Nagore Irazustabarrena
La edad de un reyno erakusketa Nafarroako urteko ekitaldi kultural nagusia izateko bokazioz zabaldu du Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Artzapezpikutzaren laguntzaz. Zaila izango da aurten Europa osoan Erdi Aroko artearen inguruan erakusketa zabalagorik ikustea. Are zailagoa orain ikusgai dauden obra guztiak berriro elkarrekin ikusi ahal izatea. Antso III.a Handia eta bere oinordekoen garaiko artearen erakusgarri -X. mendetik XIII.era-, 270 bat obra inguratu dituzte, ez soilik Nafarroatik bertatik etorriak; Espainiako Estatutik eta hortik kanpo ere hainbat lan ekarri dituzte: Paris, Valentzia, Florentzia, Huesca, New York... Orotara, 48 museo eta egoitzetako lanak lortu dituzte, bi urteko lanaren ondoren. Leiretik bertako kutxatxo arabiarra ekarri dute, esaterako; 1004an egina eta munduko bolizko pieza onenetarikoa. Aralartik, aldiz, San Migeleko esmaltedun erretaula bikaina etorri da, polemika eta guzti -lekualdaketak kritika zorrotzak jaso ditu-. Donemiliaga Kulukako (Errioxa) monasterioko bolizko obra sorta ederra ikusgai dago XIX. mendetik lehen aldiz. San Petersburgoko Hermitage museotik ere bolizko piezak ekartzea lortu dute eta New Yorkeko Metropolitan museoak, berriz, Emilianensis kodize edo beatoa utzi die.
Askotariko altxorrak
Kodizeak dira, hain zuzen, erakusketaren altxorretako bat. Emilianensis beatoa, Albeldensis delakoa eta Rodakoa batera ikustea pribilegioa da bisitariarentzat. Azken hau erakusketa aitzaki, zaharberritu egin dute.
Eskulturatan ere berriztapenik izan da; Tuterako Ama Zuria aurpegia garbituta ipini dute Baluarten, Iratxeko eta Katalaingo andra mariak lagun dituela.
Zaharberritua izan da, halaber, Olivako monasterioko Antso Azkarraren (1194-1234) ustezko hilobia -monasterioaren maketa ere ikus daiteke erakusketan-.
Helburu artistikorik gabe egindako objektuak ere, denboraren poderioz, pieza baliotsu bihurtuta iritsi dira erakusketara. Radako apezpikuaren ostilamendua, hots, hileta-objektuak, Navas de Tolosako guduan (1212) erabilitako armak edo hainbat ehun arabiar dira horren adibide.
Kalkula ezina da Baluarten bildutako piezen balio historiko eta artistikoa, baina aseguruak kontratatzeko orduan ezinbestekoa da berauek dirutan tasatzea. Orotara, 185 milioi euroko aseguru polizak kontratatu dituzte. Erakusketa 2,6 milioi euro kostako da. Bisitariak, berriz, 4 euroren truke ikus ditzake altxor erromaniko hauek.
Mila urte atzera, txango batean
Erakusketaren lehen guneak kodizeak ditu protagonista, mapa, grafiko eta zuhaitz genealogikoek lagunduta. Handik Altxor Sakratuak izenburuko gunera pasako gara. Gune honetarako elizetako obrak aukeratu dituzte, aipatutako Tuterako Ama Zuriaren eskultura, Aralarko erretaula eta Leireko kutxa, besteak beste. Baina hau ez da erakusketaren gune sakratu bakarra; Katedral Erromanikoa izena ipini diote beste zati bati eta, ikus-entzunezkoei esker, Iruñeko katedrala eta klaustroa jatorriz ziren bezalakoak ikusi ahal izango ditu bertara hurbiltzen denak.
Estilo artistikoan zentratzen da ondoren erakusketa eta gela oso bat erromanikoaren iruditeria azaltzeko erabili dute. Gurutzeak, kapitelak, bolizko piezak... bildu dituzte bertan -erreportaje honen hasierako argazkian ikusten den moduan-.
Bada, azkenik, Donejakue bideari eskainitako eremua. Bertan, azpimarragarriena kodizeak dira berriro ere: kasu honetan, Godesalco eta La Preciosa izenekoak nabarmendu behar dira.
