Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-12 -- 2027.zenb

Jakoba Errekondo


Botikari izateko ikasten ari da Manu. Botika ugari landareetatik eratorria denez, hauen berri izatea nahi eta nahiezkoa du. Neronek ere herriko botikariarengandik landare hau eta hartaz zenbat eta zenbat ikasi dudan ez dut sekula ahaztuko...

Jendeaz zerbait jakin nahi duenak bezala, landareetaz jantzi nahi-eta beren arteko genealogian murgil egin beste aukerarik ez du Manuk: amonak, amak, alabak, lehengusinak, lehengusina txikiak, bestengusinaką azken batean familiak eta generoak ezagutuz begiratu batean identifikatu eta bakoitzaren erabilera orokorrak behintzat di-da batean lotuko ditu. Honetarako herbarioak egin arazten dizkiete unibertsitatean. Landare bilduma da herbarioa; bertan landare bakoitzaren zati esanguratsuenak (lore, fruitu, hosto, zurtoiną) ondo lehortu ondoren funtsezko hiru datu zehaztuz jasotzen dira: landarearen izen zientifikoa eta zein tokitan eta zein datatan jasoak izan diren.

Urteak dira ez dudala antzeko lanik hartu, eta loreak emateko neguaren beltzena hautatzen duen landare aukera handirik ez dela jakinagatik, Manuri lagundu asmoz loretan harrapatzen ditugun espezieak biltzeari ekin diogu.

Geu bezala, landare bakoitza bezala, urte bakoitzaren klima berezia da. Itsasoaren eragina nabarmena den Beterriko lur hauetan urtearen hasierarekin bat hori usaintsuz jantzi ohi da mimosa, urte osoan amaierarik ez duen lore-kateari ekinez. Aurten, ordea, mimosa ez da gaurdaino -urtarrilaren azken eguna- loratu. Hotzak atzeratuko zuen. Epelxeagotik jo duen dozena erdi bat egunen ondoren, berriz, landare batek baino gehiagok hartu diote aurrea aitzindaria izatera ohituriko mimosari, Lakoizketak Ige beratxa eta Althabek beonika deitzen duten Veronica persica, adibidez. Gaurkoan, hala ere, inoizko urtarrilean harro irekirik ikusi gabeko loretxoa topatu dut: udaberri-lore goiztiarra -Primula vulgaris- kristauentzako San Jose lorea. Kristau hauen esaera batek honela dio: "Kandelari bero, negua gero. Kandelari hotz negua motz". Etzi da kandelari eguna, udaberri-lorearentzat bero izango da eta mimosarentzat oraindik hotzą

Jabier Agirre


Hotzeria, burutik beherakoa, marranta... Hainbat izen, baina gaitz edo egoera oso ohizkoa, urte-sasoi honetan gutariko ia gehienok ezinbestean jasan beharko duguna. Eta umetan zer esanik ez, urtean bost edo sei aldiz harrapatzen baitituzte horrelakoak. Betiko galdera izaten da ea hotzeria eta gripea gauza bera ote diren, eta medikuak beti gauza bera erantzuten du: hotzeria eta gripea birusak eragindako egoerak dira bata nahiz bestea, baina hortik aurrera diferenteak dira bere sintomak, eta baita tratamendua ere. Gaurkoan hotzeriari aurre egiteko gomendioak emango ditugu, edozein adinetarako baliagarri direnak:

- Pertsonaren egoera orokorra hobetzeko, eta hotzeriaren konplikazioak -gerora infekzioa agertzeko arriskua, adibidez- saihesteko, gauzarik garrantzitsuena mukositatea mugiaraztea eta kanporatzea da, sudurra suero fisiologikoarekin garbituz. Ume txikitan, berriz, mukiak aspiratzeko aparatu berezi bat erabil daiteke.

- Sukarrik balitz, antitermiko bat erabiliko da. Umeen kasuan, hobe aspirina edo azido azetil-salizilikorik ez duten botikak erabiltzea, parazetamola esaterako. Gogoratu behin baino gehiagotan aipatu dudan Reye-ren sindromea bezala ezagutzen den konplikazioa, larria bezain arraroa, gerta daitekeela haurretan eta aditu batzuen ustez aspirina erabiltzearekin lotua egon daitekeela sindrome hori. Beraz, ahal izanez gero beste botikaren bat erabili ume txikiei sukarra jaisteko.

- Etxeko giroak heze samarra izan behar du. Hori lortzeko hezegailua erabil daiteke, edo ur beroarekin betetako ontziak jarri etxeko geletan, berogailuaren gainean esaterako, gela osoa lurrunez betetzeko; baina betiere umeen eskueratik urrun.

- Garrantzi handikoa da likido ugari edatea -ura, freskagarriak edo zukuak, batez ere-, mukiak errazago kanporatu ahal izateko.

- Gogoratu antibiotikoek ez dutela ezertarako balio hotzeriarentzat. Ez da komeni gaixo dagoen pertsonak arropa gehiegi janztea, ezta etxean geratzea ere -birusak errazago barreiatzen baitira leku itxian, kanpoan baino-.

Joxerra Aizpurua


Klimaren historiari buruzko datu gehiago

Europarrek eta japoniarrek, bakoitzak bere aldetik, Hego Poloko izotz-geruzatik bi izotz-lagin aztertu berri dituzte, Lurraren atmosfera eta klimaren historiari buruz zerbait gehiago ezagutu nahian. EPICA deituriko proiektu europarrean Alfred Wegener Institutuko Heinrich Miller-ek zuzendutako ekipoak 2.772 metroko sakonera duen zuloa egin eta bertako izotza aztertu du. Zulaketa 2001ean hasi zen eta aurtengo urtarrilaren 17an amaitu.

Ateratako izotz-puskak 900.000 urte izango dituela uste da eta beraz, orain 780.000 urte gertatu bide zen polo magnetikoen alderanzketari buruzko aztarnak lortzea espero da.

Japoniarrek 3.000 metrotik beherako izotz-puskak lortu dituztela iragarri dute, beraz, hauek ere datu interesgarriak lortu ditzakete.

Orain arte egindako zulaketen eraginez, azken 650.000 urtean gertatutako fenomeno atmosferiko garrantzitsuenen aztarnak topatu dira eta beraz, aipatu epeko historia klimatikoa aski ezaguna da. Ea bada zenbat egiten dugun atzera orain.


Edalontzi motaren eragina

Likore bat zerbitzatzen denean, pertsona gehienek, zerbitzari profesionalek barne, %20-%30 artean likore gehiago botatzen dute edalontzi zabal eta baxuetan edalontzi altu eta estuetan baino, Cornell-eko unibertsitateko Brian Wansink eta Georgiako Institutuko Koert van Ittersum ikerlariek egindako azterketaren arabera. Gainera, hezkuntzak edota esperientziak ez dute joera hau erabat zuzentzen.

Ikerlarien arabera, horren arrazoia gizakiok dugun ilusio optikoa da; ilusio horren arabera lerro bertikalak tamaina bereko lerro horizontalak baino luzeago ikusten ditugunez, nahiz eta bi edalontzi-motak bolumen bera izan, edalontzi altuetan likido gehiago sartzen dela pentsatzen dugu. Beraz, beste era batera esanda, gure zentzuak garrantzi handiagoa ematen dio altuerari zabalerari baino.

Froga desberdinak egin zituzten: batean 198 unibertsitateko ikasleri eta bestean 86 zerbitzari profesionali likore kantitate zehatz bat bi edalontzitan -altua eta estua zein baxua eta zabala- zerbitzatzea eskatu zieten eta emaitzak hauexek izan ziren: ikasleek behar baino %30 gehiago zerbitzatu zuten edalontzi baxuetan eta zerbitzariek %20 gehiago.

Beste froga batean, froga erreala egin aurretik hamar aldiz entrenatzeko eskatu zieten ikasleei eta hala ere froga errealean %26 gehiago bete zuten edalontzi baxua. Zerbitzariei ere behar zuten denbora hartzeko eskatu zietenean, hauek ere %10 gehiago bete zituzten edalontzi baxuak.

Ikerketa honek uste baino garrantzi handiagoa du medikuntzan -alkoholismoaren inguruan- eta ostalaritzan -kostuak murrizteko-.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan