![]() | Nagore Irazustabarrena2006-02-12 |
N-1 errepidea Argantzunen utzi eta Trebiño herritik pasata iritsi naiz Uzkianora. Gasteizeko hegoaldetik izen bereko portuko bidea hartuta ere irits daiteke Trebiñoko Konterriko herrixkara. Bertan aparkatu eta ibilbideari ekin aurretik Uzkianoko eliza bisitatu dut, egun bertan dagoen atari ederra Otxateko elizatik ekarri baitzuten. Irudi gotikoei begira-begira geratu naiz, zain ditudan misterioetan apur bat girotzeko-edo. Errepidea gurutzatu eta Imiruriko bidea hartu dut bakarrik. Fenomeno paranormalak ikusi, entzun edo sumatzeko -edo, eszeptikoontzat, autosugestioa areagotzeko- egokiena bakarrik joatea omen da-eta.
Kilometro erdi eskasera iritsi naiz Imiruriko etxe zahar eta kale estu bihurrietara. Herriaren amaieran aurrera segiz gero Otxateko bidea hartuko nuke, baina ezkerrekoa hartu dut Konterriko Harribitxiaren bila. Hala esaten diote San Vicentejoko Sortzez Garbiaren baselizari. XII. mendeko eraikinak hainbat eguzki erloju ditu bueltan eta arretaz begiratuta harrobi marka ugari topa daitezke blokeetan. San Vicentejo bisitatu eta atzera Imirurirako bidea hartu dut bidegurutze batera iritsi arte. Imirurira doan eskuineko bidea baztertu eta aurrera egin dut lur eta harrizko pistan, oraingoan bai, Otxatera iritsi asmoz. Etxalde batera iritsi naiz; alferrenek, bertan utz dezakete autoa, etxaldeko traktoreei-eta bidea garbi utziz. Inguruan ikusitako zaborrak adierazten du bisitari zikinenek oinez ahalik eta bide laburrena egiteko joera dutela.
Fenomenoen porrusalda
Berehala ganaduarentzako ataka pasa beharko dut. Gogoan izan, atea zabalduta topatuz gero, zabalduta utzi behar dela eta itxita baldin badago, berdin. Izan ere, paraje hauetara hurbiltzen diren mamu-ehiztarien utzikeriak hainbat eragozpen eta haserre sortu du inguruko abeltzainen artean -hainbat behi hil dira dagoeneko bisitarien erruz-.
Beste hamar minuturen buruan iritsi naiz Otxatera (702 m).
Bat-batean ahotsak...
Ahotsak entzun ditut bat-batean. Baina 2.000 metroko lasterketan errekor guztiak hautsi baino lehen, ahots horiek bizidunen mundutik datozela konturatu naiz. Berehala agertu dira bidean gora bi gizonezko eta lehen eraikinaren parera iritsi direnean esaten dutena ulertzen hasi naiz. «Etxe honetako teilatua berriki bota dugu, horregatik daude teilak oraindik lurrean. Bisitari asko dator hona eta arriskutsua zen». Inguru hauetakoak ote dira? Pentsatu eta galdetu:
-Nongoak zarete?
-Ni gasteiztarra, eta hemen Diego, nire koinatua, Madrildik etorria. Baina paraje hau ederki ezagutzen dut. Azken urtean 40-50 aldiz izan naiz hemen.
-Nolatan?
-Ez dakit entzungo zenuen, baina Amigos de Ochate elkarteko kidea naiz. Julio Corral dut izena.
-Bai, Interneten topatu dut elkartearen berri eta foroan behin eta berriz azaltzen da zure izena.
Aurpegia ere ezaguna egin zait; Iker Jimenezek zuzentzen duen telebistako Cuarto Milenio saioan ikusia nuen. Elkartea iaz sortu zen, printzipioz, zaborrez betetako inguruok txukun mantentzeko asmoz. «Dorrean eta inguruan 300 kilo hondakin bildu genituen; dorre barruan ia gerriraino iristen zen zaborra».
Iraganeko Otxate handia
Itzultzeko ordua iritsi da, baina beherakoan, Otxate pasa berritan IX. mendeko hilerria non dagoen erakutsi didate. Hilobien estalkiak falta dira eta hezurrik ere ez da ageri, baina gorpuentzako hobiak argi ikusten dira. Horietako batzuetan lurra mugituta dago. «Jendeak bere kabuz industen ditu eta badira interneten harro harro hemengo hezur zatiak etxean dituztela esaten dizutenak». Otxate bi hankako otsoen herri bihurtzen ari dela pentsatuz egin dut Uzkianorako bidea.
Burgondoko baselizan gaudela Julio Corralek esan dit hurrengo muinoa pasa eta, hor nonbait, Aguilloko bidean, Arna izeneko herriaren arrastoak egon behar dutela. Arnak ere ba omen du bere misterioa. Etxe bat eraiki eta ezinezkoa omen zen zutik mantentzea. Madarikazioa ala lurzoru desegokia? Julio bera ez da inoiz bertan izan eta Arnaren bila joango garela pentsatu dugu. Baina luze jo digu Burgondoren inguruko solasaldiak. Arratsaldeko 17:00ak dira, berehala ilunduko du eta lainoa mendian behera sartzen hasi da. OHEetan eta mamuetan sinistu edo ez, ez dugu gogorik ilunpean eta lainotan galtzeko. Otxateren etimologiaz ere zalantza piztu zaigu. Otxate ez ote da, batzuek defendatzen duten moduan, Hotzaren Atea? Eskuak izoztu baino lehen ekin diogu beherako bideari, Arna beste baterako utzita.