Obra zaharrak, teknologia berriak
Esan dugu Iruñeko katedralaren jatorrizko itxura ikusteko ikus-entzunezko bat paratu dutela. Baina ez da erakusketako bakarra. Denera, 25 ikus-entzunezko prestatu dituzte eta aseguruekin batera, horiek eraman dute aurrekontuaren zatirik handiena. Argiztatzeko orduan ere ez dira hankamotz geratu eta zineman, telebistan eta antzerkian erabili ohi diren baliabide profesionalak erabili dituzte.
Antso Handiaren garaiari erakusketa handia zegokion, eta La edad de un reyno honen handitasuna ez dugu zalantzan jarriko: bilduma ikusgarria osatu dute. Diario de Noticias egunkarian Ana Oliveirak erakusketaren analisian esan bezala «balantzea egin behar duenak kantitatea eta kalitatea izan ditzala kontuan».
Pilar Iparragirre
Gustukoa al duzu genero beltza?
Oso. Jolas baten modukoa da niretzat horrelakoak idaztea, dibertitu egiten naiz, eta irakurlea dibertitzea eta harritzea nahi nuke beraietan agertzen ditudan gertakizunekin. Manila konexioa-ren emaitza onak animatu egin nau antzeko istorio bat eratzera, hartan agertzen diren pertsonaia nagusiak aprobetxatuz.
Nolakoak dira, zure ustez, detektibe horiek?
Antiheroiak dira, pertsonaia karikatureskoak, ohiko detektibe adimentsu, indartsu eta galanten guztiz kontrakoak. Etxeberi, dena dela, halako sinpatia puntu bat dariola iruditzen zait.
Eleberri honetan, dena den, bada beste pertsonaia nabarmen bat: Putz.
Agian berau da deliranteena. Bere aita ere hilko luke odol hotzez herentzia eskuratzearren. Gizon horrek, Putz edo Peralesek, halako obsesioa dauka trenekin. Horrez gain, igel-tokazalea da, apustuzalea, ama night club batean dauka lanean bien mantenua lortzeko...
Zein izan da liburuan komiki orri batzuk sartzearen arrazoia?
Nik esango nuke liburuak komiki-estetika oso nabaria duela. Horregatik ipini ditugu Cristina Fernández Blancok egindako komikiak liburuaren hasieran eta bukaeran, irakurleak «kontxo!» esan, eta beste logika batez har dezan etorriko zaiona. Komikietan ohikoagoa da Kleopatran agertzen den mundu gordin, ilun, zoro eta absurdoa nobeletan baino. Eta benetan uste dut Kleopatra komiki nobelatu gisa ulertu behar dela.
Pilar Iparragirre
Eleberria lantzeko gida
Asel Luzarraga, Antton Irusta
Euskal Idazleen Elkartea
110 or. / 9, 50 euro
Ikasleak eleberrira hurbiltzeko
Bigarren Hezkuntzatik aurrerako ikasleen artean irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoarekin osatu dute Asel Luzarragak eta Antton Irustak Eleberria lantzeko gida hau. Helburua, irakasleen lagungarri izatea litzateke, adin horretako gaztetxoei eleberriak aukeratzen, irakurtzen eta haien mamian sakontzen irakasteko garaian. Zer irakurri behar lukete ikasleek, irakasleak aukeratutako liburuak ala eurek aukeratutakoak? Zenbat denbora eman behar zaie liburu zehatz bat irakurtzeko? Komeni al da epe bat jartzea? Hauek bezalako hainbat galderei ematen die liburuak erantzun, beti ere kontuan izanik zein den irakasle ororen borroka, hau da, irakatsi nahi lukeena eta programazioek eskatzen dioten guztia sartzeko duen denbora erreala.
Hitzen Koba. Hitz-Ele-Berba
Josu Naberan
Basandere
340 orrialde
Euskara nondik etor litekeen argitzen lagundu nahi duen lana
Euskara noiz eta nola sortu zen garbi utzi eta gero, gure hizkuntzaren antzin erroak aztertzeari ekiten dio Josu Naberanek, bere barnean hiru hizkuntza multzo dituelako hipotesian oinarriturik: Piriniar europarra, mediterranearra (batzuen iritziz saharar-mediterranearra dena) eta iberoen zein berbereen mintzatzeko erarekin zerikusia duen hizkuntza multzoa, Naberanek ibertarra deitzen duena, Mediterraneoko bi ibarretan egiten zelako (iberoen kasuan) edo oraindik egiten delako (berberearen kasuan). Hori guztia aldarrikatzeko dauzkan arrazoi sendoak argitzen ahalegindu da egilea Basandere argitaletxearen eskutik plazaratu duen Hitzen Koba. Hitz-Ele Berba (Las tres raíces primitivas de las que surgió el euskara) lanean.
