntzaileak. «ETB ez da eskualde jakin baterako telebista», gogorarazi du Asier Larrinagak; «kontua da: zer saio motatan egin daiteke kalean egiten den moduan? Albistegietan ez, argi dago, hor estandarra erabiltzen da». Baina badira hango edo hemengo «ukitu» handiagoa onartzen duten saioak. Goenkalen, esaterako, oso hizkera mota desberdina dute aktore batzuek eta besteek. Wazemank saioa, berriz, salbuespena da euskalkiak gordin erabiltzen baititu. Batua usaindu ere egin ez duen euskaldun zaharren batek eskertuko dio beharbada.

"Luzea, gogorra eta zaila" izaten da beti bake prozesu bat, baita kontsentsuatua dagoenean ere. Beraz, zeresanik ez, PP moduko alderdi indartsu bat kontsentsu horretatik at badago. Horrek sekulako zalantzak uzten ditu airean, bake prozesuaren gidarien kontroletik at. Zapaterok joan den astean egindako adierazpena ondo hartu da alde guztietan, PPrenean ezik, noski. UGT eta LABen bilera ofiziala ere hor dago. Ramon Jauregiren adierazpenak... Mugitzen ari dena norabide egokian mugitzen ari da, antza denez. Orain, berriz ere, Zapaterok, eragile politiko gehienek eta komunikabideek, iritzi publikoa ETAri begira jarri dute, eta honek su-etena egunetan eman dezakeela iradokitzen da. Egia da, su-eten ala nolabaiteko keinu handia egin beharko duela erakunde armatuak uda aurretik alderdien mahaia eratu nahi bada, eta eragile garrantzitsuenek diote mahaia uda aurretik eratzeko moduan egon litekeela. Baina datu argi eta zehatzik ez da ezagutzen eta, beraz, interpretazioak ate guztiak parez pare zabalik ditu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan