Gurasoak bertso kantari eta ipuin kontalari
Onintza Irureta
2004ko azaroan sortu zen Dindaia Fundazioa. Nafarroan, eskola publikoetan ikasten ari diren D ereduko neska-mutikoak ditu jomuga, baita gurasoak ere. D ereduan ikasi arren, euskara hutsean alegia, Nafarroako hainbat zonaldetan (gehienbat zonalde mixtoan eta ez euskaldunean) ikasleek nahikoa lan badute euskararekin. Euskara formala ikasten dute eskolan, baina gero komeriak dituzte alor informalean euskaraz aritzeko. Ikasgelatik kanpo jolasteko, haserretzeko, barre egiteko euskara erregistroak falta dituzte. Dindaia Fundazioa haur-gazteen aisialdian euskara bultzatzeko bideak jartzeko sortu zen. Iruñean, Erroibarko Aurizberrin eta Uharte Arakilen ari diren zortzi bat langilek eta hainbat ordutarako kontratatutako 65 bat begiralek osatzen dute Fundazioa.
Adinen araberako eta hainbat motatako ekimenak dituzte. Esate baterako, haur eskolak eta bi urte arteko haurrentzako ludotekak. Kontuan izan behar da 0-3 urteko tarte hori ez duela Hezkuntza Sailak beregan hartu, Ongizate Sailak baizik, eta beraz, hezkuntza sisteman ez du tokirik. Adin horretan haurtzaindegietan eta ludoteketan biltzen diren haur askok eta askok Nafarroako herri askotan gaztelaniaz baino ez dute zerbitzurik. Ordu dezentetan beraz, gaztelaniaz hezten dituzte eta lau urterekin, eskolan hasteko ordua iristen zaienean, sortzen dira arazoak. Dindaia Fundazioko kide den Rikardo Ederrak adierazi digunez, «batetik, bizitzako lehen urteetan gaztelaniaz ohitu eta lau urterekin hizkuntza berrira murgiltzea zaila da eta bestetik, gurasoek bat-bateko apustua egin behar dute haur horrekin». Dindaia Fundazioak beraz, haur eskolak eta ludotekak eskaintzen ditu euskaraz.
Aixe-aisialdia izeneko programa Dindaia bera sortu aurrekoa da, 2002koa. Eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzte Aixeren bidez. D ereduko Nafarroako eskolekin harremanetan jarri eta eguerdi zein arratsalderako ekintzak antolatuta dituzte. 65 inguru begirale dituzte ekintzetarako eta 19 ikastetxetan ari dira lanean. Hamaika ekintza dituzte aukeran: ipuinak, jolasak, pilota, futbola, eskulanak, birziklaia, euskal dantzak, zokobetailu (magia, mahai jolasak, esperimentuak)... helburua, aisialdian ere euskaraz aritzea. Horretarako begiraleen lana da oso garrantzitsua. Nafarroa osoko gaztetxoek ematen dute izena begirale izateko; batzuk begirale tituludunak dira eta beste batzuk, besterik gabe, haurrekin lan egiteko gogoz diren euskaldunak. Dindaia Fundazioko kideek esan digutenez, euskaldun zaharrak lehenesten dituzte, haiek alor informalean euskaraz aritzeko erregistro gehiago dutelako, baina hainbat zonaldetan euskaldun zahar gazteak aurkitzea ez da batere erraza. Dena den, begirale horiek formatzeko ikastaroak ere antolatzen dituzte, azken finean, beraiek ari baitira haur-gazteekin zuzeneko lanean. Ohikoena da Dindaia Fundazioak bere zerbitzuak eskaintzea eskolei, baina gurasoek beraiek ere eskatzen dituzte. A ereduko gurasoek ere eskatu izan die horrelakorik, baina oraingoz ez dute eskari horri erantzuterik izan. Rikardo Ederrak esan digunez, «agian, euskararekiko motibazioa lantzeko horrelako ekintzak abian jarri behar genituzke A eredukoekin».
Aixe programa urritik maiatzera artean izaten da abian, eskola garaiarekin batera. Opor garairako alternatibak badituzte: udalekuak, Gabonetarako eta aste zurirako irteerak, kanpaldiak... Aixe programak bestalde, badu beste adar bat: Aixe Udala. Dindaia Fundazioak berak eskaintzen dizkie Nafarroako udalei hainbat zerbitzu, hala nola, larunbatetarako ludotekak, herri tailerrak... Batzuetan udalak dira eskaria egiten dutenak. Esate baterako, herriko igerilekuan euskaraz ekintzak antolatzeko eskatu izan die Dindaiakoei. Iazko ekainean, Iruñeko Udalak berak eskatuta, gotorlekuan, egun osoko ekitaldia antolatu zuten «Bazen behin Iruñea» izenekoa.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.