París no vale una misa
Juan Carlos del Olmo Serna
Hiria
288 orrialde 18 euro
Enrike III.a Frantziako gortean
Hiria argitaletxeak plazaratu berri du gaztelaniaz Karlos Del Olmoren Azken hugonotea eleberria. Itzulpena egileak berak egina izan da. Narrazioan zehar, gerora Frantziako errege izatera iritsiko zen Nafarroako Enrike III.aren historian oinarrituriko zenbait pasarte agertzen dira. París no vale una misan oraindik oso gaztea da. Haren amak, zen Albreteko Joanak, kalbinismoan hezitu du Enrike III. eta katolikoen eragin handia duen Frantziako erregearen arreba Margotekin ezkontzera doa Parisa, katoliko eta protestanteen arteko liskarra Frantzian bizi-bizirik dagoenean. Hara zergatik atxikitzen duten Enrike gorte frantziarrean bere borondatearen kontra, eta San Bartolomeko gaua bezala gogoratzen den hugonoteen hilketa ankerra bere begiekin ikusarazi, haien menpetik ihes egitea lortzen duen arte.
Frida
Batzuen artean
Kahlomedia
68 orrialde
Emakume aldizkari bizkaitarra
Emakume aldizkaritzat dauka bere burua Bilbon argitaratzen den Fridak. Bere agendan aisa aurki daitezke larrialdietako telefono zenbakiak, emakumeen erakundeak, eta beste elkarte eta gune interesgarri askoren helbideak, denak Bizkaikoak. Fridaren orrietan euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako lanak azaltzen dira. Azkeneko zenbakian, besteak beste, honako gaiak landu dituzte: Miriam Ocarizi eginiko elkarrizketa, 2005ean EAEn tratu txarrak jasotako emakumeen datuak, dibortzio eta banaketen osteko pentsio konpentsatzaileen argibideak, yogaren oinarriak zein diren, kosmetika naturalaren erabilpena munduko hainbat herrialdetan, gure gizarteak irudiarekin eta kirurgia plastikoarekin duen obsesioa...
Egan
Batzuen artean
Euskalerriaren adiskideen elkartea
300 orrialde 18 euro
Lauaxetaren ehun urte Egan aldizkarian
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletinaren gehigarria den Egan aldizkariaren azken alean Lauaxeta dute, bereziki, gogoan. Jon Kortazarrek modernitateko poeta izendatzen du. Miren Billelabeitiak koordinaturik lan egin duen taldeak, berriz, Esteban Urkiagak Euzkadi egunkarian egindako lana dakar gogora. Lourdes Otaegik Lauaxetaren marinelak. Juan Luis Zabalak Lauaxeta, adiskide osatu du. Josu Penadesek Lauaxeta eta Unamuno. Eta Paulo Iztuetak, azkenik, gerra aurreko kultur mugimenduan Lauaxetak izandako esanahia du hizpide. Bestalde, Oihane Gonzálezek egungo gazte talde batean irakurzaletasunaz egindako ikerketaren emaitzak ere agertzen dira bertan.
Ipuin ibiltariak
Antton Irusta
xxxxxxxxxxxx
Afrikan barrena entzun daitezkeen ipuinen bilduma
Bidaia berezia prestatu dio Antton Irusta bilbotarrak Ipuin ibiltariak irakurtzen duen orori. Basamortuko gamelu karabana batean joan ala bizikletaz egin bidea, berdin dio, garrantzitsuenak bidaian zehar egiten diren geldiuneak izango baitira bidaiariarentzat. Geldiune horietan, lekuan lekuko norbaitek istorioren bat kontatuko duelako. Berbereen lurraldean, arrotzekin nola konpontzen diren, adibidez. Kumasiko lurraldean, munduko usorik politenak non dauden. Eta hurrengoan, tximinoarena eta erbiarena.
