Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makalaren bigarren disko ofiziala bada ere, zarauztarrarenzat estraineko diskoa da Makala Hondartzan. Lehena Novophonic zigiluarentzat egindako CD mix bat izan zen. Hogei kanta aukeratu, nahastu eta ordena zehaztuz Makala plays Novophonic izena hartu zuen disko hark. "2000. urtean Bartzelonako Sonar jaialdian jotzeko aukera izan nuen, diskoetxeen lanen aurkezpen egunean, Show Case delakoan. Emanaldiak beti aurretik jotzen zuen DJaren izena eta gero zigiluarena izaten zuen, beraz, Makala plays Novophonic izena hartu zuen. Bi urtera argitaratu zen diskoa eta, hortaz, izena egun hartatik dator", azaldu digu Makalak. Novophonic 1995ean Javi Pez musikari donostiarrak eta Txarly Brown Bartzelonako diseinatzaileak sortutako diskoetxea zen. Novophonicek lan propioak argitaratzen zituen batez ere, baina baita interesgariak iruditzen zitzaizkion lan puntualak ere. Makalak maxi single baten bidez izan zuen haien berri eta 97an elkar ezagutu eta zalea izatetik Novophoniceko partaidea izatera pasa zen. Zigiluak duela bi urte itxi zituen bere ateak. Euskal Herrian nahiko ezezaguna izan bazen ere, Europa mailan kultuzko diskoetxe bihurtu zen. Metak diskoetxeak ere agur esan digu orain gutxi salmenten beherakadak bultzatuta. Zigilu hau izan da, hain zuzen ere, Makalaren azken lana argitaratu duena. Horrek, ordea, ez du galaraziko disko berria Euskal Herriko dendetan aurkitzea, horretaz Elkar banatzailea arduratuko baita.
Makala hondartzan
Makala bere DJ lanetan beti oso eklektikoa izaten saiatu da, eta beraz, diskoa sortzerako orduan bazekien filosofia horrekin lan egin behar zuela. Lehen pausoa ohiko DJ sortzailearen lana egitea zen, collagea: ereduak hartu eta lotu, programazio batzuk sortu, bateriak... Kantuen egiturak sortuta zituela hainbat lagun musikari gonbidatu zituen diskoan parte hartzera. Horrela, makina bat lagun bildu du musikari zarauztarrak: Javi Pez Orkestrako haize atal guztia (Makalak baxua jotzen du bertan), Galder Izagirre baterian (Kuraia eta Javi Pez Orkestra), 12 Tribu taldeko hainbat partaide, Luis Camino perkusioan... Azken pausoa diskoa grabatuko zuen teknikaria topatzea zen. Makalaren lehen ideia grabaketaz Kaki Arkarazo arduratzea bazen ere, hau lanpetuta zegoela-eta beste norbait bilazea egokitu zitzaion. Garai hartan 12 Tribu Santanderren zegoen Loud&Loneeko Roberto Sánchezekin grabatzen. Hura izan da soinu aldetik Makalaren lana hezurmamitzeaz arduratu dena Santander-eko A-Lone Ark Muzik estudioan. Makalak hamabost egun eman zituen diskoa grabatu eta nahasten: oso neketsua izan da, egunero Santanderreraino musikari ezberdin batekin joaten nintzen, ia 5.000 kilometro egin ditut".
Abestien konposaketez eta hitzez arduratzeaz gain, Makalak abeslari lanak ere egin ditu diskoan. Haatik, gipuzkoarrak ez dio bere buruari protagonismo gehiegi eman nahi izan. Horregatik, hainbat lagun abeslari deitu ditu lan berrian parte hartzeko: Aran Ttakunpa taldekoa eta Feran Konsul 12 Tribu taldekoa, besteak beste.
Diskoan 20, zuzenean 5
Hainbeste musikari disko batean biltzen denean ez da erraza izaten diskoa jende aurrean aurkezteko formula topatzea. Beraz, Makalak diskoan parte hartu duten hogei kideetatik bost aukeratuko ditu lan berria taula gainera eramateko: teklatuak, baxua, gitarra, perkusioa, sanpler-ak eta ahotsa. "Honek daukan abantaila da taberna eta areto txikietan jo dezakegula, bateria ez baitugu muntatzen, nahiz eta perkusioak dezente okupatu. Desabantaila, berriz, doinu organikorik ez daukagula izan daiteke. Halere, ni DJa naizenez, badut gogoa kontzeptu hori eszenatokira eramateko. Alegia, hip-hop kontzeptura hurbiltzea, baina gitarra, baxu eta perkusioarekin. Beraz, erdi organikoa erdi elektronikoa izango da emanaldia". Makalak ez ditu bere emanaldiak toki zehatz batzuetara mugatuko, beraz, areto zein tabernatan ikusi eta entzun ahal izango dugu. Gainera, sorpresa faktorea ere gorde nahi du DJ zarauztarrak. Alegia, diskoan kantari eta instrumentista asko dagoenez, kontzertuetan agerraldi bereziak izango dira.
Diskoaren diseinuaz Makalak Novophonic-en ezagutu zuen Txarly Brown arduratu da. Euskal Herrian gutxitan ikusten diren moduko diseinua da, ezberdina bai bederen. "Nik argi daukat momentuz bizitzan egingo ditudan lan guztiak berak diseinatuko dituela. Ia anaiak gara. Nik azalaren kontzeptua bakarrik azaldu nion. Beste guztia bere esku utzi nuen, askatasun guztiarekin. Webgunea ere jadanik sareratu dugu, www.makala.info, eta bertako diseinua ere berea da", esan digu Makalak.
Musika beltza eta DJa
Makalak single formatuarekin lan egin izan du asko eta asko, eta lan berria CDan argitaratu bada ere, laster kanta horietako bat single-ean eskuratzeko parada izango da.
Disc Jockey lanak egiteagatik, DJa izategatik da ezagun Makala Euskal Herrian. Ez da, ordea, gehienok hemen DJ kontzeptuaz ezagutzen dugun horretan oinarritzen zarauztarra: "Euskal Herrian DJ kontzeptua diskoteketako disko jartzailearekin lotu ohi da beti. Bestalde, bidaiatu eta interesa jartzen duena DJa hori baino gehiago dela konturatzen da. Adibidez, hip hop musikan binilo diskoak manipulatzen ibiltzen dena ere DJa da eta bere lana gitarra jotzailearena bezain garrantzitsua da", dio Makalak. Turn Tablist deritzo horri. Technoan, adibidez, DJ teknikoa aritzen da. Hau da, plater batean eta bestean dauden abestiak erritmo eta tempo berean nahasten saiatzen den DJa. Eta gero Jamaikako DJa dago, aukeratzailea. DJ aukeratzaileak musika hautatu eta jartzen duen bitartean alboan dagoenak abestu egiten du. Beraiek, jamaikarrek asmatu zuten gainera DJ terminoa. Makalak azken kontzeptu horren barruan ulertzen du bere lana.
![]() |
|
||||
2027 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa