Baionako Szewczyk epaileak ikastolek akulturazioa eragiten dutela dio
Baionako Florent Szewczyk, familia arazoetako epailea dibortzio kasu batean ari da lanean. Gurasoetako batek eskatu dio haurra Seaskako ikastolatik atera eta eskola publikoan sartzea. Epaileak eskaria onartu du eta baita arrazoitu ere: ikastolak «dekulturazio eta akulturazio arriskua» omen dakar. Seaskako lehendakari Ixabel Xarritonek adierazi duenez, epailea, beste hainbat bezala, frantziar ikuspegi kolonialista hertsian oinarritu da. Larriena da, bere ustez, laido horiek errepikatzen direla eta sakoneko ideologia baten adierazle direla. Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Max Brissonek esan du bitartekari lanak egingo dituela epai honetan. Gaineratu du epaileak gaia ez duela ondo ezagutzen. Esate baterako, Seaskatik haurra atera eta Ikas-Bi ereduan sartzeko erabakia hartu baitu eta Ikas-Bi eredurik ez da existitzen, Ikas-Bi, eskola publikoan euskararen alde ari den hainbat gurasok osatutako elkartea baita.
Munduko 6.000 hizkuntzetatik 4.000 desagertuko dira XXI. mendean
Unescok ekainean aurkeztu zuen munduko hizkuntzen egoeraz egindako lana: Hizkuntzen Mundua. Orain euskaraz argitaratu dute EHUren laguntzarekin eta Felix Martí liburuaren koordinatzaileak adierazi duenez, XXI. mendean 6.000 hizkuntzetatik 4.000 galduko dira. Bere ustez, euskara ez da izango horien artean. Euskararen egoera osasungarria dela azpimarratu du, «nahiz eta beti ere erlaxatu gabe eta tentu handiarekin jokatu behar den». Baikor da Martí, baina Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoerak asko kezkatzen dituela gehitu du.
Irulegiko Irratiaren 25. urtemuga gazi-gozoa
Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiak 25 urte beteko ditu aurten. Mende laurdena bada ospatzekoa, baina irratiaren egoera ekonomiko kezkagarria ez dute albora utzi nahi. 241.000 euroko aurrekontua du irratiak eta hirutik bat entzuleen ekarpenek osatzen dute. Batetik, entzuleen ekarpena ahultzen doa eta bestetik, orain arte jaso duten gazte enpleguaren diru-laguntza ere bukatzera doa. Herriko Etxe eta herri elkargoei ere eskatzen diete dirua, baina ez da nahikoa. Esate baterako, udan langile batek irratia utzi du eta ez dute ordezkorik hartu. Urtero egiten dute otsailean kanpaina entzuleei dirua eskatzeko eta aurten ere egingo dute, baina eragile publikoei egiten diete eskaria irratiak gizartean eta ekonomian betetzen duen funtzioagatik.
Irulegiko Irratia bezalatsu beste irrati batzuk ere diru-laguntza eske dira azkenaldian. Baionako Gure Irratiak kanpaina abian du egoitza berrira igarotzeko beharrezko dirua lortzeko eta Info 7 irrati sortu berriak ere laguntza eskatu du proiektuak aurrera egin dezan..
Daniel Udalaitz
SGECR sigladun erakundea Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da. Agintaritza horren inbertsioetarako tresna bat da, eta hainbat enpresatako partizipazioen bidez gauzatzen da; bere iritziz estrategikoak direnen bidez. Hauek dira sozietateak: Ezten, FCR, Sustapen FCR, Elkano XXI FCR, Enpresa Digitaletako Inbertsioa FCR, MCC Garapena SPE S.A., MCC Berrikuntza SPE S.A. eta Socade S.A. SGECR erakundearen inbertsioa %500etik gora hazi da 10 urteren buruan, zeren 20 milioi eurotik 114,50 baino gehiagora heldu baita. Izendatu berri ditugun SGECR erakundearen sozietateen bidez, 61 enpresatan hartzen du parte. SGECR erakundearen mendeko sozietateek, 2003ko abenduaren bukaeran, 151,8 milioi euroko kapitala zeukaten kudeatzeko, hau da, sektore estrategikoak izenekoetan inbertitua baino 37 gehiago. Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten sektoreak askotarikoak dira: siderurgiatik hasita, haren muturreko detergenteetakoa eta jostailuetakoa, esate baterako; eta entretenimenduko softwarea, ardandegiak, energia, aeronautika, esnekiak eta ibilgailuak, besteak beste. Azken boladako inbertsio handienetakoa, ITP Industria de Turbo Propulsores taldean egindakoa da. Socaderen bidez gauzatu du, eta 13,2 milioi euro inbertitu ditu. Zamudioko enpresa aeronautiko horren kapitalaren %5,3 lortu du.
Usurbilgo Aitzaga elkartearen itxiera horretan geratuko den ala zerrenda luze baten hasiera izango den, hor dago kezka. Bizi diren garaiotan inongo zentzurik ez duten gertaerak dira, baina indarrean dauden legeen eta indartsu diren epaileen indarraren erakusle ere bai. Grande Marlascak serio hartu du HB, EH eta Batasunaren aurka dauden auto eta legeak eta hari horretatik tiraka oso urruti heldu daiteke eta min handia egin liteke. Espainiako Gobernuari dagokio bere eremuan ordena jartzea, baina horrek borondatea behar du eta denbora ere bai.