Kleopatra
Jon Arretxe
Elkar
160 orrialde 12,20 euro
Detektibe bitxi samar batzuen gorabeherak
Inork ez dezala uste Jon Arretxek aurkezten digun Kleopatra honek Egiptoko bestearekin zerikusirik duenik. Cristina Fernández Blancok egindako komikia lagun datorkigun eleberri hau Manila konexioa deitutako nobelaren ildotik doa. Han agertu ziren detektibe bitxi samar biak dauzka, besteak beste, protagonista. Bien artean buruzagitza egiten duenak, etxean Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra agertzen duen koadroa eta telefonoaren soinu gisa Gora eta Gora dituen gizon txiki bezain zikoitzak, emakume baten deia jasotzen du, Mandeuli Urdinaren berri izaten badu berari esateko enkarguarekin. Segidan doa detektibea bere laguntzaile Etxebe lodikotearengana., Gasteizko Ipar Parkeko ohiko jesarlekura. Etxebek poz pixka bat emango dion zerbait dauka beretzat: bostehun euroko billete biren barruan duen gutunazala. Mandeuli Urdina aurkitzeko xehetasun urri batzuk ere gordetzen ditu gutunazal horrek, baina zer izan daitekeen ez daukate ideia sanorik, ez detektibe buruzagiak, ez laguntzaileak. Dena den, enkargua eman dietenen xehetasunei jarraituz, Basauri ingurura gerturatuko dira, eta han Kleopatra izena duen putetxea aurkituko dute.
Jon Gurrutxaga
Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makalaren bigarren disko ofiziala bada ere, zarauztarrarenzat estraineko diskoa da Makala Hondartzan. Lehena Novophonic zigiluarentzat egindako CD mix bat izan zen. Hogei kanta aukeratu, nahastu eta ordena zehaztuz Makala plays Novophonic izena hartu zuen disko hark. "2000. urtean Bartzelonako Sonar jaialdian jotzeko aukera izan nuen, diskoetxeen lanen aurkezpen egunean, Show Case delakoan. Emanaldiak beti aurretik jotzen zuen DJaren izena eta gero zigiluarena izaten zuen, beraz, Makala plays Novophonic izena hartu zuen. Bi urtera argitaratu zen diskoa eta, hortaz, izena egun hartatik dator", azaldu digu Makalak. Novophonic 1995ean Javi Pez musikari donostiarrak eta Txarly Brown Bartzelonako diseinatzaileak sortutako diskoetxea zen. Novophonicek lan propioak argitaratzen zituen batez ere, baina baita interesgariak iruditzen zitzaizkion lan puntualak ere. Makalak maxi single baten bidez izan zuen haien berri eta 97an elkar ezagutu eta zalea izatetik Novophoniceko partaidea izatera pasa zen. Zigiluak duela bi urte itxi zituen bere ateak. Euskal Herrian nahiko ezezaguna izan bazen ere, Europa mailan kultuzko diskoetxe bihurtu zen. Metak diskoetxeak ere agur esan digu orain gutxi salmenten beherakadak bultzatuta. Zigilu hau izan da, hain zuzen ere, Makalaren azken lana argitaratu duena. Horrek, ordea, ez du galaraziko disko berria Euskal Herriko dendetan aurkitzea, horretaz Elkar banatzailea arduratuko baita.
Makala hondartzan
Diskoaren tituluak Teoren ipuinetako izenekin zerikusia duenentz galdetzean barrezka erantzuten digu Makalak: "Lehengoan tituluari erreparatuz nire hurrengo lanaren izena Makala baserrian-edo izango ote zen galdetzen nion neure buruari. Baina ez. Ni Zarautzen jaioa naiz, hondartzatik oso gertu gainera, beraz, ia egunero izan dut harremana hondartzarekin. Horregatik, banekien omenalditxo bat egin behar niola bai kantu batekin edota diskoaren tituluarekin".
Makala bere DJ lanetan beti oso eklektikoa izaten saiatu da, eta beraz, diskoa sortzerako orduan bazekien filosofia horrekin lan egin behar zuela. Lehen pausoa ohiko DJ sortzailearen lana egitea zen, collagea: ereduak hartu eta lotu, programazio batzuk sortu, bateriak... Kantuen egiturak sortuta zituela hainbat lagun musikari gonbidatu zituen diskoan parte hartzera. Horrela, makina bat lagun bildu du musikari zarauztarrak: Javi Pez Orkestrako haize atal guztia (Makalak baxua jotzen du bertan), Galder Izagirre baterian (Kuraia eta Javi Pez Orkestra), 12 Tribu taldeko hainbat partaide, Luis Camino perkusioan... Azken pausoa diskoa grabatuko zuen teknikaria topatzea zen. Makalaren lehen ideia grabaketaz Kaki Arkarazo arduratzea bazen ere, hau lanpetuta zegoela-eta beste norbait bilazea egokitu zitzaion. Garai hartan 12 Tribu Santanderren zegoen Loud&Loneeko Roberto Sánchezekin grabatzen. Hura izan da soinu aldetik Makalaren lana hezurmamitzeaz arduratu dena Santander-eko A-Lone Ark Muzik estudioan. Makalak hamabost egun eman zituen diskoa grabatu eta nahasten: oso neketsua izan da, egunero Santanderreraino musikari ezberdin batekin joaten nintzen, ia 5.000 kilometro egin ditut".
Abestien konposaketez eta hitzez arduratzeaz gain, Makalak abeslari lanak ere egin ditu diskoan. Haatik, gipuzkoarrak ez dio bere buruari protagonismo gehiegi eman nahi izan. Horregatik, hainbat lagun abeslari deitu ditu lan berrian parte hartzeko: Aran Ttakunpa taldekoa eta Feran Konsul 12 Tribu taldekoa, besteak beste.
Diskoan 20, zuzenean 5
Hainbeste musikari disko batean biltzen denean ez da erraza izaten diskoa jende aurrean aurkezteko formula topatzea. Beraz, Makalak diskoan parte hartu duten hogei kideetatik bost aukeratuko ditu lan berria taula gainera eramateko: teklatuak, baxua, gitarra, perkusioa, sanpler-ak eta ahotsa. "Honek daukan abantaila da taberna eta areto txikietan jo dezakegula, bateria ez baitugu muntatzen, nahiz eta perkusioak dezente okupatu. Desabantaila, berriz, doinu organikorik ez daukagula izan daiteke. Halere, ni DJa naizenez, badut gogoa kontzeptu hori eszenatokira eramateko. Alegia, hip-hop kontzeptura hurbiltzea, baina gitarra, baxu eta perkusioarekin. Beraz, erdi organikoa erdi elektronikoa izango da emanaldia". Makalak ez ditu bere emanaldiak toki zehatz batzuetara mugatuko, beraz, areto zein tabernatan ikusi eta entzun ahal izango dugu. Gainera, sorpresa faktorea ere gorde nahi du DJ zarauztarrak. Alegia, diskoan kantari eta instrumentista asko dagoenez, kontzertuetan agerraldi bereziak izango dira.
Diskoaren diseinuaz Makalak Novophonic-en ezagutu zuen Txarly Brown arduratu da. Euskal Herrian gutxitan ikusten diren moduko diseinua da, ezberdina bai bederen. "Nik argi daukat momentuz bizitzan egingo ditudan lan guztiak berak diseinatuko dituela. Ia anaiak gara. Nik azalaren kontzeptua bakarrik azaldu nion. Beste guztia bere esku utzi nuen, askatasun guztiarekin. Webgunea ere jadanik sareratu dugu, www.makala.info, eta bertako diseinua ere berea da", esan digu Makalak.
Musika beltza eta DJa
Musika beltzean oinarritzen da Makala hondartzan eta musika beltzaren hainbat adar ukitzen ditu. Bestalde, ez da izan Mikel Unzurrunzaga Schmitz-ek irentsi duen musika bakarra: "Hogei urte bete arte gutxi gorabehera ez nuen musika beltz gehiegi entzuten, talde batzuk gustuko nituen, baina gehiegi zentratu gabe. Ordura arte, rocka, punka, RRV deiturikoa entzuten nuen. Baina gero hainbat bidaia egin nituen, ama alemaniarra dut, beraz, Alemaniara bidaia dezente egin ditut, baita Ingalaterrara ere. Eta irteera horietan hip-hopa, funkya, soula edota reggaea bezalako estiloak ezagutzen hasi nintzen". Estilo horiek guztiek "txunditurik" utzi zuten zarauztarra eta musika horiek oso gutxi ezagutzetik zaletu amorratu bihurtzera pasa zen. Gaur egun bere saioak sustrai beltzdun musiketan oinarrituta daude.
Makalak single formatuarekin lan egin izan du asko eta asko, eta lan berria CDan argitaratu bada ere, laster kanta horietako bat single-ean eskuratzeko parada izango da.